296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 13ko 54E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31 bitarteko aldirako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 13ko 54E/2019 Foru Aginduaren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31 bitarteko aldirako.

Deialdi horren II. eranskineko 1. oinarrian (kirol federazioen gastuei buruzkoa), bi apartatu gehitu dira, aurreko urteetan ez zeudenak, xede dutenak COVID-19aren pandemiak eragindako gastuak estaltzea:

–1.1.c).VIII. oinarrian, osasun arloko materiala, inbentariaezina, COVID-19aren pandemiaren prebentzioarekin lotutakoa.

–1.1.c).IX oinarrian, COVID-19a detektatzeko probak egitea (PCR testa, test serologikoak, etab.), baldin eta nahitaezkoak badira eskatutako jardueraren bat egiteko.

Osasun arloko material inbentariaezinean dirulaguntza %45ekoa izanen da, eta COVID-19a detektatzeko proben kasuan, %75ekoa.

Osasun egoeraren bilakaera eta pandemiarekin zerikusia duten gastuen orokortzea direla-eta, Nafarroako Kirolaren Institutuan beharrezkotzat jo da muga bat jartzea kontzeptu horiengatik federazioei eman beharreko gastuari, kontzeptu horiek direla-eta ematen diren dirulaguntzak ez daitezen gehiegizkoak izan, deialdiaren gainerako apartatuen aldean. Ildo horretan, planteatu da gehienez 2.500 euroko dirulaguntza ematea federazio bakoitzari, bi apartatu horien batura aintzat harturik. Halaber, planteatu da muga bat jartzea proba mota horretarako ematen diren dirulaguntzei, bakarrik aplika daitezen txapelketa nazional ofizialetan parte hartzen denean.

Aurrekoaren ondorioz, proposatzen da aldaketa bat egitea urriaren 13ko 54E/2020 Foru Aginduaren bidez araututako deialdian, II. eranskineko 1. oinarrian; zehazki, 1.c).IX apartatuaren idazketa aldatzen da, eta apartatu berri bat gehitzen da, 1.4 apartatua, honako eduki hau izanen duena:

“1.1.c).IX. oinarria.–COVID-19a detektatzeko probak egitea (PCR testak, proba serologikoak, eta abar), txapelketa nazional ofizialetan parte hartzeko nahitaezkoak direnean. Kasu horretan, azken justifikazio-dokumentazioan nahitaezkotasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu behar da, I. eranskineko 17.4.f) oinarrian jasotzen den bezala”.

“1.4 oinarria. Federazio bakoitzari, gehienez, 2.500 euroko zenbatekoa emanen zaio bi kontzeptu hauek batuta: Osasun arloko material inbentariaezina, COVID-19aren pandemiaren prebentzioarekin lotutakoa (1.1.c).VIII oinarria); eta COVID-19a detektatzeko probak egitea (1.1.c).IX oinarria).”

Aldaketa honen eraginez federazioek ez dute deusetan aldatu behar aurkeztu beharreko dokumentazioa; izan ere, dirulaguntza kalkulatzeko prozedura aldatu da, besterik ez. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen epe berri bat irekitzea federazioek eskaerak aurkez ditzaten, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, baita proposatutako aldaketa ere.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 13ko 54E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez deialdi bat onetsi baitzen Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31 bitarteko aldirako. Zehazki, foru agindu horren II. eranskineko 1.1.c).IX oinarria aldatzen da, eta II. eranskineko 1. oinarriari apartatu berri bat gehitzen zaio (4. apartatua).

2. Aldatzea Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 13ko 54E/2020 Foru Aginduaren II. eranskineko 1.1.c).IX oinarria, testu hau izan dezan:

“1.1.c).IX. oinarria.–COVID-19a detektatzeko probak egitea (PCR testak, proba serologikoak, eta abar), txapelketa nazional ofizialetan parte hartzeko nahitaezkoak direnean. Kasu horretan, azken justifikazio-dokumentazioan nahitaezkotasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu behar da, I. eranskineko 17.4.f) oinarrian jasotzen den bezala”.

3. Apartatu berri bat gehitzea, 4. apartatua, Kultura eta Kiroleko kontseilariaren urriaren 13ko 54E/2020 Foru Aginduaren II. eranskineko 1. oinarrian. Eduki hau izanen du:

“1.4 oinarria. Federazio bakoitzari, gehienez, 2.500 euroko zenbatekoa emanen zaio bi kontzeptu hauek batuta: Osasun arloko material inbentariaezina, COVID-19aren pandemiaren prebentzioarekin lotutakoa (1.1.c).VIII oinarria); eta COVID-19a detektatzeko probak egitea (1.1.c).IX oinarria).”

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2015026