283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

302/2020 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko auzitegiko medikuen kidegoan hutsik dauden lanpostu generiko batzuk betetzeko lekualdatze-lehiaketarako deia egiten duena.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 531. artikuluan eta Justizia Administrazioko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikulutik 48.era eta 51.etik 53.era bitartean ezarritakoari jarraikiz, dei egiten da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko auzitegiko medikuen kidegoko funtzionarioen artean Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuan hutsik dauden lanpostu generiko batzuk, I. eranskinean azaltzen direnak, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko lanpostuen zerrendan lekualdatzeen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostu generikoak.

Zerbait zehazki aurreikusita ez badago deialdi honetan, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuan (horren bidez onetsi zen erregelamendua Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruz), funtzio publikoari buruzko lege orokorretan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Parte hartzeko betebehar eta baldintzak.

1. Lehiaketa honetan parte har dezakete auzitegiko medikuen kidegoko karrerako funtzionarioek, edozein izanik ere beren destinoko lurralde eremua, baldin baldintza orokorrak eta deialdi honetako beharkizun zehatzak betetzen badituzte, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte mantentzen badituzte.

2. Auzitegiko medikuek lehiaketa honetan parte har dezakete baldin eskaerak aurkezteko epea bukatzean bi urte igaro badira behin betiko destinoa esleitu zien lekualdatze lehiaketaren deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik, edo behin betiko destinoa esleitu zien ebazpena eman zenetik, funtzionario berrien kasuan.

Urteak zenbatzeari begira, lehenbiziko urtea izanen da kasuan kasuko ebazpena eman zen urte naturala, kontuan hartu gabe zein egunetan eman zen, eta bigarren urtea izanen da hurrengo urte naturala.

Behin betiko destinorik ez duten funtzionarioak lehiaketetan parte hartzera beharturik daude, indarra duen araudiarekin bat, eta ez zaie denbora muga hori aplikatzen.

3. Ezin izanen dute lehiaketa honetan parte hartu:

a) Epai irmo baten bidez eginkizun gabetuak direnak, gabetzeak iraun bitartean.

b) Interes partikularra edo familia biltzea dela eta, borondatezko eszedentzian dauden auzitegiko medikuak, egoera horretan nahitaez egon beharreko gutxieneko epea bitartean.

c) Nahitaez lekualdatzeko zehapena dutenak (zehapena egin zen herri bereko destinoak hartzeko bakarrik), harik eta urtebete edo hiru urte igaro arte, egindako falta astuna edo oso astuna izan den, hurrenez hurren.

d) Aurreko lehiaketa batean destinoa lortu, eta esleitu zitzaien destinoaren jabetza hartu ez dutenak.

Hirugarrena.–Eskatzen ahal diren lanpostuak.

1. Parte-hartzaileek I. eranskinean azaltzen diren lanpostuak eskatzen ahalko dituzte.

Lanpostu horiek Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko hurrenkera zenbakiaren bidez identifikatuko dira. Zentro horren hurrenkera zenbakia eskatzearekin batera, zentro horretan kidegoak dituen lanpostu huts guztiak eskatzen direla ulertuko da.

2. Gainera, lehiaketa honen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostu generikoak ere eskatu ahalko dira, orain eskaintzen diren lanpostu hutsen ondoriozko lanpostu gisa sartuko baitira, salbu eta amortizatu nahi badira eta lanpostuen zerrendak aldatzeko edo lantoki bateko langileak berrantolatzeko proiektu bat baldin badago, kasu horretan kidego horretako deialdiaren ondoriozko lanposturik ez baita iragarriko.

Lanpostuak deialdiaren hurrenkera zenbakia emanda identifikatu behar dira. Lanpostu baterako eskaerak zentro horretan eta kidego horretan dauden lanpostu huts guztietarako balioko duela ulertzen da, bai eta adierazitako lehentasun hurrenkeran izan daitezkeen ondoriozko lanpostu guztietarako ere.

Lehiaketaren ondoriozko lanpostu hutsak eskatzeko eskubidea erabili ahal izan dadin, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasi eta eskaerak aurkezteko epea amaitu arte, Justizia Ministerioaren web orrian ikusgai jarriko da eskatzen ahal diren destinoko zentroen zerrenda, zentro horien hurrenkera zenbakiekin batera.

3. Parte hartzen duten auzitegiko medikuek ziurtatu beharko dute beren eskabidean zehazten dituzten deialdiko hurrenkera zenbakiak bat datozela lehiaketa honetarako argitaratu direnekin, bai I. eranskinean bai ondoriozko lanpostuetan, bestelako kodeak oker eman ditzaten saihesteko.

Lehiaketan parte hartzen duten auzitegiko medikuek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten deialdi hurrenkerako zenbakiak zehatz-mehatz bat datozela eskainitako destinoko zentroen izenekin, aurkezteko epea amaituta ez baita aldaketarik onartuko eskaeran, ez eta, esleituz gero, ukorik ere.

4. Ohiz kanpoko egoeretan, lanpostu huts gisa iragarritako lanposturen bat kentzen ahalko da hori egitera behartzen duen gorabeherarik gerora sortuz gero.

5. Erregistro zibileko medikuen kidegotik datozen auzitegiko medikuei dagokienez, azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko zaio. Lege horrek epaile eta magistratuen erretiro adina finkatzen du eta medikuak diren langile batzuk auzitegiko medikuen kidegoan sartzen ditu.

Laugarrena.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaerak ebazpen honen II. eranskineko ereduan egin behar dira, bete beharreko atal guztiak betez.

2. Eskaerak Nafarroako Justiziako zuzendari nagusiari igorri beharko zaizkio, eta deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta, egun berean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean aurkeztu beharko dira Justizia Zuzendaritza Nagusiko Erregistro Orokorrean (Iratxeko monasterioa kalea 22, behea, 31011-Iruña).

Aldizkarietan egun berean argitaratzea ezinezkoa bada, ezartzen diren baldintza eta epeak kontatzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzearen data hartuko da aintzat.

3. Halaber, eskaerak aurkez daitezke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren moduetako edozeinetan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkien.

4. Eskumenak bereganatu dituzten autonomia erkidegoetako organoetan destinoa duten funtzionarioek kasuan kasuko organoan aurkeztuko dute eskaera, eta Ministerioaren eskumeneko eremuan destinoa dutenak, berriz, Justizia Ministerioan.

5. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea bakarra izanen da funtzionario bakoitzarentzat, nahiz eta eskatutako lanpostuak eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetakoak izan. Izan ere, lanpostu horietarako deialdiak aldi berean eginen dituzte autonomia erkidegoetako gobernuek.

Parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, azken-azkena baizik ez da kontuan hartuko.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, parte-hartzaileek ezin izanen dute beren eskaera aldatu edo baliogabetu.

7. Egindako eskaera loteslea izanen da eskatzailearentzat, eskabideak aurkezteko epea betetzen denean.

8. Eskaerarekin batera ondoko agiriak emanen dira:

a) Jabetzan duen azkeneko lanpostua esleitzeko ebazpenaren fotokopia.

b) Eszedentzian dauden lehiakideek eszedentzia emateko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

9. Eskabidea jasotakoan, azken destinoko organo eskudunak auzitegiko medikuen kidegoan emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua eginen du, adierazita hasiera egunetik (eguna, hilabetea, urtea) bukaera egunera (eguna, hilabetea, urtea) bitarteko zerbitzuak, eta eskabideari erantsiko dio.

Halaber, langileria-organo horrek, eskabidearen goiburuan edo erantsitako orri batean, hizkuntzengatiko puntuazioa jarriko du, eta adieraziko du ea funtzionarioak egungo destinoan egin duen aldia Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluan legez ezarritako aldia den (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), eta funtzionarioa arau horren 43.2 artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean dagoen.

Bosgarrena.–Baldintzatutako eskaerak.

Bi funtzionariok udalerri, epai-barruti edo probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izanen dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek udalerri, epai-barruti edo probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu eginen dira. Eskaera baldintzatu hori egiten duten funtzionarioek eskabidean C atalean zehaztu beharko dute, norekin baldintzatzen duten, horrexen izen-deiturak eta IFZ adieraziz, eta beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia aurkeztu. Lehiatzaileetako batek ez badu hori adierazten C atalean, bi eskabideak baliorik gabe geldituko dira.

Eskabideko C atala beteta, ulertzen da eskaera baldintzatua egiten dela, aurreikusten dena Justizia Administrazioan sartzeari, bertako lanpostuak betetzeari eta bertako funtzionarioen lanbide-igoerari buruzko Erregelamenduaren 48.2 artikuluan (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Seigarrena.–Lehiaketako baremazioa.

1. Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak baloratzeko, lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

2. Baremo honen arabera ebaluatuko dira merezimenduak:

A) Antzinatasuna, 60 puntu gehienez. Auzitegiko medikuen kidegoan titular gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko, 2 puntu. Urtetik beherako denbora tarteak proportzionalki baloratuko dira, 0,00555556 puntu eguneko, eta hilabeteak hogeita hamar egunekotzat hartuko dira.

B) Euskaraz jakitea, ahoz eta idatziz, 12 puntu gehienez. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten dituen eremu euskaldunean eta eremu mistoan, 12 puntu emanen dira gehienez hizkuntza hori ahoz eta idatziz ezagutzeagatik, frogatutako ezagutza mailaren arabera, honela:

a) B1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 4 puntu.

b) B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 8 puntu.

c) C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: 12 puntu.

Ezagutza horiek baloratzeko, alorrean eskumena duen organoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiatzaileak maila bateko baino gehiagoko tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.

3. Lehiaketak fase bakarra izanen du, eta hartan baremoko A eta B ataletako merezimenduak baloratuko dira.

Zazpigarrena.–Lanpostuak esleitzea.

Lanpostuak esleitzeko lehentasun hurrenkera deialdi honetako seigarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortutako puntuazioak finkatuko du.

Guztirako puntuazioan –hizkuntzakoa barne– berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasunik handiena duenaren alde ebatziko da, eta hala ere berdinketak irauten badu, kidegoan sartzeko hautaprobetan lortutako ordena zenbakia hartuko da kontuan, hizkuntza edo zuzenbide berekiak barne.

Zortzigarrena.–Esleitutako destinoen ezaugarriak.

1. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak aurreikusitako ondorioetarako (errege dekretu hori zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa zen). Beraz, ez dute sortuko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

2. Destinoei uko egiterik ez dago, Justiziako Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamenduaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Bederatzigarrena.–Lehiaketaren ebazpena.

1. Lehiaketa hau Justizia Ministerioak eta lehiaketaren deia egiten duen autonomia-erkidegoko organo eskudunak ebatziko dute modu koordinatuan. Ebazpenerako epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina.

2. Ebazpenean, agertuko dira destinoa esleitu zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, eta, era berean, beren egoera administratiboa, baldin jardunekoa ez bada, eta funtzionario bakoitzari esleitutako lanpostua.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 5ean.–Justiziako zuzendari nagusia, Rafael Sainz de Rozas Bedialauneta.

I. ERANSKINA

Hirugarren oinarriaren 1. apartatua aplikatuz eskatzen ahal diren I. eranskin honetako lanpostuak

ORDENA ZK

DESTINOKO ZENTROA

IZENA

HERRIA/PROBINTZIA

LANP. HUTSAK

ONDORIOZKO LANP.

HIZKUNTZA

35

NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN ETA ZIENTZIA KRIMINALISTIKOEN INSTITUTUA

AUZITEGIKO MEDIKU OROKORRA

IRUÑA

(NAFARROA)

2

X

BAI

II. ERANSKINA

Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskaera, hutsik dauden lanpostu generiko batzuk betetzeko, Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuan, auzitegiko medikuen kidegorako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2014173