283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1124E/2020 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Ledeako “Liskar” harrobian sarrera-pista bat egiteko proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostena ematen baita. Sustatzailea Caleras de Liskar SA da.

2020ko martxoaren 26an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazioari ekiteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura.

Proiektuaren bidez 216 m-ko luzerako pista berri bat egin nahi da, gaur egun Liskar harrobirako indarrean dagoen ingurumen espedientean baimendutako perimetrotik kanpo. Ikusirik proiektuaren eraginpeko eremua “Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean dagoela oso-osorik, hau da, Natura 2000 sarearen barnean, proiektuak ingurumen eraginari buruzko ebaluazio sinplifikatua izan behar du, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan ezarritako aplikazio eremuaren barnean baitago: “I. eranskineko edo II. eranskineko proiektu baten ezaugarrien edozein aldaketa, 7.1.c) artikuluan deskribatutako aldaketekin bat ez datorrena, jada baimendua, gauzatua edo gauzatzeko prozesuan dagoena, ingurumenean kalte adierazgarriak eragin baditzake. Aldaketa horrek ondorio kaltegarri nabarmenak sor ditzake ingurumenean honako hauek gertatuz gero: 5. Natura 2000 sareko eremu babestuetan eragina izatea”.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultak.

2020ko apirilaren 3an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen organo gisa jardunez, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zizkien eta proiektuaren ingurumen agiria bidali zien, 30 eguneko epean aztertzeko, 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Izapide horretan honako hauei egin zitzaizkien kontsultak: Ledeako Udala, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala, Basoak Kudeatzeko Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Meatzeen Atala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Nafarroako Ekologistak, Gurelur, Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza fundazioa eta SEO Birdlife. Ledeako Udalak eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak erantzun zuten.

Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2020ko maiatzaren 20an aldeko txostena eman zuen, adieraziz ez dagoela katalogatutako arkeologia aztarnategirik proiektuaren eraginpeko eremuan.

Meatzeen Atalak 2020ko irailaren 24ko txostenean adierazi zuen proiektuaren xedea ustiapenaren hirugarren bankua banatzea baimentzea dela, onetsitako ustiapen proiektuarekin eta Industria, Enpresa eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 15eko 1921/2012 Ebazpenarekin bat; horren arabera, enpresak baimena du modu partzialean JTO 07.1.03 ez betetzeko Liskar ustiategiko lehenengo bi bankuen altuerari dagokionez, baina ez dago salbuespenik hirugarren bankuaren altueran. Horrez gain, lehenagoko tramitazioetan beste aukera batzuk aztertu ziren harrobiko bankuak banatzeko; besteak beste, ekialdeko magaletik pistak irekitzea edo barneko pistak egitea; aukera horiek baztertu egin ziren, konplexutasun tekniko handia eta ingurumen eragina kontuan hartuz, lehenengo kasuan, eta gauzatzeko zailtasunagatik, bigarren kasuan.

Ledeako Udalak 2020ko ekainaren 26an aurkeztu zuen erantzuna, eta honako hau adierazi zuen:

–Jarduketa herri-lurretako lurzati batean eta harrobiko ustiapen proiektuaren eremutik kanpo dago, eta harrobira sartzeko pistak baimendutako eremuaren barnean egon behar lirateke.

–Proiektuaren eraginpeko eremua Natura 2000 Sarearen barnean dago, EPB147 Valdejoz onura publikoko mendian, eta Hirigintza Planean honela agertzen da: ingurumen balioagatik (eremu babestuak) eta paisaia balioagatik (paisaia naturala) babestu beharreko lurzoru urbanizaezina.

–Udalaren iritziz, aurrekoak kontuan hartuz, ingurumenaren ikuspegitik ez da oso egokia proiektua baimentzea.

Ledeako Udalak azaldutakoari buruz aipatu behar da, lehendabizi, ingurumen eraginari buruzko ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea proiektua ebaluatzeko egiten dela zehazki, hau da, ingurumen ondorioetarako bakarrik, 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Beste alderdi batzuk, besteak beste hirigintzakoak eta lursailen jabetzari buruzkoak, ez dira prozedura horretan baloratzen, eta, nolanahi ere, prozedura hau ez da baimena eman edo ukatzen duena. Idazkia Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura bidali da, kontuan har dezan meatzaritza baimenaren prozedura substantiboan, hala badagokio.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak berak baloratu behar du, organo eskuduna den heinean, jada baimena duen meatzaritza jarduera batek modu puntualean eta aurrez baimendutako eremutik kanpo jarduketa osagarriak behar dituen edo ez. Proiektu hau zerbitzu horren bitartez izapidetu da, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoa betez.

Ikusirik proiektuaren eraginpeko eremua “Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremuan dagoela, Natura 2000 sarearen barnean, proiektuak ingurumen eraginari buruzko ebaluazio sinplifikatua izan behar du, 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan ezarritako aplikazio eremuaren barnean baitago. Halaber, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua betetzeko, Natura 2000 Sareko eremuren bateko espezie edo habitatetan eragin nabaria izan dezakeen edozein proiektuk eremu horretan sor ditzakeen ondorioen ebaluazio egokia izan behar du, eta horixe da ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikaturako prozedura honen helburuetako bat.

Proiektuaren laburpena

Proiektuaren xedea da Ledeako “Liskar” harrobiaren ustiapen eremuaren aurreko aldean sarbide berri bat egitea, gaur egungo hirugarren bankua (goikoa) banatzeko, egun 40 m-ko altuera baitu. Beraz, laugarren goiko bankua sortuko litzateke, baita lanerako plataforma berri bat ere hirugarren eta laugarren bankuen artean. Hirugarren bankuak derrigorrez bete beharreko meatzaritzako ITC 07.1.03 araudia betez eginen da jarduketa.

Pista berri bat proiektatu da, gutxi gorabehera 216 m-ko luzera, 6 m-ko zabalera eta 2 m-ko bazterbidea izanen duena, meatzaritzako segurtasun araudia betez. Pistak ongi bereizitako bi tarte ditu:

–1. tartea: ekialde-mendebalde norabidean, gaur egun 1. eta 2. bankuetara joateko bideak gurutzatzen diren lekutik harrobiaren aurreko aldera iritsi arte. Tarte horren luzera 90 m ingurukoa da, eta horizontala da, maldarik gabekoa, 565-567 m-ko kotari eutsiz.

–2. tartea: hegoalde-iparralde norabidean, erauzketa guneko aurreko aldetik igarota; gutxi gorabeherako luzera 126 m da. 567 m-ko kotan erauzketa guneko aurreko aldera iritsita eta kota hori arras gisa mantenduz, sarbide berria luzatuko da ezponda hondeatuta, eta horretan zehar banaketa progresiboa eginen da, 577 kotak markatzen duen aurreko lerrora iritsi arte. Gune horretara iritsita, sortuta egonen da 4. banku berri baten edo gainalde ertzeko ezponda baten hasiera, 10 m-ko altuera izanen duena, eta 3. bankua 30 m-ra murriztuta egonen da.

Ingurumen balorazioa

Lehendik dagoen harrobi batean egin beharreko obra osagarria da. Harrobiak badu ingurumen eraginaren deklarazioa, aldekoa (Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 1996ko azaroaren 11ko 3158 Ebazpena). Proiektuaren xedea da meatzaritza sektoreko segurtasun araudia betetzea da harrobiko hirugarren bankuaren altuerari dagokionez. Pista berria harrobiko aurreko aldeari atxikitako lursailetan proiektatu da, baina onetsitako ustiapen eremutik kanpo, eta, beraz, beharrezkoa da ingurumen ebaluazioaren prozedura hau izapidetzea.

Proiektuaren eraginpeko eremua “Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean dago oso-osorik, Natura 2000 Sarean, baita 147 Valdejoz onura publikoko mendian ere. Beraz, beharrezkoa da proiektuak eremu horietan izanen dituen eraginei buruzko ebaluazioa egitea. Harrobi osoaren inguruan KBEa dago, eta, beraz, ez dago kanpotik harrobirako beste trazadura bat egiteko aukerarik, KBEko lursailetan eraginik ez sortzeko.

Aurretik eraldatu gabeko lursailetan proiektuak sortuko dituen zuzeneko eraginak pistaren 1. tartean izanen dira, luzeran 90 m eta zabaleran 5 m izanen dituen banda batean; bertan abariztia dago (Quercus coccifera), ezpelarekin (Buxus sempervirens), eta han-hemenka Quercus rotundifolia arteak eta Juniperus oxycedrus eta Juniperus phoenicea ipuruak. Bertan dauden beste espezie batzuk hauek dira: Genista scorpius, Thymus vulgaris eta Brachypodium retusum. Sastrakadi hori “5210 abarizti gaztelar-kantauriarrak. Spiraeo obovatae-Quercetum cocciferae” Batasunaren intereseko habitatari atxikita dago, zeina KBEko ezinbesteko elementua baita (larreak eta sastrakadiak). Pistaren 2. tarteak ia landarerik ez duen zerrenda batean eragiten du, harrobiko erauzketa eremuaren aurreko aldeko ertzean kokatua.

Kontuan hartuz habitat hori KBEaren eta onura publikoko mendiaren barnean dagoela zati handi batean, eraginpeko azalera urria dela eta sastrakadi hori erauzketa guneko aurreko aldeari atxikitako eremuetan eta sarrera-pisten artean dagoela bazter batean, eragin hori bateragarria da KBEko balioak kontserbatzearekin, betiere neurri babesleak eta zuzentzaileak ezarrita, horiek bermatuko baitute eraginpeko eremua ahalik eta txikiena izanen dela eta ez dela eraginik sortuko honako zuhaitz espezie hauetan: Quercus rotundifolia, Juniperus oxycedrus eta Juniperus phoenicea.

Proiektuak ez du eragin nabarmenik KBEko ezinbesteko beste elementu batzuetan, ez du zuzeneko eraginik landare espezie mehatxatuetan, ezta mehatxatutako edo interes bereziko faunaren umetze edo ugalketa habitatetan ere. Horrenbestez, proiektuak ez du ondorio nabarmenik sortuko kontserbazio bereziko eremuan, proposatutako neurri zuzentzaileak betez gero.

Aurkeztutako ingurumen azterketan ikusizko arroaren paisaia azterketa eta leku garrantzitsuen argazki simulazioak jasotzen dira. Pista berriaren ikusgarritasuna oso txikia izanen da. Izan ere, lehenengo tarte horizontala sastraka altuaren eta jada eraikita dauden pisten artean dago, eta bigarren tartea erauzketa gunearen aldamenetik eta modu paraleloan igarotzen da.

Ondorio nagusia da obrek ez dutela eragin adierazgarririk izanen ingurumenean, nahiz eta, proiektua gauzatzearen ondoriozko ingurumen eraginak gutxitzeko, proiektuaren ingurumen agirian jasotako proposamenez gain, beste eragin batzuk saihesteko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri diren txosten honetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, baldintza batzuk ezarriz.

Laburbilduz, jarduketak sor ditzakeen ingurumen eta paisaia eraginak aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du aldeko txostena eman behar dela ingurumen eraginaz den bezainbatean, eta zehaztu du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honakoa

EBAZTEN DUT:

1. Ohiko ingurumen ebaluazioaren prozeduraren mende ez jartzea Caleras de Liskar SA enpresak sustatutako Ledeako “Liskar” harrobirako sarrera-pista egiteko proiektua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen txostena egitea Caleras de Liskar SA enpresak sustatutako Ledeako “Liskar” harrobiko sarrera-pista egiteko proiektuari buruz, ustez proiektuak ez duelako eragin nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen bada:

–Lurrak mugitu aurretik pistaren trazadura zuinkatuko da lursailean, sastrakadian ahalik eta eragin gutxien sortzeko eran. Bereziki zainduko da sakabanatutako Quercus rotundifolia, Juniperus oxycedrus eta Juniperus phoenicea ale altuetan eraginik ez sortzea. Okupazio zerrenda bat balizatuko da, gehienez ere 8 metro zabal; hortik kanpo ez dira lurrak mugituko eta landaredia kaltetu dezaketen makinak ez dira bertatik igaroko.

–Obren zuinketa egin eta balizak jarri aurreko lanetarako, Ingurumen Zaintzako taldeari deituko zaio (Tafalla-Zangoza barrutia), lanok gainbegira ditzaten.

–Landare lurreko geruza aurretik kenduko da eta harrobian bilduko da, lehengoratze lanetan erabiltzeko. Landare lurrak bestelako lurretatik banatuta pilatuko dira. Ez da lurrak botatzeko zabortegirik sortuko jarduketa eremuan.

–Obrak gauzatzeko fasean ez da olio edo koiperik isuriko obra eremuetan.

–Obrak bukatuta, jarduketa eremua eta ingurua garbituko dira, hondakin eta soberakin guztiak kenduz.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ledeako Udalera, Basozaintzara (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 5ean.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2013293