259. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 4a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

58/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta zati batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta litezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitu, osatu edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horrek aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi zituen. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesia” ezartzen zuen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eteten zuen, mugatzen zuen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia eta hipermerkatu, merkataritza-azalera ertain eta handi, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena, mugak ezartzen zituen garraio publikoaren jardueran, pertsona kopuru mugatua mantentzen zuen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako, mugatzen zuen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo –parkeak erabiltzeko ordutegia, eteten zuen joko– eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere.

Geroago onetsi zen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz, ezartzen zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasunari jarritako mugak ezartzen ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, urriaren 26tik azaroaren 1era bitarteko astean 3.938 kasu baieztatu dira (597 kasu 100.000 biztanleko), dela PCR bidez dela antigeno testen bidez, hau da, aldaketarik ez aurreko astearen aldean. Kasu berri horien % 66 sintomatikoak ziren, eta % 68 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren. Kasuak gutxitu egin dira 15-34 adin-tarteko multzoan, mantendu egin dira 15 urtetik beherakoetan, baina % 7 igo dira 55 urtetik 74ra bitartekoetan, eta % 43, 75 urtetik gorakoetan. Igoera hori kezkagarria da, eragina izan dezakeelako hala kasu larrietan nola hilkortasun-tasan.

Hasierako PCR positiboetan, hau da, PCRa eskatzen denean baina ez aurrez atzemandako kutsatze baten jarraipenaren ondorioz, positiboen tasa % 15,63koa izan da urriaren 23tik 29ra bitarteko astean, Osasun Ministerioaren datuen arabera.

Azaroaren 2an argitaratutako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen bigarren autonomia erkidegoa 14 egunean (1.193 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunean (592 kasu 100.000 biztanleko), Melillaren atzetik, eta, aurreko astearekin alderatuta, joera mantendu egiten da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako Ospitaleguneari buruz egindako txostenaren arabera, gora jarraitzen du ospitaleetako larrialdietan arreta behar duten COVID-19 gaixoen kopuruak.

Urriaren 19aren aurreko bi asteetan 697 gaixo izan ziren, eta azken bi asteotan, berriz, 910 (% 30,6ko igoera). Azken astean zertxobait egin dute behera Iruñerrian COVID-19ari loturik larrialdietan izan diren pertsonen tasek; Tutera inguruan bere horretan mantendu dira, eta Lizarraldean, handitu. Azken hamabostaldian, gora jarraitzen du kutsatutako pertsonen kopuruak, urriaren 19aren aurreko bi asteen aldean.

Hori guztia ikusirik, eta kontuan harturik urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan jasotako neurriek ez dutela jaitsiera nabarmenik eragin Nafarroako Foru Komunitatearen intzidentzia metatuan, beharrezkotzat jotzen da foru agindu hartan ezarritako neurrien indarraldia luzatzea, salbu eta Nafarroako itxiera perimetralari dagokiona eta eremu publiko eta pribatuetako bilerei buruzkoa. Izan ere, neurri horiek luzatzeko edo bertan behera uzteko agintaritza eskuduna, orain, eta aldi baterako, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria da, 926/2020 Errege Dekretuaren indarrez.

Neurrien indarraldia luzatzeaz batera, bi aldaketa sartzen dira. Alde batetik, ostalaritzako establezimenduek eta jatetxeek “take-away” gisako zerbitzua emateko ordutegia luzatzen da, 22:30ak arte, jarduera ekonomikoaren interesak eta osasun publikoaren babesa harmonizatzearren. Bestetik, saltoki handi eta ertainen arduradunak behartuak egonen dira establezimendu horietan onartzen ahal den gehieneko jende kopurua kontrolatzera, jende pilaketak eta, horrenbestez, kutsatzeko arriskua saihesteko.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Luzatzea Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan jasotako neurri guztien indarraldia, hartan idatzita dagoen bezal-bezalaxe, salbu eta 2. eta 16. puntuetan adierazitakoari dagokionez. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren puntu hauek aldatzea, honela idatzita geldituko baitira:

“4. Ostatuak eta jatetxeak.

4.4. puntua. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte”.

“8. Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak (8.6 puntua gehitzen da).

8.6. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuak egonen dira uneoro kontrolatzera ez dela gainditzen bertan onartzen ahal den gehieneko jende kopuruaren % 40.”

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko azaroaren 5etik azaroaren 18ra bitarte, biak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, behar diren tramiteak egin ditzan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala emateko; halaber, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2020ko azaroaren 5ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 4an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2013176