254. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

156E/2020 EBAZPENA, urriaren 16koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, 2020ko deialdia onesten duena I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzetarako. DDBN identifikazioa: 529057.

Deialdi honen laguntzen helburua da Nafarroako enpresen eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainen (ETEak) parte-hartzea bultzatzea I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan.

Hala, programa horietara aurkezten diren proposamenen kopurua eta kalitatea handitu nahi da, eta, orobat, segurtatu nahi da beste baliabide ekonomiko batzuetarako sarbidea izanen dutela.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020ko deialdia onestea I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzetarako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82600-4701-467300: Ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako bonu teknologikoak

2020

176.500,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako unibertsitateek, ikerketarako erakundeek, zentro teknologikoek eta enpresek, bereziki ETEek, ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+b) finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan duten parte-hartzea bultzatzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izaera eskuratzen ahalko dute I+G+b finantzatzeko programetan parte hartzen duten enpresek, zentro teknologikoek, ikerketa erakundeek eta unibertsitateek, baldin eta dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea deialdi honen xedeko proiektuak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) 5. oinarrian ETEentzat finkatutako laguntzaren intentsitatea lortzeko, enpresek bat etorri beharko dute Batzordeak 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren bidez ETEaz bezainbatean emandako definizioarekin.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

f) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adinako ahalmena duena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da betetzen direla eskatutako baldintzak.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Deialdi honen xede dira I+G+b proiektuak definitzeko, prestatzeko eta honako programa hauen laguntza deialdietan aurkezteko diren jarduketak:

A.–Horizonte 2020 programa (aurrerantzean, H2020) eta Europar Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak:

B.1. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren bidez (aurrerantzean, CDTI) kudeatutako teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak: alde anitzekoak (Eureka eta Iberoeka) edo aldebikoak (Maroko, Brasil, Mexiko, Kuba, Japonia, Txina, India, Errusia, etab.).

B.2. ERA-NET, ERA-NET Plus edo ERA-NET COFUND eskemen babespean dauden teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak.

2. Laguntzaren xedeko jarduera guztiak lankidetza proiektuei buruzkoak izanen dira, salbu Europako programen barnean aurreikusitako banakako proiektuen lerro berariazkoei dagozkienak (adib.: ETE tresna).

3. Ebaluazio edo esleipen txostena 2019ko irailaren 1etik aurrera eman zaien proiektuek jaso dezakete deialdi honetako dirulaguntza.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) I+G+b proiektuak definitzeko eta prestatzeko eta 2.1 oinarrian aipatu programetan aurkezteko, onuradunek enpresa aholkulariei ordaindutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak. Gastu diruz lagungarriak ez dira inola ere sartuko I+G+b proiektuaren aurrekontuan.

b) Aholkularitza-lana baldintza hauek betetzen dituzten enpresek egin beharko dute (eta enpresatzat hartuko da jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona fisiko edo juridiko oro):

–Ez izatea entitate onuradunari lotutako edo atxikitako enpresa bat; halakotzat joko dira bat datozenak Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioak (EBko 2003ko 124. Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 20koan, argitaratuak) ematen dituen definizioekin.

–Ez jardutea bazkide edo koordinatzaile gisa onuradunarentzat prestatutako proposamenean.

–Deialdi honen babespeko laguntzarik ez eskatzea.

–Ez azpikontratatzea dirulaguntzaren xedeko lanak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatzen ahalko du aholkularitza enpresak emandako datuak eta haien kualifikazioa egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako proiektuak prestatzen parte hartu duten aholkularitza entitateen zerrenda argitaratzen ahalko du Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus) edo intereseko beste web-orri batzuetan.

2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Aldian behingo aholkularitzari edo mantentze-lanei dagozkien jarduerak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu egin beharko du.

3. Gastuek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egindakoak izan behar dute.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarrien %80 artekoa izanen da laguntza, ondoko mugen eta baldintzen arabera, proiektuak zer deialditara aurkezten diren:

A.–H2020 programa eta Europar Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

Honako tauletako irizpideen araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa. Atalaseari dagokionez, deialdi bakoitzaren ebaluazio ofizialean ezarritako onespen atalasea hartuko da erreferentzia gisa (Evaluation Summary Report-ean edo antzeko agirian adierazitakoa).

a) H2020ko “ETE tresnako” 1. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 1. fasea ere.

H2020 programako edo Europar Batasuneko beste programa batzuetako 1. fasean koordinatzaile gisa parte hartzen duten entitate onuradunei bakarrik emanen zaizkie modalitate honen menpeko laguntzak.

GEHIENEKO LAGUNTZA, 1. FASEAN

Onuradun koordinatzaileak

≥ atalasearen %80

≥ atalasea

ETEak

5.000 euro

10.000 euro

Beste batzuk

0 euro

5.000 euro

b) “ETE tresnako” 2. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 2. fasea ere, edo fase bakarrean aurkezten diren proiektuak.

b.1) Gehieneko laguntza enpresa txiki eta ertainentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ 5 bazkide

4.000 euro

8.000 euro

12.000 euro

24.000 euro

< 5 bazkide

2.500 euro

5.000 euro

7.500 euro

15.000 euro

b.2) Gehieneko laguntza enpresa handientzat, zentro teknologikoentzat, ikerketa erakundeentzat eta unibertsitateentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

≥ 5 bazkide

0 euro

4.000 euro

0 euro

12.000 euro

< 5 bazkide

0 euro

2.500 euro

0 euro

7.500 euro

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak.

Proiektu hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eta taulan ageri diren irizpideen araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa:

–B.1 proiektuak, 2. oinarrian definituak: behar den nazioarteko erakunde edo batzordearen egiaztapen “zigilua” izan beharko du proiektuak (esaterako, Eureka zigilua, Iberoeka, etab.), eta ez da nahitaezkoa izanen CDTIk jadanik onetsia izatea.

–B.2 proiektuak, 2. oinarrian definituak: nazioarteko programaren barneko onespena izan beharko du proiektuak, eta ez da nahitaezkoa izanen eskualdeko edo Estatuko erakundeak jadanik onetsia izatea.

GEHIENEKO LAGUNTZA B MOTAKO PROIEKTUENTZAT

Bazkidea

Koordinatzailea

ETEak

5.000 euro

15.000 euro

Beste batzuk

2.500 euro

7.500 euro

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberako eskabideari dokumentazio hau erantsi beharko zaio, fitxategi bereizietan eskaneatuta eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta (ad.: “Erantzukizunpeko adierazpena”, “Memoriaren laburpena” eta abar):

a) Erantzukizunpeko adierazpena, aipatu fitxan eskura den ereduari jarraituz, 3., 4., 13. eta 14. oinarrietan adierazitako alderdiei buruz.

b) Dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak arautzen duenaren araberakoa. Aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten enpresek, gainera, aipatu arauaren 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu beharko dute.

c) Proiektua deskribatzen duen memoriaren laburpena, honako hauek zehaztuta: proposamenaren xedeak, lanerako plana, gauzatzeko egutegia, entitate parte-hartzaileak, proiektuaren koordinatzailea, aurrekontu orokorra, parte hartzen duen entitate bakoitzaren aurrekontua eta entitate eskatzailearen aurrekontu xehatua.

d) Entitate aholkulariak egindako fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak (bankuko ziurtagiriak edo laburpenak, behar bezala identifikatuak, edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko moduko beste edozein merkataritza-dokumentu).

e) Kasuan kasuko erakundearen jakinarazpenaren kopia:

–A motako proiektuak: aurkeztutako proposamenari buruzko balorazio txostena (Evaluation Summary Report edo antzekoa), nazioarteko erakunde eskudunak emana, non egiaztatzen ahalko baita proiektuaren balorazioa deialdian ezarritako onespen atalaseei dagokienez.

–B.1 motako proiektuak: nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektuak Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

–B.2 motako proiektuak: behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean hori zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

PROIEKTU MOTA, 2. OINARRIAREN ARABERA

ERREFERENTZIAKO AGIRIA

EMAN BEHARREKO PUNTUAZIOA (BI DEZIMALEKIN)

A.1.–ETE tresna (1. fasea)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 15

A.2.–ETE tresna (2. fasea)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 22

A.3.–Horizonte 2020 (ETE tresna izan ezik)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESRren gehieneko nota) x 22

A.4.–Europar Batasuneko beste programa batzuk

Behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

Onetsita badago: 15 puntu

B.1.–CDTIren bidez kudeatutako nazioarteko lankidetzako proiektuak

Nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektuak Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

Lortu badu: 15 puntu

B.2.–Era-net, Era-net plus edo Era-net cofund

Behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

Onetsita badago: 15 puntu

3. Lehentasuna ezarriko da eskaeren artean, lortutako puntuazioaren arabera. Eskatzaileen artean berdinketarik gertatuz gero:

a) Proposamenak lehenetsiko dira, haiei lotuta dagoen proiektu motaren arabera, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz: A.3, A.2, A.4, B.1, B.2 eta A.1.

b) Berdinketak jarraitzen badu, lehenago aurkeztu diren eskaerek lehentasuna izanen dute.

9. oinarria.–Dirulaguntza eman eta ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna laguntza nori eman eta ordaindu behar zaion ebazteko.

3. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

4. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

5. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

b) 15. oinarrian ezarritako betebeharrak, I+G+b-ko jardueraren emaitzen publizitateari eta zabalkundeari buruzkoak, bete beharko dituzte.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Gaitutako helbide elektronikoa Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntza.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

2. Erregelamendu horrekin bat, ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

3. Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

2. Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Diruz lagundutako I+G+b jardueraren produktua zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2012324