241. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

55/2020 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Cadreitako eta Zarrakazteluko udalerrietan, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitu, osatu edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, metatutako intzidentzia Cadreitako udalerrian 4.328 kasukoa da 100.000 biztanleko, aurreko 14 egunean, eta 2.902 kasukoa 100.000 biztanleko, aurreko 7 egunean. Indizea 1,5ekoa da, eta horrek gorako joera nabarmena erakusten du, hala azken 14 egunean nola 7 egunean.

Zarrakazteluko udalerrian, metatutako intzidentzia aurreko 14 egunean 4.289 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta 3.327 kasukoa 100.000 biztanleko, aurreko 7 egunean. Indizea 1,3koa da, eta horrek gorako joera nabarmena erakusten du, hala azken 14 egunean nola 7 egunean.

Eredua Nafarroan orokorrean ikusten denaren oso antzekoa da, dela sintomarik gabeko kasuen portzentajeari dagokionez, dela lotura epidemiologikoari dagokionez. Kasu gehienak lotuta daude familian, esparru sozialean edo lanean gertatutako agerraldiekin.

Udalerri horietako kutsapenen indizeak oso altuak dira (lehenago mugikortasuna murriztu zaien Nafarroako beste herri batzuetakoak baino altuagoak izan ere, eta, are, mugikortasuna murrizteko neurria aplikatu zaien Espainiako beste herri batzuetakoak baino altuagoak). Uneotan, Nafarroako batezbestekoa halako sei da bi udalerri horietakoa, eta, gainera, goranzko joera ikusten da, nahiz eta udalerriotan Osasuneko kontseilariaren urriaren 9ko 52/2020 Foru Aginduan ezarritako neurri murriztaileak hartu ziren eta Nafarroan aurrez hartu diren prebentzio neurri guztiak hartuta ere.

Intzidentzia tasa altu horiek ikusita, premiazkoa da mugikortasuna murrizteko neurria hartzea, kutsapenen tasa altua txikitu eta osasun publikoa babesteko, beste udalerri batzuetan ikusi baita, Azkoienen eta San Adrianen kasu, neurri hori oso eraginkorra izan dela; izan ere, uneotan, bi udalerri horietako intzidentzia metatuak beheraka doaz dagoeneko.

Horregatik, Osasuneko kontseilariaren urriaren 11ko 54/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi eta Nafarroa osoan aplikagarri diren neurriez gain, mugikortasuna ere mugatu behar da birusa udalerrien artean hedatu ez dadin, hedapenak Foru Komunitatearen indizeei ere eraginen liekeelako; era berean, hori egitea lagungarria izanen da Komunitaterako hartu diren prebentzio neurriak eraginkorrak izan daitezen.

Neurri hori, zeinak oinarrizko eskubideak murrizten baititu, neurrizkoa, beharrezkoa, egokia eta justifikatua da, lehenago eraginkorra izan baita beste udalerri batzuetan, kutsapenen kurba kontrolatu eta apaltzea xede duen aldetik, kutsapenen kontrola bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, ez daitezen beste udalerri batzuetara hedatu, eta bizitzeko eskubidea, osotasun fisikoa eta jendearen osasuna babesteko, horrek galarazi gabe, ahal dela, neurri hauek eta herriko interes ekonomikoak bateragarriak izateko ahalegina egitea.

Halaber, neurri mugatua da, eta, hortaz, neurrizkoa, halako eran non mugikortasuna murrizterakoan salbuespenak aurreikusi baitira, funtsezkotzat jo baitira, hezkuntzarako, osasunerako, lanerako eta menpekoen zaintzarako eskubidearekin, ezinbesteko kausekin edo antzekoekin lotura dutenez gero, horiek gauzatzea bermatuta egon behar duelako. Neurri mugatua da, baita ere, denbora esparruaz bezainbatean, zazpi egun naturalez egonen baita indarrean, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko da.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Halaber, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edozein kasutan, honen bidez ezartzen diren neurriak gehienez ere zazpi egun naturaleko epean ebaluatuko dira, foru agindu hau argitaratzen denetik hasita, eta, egoera epidemiologikoa aldatu ezean beste zazpi egunez luzatzen ahalko dira, edo, kontrakoa gertatuz gero, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Cadreitako eta Zarrakazteluko udalerrietan aplikatu beharreko prebentziorako osasun neurri hertsagarriak.

1. Mugatu egiten dira, 2020ko urriaren 16tik 22ra, biak barne, Cadreitako eta Zarrakazteluko udalerrietan pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotzen diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetara joatea, unibertsitateko irakaskuntza barne.

b) Lan arloko betebeharrak, profesionalak edo enpresarialak betetzea.

c) Ohiko bizilekura itzultzea.

d) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

e) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

f) Antzeko beste edozein jarduera.

2. Udalerri horretako lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa udalerritik kanpo badaude.

3. Herritarrek laguntza aktiboa eman beharko dute foru agindu honetan prebentziorako ezartzen diren osasun neurriak betetzeko.

Bigarrena.–Halaber, Osasuneko kontseilariaren urriaren 11ko 54/2020 Foru Aginduan ezarritako prebentzio neurriak aplikatuko dira, foru agindu horren bidez hartu baitziren berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Hirugarrena.–Neurri hauek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen erabakian eta haren aldaketetan aurreikusitakoak, baina horiek osotara aplikatzekoak dira arautzen dituzten gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, horrek ukatu gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Laugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, zazpi egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, egoera epidemiologikoa aldatu ezean beste zazpi egun naturalez luzatzen ahalko dira, edo, aldatu edo bertan behera utzi.

Bosgarrena.–Foruzaingoaren lankidetza eskatzen da, Guardia Zibilarekin eta Udaltzaingoarekin koordinaturik foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin. Ondorio horietarako, foru agindu honetan Cadreitako eta Zarrakazteluko udalerrietarako ezartzen den konfinamendu orokorrerako agindu orokorra ez betetzea irailaren 16ko 9/2020 Foru Lege-dekretuaren arabera zehatuko da, horren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

Seigarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Cadreitako eta Zarrakazteluko udaletara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zazpigarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 16an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2012069