233. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERAKO MANKOMUNITATEA

Egoitza elektronikoa sortzea

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea bete beharrez, Erriberako Mankomunitateko buruak honako ebazpen hau eman du:

1. Erriberako Mankomunitatearen egoitza elektronikoa eta horri lotuta dagoen erregistro elektronikoa sortzea, ebazpen honen eranskinean zehazten diren ezaugarriekin, www.maconribera.com helbide elektronikoan.

2. Egoitza elektronikoak indarra hartuko du iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta, nolanahi ere, ez 2020ko azaroaren 11 baino lehen, egun horretan indarra hartuko baitu “Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantzak” une horretara arte diseinatu diren prozedura telematikoak edukita.

3. Agintzea ebazpen hau eta egoitza elektronikoa eta erregistro elektronikoa sortzeari buruzko eranskin osoa argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Alor guztiei jakinaraztea, baita Mankomunitatearen webgunean argitaratzea ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

5. Mankomunitateko idazkariari esleitzea egoitza elektronikoa zuzendu eta koordinatzeko eginkizunak.

Tuteran, 2020ko irailaren 14an.–Mankomunitateko burua, Fernando Ferrer Molina.

ERANSKINA

1.–Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1.1. Egoitza elektronikoa aplikatzeko eremua Erriberako Mankomunitatearen toki entitatea izanen da, eta haren erakunde autonomoek eta Servicios Públicos de la Ribera sozietate publikoak ere erabil dezakete.

1.2. Helbide elektronikoa www.maconribera.com izanen da, Interneteko domeinu hori Mankomunitatearen jabetza baita. Egoitza horren titularra Erriberako Mankomunitatea da, eta kudeaketaren eta zerbitzuen organo arduradunak dira Mankomunitatearen organo guztiak eta haien funtzio-alorrak, Idazkaritza Nagusiak koordinatuta.

Egoitzan identifikatuko dira sartzeko bide erabilgarri guztiak.

Egoitza elektronikoan zehaztuko dira zein diren iradokizunak eta kexak egiteko bideak eta, betiere, erabiltzen segitzen ahalko dira bide tradizionalak, Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean berean aurkeztuta.

2.–Erregistro elektronikoaren sorrera.

Egoitza elektronikoari lotutako erregistro elektronikoa sortzen da. Erregistro elektronikoa sarrera eta irteeren erregistro orokorrean sartuko da, erregistro integratu bakar bat osatuz. Erregistro elektronikoak bide telematikoa ematen dio sarrera eta irteeren erregistro orokorrari. Antolakuntzaren aldetik, sarrera eta irteeren erregistro orokorra Idazkaritza Nagusiaren alorrean dago sartuta, eta erregistro elektroniko hau sortzeak ez du mendetasun organiko hori aldatzen.

3.–Prozedura elektronikoak.

Idazkaritza Nagusiaren bidez, Mankomunitateko buruaren zuzendaritza politiko eta organikoaren azpian eta Erregistro Orokorraren arduradunaren zuzendaritza teknikoarekin, egoitza elektronikoan zehaztu eta argitaratuko dira bide telematikoaren bidez kudeatzen ahal diren prozedurak.

Iragarkiaren kodea: L2010902