232. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

50/2020 FORU AGINDUA, urriaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita irailaren 29ko 45/2020 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Faltzesko eta Funesko udalerrietarako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Irailaren 29an onetsi zen 45/2020 Foru Agindua, irailaren 29koa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Faltzesko eta Funesko udalerrietarako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 2ko 147/2020 Autoaren bidez, salbu eta herrigunearen salbuespena; izan ere, ulertu behar zen foru agindua Faltzesko eta Funesko udalerrien udal-mugarteei zegokiela, sarrera-irteeren murrizketei zegokienez.

Neurri horiek urriaren 7ra arte egon ziren indarrean, egun hori barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe utzi beharko ziren.

2020ko irailaren 28an, Faltzesko udalerrian, 14 egunean metatutako intzidentzia zen 1.598 kasu 100.000 biztanleko, eta Funesen, berriz, 1.393 kasu 100.000 biztanleko. Tasa horiek adierazten zuten kutsatze maila altua zela, eta beharrezkoa zela zenbait neurri hartzea. Horrela bada, Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 45/2020 Foru Agindua eman zen.

Hala adierazten baita Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostenean, 2020ko urriaren 5ean eguneratutakoan, Funesko udalerrian azken 14 egunean metatutako intzidentzia da 948 kasu 100.000 biztanleko, eta azken zazpi egunean metatutakoa, berriz, 246 kasu 100.000 biztanleko. Faltzesko udalerriari dagokionez, azken 14 egunotan metatutako intzidentzia da 1.123 kasu 100.000 biztanleko, eta azken zazpi egunean metatutakoa, berriz, 86 kasu 100.000 biztanleko. Argi dago beheranzko joera bat nabari dela bi udalerrietan. Era berean, bada nabarmendu beharreko datu bat: kutsatze gehienak familian eta ingurune sozialean gertatzen ari dira oraindik ere bi udalerrietan.

Aintzat hartuta une honetan bi udalerriei buruz jasotako datuak, argi erakusten baitute badela beheranzko joera bat kasuen kopuruan, bidezkoa da indarrik gabe uztea eskubideak gehien murrizten dituzten neurriak, hau da: udalerrietan sartzea eta horietatik irtetea murrizten dutenak. Hala ere, kontuan izanda orobat azken 14 egunean metatutako intzidentziaren datuak, beharrezkotzat jo da lehenengo puntuko neurriei eustea, hots, beilatokietako, ostalaritzako eta abarretako edukierei dagozkien horiei, bai eta eremu pribatuko murrizketei ere; izan ere, hala adierazten baitu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak, familian eta ingurune sozialean gertatzen ari dira kutsatze gehienak bi udalerrietan. Hortaz, oinarri hartuta zuhurtasun printzipioa, zeina nagusi baita osasun publikoaren arloan eta jasota baitago Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 3 d) artikuluan, beharrezkotzat jotzen da neurriei eustea, hala eremu publikoan nola pribatuan, horiek eraginkorrak izan daitezen beren osotasunean, helburu honekin: beheranzko joera mantentzea kasuen kopuruari eta intzidentzia-tasari dagokienez (azken hori, oraindik ere, altua baita bi udalerrietan). Hori horrela, uste da neurriak beharrezkoak, egokiak eta proportzionalak direla, eta bat datozela gaur egun bi udalerrietan dagoen egoera epidemiologikoarekin.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Halaber, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Baliatuz Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Mantentzea, zazpi egun naturaleko epean, 2020ko urriaren 8ko 00:00etatik hasita, irailaren 29ko 45/2020 Foru Aginduaren lehen puntuko neurriak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Faltzesko eta Funesko udalerrietarako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea irailaren 29ko 45/2020 Foru Aginduaren bigarren puntua. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Faltzesko eta Funesko udalerrietarako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Faltzesko eta Funesko udaletara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 8ko 00:00etatik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko urriaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011656