231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

115E/2020 EBAZPENA, irailaren 29koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 19ko 108/2019 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira, 2019-2020rako, makinak amankomunean erabiltzeko kooperatibei nekazaritzako makinak eta ekipamenduak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia. (DDBN identifikazioa: 482699).

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 19ko 108/2019 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren, 2019-2020rako, makinak amankomunean erabiltzeko kooperatibei nekazaritzako makinak eta ekipamenduak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko. Deklarazio horrek pertsonen joan-etorri askeak mugatu zituen egun horretatik aurrera eta arauaren luzapenak indarrean ziren bitartean, 2020ko ekainaren 21era arte. Orobat, dekretu horren bidez eten egin ziren administrazio izapideak eta epeak, eta horiei berrekin zitzaien 2020ko ekainaren 1ean. Bi inguruabar horiek oztopo bat izan dira onuradunek beren inbertsioak bukatzeko eta justifikatzeko deialdian ezarritako epeen barnean.

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 54. artikuluak (errege lege-dekretu horren bidez, premiazko neurri osagarriak onetsi ziren, arlo sozialean eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko) aukera ematen du dirulaguntzen eta laguntza publikoen deialdien ebazpenak aldatzeko dirulaguntzak emateko prozeduretan, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko epeak luzatzeko eta, hala badagokio, gauzatzea justifikatzeko eta egiaztatzeko. Gainera, aldaketa hori egiten ahal da oinarri arautzaileetan horrelakorik aurreikusten ez denean ere.

Araudi hori aplikatuz, Landa Garapeneko abuztuaren 11ko 81E/2020 Ebazpenak, zeinaren bidez eman eta ezesten baitira azaroaren 19ko 108/2019 Ebazpenean ezarritako deialdiari dagozkion laguntzak, onetsi zuen diruz lagundutako inbertsioak bukatu eta justifikatzeko epea luzatzea 2020ko urriaren 1 arte.

Nafarroako Kooperatiben Elkarteak jakinarazi du, ordea, kooperatiba onuradunetako batzuek ezin izanen dituztela inbertsioak epean egin, aipatutako 81E/2000 Ebazpenean aurreikusitako luzapena kontuan hartuta ere. Aurrekoa ikusirik, beharrezkoa da deialdia aldatzea eta inbertsioak egiteko eta ordainketa eskaerak aurkezteko epea luzatzea, baita Makineriaren Erregistroan inskribatzeko baldintza betetzeko epea ere.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 14. oinarriaren 1. eta 2. puntuak aldatzea: Ebazpenaren I. eranskineko “Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua” izeneko puntuak testua hau izanen du aurrerantzean:

“1. 2020ko azaroaren 10a izanen da inbertsioak gauzatzeko azken eguna. Hori horrela, inbertsioek fakturaturik eta osoki ordaindurik egon beharko dute egun horretarako.

2. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak amaitu ondoren, entitate onuradunak laguntza ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko du. 2020ko azaroaren 10a izanen da horretarako azken eguna. Ordainketa eskaera horrekin batera, inbertsioa egin dela frogatzen duten fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Nekazaritzako makineriaren kasuan, Nafarroako Nekazaritza Makineriaren Erregistro Ofizialean inskribatuta egon beharko du, edo inskribatzeko eskaera eginda, eta horretarako azken eguna 2020ko azaroaren 10a izanen da.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 29an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2011269