231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 28koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Agindua, 2020-2021 ikasturterako deialdi hau onesten zuena: “Dirulaguntzak eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuentzat”.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak abuztuaren 5ean emandako 46E/2020 Foru Aginduaren bidez, 2020-2021 ikasturterako deialdi hau onetsi zen: “Dirulaguntzak, eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuentzat”.

Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 31n emandako 75/2020 Foru Aginduaren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi zen 2020-2021 ikasturterako.

Protokolo hori aplikatuko da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritako irakaskuntzak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan, salbu eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan eta unibertsitateko irakaskuntzetan.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, behin gainbegiratu ondoren hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako, aholkua eman du ikasturtea 2. egoeran hasteko, hau da, goizeko lanaldia egitea, bizikidetzako talde egonkorretan Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino (maila hori barne), eta eskola jantokia eta garraioa erabiltzea.

Hezkuntza jarduera aurrera eramateko Prebentzio eta Antolaketa Protokolo horretan daude arauturik eskolaz kanpoko jarduerak zein jarduera osagarriak eta patioaren eta atsedenaldiaren kudeaketa, bai eta jarduera fisikoak ere; horien menpe egonen da, hain zuzen, eskola-umeentzako Kirol Programaren garapena 2020-2021 ikasturtean.

Txosten teknikoan zehazturik dauden baldintza horiek eta Nafarroako Foru Komunitateak COVID-19ari loturik bizi duen egungo egoerak aldaketa nabarmena eragin dute eskola-umeentzako Kirol Programa baldintzarik onenetan abian jartzeko aukeran, lortuko badira aipatu programako xede eta helburuak, zeinak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez erdietsi nahi baitira, hala jasota daudelarik abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko oinarrietan.

Xede horiek 2020-2021 ikasturtean bete ahal izateko, ordea, aldaketa batzuk egin behar dira deialdi horren oinarri arautzaileetan, bat etor daitezen hala sortutako egoera berriarekin nola etorriko denarekin, pandemiak Nafarroako Foru Komunitatean duen bilakaeraren menpe egonen baita uneoro.

Aldaketa horiek abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 7., 14. eta 17. oinarriei, II. eranskineko 1. eta 2. oinarriei eta III. eranskineko 6. apartatuari eragiten diete.

Espedientean jasotako txosten teknikoek eta juridikoek erakusten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hori ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia, haren oinarri arautzaileak eta proposatutako aldaketa legezkoak direla.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu bat onestea, aldatzeko 46E/2020 Foru Agindua, abuztuaren 5ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuentzat. Aldaketak partez aldatzen ditu foru agindu horretako zati hauen edukiak: I. eranskineko 7., 14. eta 17. oinarriak, II. eranskineko 1. eta 2. oinarriak eta III. eranskineko 6. apartatua.

2. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 7.1. oinarria aldatzea, zeina honela idatzita geldituko baita:

“7.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko martxoaren 2an bukatuko”.

3. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 14. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“14. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den programa bukatu ondoren eta ikastetxeak behin aurkeztu dituela 15. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen.

Ordainketa transferentzia bidez eginen da, dagokion ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

14.2. Dirulaguntza emateko ebazpenaren eta ordaintzeko ebazpenaren jakinarazpenak telematikoki eginen dizkio NKIk ikastetxe bakoitzari, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan argitaratzearen berri emanen da.”

4. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko 17.2. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“17.2. Programaren barruan eskaintzen eta gauzatzen diren kirol jarduera fisiko guztiek errespetatu beharko dituzte departamentu eskudunek, besteak beste Kultura eta Kirol, Hezkuntza eta Osasun Departamentuek, COVID-19ari loturik ezartzen dituzten protokoloak, neurriak eta baldintzak”.

5. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren II. eranskineko 1.2. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“1.2. Programaren barruan eskaintzen eta gauzatzen diren kirol jarduera fisiko guztiek errespetatu beharko dituzte departamentu eskudunek, besteak beste Kultura eta Kirol, Hezkuntza eta Osasun Departamentuek, COVID-19ari loturik ezartzen dituzten protokoloak, neurriak eta baldintzak”.

6. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren II. eranskineko 1. oinarrian txertatzea 1.7 oinarria, testu hau izan dezan:

“1.7. Aurkeztutako programak ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia eduki beharko du”.

7. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren II. eranskineko 2.2. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean garatuko da, eta gehienez ere 8 hilabete iraunen du, 2020ko urriaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra arte, eta gutxienez 3 hilabete.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.”

8. Abuztuaren 5eko 46E/2020 Foru Aginduaren III. eranskineko 6. apartatua aldatzea, testu hau izan dezan:

“6.–Programaren iraupena: 8 puntu arte.

–3 hilabete (3 puntu).

–4 hilabete arte (4 puntu).

–5 hilabete arte (5 puntu).

–6 hilabete arte (6 puntu).

–7 hilabete arte (7 puntu).

–8 hilabete arte (8 puntu).”

9. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari. Aditzera ematen da ezen foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko irailaren 28an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2011272