231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 28koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Aldaketak parte batean aldatzen du aipatu foru agindu horretako I. eranskineko 13.3 oinarriaren edukia.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 29ko 19E/2020 Foru Aginduaren bidez, aldatu egin zen Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2020 Foru Agindua; haren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako.

19E/2020 Foru Agindu horretan, besteak beste, %10eko muga kendu zitzaien atal ezberdinetako jardueren arteko doikuntzei (eutsi zitzaion, baina, 14. oinarri arautzaile horren 1. zenbakian jasotako salbuespenari), federazioek jasotako kopuruaren parterik handiena erabili ahal zezaten.

Aldaketa horretan ez zen aintzat hartu espedientea ixteko ebazpenean aurkeztutako justifikazioaren arabera kalkulatzen dela ordaindu beharreko dirulaguntza, eta horrek eraginen luke federazioek ezin jaso izatea esleitutako kopuru osoa ezin badute zuzen justifikatu aurrekontuaren zenbatekoa guztira. Horregatik, egoera hori zuzendu behar da, eta posible izan behar da benetan eta zuzen justifikatutako kopuruen guztizkoa baliozkotzat jotzea, dirulaguntza emateko ebazpenean aplikatu den ehunekoa edo/eta hainbanaketa gorabehera, gehieneko muga emandako zenbatekoa delarik.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, baita proposatutako aldaketa ere.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarriak, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Horrela, parte batean aldatuko da foru agindu horren I. eranskineko 13.3 oinarriaren edukia.

2. Aldatzea ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 13.3 oinarria, puntu horren azken paragrafoa berridatzi eta honela idatzita gelditu dadin:

“Aurkeztutako frogagiriak ikusita –behin organo kudeatzaileak aztertu ondoren eta dirulaguntza emateko oinarri hartu ziren xedeak betetzen direla egiaztatu ondoren–, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non dagozkion diru kopuruak likidatuko baitira, eta ordaindu edo itzuli behar den diru kopurua ezarriko. Likidazioa kalkulatzeko, baliozkotzat joko da benetan eta behar bezala justifikatutako kopuru guztien multzoa, alde batera utzita dirulaguntzak emateko ebazpenean aplikatutako dirulaguntzaren ehunekoa eta/edo hainbanaketa. Likidazioaren zenbatekoa mugatzeko kontzeptu gisa kontuan hartuko dira, soilik, dagoen defizita (sarreren eta gastuen arteko korrelazioa), baldin badago, eta federazio bakoitzari 2020ko Nafarroako Gastu Orokorretako partida honen kargura emandako zenbateko orokorra: “Nafarroako errendimenduko kirola: kirol teknifikazioa eta nafar selekzioak”.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari. Aditzera ematen da ezen foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko irailaren 28an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2011273