221. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 14koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi baten oinarri arautzaileak onesten baitira igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular diren eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden elkarteendako, finantza ditzaten 2020an instalazio horietan egin beharreko inbertsioak eta ekipamenduak, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. DDBN identifikazioa: 523722.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoera honetan, erronka handia da kirol-jarduerari eta hura kudeatzen duten erakundeen biziraupenari eustea. Helburu hori lortzea da Kultura eta Kiroleko kontseilariaren erronketako bat krisi ekonomiko eta soziala bizi dugun une hauetan.

Kirolarena da eragin handiena jasaten ari den sektoreetako bat, erabat gelditu baitzen bere jarduera. Berreskuratzen ere zailenetako bat izanen da, izan ere, kirolaren sektorean garatzen diren jarduerak dira beranduen hasten ahalko direnak, COVID-19aren osasun krisiak eragindako zailtasunak direla eta.

Kontuan hartuta Nafarroa normaltasun berrian dagoela, baimendu da aisialdiko jarduera jakin batzuei berriro ekitea, besteak beste, igerilekuei. Horiek beren jarduera berreskuratzen ahal dute, baina erabiltzaileendako segurtasun-baldintzak betez egin behar dute. Igerilekuak dauzkaten kirol elkarteek bermatu beharko dute betetzen dutela ekainaren 9ko 21/2020 Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, eskatutako segurtasuna, eta prebentzio neurriak hartu beharko dituzte osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte.

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua onetsi da, zeinaren bidez onesten baitira premiazko neurriak koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Foru lege-dekretu horrek adierazten duen bezala, krisialdi honetan beharrezkoa da behar diren baliabideak ezartzea bertan behera geldi ez daitezen hirugarren sektoreak egiten dituen lan eta zerbitzuak, hots, Nafarroan arlo sozialean, kulturalean, kirolean eta osasun arloan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, elkarteek edo horrelakoen konfederazioek egiten dituztenak.

Apirilaren 8ko 10/2020 Foru Legeak, bestalde, aldatu egin zuen 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 5. artikulua, bigarren paragrafo bat gehituz aipatu artikuluari. Paragrafo berri horretan ezartzen da ezen zabalgarriak izanen direla, 2020ko ekitaldiari dagokionez, koronabirusaren aurkako borrokarako neurri bereziak finantzatzeko helburua duten edo ekitaldian horretarako sortu beharreko partida guztiak, eta partida horien izena COVID-19 izanen dela. Nafarroako Kirolaren Institutuak, finantzatu ahal izateko koronabirusaren aurkako borrokarako neurri bereziak, eskaera egin du COVID-19 aurrekontuko partida zabalgarriak sor daitezen 2020ko aurrekontuetan, eta horien artean dago A50001 A5410 7819 336103 partida, “COVID-19 Laguntzen deialdia igerilekuen titular diren eta erregistroetan inskribatuta dauden elkarteendako” izenekoa, 100.000 euroko zenbatekoarekin.

Kirol-erakundeek finantzaketa lortzeko dauzkaten zailtasunek eta beren jarduera erabat gelditu izanak (alarma egoera deklaratzearen ondorioz) ekarri dute diru-sarrerarik ez izatea eta gastuak areagotzea, bai eta abonatuen baja ere, batez ere erabiltzaile gutxien dituzten igerilekuetan, eta diru-sarrera falta ere bai, ekitaldiak edo jarduerak bertan behera uzteagatik.

Gastuen arrazoi nagusien artean daude, besteak beste, berariazko materiala eta ekipamendua erostea osasun neurriak betetzeko, eta espazioak eta sistema informatikoak egokitzea sarbideak eta edukierak kontrolatzeko.

Nafarroaren Kirolaren Institutuak eskumena du, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, erakundeei dirulaguntzak emateko inbertsioak egin ditzaten kirol arloko instalazio eta ekipamenduetan, kirol-jarduera eta aisia sustatzeko.

Hori horrela izanik, eta errazte aldera igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular diren eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden elkarteek ezinbesteko laguntzak jasotzen dituztela beharrezko inbertsioak egin ditzaten COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko, Nafarroako Kirolaren Institutuak foru agindu bat onestea proposatu du deialdiaren oinarriak arautzeko.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdia onestea dirulaguntza batzuk emateko igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular diren eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden elkarteei, finantza ditzaten 2020an instalazio horietan egin beharreko inbertsioak eta ekipamenduak, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, “COVID-19 Laguntzen deialdia igerilekuen titular diren eta erregistroetan inskribatuta dauden elkarteendako” izeneko A50001 A5410 7819 336103 partidaren kargura.

4. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea dirulaguntza batzuk emateko igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular diren eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden elkarteei, finantza ditzaten 2020an instalazio horietan egin beharreko inbertsioak eta ekipamenduak, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko.

2. Helburua.

Foru agindu honetan araututako dirulaguntzen helburua da dauzkaten gastuak finantzatuz likidezia ematea kirol elkarteei, hots, igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular diren eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta daudenei, finantza ditzaten 2020an instalazio horietan egin beharreko inbertsioak eta ekipamenduak, beharrezkoak baitira COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Izan ere, osasun larrialdia dela-eta, zailtasun ekonomikoak izaten ari dira sektorean diru-sarrerarik ez dagoelako.

Positiboki baloratuko dira bai bazkide edo abonatu gutxien dituzten kirol elkarteak, haien eskakizunak berberak baitira, erakundeak dituen baliabide ekonomikoak gorabehera, bai eta erakunde bakoitzeko abonatuen bajak ere.

3. Onuradunak.

Dirulaguntzen araubide honen onuradun izaten ahalko dira kirol elkarteak, baldin eta igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular badira eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta badaude, eta inbertsioak egin badituzte 2020ko martxoaren 14tik aurrera, alegia, alarma egoera deklaratzen denetik aurrera, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua), eta irailaren 30era bitarte.

Dirulaguntza eman baino lehen, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du abian den zerga-ekitaldian beste edozein laguntza jaso badu diruz lagungarriak diren gastu berberetarako, COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko neurriei buruzko araubide hau aplikatuz.

Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 14. artikuluan oro har ezartzen diren betebeharrak, bai eta kasuan kasuko deialdiek aurreikusten ahal dituztenak ere.

4. Gastu diruz lagungarriak:

Gastu diruz lagungarritzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan aipatzen direnak, baldin eta kasuan kasuko deialdian ezarritako epearen barruan egiten badira eta beharrezkoak badira kirol elkarteen barne-funtzionamendurako, bai eta kirol jarduerari dagozkionak ere.

Zehazki, hauek dira gastu diruz lagungarriak:

a) Igerilekuetako sarbide-kontrola COVID-19aren osasun krisiak eskatzen duen egoerara egokitzeko gastuak.

b) Sistema informatikoa erosi eta aldatzeko gastuak, igerilekuak erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetze aldera, beharrezkoa baita COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko.

c) COVID-19aren osasun krisia dela eta, igerilekuko jarduerei berriro ekiteko behar diren neurriak ezartzearen ondoriozko gastuak.

d) Seinaletika gastuak, COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz eskatzen baita honako hauei buruz informatzea: edukieraren kontrola, ibilbideak, aldagelak, eta abar.

e) COVIDaren krisiari aurre egiteko bestelako gastuak, behar bezala justifikatuak.

(*) Ez dira diruz lagungarritzat joko funtzionamenduarekin lotutako gastuak: maskarak, hidrogelak, eskularruak, norbera babesteko ekipamenduak, langileak...

5. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

5.1. II. eranskinaren bidez aurkeztuko dira eskaerak, eta Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio. Honako agiri hauek erantsiko zaizkio eskaerari:

a) Igerilekuen jabetza ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

c) Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

d) Erakundearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, dioena ez duela onuradun izateko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik. III. eranskina.

e) Zerrenda bat, adierazten dituena egindako edo proiektatutako gastuen kontzeptua eta zenbatekoa, eta noiz egitea aurreikusten den, I. eranskineko 4. oinarrian adierazitakoekin bat. Martxoaren 14tik irailaren 30era. IV. eranskina.

f) Erakundearen bazkideen liburuaren kopia, adierazten duena (datu pertsonalak kenduta) erakundeko harpidedun/bazkide kopurua 2020ko martxoaren 14an eta 2020ko ekainaren 30ean. Horrela, aipatu denbora tartean erregistratutako bajen portzentajea egiaztatzen ahalko da.

g) Erakundearen aurrekontu osoa, jasotzen dituena 2020ko ekitaldi osorako aurreikusitako diru-sarrerak, garatu beharreko jarduerak egiteko aurreikusitako aurrekontuak eta datak banakatuz. Era berean, 2020ko ekainaren 30ean benetan jasotako dirusarrerak egiaztatu beharko dira, adierazita zein jarduera utzi diren behin betiko bertan behera (eta ez atzeratu direnak, beste data batean egiteko). Horrela egiaztatu ahal izanen da COVID-19aren ondorioz behin betiko bertan behera geratutako jarduera bolumena, bai eta diru-sarreren galera erreala ere. Diru-sarrerarik jaso bada erabiltzaileek izena eman dutelako gerora eta kausa honengatik behin betiko bertan behera utzitako jardueretan, agiri bidez egiaztatu beharko da kuota horiek itzuli direla.

h) Eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, deialdi honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

Eskaera bakarra aurkeztuko da erakunde edo elkarte bakoitzeko.

5.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

5.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Noiz eta non aurkeztu.

6.1. Dirulaguntzetarako eskaerak eta hasierako dokumentazioa aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.es/home_eus/) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, baloratu eta aztertuko dituena, foru agindu honen I. eranskineko 2. oinarrian eta 7. oinarri honen 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak eskatzen ahalko ditu gaian eskumenak dituzten instituzioen eta erakundeen txostenak, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko balioko dute.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak erakunde eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

7.2. Eskuragarri dagoen kontsignazio ekonomikoaren arabera hautatuko dira kirol elkarteak, igerileku estalien eta/edo kanpoko igerilekuen titular direnak eta Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan edo Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta daudenak.

7.3. Honako balorazio irizpide hauen arabera ezarriko da lehentasun ordena eskatzaileei dirulaguntzak emateko (100 puntu):

a) Erakunde eskatzailearen harpidedun/bazkideen kopurua ekainaren 30ean (40 puntu gehienez):

  • < 4.000 harpidedun/bazkide: 40 puntu.
  • >= 4.000 < 7.000 harpidedun/bazkide: 30 puntu.
  • >= 7.000 < 10.000 harpidedun/bazkide: 20 puntu.
  • > 10.000 harpidedun/bazkide: 10 puntu.

b) Erregistratutako bajen portzentajea, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 30era (50 puntu gehienez):

  • Erregistratutako bajak dira > %3: 50 puntu.
  • Erregistratutako bajak dira: <=3 >%0,3: 40 puntu.
  • Erregistratutako bajak dira: <=0,3>%0,1: 30 puntu.
  • Erregistratutako bajak: <=%0,1: 20 puntu.

c) Aurreikusitako diru-sarreren portzentajea guztizko diru-sarrerekiko; diru-sarrera horiek ez dira gauzatu, aurreikusitako ekitaldi edo jarduerak bertan behera utzi direlako eta diru-sarrerarik izan ez delako, ezin izan zaizkielako sarrerak saldu bazkide ez direnei COVID-19aren ondorioz, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 30era (10 puntu gehienez):

–Aurreikusita zeuden baina benetan gauzatu ez diren diru-sarreren portzentajea, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 30era bitarte, %10ekoa edo hortik gorakoa baldin bada, bertan behera geratu direlako aurreikusitako ekitaldiak COVID-19aren ondorioz: 10 puntu.

–Aurreikusita zeuden baina benetan gauzatu ez diren diru-sarreren portzentajea, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 30era bitarte, %10etik beherakoa bada, aurreikusitako ekitaldiak bertan behera geratu direlako COVID-19aren ondorioz: 5 puntu.

7.4. Prozedura: eskaera bakoitza baloratuko da 7. oinarriaren 3. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz. Dirulaguntzaren zenbatekoa aplikatuko da lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz, eta dagokion dirulaguntza emanen zaio eskaera bakoitzari, kontuan harturik jarraian ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak:

100.000 eurokoa da kreditu erabilgarria guztira. Taldeka banatuko da, lortutako puntuazioaren arabera, eta eskaera bakoitzak zenbateko hau jasoko du:

–Lortutako puntuazioa 80 edo gehiago bada, diruz lagungarriak diren gastuen %100 jasoko dute, gehienez ere 10.000 euro.

–Lortutako puntuazioa 50 eta 80 artekoa bada, diruz lagungarriak diren gastuen %70 jasoko dute, gehienez ere 7.000 euro.

–Lortutako puntuazioa 50 baino gutxiago bada, diruz lagungarriak diren gastuen %40 jasoko dute, gehienez ere 4.000 euro.

Hautatutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa banatu ondoren gerakinik baldin badago, zati berdinetan banatuko da diruz lagungarriak diren gastuen portzentajea %100 baino gutxiago duten eskaeren artean.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, kirol elkarteek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.

8.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, onartutako gastuen zenbatekoa, dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza ordaintzeko modua.

Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da, baita foru agindu honen 7. oinarriaren 4. apartatuan ezarritako zenbatekoen menpe ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

8.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, entitate onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

8.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

8.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, betiere jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, xede horretarako jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu justifikatutako gastu osoaren %100a.

9. Ordainketa.

9.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den inbertsioa eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 10. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den laguntza ez da inbertsioaren defizita baino handiagoa izanen.

9.2. Gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzionalki gutxituko da. Horretarako, kontuan hartuko da ea onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere betebeharrak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.

10. Frogagiriak.

10.1. Erakunde onuradunek 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza gisa, dirulaguntza jasotzen duen erakunde onuradunaren legezko ordezkariek sinatutako agiri hauek:

a) Diruz lagundutako inbertsioak direla-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna. V. eranskina.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak (edo froga balioa duten balio bereko agiriak), aipatu zerrendan duten ordena berean.

c) Ordainagiri eskaneatuak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

d) Diruz lagundu beharreko inbertsioa dela eta, edozein administrazio publikok, erakunde pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiz zenbaki eta zehaztua. Deialdi honetan emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko inbertsioaren kostua baino handiagoa. VI. eranskina.

e) Egiaztagiria, frogatzeko jarduerak egin direla efizientzia eta ekonomia kontuan hartuta hornitzaileak kontratatzerakoan, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari. VII. eranskina eta VIII. eranskina.

10.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

11. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, zilegi izanen du nahi adina bisita tekniko egitea diruz lagundutako jarduketen garapena egiaztatzeko. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago instalazioetara sartzen uztera eta diruz lagundutako jarduketen gaineko edozein dokumentazio ematera.

12. Betebeharrak.

12.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

12.2. Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

12.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

12.4. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, bat etorriz COVID-19aren kanpainekin, eta betiere betez urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

12.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12.6. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

12.7. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. IX. eranskina.

14. Ez-betetzea.

14.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

14.2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkeztuko dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta horiek bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.

15. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

16. Baliabideak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

17. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F2010613