220. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 16an hartua, “Fiteroko Hondakin Uren Araztegia –HUA– birmoldatzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 318/2020 Ebazpenaren bidez (2020ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 30ekoan), behin betiko onetsi ziren “Fiteroko hondakin uren araztegia –HUA– birmoldatzea” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2020ko uztailaren 28an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Fiteroko Udalarekin ezarrita duen lankidetza araubideaz baliatuz, eskaera egin zuen aipatu proiektu hori gauzatzeak dakarren desjabetze espedientea presakoa dela deklaratzeko. Era berean, prozedura tramitatzea presakoa dela justifikatzen duen txostena aurkeztu du, bai eta, ukitutako eskubide eta ondasunak okupatzearen ondoriozko balio justuaren ordainketari aurre egiteko, aurrekontu-kontsignazio egokia dagoela frogatzen duen egiaztagiria ere.

Proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da, hain zuzen, egungo plantan segurtasun neurriak ezarri behar direlako ibilgura doan isuriaren inpaktua ahalik eta gehien gutxitzeko, ingurumen arloko larrialdiak gertatuz gero. Kasu honetan, Alhama ibaiaren arroa da, Nafarroako geografia osoan ingurumen aldetik sentikorrenetako bat, Arakil eta Zidakos ibaiekin batera.

Aipatutako proiektuak jatorria du Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea-Goi saneamendua izenekoan (Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 8ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartua), eta jasota dago Nafarroako Toki Azpiegiturak SAren Nafarroako Jarduketa Planean, 2020koan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat, zeinak 2.5 artikuluan ezartzen baitu foru lege horren menpeko entitateek programatu behar dutela kontratazio publikoaren arloan bete beharreko jarduera.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko kreditu nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Fiteroko Hondakin Uren Araztegia –HUA– birmoldatzea” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izateko. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri eta Fiteroko Udalari, eta igortzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko irailaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2010675