220. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

72E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 3koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena, 2020ko irailaren 14a eta abenduaren 1a bitarte hasten diren ikastaroetarako. DDBN identifikazioa: 522490.

Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita beharrezkoa dela 2020ko irailaren 14tik abenduaren 1ra bitarteko aldian hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskaraz jakiteko eskubidea.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onestea 2020ko irailaren 14a eta abenduaren 1a bitarte hasten diren ikastaroetan euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondoan adierazten diren aurrekontuko kredituak erreserbatu dira; 2021eko diru kopurua kreditua egotearen mende egonen da:

AURREKONTUKO
PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4809 334102: Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2020

114.055

B30002 B3200 4809 334102: Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2021

75.000

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondoan adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira; 2021eko diru kopurua kreditua egotearen mende egonen da:

AURREKONTUKO
PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4809 334102: Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2020

114.055

B30002 B3200 4809 334102: Euskara ikasteko helduentzako laguntzak

2021

75.000

Salbuespenez, aurkeztutako eskaera kopuruak beharrezko egiten badu, deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, 2020ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen, 100.000 euroraino handitzen ahal izanen da, foru agindu bitartez, deialdi berria egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31 artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

5. Foru Agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Euskarabideako Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura, Euskararen Sustapenaren Atalera, Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko irailaren 3an.–Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2020ko irailaren 14a eta abenduaren 1a bitarte hasten diren ikastaroetarako

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea da euskara ikasteko banakako laguntzak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatutako pertsona helduentzat.

Laguntzak emanen dira 2020ko irailaren 14a eta abenduaren 1a bitarte hasten diren ikastaroengatik eginiko ordainketetarako. Ikastaroek, betiere, amaituta beharko dute 2021eko ekainaren 30ean.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze modalitateak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzakoak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateen ezaugarriak honakoak izanen dira:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroek gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak: ikastaro bakoitzak gutxienez 80 eskola-ordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Euskarazko irakaskuntza espezifikoko ikastaroak, eskaeraren aniztasunari egokituak; aurrez aurrekoak izanen dira eta 40 eskola-ordu baino gehiagokoak behar dute.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabekoen kasuan, eskaera gurasoek eginen dute, edota adingabekoaren tutoretza duenak. Atzerritarren kasuan, aldiz, Atzerritarrak Identifikatzeko Agiriaren (AIA) jabe izan beharko dute.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–2020ko irailaren 14a eta abenduaren 1a bitarte hasten den ikastaroren batean izena emanda egon, eta ordainketaren bat egin izana ikastaro horrengatik. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Gutxienez eskolen %80 hartu direla egiaztazea. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana. Eskolak hartu izana edo aprobetxamendua ikastaroa amaitzean egiaztatu beharko da.

3.2. Honakoak dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.– Aurrekontu erabilgarria eta dirulaguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetarako diru kopurua gehienez ere 189.055 eurokoa da, aurreikusitako handitzeen kaltetan gabe gabe; horietatik 114.055, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Euskara ikasteko helduentzako laguntzak” B30002-B3200-4809-334102 partidaren kargura izanen dira, eta 75.000,00 euro, berriz, 2021eko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen antzeko partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da, ikastaro motaren eta ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegiak:

  • 80 eta 200 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte; horietatik, 60,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 40,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.
  • 201 eta 270 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte; horietatik 100,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 75,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.
  • 271 eta 400 ordu bitartekoak, 225,00 eurora arte; horietatik 125,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 100,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

  • 100 eta 189 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte; horietatik 60,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 40,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.
  • 190 eta 250 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte; horietatik 100,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 75,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.

–Ikastaro espezifikoak:

  • 40 eta 100 ordu bitartekoak, 100,00 eurora arte; horietatik 60,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 40,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.
  • 101 eta 200 ordu bitartekoak, 175,00 eurora arte; horietatik 100,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 75,00 euro 2021eko aurrekontuaren kontura.
  • 201 eta 400 ordu bitartekoak, 225,00 eurora arte; horietatik 125,00 euro 2020ko aurrekontuaren kontura ordainduko dira eta beste 100,00 euro, aldiz, 2021eko aurrekontuaren kontura.

4.3. Aurrekontuan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da, deialdiko baldintzak betetzen badira. Eskatutako dirulaguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ez da izanen dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa. Edonola ere, eskabidearekin batera aurkeztutako gastuak esleitutako dirulaguntzaren zenbateko osoa baino txikiagoak badira, eskatzaileak aukera izanen du diruz lagundutako ikastaroagatik geroago eginiko ordainketen egiaztagiriak ere aurkezteko. Egiaztagiri horiek aurkezteko epea 2021eko uztailaren 15ean bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaera, lehentasunez, webguneko inprimaki bat betez eginen da. Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8713/Euskara-ikasteko-helduentzako-bekak-2020ko-irailaren-14tik-abenduaren-1era-bitarte-hasten-diren-ikastaroetarako

5.2. Aurreko puntuan aipatutako inprimaki telematikoa erabiltzen ez bada, eskaera aurkezten ahalko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere, eskabidea eta lortutako beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena gainerako agiriekin batera aurkeztuta, II. eranskinari jarraikiz.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

–Webguneko inprimakia, edo, bestela, eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskaera batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Matrikula noiz egin zen edo izena noiz eman zen adierazten duen agiria.

–Dirulaguntzaren xedeko ikastaroari dagozkion ordainketak egin izanaren frogagiria.

–Zentroak edo euskaltegiak emandako bertaratze ziurtagiria, gutxienez eskolen %80 hartu direla frogatzen duena. Ziurtagiria ikastaroa bukatzerakoan aurkeztuko da, eta 2021eko uztailaren 15a baino lehen. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Erroldatze agiria. Agiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek soilik erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskaerak aurkezteko epea hogeitabat egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.5. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zazpi egun naturaleko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta esleipeneko ebazpenean inguruabar hori adieraziko da.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eramanen du. Hark eginen du ebazpen proposamena baloraziorako batzorde teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoren.

6.2. Baloraziorako batzorde teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; Batzordearen kideak hauek izanen dira: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskararen Sustapenaren Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

6.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onartutako eskaerak kontuan harturik, onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko horrek doikuntzak izan ditzake, egiazko datuak baitira kontuan hartu beharrekoak, bai eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarritakoa ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo zazpi egun naturaletan.

6.4. Behin laguntzen deialdi hau ebatzita, egoki diren zenbatekoak ordainduko dira.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako be hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.3. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.4. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.– Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute dirulaguntza:

a) Dirulaguntza lortu bada horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskaera formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste dirulaguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste batzuekin. Ez dira bateragarriak izanen, ordea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu berarekin emandako dirulaguntzekin.

9.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datuen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Segurtatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuan duen webgunean jarriko du laguntzak ematen dituen ebazpena; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2010274