220. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 1ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2020-2021 ikasturterako dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 522191

Ikusirik Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena, zeinak adierazten baitu helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen deialdia onetsi eta argitara emateko beharra.

Kontuan hartuta ezen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean jasota dagoela euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, horrenbestez, herritar guztiek dutela euskara jakiteko eskubidea.

Bat etorriz Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko espedienteak tramitatzerakoan bete beharreko irizpideak onesten dituen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduak ezarritakoarekin.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Helduei euskaraz irakasteko 2020-2021eko laguntzen deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4819 334104: (E) Helduen euskalduntzerako laguntzak

2020

360.000,00

B30002 B3200 4819 334104: (E) Helduen euskalduntzerako laguntzak

2021

640.000,00

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4819 334104: (E) Helduen euskalduntzerako laguntzak

2020

360.000,00

B30002 B3200 4819 334104: (E) Helduen euskalduntzerako laguntzak

2021

640.000,00

Salbuespenez, deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, 2020ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen, 30.000 euroraino handitzen ahal izanen da, foru agindu bitartez, deialdi berririk egin beharrik gabe, baldin eta aurreko deialdietatik etorrita, onartu edo likidatu diren betebeharren zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa izan delako, eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horren Idazkaritza Teknikora eta Ekonomia eta Administrazioaren Atalera, Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura, Euskararen Sustapenaren Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta dituen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko irailaren 1ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateentzako 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko dirulaguntzen deialdia arautzen duten oinarriak

Lehen oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.

Deialdi honen xedea da helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate juridikoei helburu horretarako ematen zaizkien laguntzak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badaude.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, arestian zehaztutako entitate juridikoek ezinbestean izan behar dute, beren helburu nagusien artean, euskara irakastea, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar dituzte, beren programazio propioa barne. Era berean, entitate juridikoek inskribatuta egon behar dute helduentzako ikastegien fitxategian, “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izenekoan. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.

Dirulaguntzak 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko aldirako emanen dira.

Bigarren oinarria.–Irakaskuntza modalitateak.

Honako irakaskuntza modalitate hauei emanen zaie dirulaguntza:

a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 irakastordu izan behar dituzte, eta ikasturtean, berriz, gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak eta udako trinkoak: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 irakastordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu, eta haietatik 15, gutxienez, mintzapraktikakoak izanen dira (astean 7 ordu lan telematikoan eta ordu 1 mintzapraktikan).

d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa eta eskaeraren aniztasunari egokitua: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 irakastordu izan behar ditu.

Aurrez aurreko ikastaroak autoikaskuntzako moduluetara aldatu ahal izango dira, COVID-19ren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, osasun-agintariek hala eskatzen edo gomendatzen dutenean.

Hirugarren oinarria.–Aurrekontuaren erabilgarritasuna eta dirulaguntzen moduluak.

3.1. Deialdi honetarako zenbatekoa 1.000.000 euro izanen dira; horietatik 360.000, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Helduen euskalduntzerako laguntzak” B30002-B3200-4819-334104 partidaren kargura izanen dira, eta 640.000 euro, berriz, 2021eko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen antzeko partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

3.2. Partida horretan dagoen diruaren araberakoa izanen da 2020ko urriaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarteko laguntzetarako ikasle-orduko erreferentzia-balioa, eta inoiz ere ez da izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak izanen dira, hain zuzen, diruz lagungarriak izanen direnak.

–Tutoretzapeko autoikaskuntzan, diruz lagungarriak izanen dira ikastegiak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasleko eta ikasturteko, betiere bigarren oinarriaren c) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Tutoretzapeko autoikaskuntzako taldeko ikasleen ratioa 12 ikasletik gorakoa bada, taldearen ikasle-orduak bider 0,6 eginen da.

–Barnetegietan, diruz lagungarriak izanen dira zazpi ordu, barnetegiko egun bakoitzeko.

3.3. Entitate bakoitzak 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko aldirako eginen du eskaera. Hartan, ikastalde guztiei (egungoei nahiz aurreikusitakoei) buruzko aurreikuspena eginen da, kontuan harturik ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastalde bakoitzaren ikasle-orduak eta entitatearen guztirako ordu kopurua aldi horretarako (III. eranskina), bereizita tutoretzapeko autoikaskuntzakoak direnak eta gainerako modalitatekoak direnak.

Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko da aurreikuspen hori. Ordaindu beharreko modulua kalkulatzeko, partidako diru guztia zati kontatutako ikasle-orduak eginen da. Nolanahi ere, deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena betetzea izanen da dirulaguntza ordaintzeko baldintza.

Laugarren oinarria.–Entitate onuradunen baldintzak.

Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Dokumentazioa, lehentasunez, web formulario baten bidez aurkeztuko da, zeina Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaleko tramiteen katalogoan egonen baita, dagokion fitxan: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8772/Ayudas-para-la-ensenanza-de-euskera-a-personas-adultas-para-el-periodo-de-octubre-de-2020-a-agosto-de-20211.

Dokumentazioa, halaber, Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan.

Eskaera postetxe batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion, ziurtatu aurretik. Ez da baliozkotzat hartuko eskatzaileen irteera erregistroa. Orobat mezu elektroniko bat bidaliko da euskarabidea@navarra.es helbidera, adierazita deialdian parte hartu nahi dela, dokumentazioa bidali izanaren frogagiria erantsita. Epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, dokumentazio hori baztertzen ahalko da.

5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:

a) Entitatearen datuak: izena, helbidea, herria eta IFZ.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetatik espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen du identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

b) Entitateko arduradunaren datuak.

c) Dirulaguntzarako eskaera, 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko aldirakoa, hirugarren oinarriko 3.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eta III. eranskinetan agertzen diren fitxak, behar bezala beteak.

f) 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko aldiari dagokion diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (II. eranskina), langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien partidak zehaztuta, eta azken horiek, halaber, kanpo zerbitzuetan, gastu didaktikoetan eta bestelakoetan sailkatuta.

Diru-sarrerei dagokienez:

–Beste entitate publiko batzuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Entitate pribatuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.

–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Entitateak gorde eginen ditu ikasleek ordaindutako matrikulen ordainagiriak edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.

g) Irakasleei dagokienez:

–Lan egoera, titulazio akademikoa eta euskarari dagokion titulazioa; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

–Kontratazio berriko irakasleen euskara tituluen fotokopia; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.

h) Ikastaldeei buruzko dokumentazioa (III. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagungarriak diren ikastaldeen gainean eskatzen diren datuak:

Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako irakastordu kopurua, ikastalde bakoitzaren ikasle kopurua eta ikasle-orduak, eta ikastegiaren ikasle-orduak guztira. Uztail, abuztu eta iraileko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuetatik abiatuz.

i) Ikasleen gaineko dokumentazioa. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

Seigarren oinarria.–Frogagiriak.

6.1. Zazpigarren oinarriaren 7.3 puntuan adierazten diren epeetan frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua. “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.

–Diru-sarrerak eta egindako gastuak justifikatzeko kontu bat, entitateko arduradunak edo horretarako legezko ahalmena duen pertsonak sinatua eta IV. eranskinaren arabera betea, zeina V. eranskinaren (gastuak), VI.aren (diru-sarrerak) eta VII.aren (dirulaguntzak) balantze-laburpena izanen baita; Excel formatuan bete eta entregatuko da.

–Salbuespenez, deialdi honetan, honako gastu hauek onartuko dira:

  • Ikastaroak egiteko edo prestatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko eta/edo zerbitzuetarako egindakoak.
  • Jardueren gastuak, ikastaroak ezin izan badira guztiz edo zati batean egin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan edo haren luzapenetan aurreikusitako neurrien ondorioz (errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez) edo agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

6.2. Langile gastuen eta funtzionamendu gastuen frogagiriak: nominak eta TC inprimakiak, eta jatorrizko fakturak nahiz kopia soilak eta ordainagiriak.

6.3. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

6.4. Baldin gastuen azkeneko justifikazioa ez bada onartutako aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adina, baina, hala ere, onuradunak frogatzen badu dirulaguntzaren xedea benetan bete duela eta superabitik ez dela izan, ez da ulertuko onuradunak ez duela bete dirulaguntza justifikatzearen betebeharra. Dirulaguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, nolanahi ere, ea gastuen justifikazioa bateragarria den deialdiaren xedea benetan gauzatzearekin.

6.5. Deialdi honen baitan diruz laguntzen den helburua bete dela ulertzeko, egiaztatu egin behar da ezen proposatutako irakaskuntza jarduera bere osotasunean gauzatu dela, oinarri honen lehen atalean aipatzen den kudeaketa aplikazioko datuak aurkeztuz; horrela izan ezean, jasoko den zenbatekoa gutxitu eginen da, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean gutxitu ere.

Zazpigarren oinarria.–Eskabideak eta frogagiriak aurkezteko epea.

7.1. Dirulaguntzak eta laugarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko epea 2020ko urriaren 1etik 28ra izanen da.

7.2. Eskabideak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio zazpi egun naturalekoa epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

7.3. Dirulaguntza ordaintzeko, epe hauen barruan aurkeztu beharko dira dagozkion frogagiriak:

–2020ko urriari eta azaroari dagokien dokumentazioa. Epea zazpi egun naturalekoa izanen da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Gertatuko balitz aldi horretako gasturen batzuk justifikatu ezin izatea ordainketa dokumentazioa aurkezteko ezarritako epea amaitu ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, frogagiriak aurkezteko hurrengo epearen barruan aurkeztu beharko dira gastu horiek. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

–2020ko abenduari eta 2021 urtarrilari dagokien dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2021eko otsailaren 17an bukatuko da.

–2021eko otsailetik maiatzera bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2020ko ekainaren 8an bukatuko da.

–2021eko ekainetik abuztura bitarteko aldiari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2021eko irailaren 14an bukatuko da.

Gertatuko balitz azken aldi horretan gasturen batzuk justifikatu ezin izatea ordainketa 2021eko irailaren 14aren ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, aurreko puntuan adierazi bezala aurkeztu beharko dira, 2021eko abenduaren 14a baino lehen. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.

7.4. Aurreko epeak ezertan eragotzi gabe, 2021eko irailaren 14ra arte aurkezten ahalko dira aldi osoari dagozkion frogagiriak. Hala ere, gehienez ordainduko den diru kopurua ez da emandako diru kopuru osoa izanen, 2021erako emandakoa baizik.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondoan.

8.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaeren ebaluazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra –batzordeburua izanen da–, Euskararen Sustapenaren Ataleko burua, eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria –idazkaria izanen da–. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.

8.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta hurrengo zazpi egun naturaletan jakinaraziko dira.

8.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko ikasle-orduen modulua eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen hirugarren oinarriari jarraikiz.

Zenbateko hori baldintzatuko du egiazko datuen arabera eta foru agindu honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera azkenean egiten den doikuntzak.

8.5. Behar diren frogagiriak deialdi honen zazpigarren oinarrian zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Nolanahi ere, ordaindutako diru kopurua ezin izanen da izan ordainketa egiten den urteari dagokion zenbatekoa baino handiagoa.

8.6. Behin justifikazio epea amaitutakoan, gertatuko balitz aldea dagoela dirulaguntza emateko estimatutako irakastorduen eta benetan izandako irakastorduen artean, eta benetakoa txikiagoa balitz estimatutakoa baino, jasoko den zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, kontuan hartuta irakastordu horiek tutoretzapeko autoikaskuntzakoak diren edo gainerako modalitateei dagozkien; izan ere, tutoretzapeko autoikaskuntzakoak badira, ordu kopurua murriztu egiten da ratioa 12 ikasletik gorako denean, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

8.7. Frogagirietan ikusten bada entitate baten defizita halako aldi baterako aurreikusitako dirulaguntza baino txikiagoa dela, hura murriztu eginen da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.

8.8. Nolanahi ere, defizitaren zenbatekoa azken ordainketan doituko da, ikasturteko datu metatuak oinarri hartuta.

Bederatzigarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

9.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikaslearen etengabeko ebaluazioari eta asistentziari buruzko datuak idazteko.

9.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.

9.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bestelakoak izan.

9.4. Justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VIII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.

9.5. Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.

9.6. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, ikasleek eta dirulaguntzaren xede den jarduera emateko kontrataturiko pertsonek aukera izan dezaten beren bizitza pertsonala, familiarra eta lan bizitza bateratzeko.

Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

Horrez gain, bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.

9.7. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

9.8. Onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Segurtatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez sortu zen “Euskaltegiak eta Gau-eskolak” datu pertsonalen fitxategi informatizatua, eta haren erregistroa egin zen Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean.

Hamaikagarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

11.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

12.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntzak eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzen publizitatea.

13.1. Emandako dirulaguntzak eta onuradunen eta baztertuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko dagokion fitxan.

13.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hau Nafarroako Gobernuko sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da. https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Hamalaugarren oinarria.–Gardentasuna.

14.1. Entitate onuradunek gardentasun betebeharra bete beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, horri buruzko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako informazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

14.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

14.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da, eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

14.4. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

14.5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabosgarren oinarria.–Aplikatzekoa den legedia.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamaseigarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Entitate eskatzaileek bete beharreko fitxa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikastegiko taldeen ezaugarri akademikoak (Excel).

IV., V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

IV. eranskina: Justifikazio balantzea; V. eranskina: Gastuen frogagiriak; VI. eranskina: Sarreren frogagiriak; VII. eranskina: Dirulaguntzen frogagiriak (Excel).

VIII. ERANSKINA

2020ko urritik 2021eko abuztura bitarteko memoria

1.–Ikastegiaren informazio orokorra.

1.1. Egitura organikoa.

1.2. Egitura didaktikoa.

1.3. Ikasturteari dagozkion datuak.

2.–Moduluak, aldiak eta emaitzak.

3.–Giza baliabideak.

3.1. Irakasleek emandako zuzeneko prestakuntza orduak.

3.2. Irakasleen prestakuntza.

4.–Hobekuntzarako proposamenak.

4.1. Esparru didaktikoa.

4.2. Kudeaketa.

IX. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

X. ERANSKINA

Epealdiko gastu ordaindugabeak (Excel).

Iragarkiaren kodea: F2010271