215. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

577/2020 EBAZPENA, irailaren 14koa, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bitartez aldatzen baita 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa, kontaktuzko edo/eta borrokako kirol jarduera fisiko jakin batzuetako entrenamendu osoak hasteko egutegiei dagokienez.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuak ohiz kanpoko neurriak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko; agindu horren 9. artikuluak ekitaldi jendetsuak baimentzeko ezohiko neurriei egin zien erreferentzia.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 27an emandako 551/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak onesten dituena, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, egoera epidemiologikoari dagokionez, 2020ko uztailaren 8tik aurrera eguneko intzidentzia handitzen joan da progresiboki.

Osasuneko kontseilariak irailaren 11n emandako 42/2020 Foru Aginduaren bidez prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Horren haritik, ezinbestekoa da aipatutako Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 27ko 551/2020 Ebazpenean aldaketak egitea. Aldaketa horiek kontaktu ertain-handiko kirolen entrenamendu osoak hasteko egunei eragiten diete, 2020ko urriaren 1era arte atzeratu baitira, 551/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 1. puntuan azaltzen zen datan, irailaren 14an, hasi beharrean.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Aldaketa onestea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 27an emandako 551/2020 Ebazpenean, non onesten baitziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak; aldaketa horrek 2020ko urriaren 1era arte atzeratzen du kontaktuzko edo/eta borrokako kiroletako entrenamendu osoak hasteko data.

Abuztuaren 27ko 551/2020 Ebazpenak, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanak, indarrean iraunen du ebazpen honetan onartutako baldintzen aurkakoa ez den gainerakoan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

Ebazpen honetan ezarritako neurriak sinatzen den egunetik jarriko dira indarrean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira soilik publikotasun ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Erabaki hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2010608