210. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2615E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 18ko 964/2019 Ebazpena, hots, langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko dirulaguntzak emateko arauak onetsi zituena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 18an emandako 964/2019 Ebazpenaren bidez, langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko dirulaguntzak emateko arauak onetsi ziren.

Covid-19a dela eta hartu diren prebentzio neurrien ondorioz, Nafarroako Gobernuak indar handiagoz bultzatu nahi ditu laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko bideak. Horregatik bultzatu du Kontziliazio Plan bat, arau batzuk aldatzea eraginen duten zenbait jarduketa biltzen dituena. Langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko dirulaguntzei dagokienez, helburua da jarduketa diruz lagungarriek nahitaez bete beharreko baldintzen esparrua zabaltzea.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 18ko 964/2019 Ebazpena, zeinaren bidez langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko dirulaguntzak emateko arauak onetsi baitziren. Zehazki, “Jarduketa diruz lagungarriak” izeneko 2. oinarriaren 1. atala aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

2.1. Honako jarduketa-ildo hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Dirulaguntzak, seme-alabak edo mendekotasuna duten ahaideak zaintzearren beren lan jarduera eteten duten autonomoak ordezteko langileak kontratatzeko.

Honako egoeraren batean egoteagatik beren lan jarduera eteten duten langile autonomoak ordezteko langileak kontratatzea diruz lagunduko da, baldin eta kontratatzen den pertsona langabezian eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik baldin badago:

–Norberaren ardurapean dauden 12 urtetik beherako adingabeak zaintzea.

Norberaren ardurapeko adingabetzat hartzen dira seme-alabak eta tutoretzapean edo familia-harreran dauden adingabeak, harrera iraunkorra izan edo adopzioaren aurrekoa izan.

–Norberaren ardurapean bigarren mailara arteko (hori barne) odol edo ezkontza bidezko ahaide bat izatea, behar bezala egiaztatutako mendekotasun egoeran dagoena.

b) Dirulaguntzak langile autonomoentzat, beren bizilekuan seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontrata ditzaten.

–Diruz lagunduko da pertsona baten kontratazioa, langabezian eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egon beharko dena, langile autonomoaren ardurapeko adingabeak, 12 urtetik beherakoak, zain ditzan etxean.

–Norberaren ardurapeko adingabetzat hartzen dira seme-alabak eta tutoretzapean edo familia-harreran dauden adingabeak, harrera iraunkorra izan edo adopzio aurrekoa izan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 28an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2010182