202. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Ordenantza, Udalaren herri-lurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Doneztebeko Udalak, 2020ko ekainaren 4an egin osoko bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batez onestea Doneztebeko Udalaren herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bai eta Doneztebeko Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Donezteben, 2020ko abuztuaren 7an.–Alkate udalburua, Santiago Uterga Labiano.

ORDENANTZA, DONEZTEBEKO UDALAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Doneztebeko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren aldaketa, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean jasoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak Doneztebeko Udalaren herri-ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Doneztebeko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Doneztebeko Udalak justifikatu egin beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Doneztebeko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Doneztebeko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Doneztebeko Udalak berez eta noiznahi berreskuratu ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Doneztebeko Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Doneztebeko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Doneztebeko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Doneztebeko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Doneztebeko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Doneztebeko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Donezteben urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Doneztebeko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak baldin badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Doneztebeko Udalak argituko ditu, kasuz kasu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduei dagokienez, herri-larreak, zuhaixkak eta egurra Doneztebeko hermendikoak izanen dira. Hermendia eremu hauetan dago:

a) Axkin, 88 hektareako azalerarekin.

b) Oteitzoiana, 40 hektareako azalerarekin.

c) Kaxerna, 30 hektareako azalerarekin.

d) Mugitz eta Aldapaundi, bien artean 90 hektareako azalerarekin.

17. artikulua. Herri-ondasunen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun-ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira onuradunak herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioan. Horretarako, aziendak Doneztebeko Udalaren katastroan izan beharko dituzte, eta horiek urte osoan udal mugartean egon beharko dute; halaber, alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta erregistro hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, titularrak toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Doneztebeko Udalaren kalkuluen arabera, 0,8ko azienda larriko unitatea da (AzLU = behi bat) herri-larreek jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko, edo bestela esanda, AzLU bat 1,2 hektareako.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide.

b) Behi bat, zortzi ardi-abelbururen baliokide.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

Azienda larria identifikatzeko (zaldi eta behi aziendak), markatu eginen dira kanpaina bakoitzaren hasieran, Udalak ezartzen dituen egunetan.

19. artikulua. Debeku da ahuntz eta txerri aziendak larratzea.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, debeku da arras inolako aziendarik larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, eta adierazitako zehapenak ezarriko dira.

20. artikulua. Azienda mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezartzen dira:

a) Zaldi eta behi azienda, urtebetetik gorakoa, 15 euro buru bakoitzeko.

b) 2 euro, ardi aziendako buru bakoitzeko.

c) 10 euro, zerri aziendako buru bakoitzeko.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatu ahalko dira Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona balio erreal horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten. Udalaren aldetik, udal langileak izanen du bere gain herri-larreetako abelburuen kontrola eta jarraipena egiteko ardura.

21. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Larreak banatzeko, larreen 1,2 hektarea emanen dira AzLU bakoitzeko, jasan daitekeen azienda-kargara iritsi arte.

Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren azaleraren bat soberan geratu bada, Udalak hala erabakita lurra erreserba modura geratu ahalko da beste eskabide batzuk estaltzeko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Doneztebeko Udalak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

22. artikulua. Toki korporazioaren erabaki baten bidez, eta iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten.

23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

24. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurzoruak adjudikatzean kontuan hartuko da jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga (ordenantza honen 18. eta 21. artikuluetan agertzen dena).

25. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da entitatearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Doneztebeko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

27. artikulua. Doneztebeko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Udalak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Udalak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

29. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Doneztebeko Udalak aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

31. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta udal langileari eginen zaie kontsulta. Udalaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatu ahalko dira salbuespen gisa, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena, eta azken horrek udal langilearen txostena edukiko du horretarako. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek. Eraitsitako zuhaitza edozein espezietakoa delarik ere, metro kubiko bakoitzeko prezioa 10 euro izanen da. Herritarren batek zuhaitz horietakoren bat nahi badu, Doneztebeko Udalean eskatu beharko du eskabide orokorraren bidez.

33. artikulua. Udalak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Udalak taldeka egin ditzake zozketak, epaitzen kokapenak kontuan izanik, herriei eta herritar eskatzaileei dagokienez.

34. artikulua. Erabat debeku da zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

35. artikulua. Doneztebeko Udalaren herri-lurretako onddo eta zizen aprobetxamendua arautua dago ordenantza hauetan eta indarrean den foru araudian (abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea eta hura garatzeko otsailaren 17ko 59/1990 Erregelamendua).

36. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituzten ehiza-barrutietako ehizaren aprobetxamendua bat etorriko da indarreko araudiarekin, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearekin, kontuan harturik lege horri ekainaren 13ko 18/2002 Foru Legean eginiko aldaketak eta xedapen osagarriak. Ehiza-barrutia doan lagako zaio herriko ehiztarien elkarteari. Elkarteak ezin izanen ditu herri-lurrak errentan eman, besterendu edo enkantean jarri.

Herriko ehiztarien elkarteak izaera soziala izanen du eta ehiztariei kobratuko dizkien tarifak ezarriko dira Doneztebeko Udalarekin erabakita. Horrela egiten ez bada Doneztebeko Udalaren herri-lurrak erabiltzeko eskubidea kenduko zaie, ehiza barrutia eratzeko beharrezkoa baitute.

Ehiztarien elkarteak herri-lurrak hobetzeko jarduketak egin beharko ditu (pistak konpondu, arekak garbitu, belar-sastrakak garbitu eta abar). Bestela, 500,00 eurotik 2.000,00 eurora bitarteko zehapena ezarriko zaie.

37. artikulua. Doneztebeko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

38. artikulua. Udalak indarrik gabe utz ditzake proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Mendiko pisten eta herri-lurretako finketara sartzeko bideen erabilera

39. artikulua. Doneztebeko Udalaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak eta gerta daitezkeen gehiegikeriek eta erabilera txarrek ekarri dute erregulazioa; izan ere, Udalaren betebeharra da haiek egoki zaintzea.

40. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako, industriako edo aisiako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

41. artikulua. Behar diren mugak ezarri ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.

42. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, udal langilearen oharrei jarraituko zaie.

43. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

44. artikulua. Debeku da ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko egitea, salbu eta Udalak baimena ematen badu.

45. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

46. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu beharreko ibilgailuak eta abar, Udalak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

47. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batez bestekoak, eta zenbat denborarako den.

48. artikulua. Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sor daitezkeen arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezar dezake Udalak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

49. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

50. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Bestetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

51. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi udal langileak kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du udal langileak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2009033