202. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Dirulaguntzen deialdia, COVID-19aren ondorioak arintzeko, Cascanten garatzen diren jarduera ekonomikoetatik alarma-egoera deklaratzean ezarritako euste-neurrien eraginpean dauden horietan

OINARRIAK

1. Sarrera.

Cascanteko Udalak, Toki Sustapen eta Ekintzailetzako zinegotzigoaren bitartez, COVID-19ak dituen ondorio ekonomikoak arindu nahi ditu herrian garatzen diren jarduera ekonomikoetan.

Deialdi honen bidez, Cascanteko udalerrian garatzen den enplegu autonomoaren jarraitutasuna babestu eta erraztu nahi da. Horretarako, aparteko laguntzak emanen zaizkie Cascanten jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona autonomoei eta enpresa txikiei, baldin eta jarduera horren gain eragina izan badute merkataritza-jardueraren arloko euste-neurriek kultura-ekipamenduen arlokoek, jolas-jardueren arlokoek eta establezimenduen arlokoek, ostalaritzako eta jatetxeen arlokoek eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako beste neurri osagarri batzuek; errege dekretu horren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun-krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen da.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak apartekoak dira, eta arautuko dira honako hauetan ezarritakoaren arabera: deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean; uztailaren 21eko 886/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorrean; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean; Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautzen dituen martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan; Dirulaguntzen Ordenantza Orokorrean, 2020ko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 188. zenbakian, abuztuaren 24koan, argitaratua, eta aplikagarriak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauetan, eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauetan.

Dirulaguntza hauek norgehiagoko prozedura erabiliz emanen dira.

2. Aurrekontuko kredituak.

Dirulaguntzak apartekoak dira, 4390- 4890009 COVID-19 Aparteko Laguntzak partidaren kargura finantzatuko dira, eta deitutako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 40.000 eurokoa da.

3. Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

Dirulaguntzaren helburua da Cascanteko (Nafarroa) udalerrian jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona autonomoen eta enpresa txikietako enpleguaren jarraitutasunari laguntzea, eta koronabirusak eragindako krisiak ukitutako negozioei bultzada ematea.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntza hauek emateko, printzipio hauek bete beharko dira: publizitatea, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, bai eta eraginkortasuna helburuak betetzean eta efizientzia ere baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. Laguntzen onuradun izateko baldintzak.

4.1. Onuradun izaten ahalko dira:

a) Herrian erroldatutako pertsona fisikoak, baldin eta langile autonomoak badira eta Cascanteko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda badaude.

b) Cascanten erroldatuta egon ez arren, langile autonomoak diren eta Cascanteko ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden pertsona fisikoak, baldin eta Cascanten saltoki bat irekita badute edo garatzen duten jarduera ekonomikoari lotuta dagoena.

c) Bost langile baino gutxiago eta urtean 1.000.000 eurotik beherako fakturazioa duten pertsona fisikoak, baldin eta helbide fiskala Cascanten badute, Cascanteko jarduera ekonomikoen zergan alta emanda badaude eta Cascanten saltoki bat irekita badute edo garatzen duten jarduera ekonomikoari lotuta badago.

4.2. Laguntzen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzako edo erakunde baliokideko kotizazio beharkizunak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Ogasuneko eta Cascanteko Udaleko beharkizun fiskalak ere.

b) Jardueran aritzeko beharrezkoak diren lizentziak izatea (jardueren lizentzia eta irekitzeko lizentzia).

c) Fakturazio maila murriztu izana, honako kasu hauetako batean:

c.1) Aitortuta izatea 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 17. artikuluan araututako aparteko prestazioa, alarma-egoera onartzearen ondorioz jarduera utzi behar izan dutelako, bat etorriz 463/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin euste-neurriei buruz merkataritza-jardueraren eremuan kultura-ekipamenduen, establezimendu eta jolas-jardueren, ostalaritzako eta jatetxeen eremuan eta osagarriak diren beste batzuetan(1), aipatutako Errege Dekretuaren eranskinean eta 463/2020 Errege Dekretuaren zenbait artikulu aldatzen dituen 465/2020 Errege Dekretuan(2), edo, bestela, jardueraren bolumena %75 murriztu delako.

c.1) baldintza hori betetzeko, aurkeztu beharko du martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan araututako prestaziorako eskubidea aitortzen duen ebazpena, 1. artikuluko a) letran aipatzen den laguntza lortzeko eskatzen dena. Ebazpen hori jaso gabe izanez gero laguntza eskatzeko epea bukatu aurretik, aparteko prestazioa eskatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, eta laguntza emateko baldintza izanen da ebazpena aurkeztea.

c.2) Egiaztatzea fakturazioa gutxienez ere %30 murriztu dela 2020ko 2. hiruhilekoan (apirila, maiatza eta ekaina) 2019ko 2. hiruhilekoarekin alderatuta (apirila, maiatza eta ekaina).

c.2) baldintza hau betetzeko, erantzukizunpeko adierazpenean zehaztuko da aipatutako aldi bakoitzean izandako fakturazioa, eta erantsiko zaio kontabilitateko informazio hori jasotzen duten liburuen edo erregistroen kopia.

5. Prozedura instruitu eta ebazteko eskumena duen organoa.

Zehapen-prozeduraren instrukzioa Cascanteko Udaleko Tokiko Sustapen eta Ekintzailetza Batzordearen Lehendakaritzari dagokio, udal kontu-hartzailetzaren laguntzarekin.

Instrukzio-organoak aztertuko ditu eskabideak eta eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa, deialdian ezarritako irizpideen arabera, eta, horretarako, eskatzen ahalko du beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarri edo argigarri oro, ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak, bai eta behar den epean eta moduan aurkezten diren eskabideak ebaluatu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 14ko 38/2003 Lege Orokorraren 24. artikuluarekin bat etorriz.

Ebaluazioa amaitutakoan, instrukzio-organoak, Toki Sustapen eta Ekintzailetza Batzordearen nahitaezko irizpen loteslea jaso ondoren, ebazpen-proposamena igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari.

Alkate udalburuari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, instrukzio-organoak emandako ebazpen-proposamenaren arabera. Proposamen hori loteslea izanen da.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, ulertuko da eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Laguntzak eskatuko dira deialdiaren eranskineko ereduaren arabera. Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio, eta udaletxeko sarrera-erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako tokietan, hilabete bateko epean, deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira honako dokumentu hauek:

a) Eskabidea, Cascanteko Udalari zuzendua (I. eranskina).

b) NANaren fotokopia (pertsona fisikoak) eta eraketa edo aldaketa eskriturarena (pertsona juridikoak), baita enpresaren IFK ere, hala dagokionean.

c) Jarduera garatzen den establezimenduaren jarduera-lizentziaren eta/edo irekiera-lizentziaren kopia.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren egiaztagiria, jardueraren epigrafea jasotzen duena.

e) Gizarte Segurantzarekin, Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Cascanteko Udalarekin dituzten betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (I. eranskina).

g) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak dirulaguntzen ordenantza orokorrak eta indarrean dagoen araudiak laguntzen onuradunei ezartzen dizkieten betebeharrak bere gain hartzen dituela adierazten duena (I. eranskina).

h) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (I. eranskina).

i) Kontu zenbakiaren titulartasunaren bankuko ziurtagiria.

j) Bere ardurapeko enplegatuengatik dirulaguntza eskatuz gero, enpresako langile kopurua egiaztatzen duen agiria: RNT (langileen izen-zerrenda) –lehengo TC2– (alarma-egoeraren aurreko datakoa).

k) Jarduerari lotutako mailegurako dirulaguntza eskatuz gero, mailegu horren egoeraren banku-ziurtagiria, eskabidea aurkezten den egunekoa.

l) Aparteko prestazioa aitortzea edo fakturazio-murrizketa egiaztatzea, 4.2. c) atalean azaldutakoaren arabera.

Udalak edozein dokumentazio eskatzen ahalko du, baldin eta argigarria bada edo espedientea ebazteko interesekoa.

Eskaerak betetzen ez baditu deialdiaren araudian ezarritako baldintzak, eskumena duen organoak errekerituko dio interesdunari horiek zuzen ditzan, gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio eskaeran atzera egin duela ulertuko dela hala egiten ez badu.

7. Ebazpen proposamena, behin betiko ebazpena, epeak eta jakinarazpena.

Instrukzio-organoak eskabideak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena eginen du, Toki Sustapen eta Ekintzailetza Batzordeak nahitaezko irizpen loteslea eman ondoren; hartan adierazi beharko du dirulaguntza zein eskatzailerentzat proposatzen den (bat edo bat baino gehiago izan daitezke), bai eta zenbatekoa ere, haren ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio irizpideak zehaztuta.

Instrukzio-organoak ebazpen-proposamena onetsi ondoren, alkate udalburuak ebatziko du prozedura. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean (bat edo bat baino gehiago izan daitezke), eta horrez gain, espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Ebazpena eman eta jakinarazpena egiteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da.

Gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute dirulaguntza emateko eskabidea onetsi gabetzat jotzea administrazio isiltasunaren bidez.

8. Administrazio bidearen amaiera.

Dirulaguntza ebazteko egintzak administrazio bidea amaitzen du.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio udal honetako alkateari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz.

9. Eskaerak baloratzeko irizpideak

Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak honako hauek dira:

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, jardueren ezaugarriak hartuko dira kontuan, honako irizpide hauen arabera:

1.1. Jarduera uzteagatiko prestazioa dutenak:

a) Langile autonomoa edo enpresa txikiak, jarduerari %100ean atxikitako lokalik ez dutenak: 500 euro

b) Langile autonomoa, jarduerari %100ean atxikitako lokala duena eta bere kargura langileak ez dituena: 600 euro

c) Langile autonomoa, jarduerari %100ean atxikitako lokala duena eta martxoan bere kargura langileak dituena: 700 euro

d) Langile autonomoa edo enpresa txikia, jarduerari %100ean atxikitako lokala duena eta jarduera ekonomikoari lotutako maileguak dituena: 700 euro

e) Norberaren konturako langilea edo enpresa txikia, jarduerari %100ean atxikitako lokala duena eta c) eta d) ataletako arrazoiak biltzen dituena: 800 euro

1.2. 2019ko aldi berarekin alderatuta, 2020ko bigarren hiruhilekoan fakturazioa %30 murriztu dela egiaztatzen duten jarduerak: 400 euro.

2. Laguntzak apartekoak direnez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aurkeztutako eskaera kopurua dela-eta aurrekontu-kontsignatzea nahikoa ez bada, Cascanteko Udalak dirulaguntzaren onuradunen arteko hainbanaketa egiten ahalko du, dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko osoarena, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera esleitutako kopuruen proportzionaltasunari eutsiz.

10. Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

Jakinarazpenak eskatzaileak eskabidean horretarako adierazitako tokian eta moduan egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan horretarako ezarritakoa kontuan hartuta.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14 artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta Cascanteko Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorrean jasotzen direnak.

Gainera, bereziki, behartuta egonen dira laguntza ematen denetik gutxienez urtebetez laguntza emateko oinarri den jarduerari eustera, eta epe horretan alta-egoeran egon beharko dute dagokion Gizarte Segurantzako araubidean eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren zergadunen erroldan.

Betetzen ez badu, salbu eta onuradunak ezin izan duela bestela jokatu frogatzen duenean, kobratutako dirulaguntzak itzuli beharko dira, urtea bete arte falta den denborari dagokion proportzioan.

12. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioa deialdi honetan eskatzen denaren araberakoa dela, eta, hala badagokio, zuzen dezatela eskatuko die eskatzaileei, administrazio prozedurari buruzko araudian ezarrita dagoen bezala. Eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak eman eta ordaintzeari –edo, kasua bada, ezesteari– buruzko ebazpen proposamenak eginen ditu.

2. Laguntzak ordaindu ondoren, organo kudeatzaileak bidezko diren egiaztapen guztiak eginen ditu laguntzak lortzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari dagokionez.

3. Egiaztapenak eginen dira aurkeztutako agiriak aztertuz, erregistro administratibo eta fiskalekin alderaketak eginez eta, beharrezkoa bada, egokitzat jotzen den dokumentazioa eskatuz.

13. Laguntzak itzultzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritako moduan.

Laguntzen eta dirulaguntzen onuradunek bete beharko dituzte arau-hausteen eta zehapenen araubidea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan ezarritakoa eta Cascanteko Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorrean jasotzen direnak.

14. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

15. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz, adierazten da ezen emandako datu pertsonalak deialdi honetan araututako laguntza kudeatzeko baizik ez direla erabiliko, eta Cascanteko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batzen ahalko zaizkiela. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira Udaleko Erregistro Orokorrera zuzendurik (Foruen Plaza, 1, 31520 Cascante).

Oharrak:

(1) 10. artikulua. Eusteko neurriak merkataritza jardueraren, kultura ekipamenduen, establezimendu eta jolas jardueren, ostalaritza- eta jatetxe-jardueren eta beste eremu osagarri batzuen esparruan.

1. Eten egiten da txikizkako lokal eta establezimenduen irekiera, izan ezik elikagaien, edarien, produktuen eta premia biziko ondasunen txikizkako merkataritza-establezimenduak, farmazia-establezimenduak, medikuak, optikak eta ortopedia-produktuak, higiene-produktuak, ile-apaindegiak, prentsa eta paper-dendak, automoziorako erregaia, estankoak, teknologia- eta telekomunikazio-ekipoak, konpainiako animalientzako elikagaiak, Internet bidezko merkataritza, telefonikoa edo posta, tindategiak eta garbitegiak. Eten egiten da agintaritza eskudunaren iritziz kutsatzeko arriskua eragin dezakeen beste edozein jarduera edo establezimendu.

2. Irekitzea baimenduta duten merkataritza establezimenduetan, behar-beharrezko denboraz baizik ezin izanen dira egon kontsumitzaileak, elikagaiak eta premia biziko produktuak erosteko, eta bertan behera geratuko da establezimenduetan bertan produktuak kontsumitzeko aukera. Nolanahi ere, pilaketak saihestuko dira eta kontrolatuko da kontsumitzaileek eta langileek gutxienez metro bateko segurtasun-tartea mantentzen dutela, kutsatzerik gerta ez dadin.

3. Eten egiten da liburutegien irekiera, bai eta artxiboena, liburutegiena, monumentuena eta errege dekretu honen eranskinean adierazitako kirol eta aisialdi jarduerak eta jendaurreko ikuskizunak egiten diren lokalena eta establezimenduena ere.

4. Eten egiten dira ostalaritza- eta jatetxe-jarduerak, eta etxean entregatzeko zerbitzuak bakarrik ematen ahalko dira.

5. Era berean, bertan behera geratuko dira berbenak, desfileak eta jai herrikoiak.

(2) 10. artikuluko 1. apartatuaren izenburua eta edukia aldatzen da, eta 6. apartatu berri bat gehitzen da, honela idatzita:

“10. artikulua. Eusteko neurriak merkataritza jardueraren, kultura ekipamenduen, establezimendu eta jolas jardueren, ostalaritza- eta jatetxe-jardueren eta beste eremu osagarri batzuen esparruan.

“1. Eten egiten da txikizkako lokal eta establezimenduen irekiera, izan ezik elikagaien, edarien, produktuen eta premia biziko ondasunen txikizkako merkataritza-establezimenduak, farmazia-establezimenduak, osasun arlokoak, albaitaritza-zentro edo -klinikak, optikak eta produktu ortopedikoak, higiene-produktuak, prentsa eta paper-dendak, automoziorako erregaia, estankoak, teknologia- eta telekomunikazio-ekipoak, konpainiako animalientzako elikagaiak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza, tindategiak, garbitegiak eta etxez etxeko ile-apainketako jarduera profesionalean aritzea. Nolanahi ere, eten eginen da edozein establezimenduren jarduera, baldin eta, agintari eskudunaren iritziz, establezimenduaren baldintzengatik kutsatzeko arriskua badago.”

“6. Osasun ministroari ahalmena ematen zaio aurreko paragrafoetan zerrendatutako neurriak, tokiak, establezimenduak eta jarduerak aldatzeko, zabaltzeko edo murrizteko, osasun publikoko arrazoi justifikatuengatik.”

I. ERANSKINA

COVID-19aren ondorioak arintzeko laguntzen eskabide-orria, Cascanteko udalerrian garatzen diren jarduera ekonomikoetatik alarma-egoera deklaratzean ezarritako euste-neurrien eraginpean dauden horietan(PDFa).

Cascanten, 2020ko abuztuaren 27an.–Alkatea, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L2009831