20. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

2020rako lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Lehendakaritzak abenduaren 31n emandako 14/2019 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren 2020ko lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa. Hona zer ezartzen duen haren xedapen zatiak:

“Lehena.–2020ko lan egutegia.

2020ko lan egutegia onestea Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko langileentzat. Honako hauek izanen dira jaiegunak, eta egun horietan itxirik egonen dira bulegoak:

Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

Urtarrilaren 6a: Errege egunaren ondoko astelehena.

Martxoaren 19a: San Jose.

Martxoaren 20a: Zaindariaren jaieguna.

Apirilaren 9a: Ostegun Santua.

Apirilaren 10a: Ostiral Santua.

Apirilaren 13a: Pazko astelehena.

Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

Irailaren 14a: Katalaingo eguna. Herriko jaieguna.

Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

Abenduaren 4a: Zaindariaren jaieguna.

Abenduaren 7a: Konstituzioaren egunaren biharamuna.

Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–2020ko egun baliogabeak.

Baliogabeak izanen dira, 2020. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta martxoaren 20a, irailaren 14a eta abenduaren 4a, horiek jaiegun eta baliodun izanen baitira.

Hirugarrena.–Jendea hartzeko ordutegia.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko Erregistro Orokorra (Katalaingo egoitzan) 11:00etatik 14:30era arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Laugarrena.–Urteko lanorduen banaketa.

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko langileentzat, lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 ordukoa da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen arabera, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

Onetsitako lan egutegiaren arabera Batasuneko langileek 27 opor egun izanen dituzte, bai eta norberaren aferetarako 3, betiere langile bakoitzaren lan kontratuaren arabera dagokion proportzioan.

2020rako onetsitako lan egutegian soberako 36 ordu gelditzen dira. Ordu horiek 2020ko martxoaren 20an eta abenduaren 4an hartuko dira, eta gainerako 2 egun eta 6,40 orduak Batasuneko langileek nahierara hartuko dituzte.

Enplegatu bakoitzak gehienez hilean 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izan ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko dira, egiatan lan egindako ordu guztiak egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

Bosgarrena.–Ordutegi malguaren ezarpena.

Ordutegi malgua ezartzea, lan ordutegiaren zati finkoa 09:00etatik 14:30era bitartekoa izanik. Gainerako denbora nahi dutenean egin dezakete langileek, modu malguan, betiere 7:20tik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara bitarte.

Eskola adineko adingabeko seme-alabak dituzten langileek eskatu ahal izanen dute lanaldi malgua handitzea, 9:30ak arte. Ezin izanen dute lanetik atera aipatu eguneko lanaldia bete arte.

Seigarrena.–Pausaldia lanaldian.

Eguneko lanaldi jarraitua sei ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 8:00etatik 11:00etara hartu ahalko da.

Kontuan harturik ordutegi malgua ezarri dela, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.

Seigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.

Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da, arrazoia jasota badago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta ondotik egin zaizkion aldaketetan.

Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo ebazpen zatiaren 3. atalean ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Udal-mugartetik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio.

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki-taulan eta udalerrienetan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen hau eta lan egutegia Udaleko langile guztiei jakinaraztea, baita Batasuna osatzen duten udalei ere, eta Batasunaren Batzarrari ebazpenaren berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.”

Garinoainen, 2020ko urtarrilaren 14an.–Lehendakaria, Alexandre Duró Cazorla.

Iragarkiaren kodea: L2000520