190. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

59/2020 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, ES Planta Solar 7 SLU izendatzen duena nodoko solaskide bakar 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioko posizio berri batean (sortutako energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa).

2020ko maiatzaren 7an, Francisco Clavel Gavidia jaunak, ES Planta Solar 7 SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabide bat aurkeztu zuen Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian, zeinean eskatu baitzuen nodoko solaskide bakar izendatzeko 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioko posizio berri batean.

Eskabide horretan frogatzen da ezen, 2020ko maiatzaren 7an, ES Planta Solar 7 SLUk abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eskatzen den berme ekonomikoa gordailutu duela, eta Red Eléctrica de España SAUri garraio sarera sartzeko baimena eskatu diola, 150 MWp-ko “Cordovilla” izeneko planta fotovoltaikorako.

Halaber, 2020ko maiatzaren 13an Alberto García Agraz jaunak, Global Solar Energy Diecinueve SL ordezkatuz eta haren izenean, eskabidea aurkeztu du posizio berean nodoko solaskide bakar izendatzea eskatuz.

Eskabide horretan frogatzen da ezen, 2020ko maiatzaren 7an, Global Solar Energy Diecinueve SLk abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eskatzen den berme ekonomikoa gordailutu duela, eta garraio sarera sartzeko baimena eskatu duela 200 MW-eko “El Soto” izeneko planta fotovoltaikorako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri zituen bi eskabideak, iragarkia argitaratuz 2020ko ekainaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 131. zenbakian, eta 2020ko ekainaren 17ko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan. Espedientea José Luis Martínez Dachary jaunak, ES Planta Solar 7 SLUk eta EDP Renovables España SLUk kontsultatu dute.

Geroago, 2020ko ekainaren 15ean, EDP Renovables España SLUk posizio berean nodoko solaskide bakar izendatzea eskatu du. EDP Renovables España SLUk dioenez, abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eskatzen den berme ekonomikoa gordailutu du, eta garraio sarera sartzeko baimena eskatu du 50 MWp-ko “PSFV Iguala” eta 50 MWp-ko “PSFV Izaga II” izeneko planta fotovoltaikoetarako.

2020ko uztailaren 8an, Francisco Clavel Gavidia jaunak, ES Planta Solar 7 SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabidea aurkeztu zuen, nodoko solaskide bakar hau izendatzea eskatuz: “nodo horretan lehiatzen diren sustatzaileetatik, (i) legez sartzeko baimena lortzeko eskatzen den bermea –1955/2000 Errege Dekretuaren 59.bis artikulu ohia– gordailutu duen lehena, (ii) berme hori dagokion organo substantiboari balioztatzeko eskatu dion lehena, (iii) Red Eléctrica de Españari azpiestazio horretan garraio sarera sartzeko baimena eskatu dion lehena, eta (iv) Zuzendaritza Nagusiari 220 kV-eko Cordovilla garraio sareko nodoko solaskide bakar izendatzea eskatu dion lehena, hots, ES Planta Solar 7 SL pertsona bakarreko sozietatea”.

Azkenik, 2020ko uztailaren 14an, Félix Corral Fernández jaunak, Sacyr Concesiones Renovables SLU ordezkatuz, alegazio dokumentua aurkeztu zuen, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari nodoko solaskide bakarrik ez izendatzea eskatuz, hautagai hobe baten zain edo Red Eléctrica de España SAUk azken erabakia hartu zain, legeria berriaren babespean.

Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak honako hau ezartzen du:

“1. Garraio-sareko instalazio planifikatu eta inbertsio-planetan sartutakotzat joko dira, gehienez ere, kale baten baliokide diren posizioak, azpiestazioaren konfigurazioaren arabera; horiei gehitu behar zaizkie lehendik badiren posizioak eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren babesean onartutako garraio-sarearen planifikazioaren dokumentuan jasotakoak, bai eta garraio-sarearen erabiltzaileek erabiltzeari uzten dioten posizioak ere, 23.2 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira.

2. Garraio-sareko instalazioen titularrek eta garraio-sarearen kudeatzaileek sarbide- eta konexio-baimenak ematen ahalko dituzte sortutako energia ateratzeko edo banaketa nahiz kontsumoa konektatzeko aurreko apartatuan adierazitako posizioetan, baldintza hauek batera betetzen direnean:

a) Teknikoki eta fisikoki posible izatea.

b) Sorgailuen kasuan, lehendik badiren posizioen bitartez edo garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutako posizioen bitartez konektatzea ezinezkoa izatea, arrazoi tekniko nahiz administratiboengatik edo sortutako energia ateratzeko azpiegituren titularrekin akordiorik ez dagoelako sare horien bidez energia atera ahal izateko.

c) Lotutako inbertsio-kostuak posizio horretarako konexioa nahi duten subjektuek ordainduko dituzte, sarearen titularrak beste sare batera konektatzen direnean izan ezik”.

Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean jasotzen denez, “sortzaile batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrean, bai eta garraiolariarekiko koordinazioa ere sorkuntza instalazioa zerbitzuan jarri ondoren, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Jasotako eskabideak eta alegazioak ikusita, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean xedatutakoarekin bat, egokia da ES Planta Solar 7 SLU nodoko solaskide bakar izendatzea 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioko posizio berri batean, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari izendapena eskatu dion lehen sustatzailea delako, dagozkion bermeak gordailutu dituelako eta garraio sarearen kudeatzaileari sartzeko baimena eskatu diolako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. ES Planta Solar 7 SLU (B40585473) izendatzea nodoko solaskide bakar 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioko posizio berri batean (energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa), urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat.

2. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau ES Planta Solar 7 SLUri (B40585473), Global Solar Energy Diecinueve SLri (B88271796), EDP Renovables España SLUri (B91115196), Sacyr Concesiones Renovables SLUri (B88506118) eta Red Eléctrica de España SAUri (A85309219) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan, espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 29an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2008546