182. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal ordenantza, garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko dirulaguntzen lau urteko deialdiaren oinarri arauemaileak ezartzen dituena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2020ko otsailaren 27an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko Burlatako Udalaren dirulaguntzen lau urteko deialdiaren oinarri arauemaileak ezartzen dituen udal ordenantza. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 47. zenbakian argitaratu zen, 2020ko martxoaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako udal ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko xedatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2020ko uztailaren 8an.–Alkatea, Ana Gongora Urzaiz.

ORDENANTZA, GARAPENERAKO LANKIDETZA ETA HEZKUNTZA PROIEKTUAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN LAU URTEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUEMAILEAK EZARTZEN DITUENA

1. Dirulaguntzaren xedea.

Baldintza hauen xedea da gobernuz kanpoko erakundeen eta elkarteen bidez garapenerako lankidetza eta hezkuntza proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdi publikoa arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea (Burlatako Udalak sustatua), pobreziaren aurka borrokatzeko eta tokiko garapena sustatzeko honako arlo hauetan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa edo azpiegiturak. Proiektuek onura ekarri behar diete landa nahiz hiri eremuko komunitateei, eta komunitate horiek edo haien ordezkariek parte hartze aktiboa izan behar dute proiektuak proposatu, kudeatu eta gauzatzen. Orobat, proiektuek arreta berezia eman behar diete ingurumen inpaktuari eta baliabide naturalen erabilera jasangarriari.

Era berean, lankidetza proiektu horiekin batera, herritarrak sentsibilizatzeko programa bat garatu beharko da Burlatan. Programa horretan, komunitatearen parte hartzea bultzatu, eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko hartu-emanen inguruan jarrera kritikoak eta gogoetak sustatuko dira.

Honako hauek dira lehentasunez jarduteko eremuak deialdi honetan:

–Haurren giza garapena eta garapen soziala indartzeko proiektuak, honako alor hauetan: osasuna, prebentzioa eta heziketa.

–Familiaren eta, batez ere, emakumearen aldeko sustapen eta garapen proiektuak, haren bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak zein aukerak sustatzeko direnak.

–Proiektu guztietan kezka eta lana agertu behar dira giza eskubideak babestu eta begiratzeko eta gizarte zibilaren partaidetza sendotzeko.

2.–Gobernuz kanpoko erakunde eta elkarte onuradunak.

Gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeentzat da deialdi hau, 4.1 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta nazioarteko lankidetzan eta herrien eta pertsonen sustapenean eta garapenean jarduten duten horientzat, hain zuzen. Gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteek, betiere baldintza guztiak beteta, banaka nahiz beste batzuekin sortutako eta proiektu bakarra egiteko partzuergoan edo batasunean parte hartzen ahalko dute. Taldean eginez gero, elkartutako erakunde bakoitzaren datuak agertu behar dira bereizita, eta argi eta garbi zehaztu haietako zein arituko den partzuergoren buru gisa.

Proiektua diruz laguntzeko hautatzen bada, hura sustatzen duen erakunde edo elkarteak hitzarmen bat sinatuko du Burlatako Udalarekin, eta hitzarmen horrek arautuko ditu bi entitateen arteko harremanak, proiektuari dagokionez.

3.–Zenbatekoa.

Hautatutako proiektuaren ordain ekonomikoa urteko aurrekontuan jasotakoa izanen da. Lau urteko proiektuaren indarraldiko urte bakoitzean jasoko da zenbateko hori, betiere Burlatako Udalak xede horretarako aurrekontu kontsignazioa badu eta aurrekontu arrunteko 23911 4800001 aurrekontu ildoan jasota badago.

4.–Baldintzak.

4.1.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdira aurkezten diren erakunde eta elkarteak oinarri hauei lotuko zaizkie eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.–Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak.

b.–Irabazi asmorik ez izatea.

c.–Berariazko xede izatea garapenerako lankidetzako eta herrien arteko elkartasunaren sustapeneko ekintzak egitea.

d.–Nafarroan izatea egoitza edo ordezkaritza ofiziala.

e.–Bere helburu sozialak betetzeko egitura aski izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den eskarmentua eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f.–Tokiko kontrapartea izatea proiektua gauzatu behar den eskualdean. Pertsona juridikoa izan beharko du kontraparte horrek, herrialde onuradunaren legeriaren arabera.

4.2.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Deialdiaren xedeko proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a.–Urte anitzekoak izatea.

b.–Burlataren aipu berariazkoa egitea herri laguntzaile gisa.

c.–Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuekin bat egitea, baita indarrean dagoen Nafarroako Lankidetzarako Plan Gidariarenekin ere.

d.–Burlatan egiteko jarduerak diseinatzea, oro har biztanleriaren eta Udaleko ahalik eta alor gehienen esku hartzea dakartenak (hezkuntza, berdintasuna, gazteria, aniztasuna, etab.), sentsibilizazio jardueren eta lanen bitartez. Jarduerek proiektu zehatzaren berri eman behar dute, baita herrien, sexuen eta taldeen artean ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren aldetik dituzten desoreken berri eta horiek guztiek pertsonen bizi baldintzen gain dituzten ondorioen berri ere, eta orobat bulkatu behar dituzte Burlatako biztanleriaren elkartasuna eta partaidetza aktiboa komunitatean jarrera eta portaera aldaketak sustatu beharrez.

e.–Izan litezkeen finantzabide osagarriak aurkeztea, bai deialdian parte hartzen duen erakundearena, bai estatuko nahiz nazioarteko bestelako erakunde eta elkarte publiko edo pribatuena.

f.–Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek (edo batasun/partzuergoek) komunikaziorako bide bat ireki beharko dute Burlatako Udalarekin proiektuaren jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, zalantzak argitzeko, jarduerak eta lankidetzarako bideak proposatzeko eta abar.

g.–Onetsitako proiektua dirulaguntza eman den urtean hasi edo hasia egon beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabetean.

5.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak Burlatako Udaleko Erregistroan aurkezten ahal dira, eraikin nagusian (Larrañetako plaza z.g.) zein Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko egoitzan (Landazabal 5 bis). Orobat, aurkezten ahalko dira Udaleko Erregistro Orokor Elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a.–Eskabide orria, 1. eranskinean dagoena.

b.–Erakunde eskatzailearen nortasun juridikoa eta erakundearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

–Estatutuak.

–Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

–Entitatearen legezko ordezkariaren zehaztapena eta haren egiaztagiria.

–Haren historiari, egiturari eta eskarmentuari buruzko argibideak eta bertan lan egiten duten boluntarioen eta kideen kopurua.

–Elkarte edo partzuergo bat bada, elkartzen diren lankidetza erakundeek sinatutako eta zigilatutako dokumentua, partzuergo horren buru gisa jarduten duen elkartea edo erakundea zein den berariaz aipatuta.

c.–Tokian tokiko (herrialde hartzailea) bazkidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

–Estatutuak.

–Legezko eraketaren frogagiriak, herrialdeko legeen araberakoak.

–Proiektuaren onuraduna.

–Legezko helbide osoa.

–Legezko ordezkariaren egiaztagiria.

–Azken urteetan egindako jardueren memoria, haren eskarmentua baloratzeko.

d.–Proiektuaren memoria, hura aurkezteko inprimakiaren (2. eranskina) arabera.

e.–Gastu eta diru sarreren aurrekontu banakatua, baita ekarpen gisa herrialdeak edo erakundeak berak jartzen dituen baliabideak ere. Horrekin batera, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda jaso behar da, halakorik egin bada. Eskatutako diru kopurua, erakundeen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira.

f.–Deialdi honetan aurkeztutako jarduerak proiektu zabalagoaren atal baldin badira, multzotik behar bezala berezirik aurkeztuko da deialdi honetan aurkezten den proiektua.

g.–Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (herrialdea edo estaturik gabeko herria, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

h.–Informaziorako eta sentsibilizaziorako Burlatan eginen diren jarduerak, baita haien aurrekontu orokorra eta finantzabideak ere.

i.–Erakunde eta elkarte eskatzaileak Burlatan azken urtean honako esparru hauetan egindako jardueren frogagiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza.

j.–Proiektuaren barne eta kanpo ebaluaziorako prozesua, adierazleak.

k.–Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskaera. Ziurtagiriak data eguneratua izan beharko du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

l.–Erantzukizunpeko adierazpena, estatuko, foruko eta tokiko ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak eguneratuta dituela frogatzen duena.

m.–Proiektuaz ongi jabetzeko eskaini nahi den dokumentazio grafiko, tekniko, finantzen arloko eta bestelako guztia.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa, klausula honetan azaldutakoa, Burlatako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

6.–Balorazio irizpideak.

Hauek dira proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

6.1.–Erakundeari dagokionez (5 puntu).

–Egoitza:

Burlatan duen inplikazioa: azken urtean Burlatan egin diren ekintzak. Ez dira baloratuko aurreko lau urteko proiektuarekin edo Burlatako Udalak diruz lagundutako proiektuekin zerikusia dutenak.

–Urteko txostena:

• Kaudimena:

  • Datako egunean abian dituen proiektuak.
  • Finantza informazioa.
  • Zein herrialdetan edo estaturik gabeko herritan jarduten duen.
  • Erakundearen kide kopurua.
  • Barne kontrolerako prozedura.
  • Ikuskapenak.
  • Aurreko urtean Nafarroako Gobernuarekin batera finantzaturiko proiektuak.

–Kontrapartea egun egiten ari den proiektuak.

–Kontraparteak herrialdean edo estaturik gabeko herrian duen ezarpena.

6.2. Proiektuaren kalitate teknikoari dagokionez (25 puntu).

–Koherentzia eta bideragarritasuna.

–Helburuak.

–Zein herrialdetan edo estaturik gabeko herritan eta bertako zein eskualdetan egiten den (bi puntu gehienez ere).

–Lehentasunez zer sektoretan egiten den.

–Hasiera data/Bukaera data aurreikusia.

–Udalek hartan duten inplikazioa.

–Eskaeraren jatorria.

–Zenbat erabiltzaileri zuzendurik dagoen, zuzenean nahiz zeharka.

–Ingurumen eta berdintasun ikuspegiak.

–Proiektuaren eragileak.

–Ekintza eta jarduera aurreikusiak.

–Burlatak finantzatu beharreko alderdiak.

–Finantzabide osagarriak: nazioartekoak, estatukoak, Nafarroakoak.

–Proiektuaren etorkizuna.

–Ebaluazio neurriak.

6.3. Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko programa (15 puntu).

–Helburuak.

–Ekintza aurreikusiak.

–Biztanleriaren zer sektoreri zuzendurik dagoen.

–Inplikatzen dituen udal alorrak. Hala badagokio, proiektuaren xede den jatorri bereko burlatarrek horietan parte hartzea.

–Eragileak.

–Inplikazioak biztanlerian.

–Aurreikusitako kostua/finantzaketa.

6.4.–Beste alderdi batzuk (5 puntu).

–Aurkezpena.

–Argitasuna.

–Egokitasuna.

–Dokumentazioa.

–Berrikuntza.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidean izapidetuko da, esan nahi baita aurkezten diren proiektuak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arauemaile hauetan bildutako balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera puntuaziorik altuena lortu duen proiektua esleituko dela, betiere, deialdian ezarritako mugaren barruan. Balorazio handiena duen proiektuak aurrekontu partidan esleitutakoa baino zenbateko txikiagoko dirulaguntza bat eskatu badu, aldea bigarren postuan geratu den proiektuari esleituko zaio.

Burlatako Udalak horretarako izendatzen duen epaimahai baten bitartez baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak, honako hauek osaturik:

Burutza:

Burlatako Udaleko Gizarte Gaietako zinegotzi ordezkaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Kideak:

–NUKFko ordezkari teknikoa: Lankidetza eta Garapen Departamentua.

–Iruñeko Udaleko garapenerako lankidetzako udal programako ordezkari teknikoa.

Nafarroako Gobernuko Garapenerako Lankidetzaren Ataleko ordezkari teknikoa.

–NUPeko ordezkari teknikoa, Garapenerako Lankidetza Departamentukoa.

–Burlatako Udaleko gizarte zerbitzuen arloko teknikaria.

Honako hau izanen da epaimahai horretako idazkaria:

Burlatako Udaleko idazkaria edo hark eskuordetzen duena.

2. Epaimahaikideek aurkeztutako proiektuak aztertuko dituzte, eta laguntza teknikoa izaten ahalko dute, proiektuak baloratzeko. Orobat, bidezkotzat jotzen den informazio osagarria eskatzen ahalko zaie aurkeztutako proiektuetan arduradun agertzen direnei.

3. Epaimahaikide bakoitzak puntuazio pertsonal bat emanen dio aurkeztutako proiektu bakoitzari, aldez aurrez zehaztutako balorazio irizpideei jarraituz, eta lortutako puntuazio guztien arteko batezbestekoa ezarriko da. Proiektu irabazlea puntuaziorik altuena duena izanen da.

4. Aurkeztutako proiektuek 30 puntu lortu beharko dituzte gutxienez, eta, aurkeztutako proiektuetako batek ere aipatutako puntuazioa lortzen ez badu, deialdia esleitu gabe gelditu dela deklaratuko da.

8. Deialdiaren ebazpena.

Epaimahaiaren erabakia Tokiko Gobernu Batzarrari emanen zaio modu loteslean, eta horrek dagokion konpromisoa onetsiko du, eta irabazi duen erakundearekin edo batasun/partzuergoarekin hitzarmen bat sinatzeko baimena emanen du.

Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, administrazio prozeduraren araudian agindutakoari jarraikiz.

9. Hitzarmena.

Burlatako Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du erakunde edo batasun/partzuergo irabazlearekin. Hitzarmen horretan, haren eta Udalaren arteko harremanak arautuko dira, baita alderdi hauek ere: finantzabidea, berrikuspen ekonomikoa, entitate onuradunaren betebeharrak, proiektuaren jarraipena eta justifikazioa eginez eman behar diren ordainak, baita gerta daitezkeen arau hauste eta zehapenak ere, baldintzak betetzen ez badira.

Hitzarmen horren iraupena 2023ko abenduaren 31n bukatuko da betiere.

10.–Justifikazioa.

Dirulaguntzaren onuradun den erakunde edo batasun/partzuergoak, ezarritako lankidetza hitzarmenean bildutakoari kalterik egin gabe, Burlatako Udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko ditu deskribapen txostena (memoria) eta urteko justifikazioa, bai eta erantzukizunpeko adierazpen bat ere, estatuko, Nafarroako eta tokiko ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzen duena.

Agiri horiek guztiak lehiaketa esleitu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31n bidali beharko dira beranduenez, eta orobat hurrengo urteetan.

Proiektuaren azken ebaluazioa eta gastuen justifikazioa ere aurkeztu beharko ditu, 2023ko abenduaren 31n, eta agiri horiek aurkezteko azken eguna 2024ko otsailaren 15a izanen da.

Erakunde onuradunak betebeharrak betetzen ez baditu eta/edo laguntza ekonomikoak zertarako erabili diren behar bezala justifikatzen ez badu, dirulaguntza itzuli egin beharko da.

11.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna bestelako laguntzekin.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo estatuko Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundetatik etorrita ere. Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera eta baliabide batzuk gehituta–, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Horretarako, zinpeko aitorpena egin beharko da, bai eskabidean, bai diruz lagundutako proiektu bererako eskatutako edo emandako beste dirulaguntza batzuen urteko eta amaierako memoria eta justifikazioetan.

Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta deialdi honetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena, dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako baldintzetan.

Erakunde eta elkarte onuradunei emandako funtsengatik sortzen diren finantza etekinek emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handituko dute, eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

12.–Aurrerakinak.

Erakunde onuradunarekin sinatutako dirulaguntza arautzen duen hitzarmenean, urtean % 70era arteko aurrerakinak emateko aukera ezartzen ahalko da, bai eta berme araubidea arautzeko aukera ere, 38/2003 Legearen 34.4 artikuluaren arabera.

13.–Zigorrak.

Ondoko kasuetan, Burlatako Udalak komenigarrien iruditzen zaion moduan zigortuko du, are hitzarmena salatuz eta emandako dirua itzularaziz ere:

–Emandako dirulaguntzaren xedeak betetzen ez direnean.

–Ekintzak eta/edo gastuak justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean.

–Finantza erakundeari dirulaguntza jasotzeko ezarririko baldintzak betetzen ez direnean.

–Dirulaguntza eskuratzeko datuak ezkutatzen edo faltsutzen direnean.

14.–Datu pertsonalen babesa.

Burlatako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna.

Tratamenduaren xedea: laguntzen deialdia egitea. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak betetzen ote diren baloratzea. Emandako laguntzen jarraipena eta kontrola egitea. Eskubideak: datuak eskuratzeko, haiek zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, udal bulegoetara jo beharko duzu, edo dpd@burlada.es helbidera idatzi.

Informazio gehiago: Pribatutasun Politika, http://www.burlada.es/eu webgunean.

ERANSKINAK

1. eranskina. Eskabidea.

2. eranskina. Proiektuak aurkezteko inprimakia.

3. eranskina. Zinpeko aitorpena.

*Deskargatzeko formularioak PDF formatuan daude.

4. ERANSKINA

Garapenerako hezkuntzari eta sentsibilizazioari dagokion puntuazioaren banakapena

Helburuak, jarduerak, parte hartzaileak, aurrekontua eta ebaluazioa.

–Helburuak. (2 puntu)

–Biztanleriaren zer sektoreri zuzendurik dagoen. (2 puntu)

–Inplikatzen dituen udal alorrak. (1 puntu)

–Ekintza aurreikusiak. (3 puntu)

–Eragileak Burlatan eta helmugako herritarren artean (3 puntu)

–Hala badagokio, proiektuaren xede den jatorri bereko burlatarrek parte hartzea. (1 puntu)

–Aurreikusitako kostua/finantzaketa. (1 puntu)

–Jardueraren ebaluazioa. Metodoa eta epeak. (2 puntu)

Iragarkiaren kodea: L2007343