180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

460E/2020 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita osasun zientzietako ikerketa proiektuak egiteko, SARS-CoV-2 birusaren 2020ko pandemiari lotuta. DDBN identifikazioa: 516380.

Osasun Departamentuak bere gain hartua du Nafarroan osasun zientzien arloko ikerketa sustatzeko ardura, zenbait legek ezarritakoarekin bat (Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea eta Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea), eta, orobat, bete dadin Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen Hamargarren Tituluan, “Osasunaren irakaskuntza eta ikerketa” izenekoan, aurreikusitakoa.

2020ko urtarrilean, Coronaviridae familiako birus mota berri bat identifikatu zen, SARS-CoV-2 izenekoa. Birus horrek agerraldi bat eragin zuen, Nazioarteko Osasun Erregelamenduko Emergentzia Batzordeak Nazioarteko Garrantzia duen Osasun Publikoko Emergentziatzat jo zuena. Izan ere, milaka kasu jakinarazi dira, lotutako hilkortasun-tasa handia dakartenak berekin. 2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia egoera deklaratu zuen, mundu mailako osasun emergentzia eragiten ari dena.

Pandemia kontrolatzeko, gaixotasunari buruzko ikerketa sustatu ere egin behar da. Ahalik eta gehien jakin behar da gaixotasunari buruz eta balizko neurri kliniko eta laguntzazkoei buruz, baita osasun publikoko neurriei buruz ere, horiek guztiak berehala ezar daitezen pertsonen osasuna babeste aldera eta COVID-19aren hedapena murrizte aldera.

Ebazpen honen helburua da SARS-Cov-2 birusak eragindako pandemia ezagutzeko ikerketa proiektuak sustatzea, lehentasunezko arloa baita Osasun Departamentuan.

Hori dela-eta, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Zuzendaritzak proposatuta eta Ogasunak Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasunarekin, Osasun Zuzendaritza Nagusiak uste du egokia dela osasun zientzietako ikerketa proiektuen deialdia egitea SARS-CoV-2 birusaren 2020ko pandemiari lotuta.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. COVID-19ari buruzko ikerketa proiektuen 2020ko deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Guztira, 280.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatu gastua 2020ko Aurrekontu Orokorren “Osasun zientzietako ikerketa proiektuak” izeneko 512002 51350 7819 465102 partidari egotziko zaio.

2020ko ekitaldian partida horretan kreditu erabilgarri gehiago izanez gero, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

3. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, Ogasunak duen kontu-hartzaileari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 18an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da osasun zientzietako ikerketa proiektuak sustatzea SARS-CoV-2 birusaren pandemiari lotuta. Ikerketa proiektuek gai hauen ingurukoak izan beharko dute:

–Diagnostikoa aurresateko tresnak garatzea, COVID-19aren ondoriozko infekzio larria izateko arriskua duten taldeak identifikatzeko.

–COVID-19a duten pazienteei arreta ematen dieten profesionalen osasun fisikoan eta mentalean izandako inpaktua aztertzea.

–Osasun baliabideen beharrak aurresateko tresnak garatzea, COVID-19aren epidemia baten aurrean.

–COVID-19ari emandako erantzunaren inpaktua aztertzea honako hauek eskura izateari eta erabiltzeari dagokionez: osasun baliabideak, oinarrizko osasun-laguntza, larrialdi zerbitzuak, ospitaleko laguntza orokorra eta zainketa kritikoetako laguntza.

–Behaketa epidemiologikoko metodologia: COVID-19ari lotutako egoera epidemiologiko, hilkortasun-tasa eta gaixotze-tasari buruz erabilgarri dauden adierazleen baliotasuna, kalitatea eta fidagarritasuna aztertzea.

–Koronabirusaren uhin epidemikoetan alerta goiztiarra eta analisi geoespaziala aurresateko sistemak garatzea.

–Nafarroako profesional soziosanitarioek COVID-19aren seroprebalentzia agertzeari buruzko analisi epidemiologikoa.

–COVID-19aren ondorengo aldian osasuna sustatzeko gaitasunak garatzea.

–Osasuna Politika guztietan, COVID-19aren epidemia globalean. Osasunean duen inpaktua ebaluatzea.

–Egungo pandemia globaletik ikasi beharrekoak. Bereziki zainketa epidemiologikoari, osasun arloko adimenari eta osasun publikoari dagokienez.

2. Onuradunak.

Dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten ikerketa taldeak:

2.1. Ikerketa taldea ikertzaile nagusi batek eta ikertzaile laguntzaile batek edo zenbaitek osatuta egonen da.

2.2. Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:

a) Ez egotea, deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Osasun Departamentuak finantzatutako inongo proiektu aktibotan, ez ikertzaile nagusi gisa ez ikertzaile laguntzaile gisa.

b) Deialdi honetan proiektu bakarrarekin parte hartzea.

c) Nafarroako sare publikoko osasun zentro bati edo Nafarroan kokaturiko unibertsitate bati atxikita egotea, edo irabazi-asmorik gabeko Nafarroako beste erakunde publiko edo pribatu bati.

d) Aurreko puntuan adierazitako zentro publiko edo pribatuekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako lotura izatea, gutxienez ere finantzaketa eskatzen denetik esleipenaren ebazpena eman arte.

Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren ikerlari nagusiak lotura galtzen badu, entitate onuradunak eskatu beharko du ikertzaile nagusia edo zentroa aldatzeko.

e) Osasun prestakuntza espezializatuko programa bat egiten ez aritzea goiko d) letran adierazitako epe berean.

d) Ikertzaile nagusiak ezin du proiektu bat baino gehiago aurkeztu deialdi honetara, eta ezin arituko da, aldi berean, ikertzaile laguntzaile gisa, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan.

2.3. Ikertzaile taldeko gainerako kideek ezin izanen dute parte hartu deialdi honetan aurkeztutako proiektu batean baino gehiagotan, ezta aldi berean aritu ere, ikertzaile laguntzaile gisa, Osasun Departamentuak finantzatuta abian dagoen beste ezein proiektutan.

3. Proiektuen betebeharrak.

Finantzaketaz baliatu ahal izateko, onuradunek aurkezten dituzten proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Deialdi honen 1. oinarrian ezarritako arloren batekoak izatea.

3.2. Ikertzaile nagusi bakarra izatea, proiektuaren exekuzio zientifiko-teknikoaz arduratuko dena.

3.3. Proiektuan parte hartzen duten zentroetako bat gutxienez Nafarroan kokatutako osasun zentro bat izatea. Horren ondorioetarako, Osasun Departamentuak deialdiaren egunean baimendurik dituen zentroak hartuko dira osasun zentrotzat.

3.4. Ikerketa proiektuek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere.

Aurkeztutako agirietan ikusten bada aipatutako baldintzaren bat ez dela betetzen, proiektua baztertuko da, zuzentzeko aukerarik eman gabe.

4. Ikerketa proiektuen gehieneko iraupena.

Ikerketa proiektuek 12 hilabete iraunen dute, gehienez ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

5. Eskabideak.

5.1. Ikerketa taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera:

1. agiria.–Ikertzaile nagusiak eta ikerketa taldeko kide guztiek sinatutako eskabidea. Horrekin batera, proiektuko ikertzaileen zentroetako zuzendaritzen adierazpena aurkeztuko da, non adieraziko baita zuzendaritzak onartzen duela proiektua bat datorrela unitateak ezarritako ikerketa-ildoekin, proiektua eta eskatutako ordu guztiak baimentzen direla eta, hala, ordu horiek ikertzailearen lanaldiaren barrenean konputatuko direla.

2. agiria.–Ikerketa proiektuaren memoria, eta haren atalen artean erantsi behar dira emaitzak aplikatzearen ondorioz aurreikusten den eragina eta aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehatua.

3. agiria.–Ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculum vitaea, adierazten dituena proiekturako interes handiena duten alderdiak. Horretarako, bakarrik erabiliko da oinarri honetako 2. atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatua, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek bere baitan biltzen badu Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoko eredu normalizatuan zehazten den informazio berbera (eragin faktorea, etab.). Ikerketa taldeko kidetzat ez dira hartuko soilik aholkularitza lanak egiten dituztenak.

4. agiria.–Ikertzailea edo ikertzaile nagusia zer zentrotan ari den, bertako Ikerketaren Etika Batzordeak egindako txostena, deialdian aurkeztutako proiektuaren balorazio positiboa egiten duena. Zentroan Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak eginen du ebaluazioa. Saio kliniko bat izanez gero, txosten bana egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Etika Batzordeak eta Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioko Botiken eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak. Proiektuarekin batera Batzordeari egindako eskaera besterik ez da aurkeztu beharko; txostena, betiere, laguntza ematearen gaineko behin betiko ebazpenaren aurretik aurkeztu beharko da.

5. agiria.–Adierazpena, helburu bererako beste finantziazio edo laguntzarik eskatu ez dela dioena.

6. agiria.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradunak (pertsona fisikoen kasuan) edo entitatearen ordezkariak (pertsona juridikoen kasuan) luzatua, entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek “dirulaguntzen onuradun” izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

Eskaera aurkezteak berekin dakar Osasun Departamentuari baimena ematea Nafarroako Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5.2. Agiri horiek egiteko txantiloi normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko zerbitzuen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Eskabideak aurkezteko, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

6.3. Eskabideak akats konpongarriren bat baldin badu, instrukzio organoak mezu elektroniko baten bidez eskatuko dio entitateari 10 egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta jakinaraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta eskaera artxibatuko dela, behar den ebazpena emanda.

6.4. Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

6.5. Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak osorik onartzea.

7. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

7.1. Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari dagokio, eta hark egiaztatuko du ea deialdian parte hartzeko behar diren baldintzak betetzen diren.

7.2. Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

7.3. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, ondorioz, onartzen diren eskaerak Ebaluazio Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu, deialdi honetan finkatutako irizpideei jarraikiz, haiek baloratzeko proposamena egiteko.

Aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko, organo horrek eska dezake aditu independenteen lankidetza, aholkularitza jasotzeko.

Era berean, proiektuen kalitate zientifikoa eta teknikoa baloratzeko txostenak ematea eskatzen ahalko die entitate edo aditu independenteei, interes gatazkarik eza eta konfidentzialtasuna egiaztatu ondoren betiere. Txosten horiek aukerakoak eta ez-lotesleak izanen dira.

Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua:

Titularra: Javier Abad Vicente jauna. Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.

Ordezkoa: Javier Garjón Parra. Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzua. O-NOZ.

–Batzordekideak:

Aurelio Barricarte Gurrea jauna. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Atala. Ordezkoa: Marina Itziar Casado Buesa andrea. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Transmitigarrien eta Txertaketen Atala.

Tarsicio Forcén Alonso jauna. Tafallako Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldea. Ordezkoa: Nerea Egüés Olazábal andrea. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala.

Javier Baquedano Arriazu jauna. Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Plangintza eta Kudeaketa Klinikoaren Zerbitzua. O-NOZ. Ordezkoa: Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Rafael Sádaba Sagredo jauna. Bihotzeko Kirurgiaren Zerbitzua. Nafarroako Ospitalegunea. O-NOZ. Ordezkoa: Isabel García Romero andrea. Osasun Departamentuko Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Atala.

–Idazkaria:

Titularra: Idoia Gaminde Inda andrea. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Ordezkoa: Carmen Beorlegui Arteta. Osasun Departamentuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

7.4. Instrukzio organoak, Ebaluazio Batzorde Teknikoaren ebaluazioa ikusirik, ebazpenerako proposamen arrazoitua prestatu eta Osasuneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

8. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Ebaluazio Batzorde Teknikoak irizpide hauek aplikatuz baloratuko ditu eskaerak:

1. Kalitatearen eta interes zientifikoaren balorazioa (50 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Hipotesia eta helburuak (25 puntu gehienez), honako azpi-irizpide hauekin bat:

–Hipotesiaren eta helburuen argitasuna, zehaztasuna eta egokitasuna (12 puntu gehienez): argitasuna, zehaztasuna eta proiektuarekiko egokitasuna baloratuko dira.

–Proiektuaren gai berariazkoaren ezagutza zientifiko-teknikoen aurrekariak eta egungo egoera (13 puntu gehienez): baloratzeko, kontuan hartuko dira ikerketaren testuingurua, marko teoriko kontzeptualaren garapena, proposatutako ikerketa aferari buruzko deskribapen integrala, gaiari buruz dauden ezagutzen berrikuspena eta horiek jasotzea bibliografia eguneratu eta osatu batean.

b) Metodologia: proiektuaren metodologiaren alderdi azpimarragarrienak eta mugapen nagusiak baloratuko dira, eta batez ere metodoa egokia ote den proposatutako helburuetarako (diseinua, xedeko biztanleria, aldagaiak, kalitatea neurtzeko mekanismoak, datuen analisia, azterketaren mugak) (25 puntu gehienez).

Metodoaren ebaluazioan, oso alde handia dago bizitzaren zientzien arloko proiektuetan, gizakiekin egindako azterketak izan edo ez izan. Oro har, proiektu guztiek honako hauek frogatu beharko dituzte:

–Aztertuko den lagina balekoa dela planteatzen diren helburuetarako.

–Erabiliko diren metodoak eskuratzeko modukoak direla taldearentzat.

–Kontuan hartu direla gerta litezkeen ezusteko eta bazterketak, lortutako emaitzen baliozkotasuna mugatuko dutenak.

Gizakiak erabili behar dituzten azterketen proiektuak izanez gero, puntuazioa irizpide hauen arabera emanen da:

–Ezin hobea (20 eta 25 puntu bitarte): diseinua zuzena bada, hautatutako biztanleria aipatzen bada eta zuzena bada, laginketa aipatzen bada eta zuzena bada, laginaren tamaina aipatzen bada eta egoki kalkulatzen, aldagaiak aipatzen eta azaltzen badira, datuen analisia aipatzen eta azaltzen bada, eta proposatutako helburuekin bat badator.

–Hala-holakoa (10 eta 19 puntu bitarte): diseinua, hautatutako biztanleria, laginketa eta datuen analisia nahiko argi ondorioztatzen ahal badira, laginaren tamaina aipatzen bada eta aurretiazko zentzuzko esperientzian oinarritzen bada.

–Gutxienekoa (0 eta 9 puntu bitarte): diseinua, hautatutako biztanleria eta laginketa ez badira aipatzen eta/edo ez badira argi ondorioztatzen, laginaren tamaina ez bada aipatzen, aldagaiak ez badira aipatzen eta datuen analisia ez bada jasotzen.

Baldin eta, proiektu batean, metodoak deskribatzerakoan teknika sail bat aipatu besterik egiten ez bada, helburuekin lotura zuzenik izan gabe, horrek agerian uzten du proposatzen den ikerketaren gaineko ezagutza eza, eta, beraz, puntuazioa 0 izanen da horrelakoetan.

Antzeko irizpideak erabiliko dira beste azterketa mota batzuen puntuazioa emateko orduan.

2. Ikerketa proiektuaren emaitzen eraginaren aurreikuspena epe laburrean eta epe ertainean (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Proiektuaren eragina, bai osasunerako dituen emaitzen ikuspegitik (5 puntu gehienez), bai ekitatea aintzat hartuz (gizatalde kalteberekin jardutea, osasunari lotutako alderdi sozialak, etikoak edo lege arlokoak ebaluatzeko gaitasuna) (5 puntu gehienez).

b) Osasun zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa hobetzeko gaitasuna (segurtasuna, zerbitzuen koordinazioa eta informazio sistemak hobetzea, eta/edo jardun klinikoaren aldakortasuna murriztea) (10 puntu gehienez).

c) Aukera izatea proiektuaren emaitzek patenteak sortzeko, produktuak merkaturatzeko edo spin-off konpainiak eratzeko. (5 puntu gehienez).

3. Egingarritasuna: baloratuko da zer gaitasun duen ikerketa taldeak proiektua aurrera ateratzeko proposatutako terminoetan, kontuan hartuz, bereziki, taldearen aurretiazko esperientzia, ikerketa taldeak duen gaitasuna proiektuan programatutako jarduerak egiteko, eta lan planaren eta proiektua kudeaketaren egokitasuna (25 puntu gehienez). Honako hauek baloratuko dira:

a) Ikertzaile nagusiaren eta ikerketa taldeko gainerako kideen gaitasun zientifiko-teknikoa: jakintza arloa, eragin faktorea eta beste ikerketa proiektu batzuetan izandako parte-hartzea (15 puntu gehienez). Azken 7 urteetan proiektuetan izandako parte-hartzea eta ekoizpena besterik ez da hartuko kontuan.

“Argitalpenak” atalak % 70eko pisua izanen du, eta “Proiektuak” atalak, berriz, % 30ekoa.

–Argitalpenen atalean (10,5 puntu gehienez), gehieneko puntuazioa emanen da ikertzaile nagusiak artikuluak erregulartasunez argitaratzen dituenean JCRn dauden aldizkarietan, ikertzaile nagusi gisa agertzen bada lehenengo kuartileko argitalpenetan (batez beste 1-2 argitalpen, urtean), horietako batzuk lehenengo dezilean egonik (batez beste 1 argitalpen, 1-2 urtez behin). Puntuazio ertaina emanen da (5 puntu) ikertzaile batek artikuluak erregulartasunez argitaratzen dituenean JCRn dauden aldizkarietan (batez beste 1-2 argitalpen urtean), ikertzaile nagusi gisa agertzen bada lehenengo kuartileko 2 argitalpenetan.

–Proiektuen atalean, lehiaketa-deialdietan finantzatutakoak bakarrik hartuko dira kontuan (4,5 puntu gehienez), gehieneko puntuazioa emanen da ikerketa taldeko kideetako bat gutxienez (ikertzaile nagusia nahiz kolaboratzaileak) ikertzaile nagusi izan denean modu erregularrean proiektu nazionaletan edo europarretan (batez beste 1 proiektu 3-4 urtez behin). Puntuazio ertaina emanen da (2 puntu) ikerketa taldeko kide bat, behintzat, ikertzaile nagusi izan denean beste proiektu batzuetan, autonomia erkidegoetakoak barne.

b) Lan plana (10 puntu gehienez): baloratuko da kronograma bat aurkeztea, zeinetan deskribatuko baitira fase nagusiak, zehaztuta proiektuaren fase bakoitzean egin beharreko lanak, mugarriak eta arduradunak (5 puntu gehienez); organigrama soil bat, hierarkiak eta lan fluxuak azaltzen dituena proiektuari lotutako pertsonen eta taldeen artean (2 puntu gehienez); eta baliabideak kudeatzeko plan bat, zehazten duena zein diren beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak.

9. Zenbatekoa zehaztea.

Ikerketa talde bakoitzari emanen zaion dirulaguntza % 100ekoa izanen da, oinarri hartuta 7. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz hautatutako proiektuen kostua (proiektua egoki gauzatzeko beharrezkotzat jotzen badira gastu horiek). Hala ere, ez dira gaindituko, zeharkako kostuak barne (% 15), 35.000 euroak proiektuko. Proiektuak puntuazio-ordenaren arabera finantzatuko dira.

Azkeneko proiektuarentzat gelditzen den finantzaketa ez bada iristen eskatutakoaren % 100era, soberako gerakinari dagokion ehunekoa eman diezaiotela proposatuko da betiere portzentaje hori eskatutakoaren % 60 baino gehiago bada, baina behin betiko kontzesioaren proposamena egin baino lehen, ikertzaile nagusiari hamar eguneko epea eskainiko zaio aukeratu dezan ea dirulaguntza hori onartzen duen (kasu horretan, diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatu beharko du) edo uko egiten dion. Baldin eta aukeratzen badu dirulaguntza onartzea, proiektua osorik exekutatu beharko da, eskaeran adierazitakoarekin bat. Diruz laguntzen ez den zatia kofinantzatzeko asmoz, kanpoko finantzaketa osagarria eskatzen ahalko da, eta 13. oinarriko 7. apartatuan ezarri bezala jakinarazi beharko da.

10. Gastu finantzagarriak.

10.1. Onartzen den finantzaketa ondoren aipatzen diren gastuak estaltzeko erabiliko da, betiere proiektuaren exekuzioarekin zuzeneko lotura badute eta eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jaso baldin badira:

a) Langile teknikoak kontratatzeko gastuak. Proiektua gauzatzeko, parte hartzen duten erakundeekin funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun gisako loturarik ez duten langile teknikoak kontratatzen ahalko dira, proiektua gauzatzeko aurreikusitako denbora osoan edo zati batean aritzeko. Kontzeptu horren barrenean gehienez ere 24.500 euro finantzatuko dira, Gizarte Segurantzako kuotak barne.

b) Proiektua gauzatzeko gastuak, honakoak barne:

–Material inbentariagarria (18.000 eurotan, gehienez), proiektua gauzatzeko ezinbestekotzat jotzen bada, eskura ez dagoena edo, eskura egon arren, oso-osorik edo gutxienez % 80an proiekturako behar dena. Berariaz salbuesten dira altzariak eta instalazioak, baita ekipo informatikoen erosketa ere.

–Material suntsikorra.

–Zerbitzu profesionalak, ordukako kalkulua adierazita, edo egindako lan unitateka (inkestak, aholkularitzak, etab.).

–Bestelako gastu osagarriak, diren bezalakoak izateagatik aurreko ataletan sar ez daitezkeenak. Biltzar eta bilera zientifikoetara joateko gastuak ez dira finantzatuko.

c) Zeharkako kostuak: Proiektuari ematen zaion zenbatekoaren barruan zuzeneko kostuen % 15 sartuko da proiektuaren kudeaketarekin lotutako gastuetarako.

10.2. Ikerketa taldeko kideek, osasun prestakuntza espezializatua egiten ari diren profesionalak barne, ezin izanen dute inolako ordainsaririk jaso proiektuaren kargura.

10.3. Aurkezten diren gastuak, betiere, proiektuaren helburuak lortzeko beharrezkoak izanen dira, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

10.4. Proiektuak gastu finantzagarrien % 100 adinakoa den dirulaguntza eskuratzen badu, dirulaguntza ez da bateragarria izanen beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin.

Proiektuak ez badu eskuratzen kostuaren % 100eko finantzaketa eta ikertzaile nagusiak proposatu eta onartzen badu 9. oinarrian xedatutakoaren arabera gerakinari dagokion portzentajea ematea, dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, diruz lagundu gabeko zatia kofinantzatzeko asmoa izanez gero. Nolanahi ere, laguntza edo dirulaguntza horien zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntza honekin batuta, onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

11. Ematea.

11.1. Instrukzio organoak proposatuta, Osasuneko zuzendari nagusiak dirulaguntzak ematea edo ukatzea ebatziko du hilabeteko epean gehienez.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Kontzesio ebazpenean jasoko dira onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuen identifikazio zenbakia, ikertzaile nagusia, laguntzaren zenbatekoa, ordainketa modua eta epea eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea, bai eta onuradun bakoitzari diruz lagundu ez zaizkion proiektuen identifikazioa, arrazoiak emanda.

11.2. Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie, baita haien entitate kudeatzaileei ere, administrazio prozedura arautzen duen legediak ezarri bezala, eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

12. Proiektuaren kudeaketa eta ordaintzeko prozedura.

12.1. Proiektuaren kudeaketa ikertzaile nagusiaren ardura da. Nolanahi ere, oro har, lankidetza hitzarmen bat sinatuko du bera kide duen zentroari lotutako entitate kudeatzaile batekin. Nafarroako Gobernuaren eta haren erakunde autonomoen menpeko zentroen ikertzaileen kasuan, entitate kudeatzailea Miguel Servet fundazioa izanen da.

12.2. Ikertzaile nagusiaren izenean ordainduko da proiektuari esleitutako zenbatekoa, entitate kudeatzailearen kontabilitateko kontuaren bidez, proiektua identifikatuta. Hori helburu, laguntza emateko ebazpenean 2020. urtean proiektuari esleitutako zenbatekoak ordaintzeko aginduko da, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.

12.3. Proiektuari egozten ahal zaizkion gastuak proiektua bukatutakoan erregularizatuko dira, azken memoria aurkeztuta, eta, behar den fiskalizazioa eginda, espedientea itxi eginen da.

13. Proiektua gauzatzea.

13.1. Proiektua bertan ezartzen diren aurreikuspenen arabera gauzatuko da, eta oso-osorik gauzatu beharko da, eskatzen denari jarraikiz.

13.2. Baldin eta, behin kontzesio ebazpena emanda, proiekturako aurreikusitako garapenean edozein gorabehera edo aldaketa badago diruz lagundutako jarduera garatzen den bitartean, entitate/pertsona onuradunak proiektuaren edukia aldatzeko eskatuko du Osasun Zuzendaritza Nagusian, behar bezala arrazoituta eta dokumentatuta. Edonola ere, ezin izanen da aukera eta egokitasun arrazoietan oinarritu, ez eta erruagatik edo arduragabekeriagatik onuradunari egozten ahal zaizkion kausetan ere. Eskaera berehala aurkeztu behar da, eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena aldatzeko eskaera justifikatzen duen inguruabarra gertatu zenetik, betiere jarduera egiteko epea amaitu aurretik. Aldaketa idatziz baimendu beharko du aurretik Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak, eta organo emaileak eman beharko du.

13.3. Baldin eta eskatutako aldaketak berekin badakar jardueraren helburuak edo izaera aldatzea, ezin izanen da halakorik baimendu.

13.4. Eskatutako aldaketak jardueraren izaera edo helburuak errespetatu bai baina aldaketa baldin badakar laguntza emateko ebaluatutako baldintzetan, edota funtsezko aldaketaren bat proiektuaren edo jardueraren gastuetan edo baldintza teknikoetan, instrukzio organoari bidaliko zaizkio bai eskaera bai dagokion dokumentazioa, azter ditzan eta txostena egin dezan, gero dirulaguntza ematen duen organoari bidali eta hark erabakia har dezan.

13.5. Aldaketa eskaerak norgehiagokako prozedurari eragiten badio, ezin izanen da aldaketa baimendu.

13.6. Proiektua gauzatzean, beharrezkotzat jotzen bada gastu mota bakoitzari esleitutako zenbateko partzialetan aldaketak egitea, proiektuari emandako zenbateko osoa gainditu gabe, proiektuaren ikertzaile nagusiak eskatu beharko dio, idatziz eta behar bezala arrazoituz, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari.

13.7. Proiektua garatzeko eskatutako finantzaketaren % 100 eskuratu ez duten proiektuei dagokienez, organo emaileari jakinarazi beharko diote ea lortu dituzten diruz lagundutako jarduera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, finantzaketa hori baimentzen duen ohiz kanpoko kasuan, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat. Hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

13.8. Proiektuak ikerketaren etikari buruz dauden adierazpen, protokolo eta hitzarmen nazional zein nazioartekoetan ezarritako funtsezko printzipioak errespetatu beharko ditu, baita ikerkuntza, garapen eta berrikuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruzko legedi nazional eta autonomikoetan ezarritako baldintzak ere.

14. Proiektuaren amaiera eta justifikazioa.

14.1. Proiektuak onartzeko ebazpenean proiektua bukatzeko agertzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epean, ikertzaile nagusiak honako hauek jasoko dituen azken memoria aurkeztuko du Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuan:

a) Memoria teknikoa, ikerketa lanaren emaitzak jasotzen dituena, ikerketaren inpaktua barnean duela: inpaktu bibliometrikoa; jardun klinikoaren gaineko inpaktua edo osasun arloko politiken gainekoa; eta osasunaren gaineko inpaktua edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorreraren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorreraren gainekoa.

b) Memoria ekonomikoa, zeinetan justifikatuko baitira izandako gastuak emandako finantzaketari dagokionez. Bertan, zehazki adieraziko dira proiektua finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, dirulaguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere, eta proiektuaren kostu osoa.

Memoria ekonomikoari fakturen kopia erantsiko zaio. Fakturen kopiekin batera, gastuen zerrenda zenbakidun bat aurkeztuko da, gastuen kontzeptuen arabera zehaztutakoa, bat etorriz Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin.

Gastuen frogagiriak (fakturak edo froga balioa duten bestelako agiriak) ikertzaile nagusiak sinatu behar ditu, eta adierazi behar da zer proiekturi egozten zaizkion, proiektuaren zenbakia jarrita.

Gastuen frogagirien kopiak aurkezten badira, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak, zalantzak izanez gero, jatorrizkoak eskatzen ahalko ditu, kopiak eta jatorrizkoak erkatze aldera.

Edonola ere, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari dagokio behar diren ikuskapenak egitea eta bidezko erregulazioak proposatzea.

14.2. Proiektua bukatuta, Osasun Departamentuak bere beharren arabera erabiltzen ahalko du finantzatutako material inbentariagarria.

15. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Ikerketa proiektuaren emaitzen gaineko argitalpen zientifiko, ahozko komunikazio eta, oro har, zabalkunde lan guztietan, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko da. Produkzio horien berri Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari emanen zaio, proiektuaren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, kontuan izan gabe azken memoria noiz igorri zen.

f) Proiektua gauzatuko duen zentroak edo erakundeak aseguru bat izan beharko du hirugarrenak eta zentroa bera estaltzeko proiektua gauzatzearen ondoriozko arriskuen aurrean.

g) Ikerketa proiektuek honako hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak eta baldintzak bete beharko dituzte: Helsinkiko Adierazpena, Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legea, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruz apirilaren 27an emandako 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta ikerketa biomedikoaren arloan aplika daitezkeen gainerako arauak.

h) Animaliekin saiakuntzak egiten dituzten proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege dekretu horren bidez, oinarrizko arau batzuk ezarri ziren saiakuntzak egiteko eta beste helburu zientifiko batzuetarako, irakaskuntza barne, erabiltzen diren animaliak babesteko.

i) Saiakuntza klinikoak diren proiektuek indarra duen lege araudian ezarritakoa bete beharko dute, abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuaren arabera. Errege dekretu horrek botikekin egiten diren saiakuntza klinikoak arautzen ditu.

j) 16. oinarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hori egiteko betebeharra badute.

k) Diruz lagundutako proiektu bakoitzean, sarreren eta gastuen kontuak bereiz eramatea.

l) Frogatzea hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori ematen duten entitateak aski ez badira merkatuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Horretarako, gutxienez hiru hornitzaileari eskatutako aurrekontuak aurkeztuko dira, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela frogatzeko agiriarekin batera.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak behartuta daude ondoren aipatzen diren arauetan jasotako dokumentazioa aurkeztera, baldin eta, entitate pribatuak izanik, jasotako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa bada urte batean (hots, aurrekontu ekitaldiari lotutako urte natural batean) edo jasotako dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 badira gutxienez, betiere 5.000 eurora iristen badira. Hauek dira aipatu arauak: Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituena. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Emateko ebazpenarekin batera aitorpen eredu bat bilduko da, eta hilabeteko epean igorri beharko da, ebazpena jasotzen denetik hasita.

Aipatutako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da bakarrik, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Entitate publikoei dagokienez, erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako gardentasun arloko betebehar orokorrak bete izanari buruz. Foru lege horrek eskatzen duen informazio osoa argitaratu ezean, informazio hori igorri beharko dio organo kudeatzaileari, entitate pribatuek egiten duten bezala.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, ezer kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. Emaitzetan parte hartzea.

Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

18. Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko tratamenduan dago. Hori ikus daiteke Nafarroako Gobernuko Atarian, honako helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

19. Laguntza itzultzea.

19.1. Proiektuaren finantziazioa eten daiteke, eta hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

19.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

19.3. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Gertatuko balitz laguntza itzultzea ez-betetze bat gertatu delako, dirulaguntza jaso duen entitate onuraduna izanen da erantzule Osasun Departamentuaren aurrean.

20. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen den dirulaguntzaren onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

21. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

22. Oinarri arautzaileen aurka bidezko diren errekurtso administratiboak.

Oinarri arautzaile hauen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

Iragarkiaren kodea: F2008065