173. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

239E/2020 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, 2020koa, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei. DDBN identifikazioa: 513987.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak bultzatu ohi du sektorean inbertsioak egin daitezen, eta helburua da turismo arloko azpiegiturak modernizatzea, Nafarroaren irudiarekin bat datozen kalitate maila izateko, kalitate maila ezin hobeak, alegia.

Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoan (2018-2025) aurreikusitako jarduera da, honako izena daraman helburu estrategikoaren barruan: “enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitatea, iraunkortasuna eta irisgarritasuna hobetzea”. Hala, turismoko instalazio eta azpiegiturak modernizatu eta egungo bezeroaren beharrizan eta gustuetara egokitzeko planteatzen du, sektorearen, eta, beraz, destinoaren gaitasun lehiakorra hobetzen lagunduko duelakoan, ezinbestean.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzek norgehiagokako araubidea betetzen dute, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen 2020ko deialdia onestea, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 400.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko. Turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzei buruzko 830001 83130 7709 432100 aurrekontu partidaren (PET. M307-8-9) kargura finantzatuko da, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretatik.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko uztailaren 2an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak arautzea. Aipatutako dirulaguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak hobetzeko eta berritzeko, baita Nafarroako turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko eta berritzeko ere.

Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantentzea, sendotzea eta hobetzea, turismoaren sektorea indartzearren eta lehiakorragoa izan dadin, horrela, Nafarroak destino gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 400.000 eurokoa da, honela zehaztuta, establezimendu turistiko diruz lagungarriaren arabera:

ESTABLEZIMENDU TURISTIKO MOTA

ZENBATEKOA

A

Hotel establezimenduak

130.000

B

Landetxeak eta apartamentu turistikoak

80.000

C

Kanpaleku turistikoak

80.000

D

Aterpetxeak

30.000

E

Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak

30.000

F

Jatetxeak

50.000

GUZTIRA

400.000

Turismo establezimendu mota baten eskaera guztiei heldu ondoan kreditu erabilgarririk badago, beste establezimendu mota batzuen eskaeretarako erabiliko da, honako honi jarraikiz eta ordena honetan:

–B, C, D, E edo F motakoen soberakinak A motako proiektuentzat erabiliko dira.

–A motakoen soberakinak erabiliko dira B, C, D, E eta F motako proiektuei laguntzeko, hurrenez hurren.

3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

2019ko azaroaren 5etik 2020ko irailaren 30era bitarte gauzatu beharko dira inbertsioak, egun hori barne. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, bete beharko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian jasotako partaidetza portzentajeak, non ez daukan eskatzaileak bestelako adierazpenik.

1.4. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.5. Baldintza orokorrak betetzen direla eskabide orriko “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez frogatuko da.

2. Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta agertzea turismo establezimenduaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa, 2019ko urriaren 1a baino lehenagotik.

2.2. Webgune propio eguneratua edukitzea, martxan eta gutxienez bi hizkuntzara itzulita, eta posta elektronikoa martxan edukitzea. Enpresa talde batekoa bada enpresa, ulertuko da baldintza horiek beterik daudela, baldin eta haren taldeak korporazio web bat eta posta elektronikoa baditu.

2.3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko ditu baldintza horiek, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin. Azken horrek Nafarroako Turismo Erregistroa kudeatzen du.

3. Turismo establezimenduek eta turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

3.1. Ekonomia jardueren gaineko zergaren (aurrerantzean, EJZ) 68. multzoaren (Ostatu zerbitzua –681. taldetik 687.era, biak barne–) epigraferen batean alta emanda eta Nafarroako Turismo Erregistroan ondotik ematen diren modalitateen barrenean inskribatuta egon behar dute ostatatzeko establezimenduek, horiek arautzen dituen honako araudi espezifikoari jarraikiz:

–Hotel establezimenduak, abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuarekin bat. Ostatatzeko etxeen kasuan, hostalaren edo hotelaren kategoriara igotzea dakarten proiektuak bakarrik onartuko dira.

–Apartamentu turistikoak, urriaren 16ko 230/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Kanpaleku turistikoak, martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.

–Aterpe turistikoak, abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuarekin bat.

–Landetxeak, ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuaren arabera, alta emanda daudenak EJZn, 683 taldean (“Landetxeetako ostatu zerbitzua”) edo 861 taldean (“Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua”).

3.2. Ekonomia jardueren gaineko zergaren 67. taldearen (“Elikadura zerbitzuak”) epigrafean alta emanda egon behar dute jatetxeek, 671. taldearen barruan (“Jatetxeetako zerbitzuak”), eta abuztuaren 28ko 56/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat inskribatuta egon behar dira.

Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.

Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako establezimenduak.

3.3. Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat inskribatuta egon behar dira.

3.4. Turismo establezimenduek ez dute zuzentzeke eduki behar hutsunerik beren instalazioetan, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak horren harira errekerimendurik jakinarazi duelako eta horretarako epea amaitu denean enpresak ez duelako egin zaion errekerimendua bete.

3.5. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko ditu baldintza horiek, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin.

EJZri buruzko informazioa web esteka honetan egonen da:

https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx

4. Eskaeren tratamendua kasu zehatz batzuetan.

4.1. Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko du establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, ostatatze turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.

4.2. Baldin eta bi inbertsio proiektu edo gehiago egiteko eskaera egiten badu enpresa berberak, lehen aipatutako irizpideak beterik, honako hau hartuko da kontuan:

a) Eraikin edo instalazio berean egin beharreko proiektuak badira, gehieneko aurrekontu bat onartuko da, proiektu bakarra balitz bezala, 6. oinarrian aurreikusitako ondoreetarako.

b) Guztiz bereizita dauden eraikin edo instalazioetan dauden establezimenduetan egin beharreko proiektuak badira, eskaera bat onartuko da establezimendu bakoitzeko.

5. oinarria.–Dirulaguntzarako onartzen diren jarduketak.

1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

1.1. Turismo establezimenduen ingurumen iraunkortasuna hobetzeko eta energia hobetzeko inbertsioak.

Ingurumenari laguntzen dioten jarduketak onartuko dira, baita eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak aplikatzea eta mugikortasun elektrikoa bultzatzea sustatzen dutenak, establezimendu turistikoek eginikoak, honako hauetan oinarritzen direnak:

–Isolamendu termikoko irtenbideak, leihoak, eguzkitiko babesa.

–Irtenbide bioklimatikoak.

–Energia berriztagarrien instalazioa, eguzki plakak eta abar.

–Klimatizazio eta argiztapen sistemen hobekuntza.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

–Antzeko beste jarduketa batzuk.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du.

–Eraginkortasun energetikoa sustatzeko, energia berriztagarriak aplikatzeko eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren % 60.

–Proiektua nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek babestu beharko du, eta nahitaez establezimendu turistikoaren auditoretza energetiko bat aurkeztu beharko da (UNE-EN16247ren araberakoa). Auditoretza hori honako honetan datza: leku, eraikin, sistema edo erakunde baten energia erabileraren eta kontsumoaren ikuskapenean eta analisian, energia fluxuak identifikatzeko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko potentziala ikusteko. Aurreikusitako inbertsioak auditoretza horretan aurreikusita egon beharko dira, eta aurrekontua bertan eginik izan behar dute.

–Auditoretza energetikoa eskaerarekin batera aurkeztuko da, eta eginiko jarduketen justifikazioa aurkeztean egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, enpresa edo profesional eskudun batek igorritakoa, adierazten duena eginiko inbertsioak auditoretza horretan jasota zeudela eta horren arabera egikaritu direla.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada eskatutako auditoretza energetikoa aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako ezarritako puntuazioa, baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritakoa.

1.2. Establezimendu turistikoan, mugikortasuna murriztua dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eraberritzeko, egokitzeko edo hobetzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenekoak kentzekoak ere.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du.

–Irisgarritasunaren arloan aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren % 60.

–Jarduketek Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea bete beharko dute, eragiten dien heinean.

–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko apartatuan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako ezarritako puntuazioa, baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritakoa.

1.3. Garapen teknologikoko inbertsioak.

Diruz lagungarritzat joko da kudeaketa edo merkaturatze sistemetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) sartzearen bidez oinarritutako hobekuntzak egitea, negozioaren kudeaketa hobetzeko.

Zehazki, diruz lagungarritzat joko da web orriak sortzea edo egokitzea, eskuragarri dagoen edozein erreserba plataforma integratzea dakartenak eta aukera ematen dutenak eskainitako zerbitzuak sarean kontratatzeko edo erreserbatzeko, erreserba elektronikoak egiteko eta kudeatzeko eta norbere produktuak zuzenean interneten bidez merkaturatzeko.

Inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Sistema estandarretan garatu beharko da tresna informatikoen aplikazioa, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko da.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

–Proiektu bat mota horretakotzat jotzen da garapen teknologikoko inbertsioetan egin beharreko jarduketen zenbatekoak dirulaguntza eskaeraren proiektu osoaren % 60 gainditzen duenean, proiektu mota horrentzako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa aplikatzeko.

1.4. Zikloturistarentzako instalazioak eta/edo zerbitzuak hobetzera bideratutako inbertsioak.

Onartuko dira instalazioak eta azpiegiturak egokitzera bideratutako jarduketak, zikloturistari hainbat zerbitzu emateko aukera ematen dutenak, esaterako, bizikletak gordetzeko espazioak, tailerretarako espazioak, garbitzeko guneak eta abar, baita aktibo finkoak, bizikletak eta zerbitzu horiek emateko beharrezko ekipamendua eskuratzea ere.

Soilik onartuko dira beren kokapenaren eta hurbiltasunaren ondorioz egokitutako eta seinaleztatutako bide berdeetan edo BTT ibilbideetan ibiliko diren zikloturistentzat zerbitzu horiek eman ditzaketen establezimendu turistikoek, web orrian eskaintza turistiko hori sustatzeko tresna bat dutenek, eginiko inbertsioak.

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du.

–Zikloturistentzako instalazioak hobetzeko inbertsioen arloan egitea aurreikusitako jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren % 60.

–Jarduketak proiektu integral, zehatz eta espezifiko baten parte izan beharko dira, zikloturistentzat definitutako eta haiei bideratutako proiektu baten parte. Proiektu horrek aukera eman beharko du eskaintza dibertsifikatzeko, eta proiektuak presentzia argia eta bereizia izan beharko du establezimendu turistikoaren web orrian.

–Establezimendu turistikoa egokitutako eta seinaleztatutako bide berdeetatik edo BTT ibilbideetatik hurbil egon beharko da, eta, edozein kasutan, horietakoren batetik 10 kilometro baino gutxiagoko erradioan.

–Eskaera aurkeztean erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, adieraziko duena enpresak konpromisoa hartzen duela web orria eguneratuta izateko, proiektu horren, produktu turistikoaren eta zerbitzu moten inguruko informazio guztiarekin, beranduenez ere diruz lagundu beharreko jarduketen justifikazioa aurkezteko aurreikusten den egunean.

1.5. Establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko eraberritze, berritze, egokitze eta hobetze obrak.

Honako kategoria hauek pasatzea ahalbidetzen duten inbertsioak onartzen dira:

–Ostatatzeko etxe izatetik hostal edo hotel izatera.

–Hostal izatetik hotel izatera.

–Hotelaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.

–Landetxearen kategoriaren barnean, 3 izar edo gehiago izatera iristea.

–Apartamentu turistikoaren kategoriaren barnean, 2 giltza edo gehiago izatera iristea.

–Kanpaleku turistikoaren kategoriaren barnean, 2 izar edo gehiago izatera iristea.

–Aterpetxearen kategoriaren barnean, bigarren kategoriara igotzea.

–Jatetxearen kategoriaren barnean, 2 sardexka edo gehiago izatera iristea.

Mota horretako proiektu bat kontuan hartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Dirulaguntza eskaeran aurreikusitako inbertsioen % 60 gutxienez beharrezkoak eta ezinbestekoak izanen dira establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko.

–Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute, eskaeraren inprimakiarekin batera, aurreikusitako inbertsioak kategoria handitzea eraginen dutela adierazita.

–Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak ebaluatuko ditu horrelako proiektuak, eta txosten bat eginen du, sailkapen horren aldekoa edo aurkakoa, proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa aplikatzeko.

1.6. Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko eraberritze, berritze, hobetze eta egokitze obrak.

1.7. Establezimendu turistikoetako igerilekuak urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuari egokitzeko beharrezko inbertsioak (Nafarroako Foru Komunitateko Igerilekuek bete beharreko Higiene eta Osasun Baldintzak eta Segurtasun Baldintzak ezartzen ditu Foru Dekretuak).

Proiektu bat klase horretakotzat joko da, eskaera aurkezteko egunean jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du.

–Igerilekua Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren erroldan egon beharko da (Ingurumen Osasunaren Atala).

–Aurreikusitako inbertsioek institutu horren ikus-onetsia izan beharko dute proiektu mota horretakotzat jotzeko, baremoaren 2. balorazio irizpidea aplikatzeko. Bestela, dirulaguntza eskaera ezetsiko da.

Era berean, lehen adierazitako Foru Dekretua betetzen duten igerilekuak erreformatu, berritu, egokitu eta hobetzeko lanak diruz laguntzen ahal izanen dira.

1.8. Establezimendu turistikoko eta turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren altzariak eta ekipamendua eskuratzea.

1.9. Inbertsioak COVID-19arengatik.

Diruz lagungarriak dira turismo establezimendua egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua erostekoak, beharrezkoak direnak jarduera egokitzeko osasun agintaritzen neurrietara edo gomendioetara, koronabirusaren osasun krisia dela eta, hala nola babes itxiturak, txanden gailuak, barrera eramangarriak, desinfekzio ekipoak, pertsonak zenbatzeko sistemak, etab.

Kasu guztietan, inbertsio izaera izan behar dute, ez baita dirulaguntzaren xedeko izanen material suntsikorren erosketa.

2. Inbertsio diruz lagungarriak.

Onartuko da isolamenduen, saneamenduaren, elektrizitatearen, segurtasunaren, berokuntza sistemen, klimatizazioaren, igeltserotzaren, iturgintzaren, zurgintzaren, instalazioen eta abarren alorreko jarduketak egitea edo aktibo finkoak eta ekipamendua eskuratzea, inbertsiotzat jotzen bada eta ez birjartzetzat, mantentze lantzat edo kontserbaziotzat, eta, gainera, jarduera turistikoarekin zuzenean lotutako erabilera badute.

Horrez gain, ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsari moduan onartuko dira zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren % 10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako egikaritze materialaren zenbatekoaren % 10. Ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ezin izanen da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egin.

3. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Sarbideetako obra edo konponketak, salbu eta turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.

–Erremintak, tresnak edo elementuak, baldin eta haien erabilerak lotura zuzenik ez badu establezimendu turistikoaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren jarduera turistikoarekin.

–Hornigaiak, mihiseria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, salbu eraberritze integraleko proiektu baten parte badira.

–Auditoretza energetikoaren edukia.

–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduera turistikorako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren % 50 baizik ez da izanen diruz lagungarria, soilik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak beren potentzial kutsakorraren arabera honela katalogatutako ibilgailuetan (http://www.dgt.es/es/seguridad-vial/distintivo-ambiental/), “zero isuriak” motan (itsasgarri urdina) eta “eko” motan (itsasgarri urdina eta berdea).

–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.

–Ekipamendu informatikoak, ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, inprimagailuak, saltokiko terminalak edo edozein hardware.

–Zikloturistentzako arropa, oinetakoak, kaskoak eta ekipamendua, baita bizikletak konpontzeko tresnak eta osagarriak ere.

–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo eginiko inbertsioak.

–Higiezinak eta lurrak erostea.

–Aktibo finko erabiliak.

–Margotzeko eta papereztatzeko lanak, osorik eraberritzeko proiektu baten parte ez badira.

–Enpresak bere ibilgeturako eginiko lanak.

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Igerileku berriak eraiki edo instalatzeko lanak, bai eta urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua betetzen ez duten igerilekuetan egindako inbertsioak ere.

–Establezimenduaren mantentze obrak. Horrelakotzat joko dira aldizka egiten direnak eraikina eta haren instalazioak erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko (zorrotenak garbitzea, margotzea, zurgintzako konponketak, berokuntza sistemak doitzea, ur beroa, klimatizazioa eta abar).

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen inbertsioaren zenbatekoaren gainean % 35eko ehunekoa aplikatuta eskuratzen dena da (BEZ kanpo).

2. Gehieneko dirulaguntza 25.000 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.

3. Honako hau da gutxienez eskatzen den inbertsioa (BEZa kanpo):

–Turismo establezimenduetan egindako jarduerak, 6.000 euro, salbu eta landetxeetan eta apartamendu turistikoetan egindakoak, horietan zenbatekoa 4.000 eurokoa baita.

–Turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresek eginiko jarduerak, 3.000 euro.

–Garapen teknologikoko inbertsioak, 2.000 euro.

–COVID-19ren ziozko inbertsioak, 500 euro.

Eskaerak ez badu berdintzen garapen teknologikoko proiektuen klaseetarako edo COVID-19engatiko inbertsioetarako eskatzen den gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa, eskatzaileak inbertsio horiek erabil ditzake deialdiko beste edozein proiektu motatan eskatzen den gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa berdintzeko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren atarian (https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm) https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8025/Subvenciones-de-2018-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-pymes-turisticas-inscritas-en-el-Registro-de-Turismo-de-Navarra- dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntza fitxa), internetez; fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntza fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizitan eskaneaturik eta behar bezala identifikaturik):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) “De minimis” laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 13. oinarrikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, kasua bada, beren gain hartzen dituztela dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko portzentajeak, Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenez bestelakoak direnak.

d) Hala badagokio, proiektua establezimendu turistikoaren kategoria handitzeko eraberritze, berritze, egokitze eta hobetze obratzat jotzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentura zuzendua (Diruzaintza Atala), soilik bete behar dena enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen dituenean laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

f) Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Proiektua deskribatzen duen memoria eta gauzatzeko aurreikusten diren epeak.

Proiektuak igerilekua indarreko araudira egokitzea eragiten badu, Nafarroako Osasun Publikoko eta Laneko Institutuaren (Ingurumen Osasuneko Atala) oniritzia eduki beharko du eta, ondore horietarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkez daitezkeen era horretarako proiektuak igorriko ditu, aipatu Institutuak ebalua ditzan.

b) Aurrekontuak, kontzeptua adierazita, edo proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez da onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).

c) Hala badagokio, obra proiektu ikus-onetsia.

d) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo frogagiria, adierazten duena inbertsio proiektua dela “Irisgarritasuna hobetzekoa”.

e) Hala badagokio, establezimendu turistikoaren auditoretza energetikoa.

f) Proiektuak barneko edo kanpoko obra aurreikusten badu, kasuan kasuko obra lizentzia edo, bestela, lizentziarik behar ez duela dioen toki erakundearen ziurtagiria. Dagokion lizentziaren edo ziurtagiriaren data eskariak aurkezteko epearen barruan sartu behar da.

g) Jatetxeek karta aurkeztu behar dute, hiru hizkuntzatan dagoela egiaztatzeko, eta, horretarako, egiaztapen hori egin ahal izateko web esteka zein den adierazi beharko dute.

h) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.3. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

Diruz lagundu beharreko jarduketa baloratzearren 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, oinarri horretan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, baina ezin izanen da baloratu, dokumentazioa ez bada aurkezten eskaerak aurkezteko epearen barnean.

Balorazio irizpide hauek aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar: 1, 3, 4, 7 eta 8.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako jarduketen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Turismo establezimenduak edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresak eskuratutako laguntzen arabera, establezimenduak hobetu eta berritzeko dirulaguntzen deialdietan (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak izapidetutako horietan), 2015, 1016, 2017, 2018 eta 2019ko deialdietan, puntuazioa honako hau izanen da:

ALDI HORRETAN ESKURATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Dirulaguntzarik jaso ez izana

20

2.000 euro gehienez

15

2.001 eta 5.000 euro bitartean

10

5.001 eta 10.000 euro bitartean

5

10.001 eta 15.000 euro bitartean

2

15.000 eurotik gora.

0

2. oinarria.–Inbertsio proiektuaren mota.

PROIEKTU MOTA

PUNTUAK

Ingurumen iraunkortasuna eta energia hobetzea

20

Irisgarritasuna hobetu eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea

20

Garapen teknologikoa

20

COVID-19aren ziozko egokitzapena

20

Zikloturismoa

15

Kategoria handitzea eragiten duten obrak

15

Igerilekuak egungo araudira egokitzea

10

Kategoriari eustea dakarten obrak

0

Altzariak eta ekipamendua eskuratzea

0

Puntuazio hori aplikatzeko, eskaeraren inprimakian agertzen den proiektuaren sailkapena eta 5.1. oinarrian proiektu mota bakoitzerako ezarritakoa beteko dira.

Balorazio irizpide hori ez da aplikatzekoa turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresetan.

3. irizpidea.–Landetxeak eta apartamentu turistikoak.

Eskaera aurkeztu duen egunean establezimendu turistikoak duen ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafearen arabera:

EJZ EPIGRAFEA

PUNTUAK

683. Landetxeetako ostatu zerbitzua

8

685. Hotelak ez beste ostatatze turistikoak

5

861. Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua

2

4. irizpidea.–Enpresaren tamaina.

Enpresak eskaeran adierazitako tamaina hartuko da kontuan, eta puntuazio hau esleituko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

6

Enpresa txikia

4

Enpresa ertaina

2

5. irizpidea.–Turismoko kalitatearen “Q” ziurtagiria duten establezimenduen “hobekuntza planetan” ezarritako inbertsio proiektuak.

“Hobekuntza plana” aurkezten bada, frogatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak, memorian deskribatutakoak, hartan jasorik daudela, 5 puntu emanen dira.

6. irizpidea.–Dela enpresaren titularrek dela bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartu izana, betiere turismoaren jardunarekin edo establezimendu turistikoaren kudeaketarekin lotura badute.

2018ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta honako hau aplikatuko da:

PRESTAKUNTZA ORDUAK

PUNTUAK

100 ordu edo gehiago

5

50 ordu edo gehiago

2

7. irizpidea.–Turismo erregistro ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea.

Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen turismo elkarte bateko partaide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 3 puntu esleituko zaizkio.

Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren aurrean, betiere eskatzaileak eskariaren inprimakian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.

8. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.

Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 2 puntu esleituko zaizkio.

Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren aurrean, betiere eskatzaileak eskariaren inprimakian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.

9. irizpena.–Dela enpresaren titularrek dela bere zerbitzuko langileek genero berdintasuneko ikastaro edo jardunaldi berariazkoetan parte hartu izana.

2016ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea amaitzen den arte jasotako prestakuntza berariazkoa hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira. Horrek 2 puntu emanen ditu.

10. irizpidea.–35 urtetik beherako pertsonen kontratazio mugagabea.

Establezimendu turistikoaren enpresa titularrak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, dauzkan 35 urtetik beherakoen lanaldi osoko kontratu mugagabeen kopia aurkeztuko da. Horrek 2 puntu emanen ditu.

3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio antzinatasunaren data, turismo establezimendu zaharrenei lehentasuna emanda.

c) 1. balorazio irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzen zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ez da 175 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Inbertsioak justifikatzea.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2020ko urriaren 13an (egun hori barne).

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, laguntza fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntza fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.

3. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.

50 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Ez da onartuko eskudirutan egindako ordainketarik edo hartze agiririk.

Ordainagiri bakoitzarekin batera, dagokion faktura aurkeztuko da.

e) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak, froga agiriak edo web estekak, 12.1.i) oinarrian eskatutakoarekin bat.

g) Egindako jarduketen argazkiak:

–Saltegiak birgaitu eta egokitzeko eta haien irudia berritzeko obren kasuan, turismo establezimenduaren kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu behar dira, lanak egin aurretik eta ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko.

–Ekipamendu edo altzarietan egindako inbertsioen kasuan, diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.

h) Hala badagokio, enpresa profesional eskudun batek eginiko egiaztagiria edo frogagiria, egiaztatzen duena “turismo establezimenduen ingurumen iraunkortasuna hobetzeko eta energia hobetzeko” proiektuaren inbertsioak auditoretza energetikoan aurreikusitakoari jarraituz egikaritu direla.

i) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten egiaztagiria edo frogagiria, erakusten duena hasierako “Irisgarritasuna hobetzeko” proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.1.2 oinarrian ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.

j) Zikloturistentzako instalazioak eta/edo zerbitzuak hobetzera bideratutako inbertsioen kasuan, esteka bidaliko da, zerbitzua web orrian eskaintzeko betebeharra betetzen dela egiaztatzeko.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Ordaintzeko ebazpena 2020ko abenduaren 31 baino lehen emanen da.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazten zaienetik hilabete pasatu baino lehen dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztea modu telematikoan (aitorpen hori irailaren 11ko 59/2013 Dekretuak arautzen du).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, hamar egun balioduneko epean laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarria ez bada ezarritako aldian egin behar.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztuko da.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

f) Gehienez ere 2020ko urriaren 13rako, inbertsio proiektuak gauzatzen dituzten turismo establezimenduak egokitu egin behar izanen dira, lehendik egokituta ez bazeuden, 4. oinarrian establezimendu mota bakoitzerako zehazten den araudi espezifikora, eta gutxienezko honako kategoria hauek lortu beharko dituzte:

–Hotel establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.

–Landetxeak: 3 izarreko kategoria, gutxienez.

–Jatetxeak: bi sardexkako kategoria, gutxienez.

–Gainerako establezimenduak: duten kategoria.

g) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan, jarraian.

Garapen teknologikoko inbertsioetatik etorritako dirulaguntzaren bat jaso badu, gutxienez 3 urtez atxiki behar dira jardunean diruz lagundutako merkaturatze turistikoko plataformak.

Diruz laguntzen denetik hasiko da epe hori kontatzen.

Ondorio horietarako, ondasunak jarduera turistikoari atxikitzat joko dira, honako hiru baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:

–Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda etengabe azaltzea jarduera turistikoari dagokion epigrafean, adierazitako aldietan.

–Abian dagoen web orri bat izatea, eguneraturik, aldi horietan.

–Enpresak Nafarroako Ogasunari diruz lagundu beharreko establezimendu turistikoaren negozioaren ustiapenaren diru sarreren aitorpenak aurkeztea, fakturazio positiboarekin.

h) Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko establezimenduko jarduera turistikoa utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada establezimendu horretan beste jarduera turistiko batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu dagokion epea bukatu arte.

Kasu honetan, establezimendu horretan jarduera turistikoa egiten jarraitzen duen enpresa subrogatu eginen da dirulaguntza jaso duen enpresa onuradunaren betebehar guztietan, 11/2005 Foru Legearen, azaroaren 9koaren, Dirulaguntzei buruzkoaren, 28.5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Enpresa onuradunak nahitaez eta aurrerapen nahikoarekin jakinarazi beharko dizkio inguruabar horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, gainera, jaso beharko da jarduera turistikoarekin jarraitzen duen enpresari jakinarazi zaiola, jakinaren gainean dagoela, eta bere gain hartzen dituela dirulaguntzaren enpresa onuradunak jasotako dirulaguntzatik eratorritako betebehar guztiak.

i) Dirulaguntza behar bezala iragartzea, honela:

–Turismo establezimenduan ondo ikusteko moduko leku batean jarriko da kartela, laguntza fitxan agertzen den ereduaren arabera. Hala egon beharko da 3 urtez, dirulaguntza eman den datatik aurrera.

–Promozio materialean, halakorik badago, eta web gunean, Nafarroako Foru Komunitatearen marka turistikoa azaldu beharko da. Laguntza fitxan horretarako azalduko den loturaren bidez eskatu beharko da hori.

–Garapen teknologikoko inbertsioetatik eratorritako inbertsioen kasuan, enpresaren web orrian honako testu hau txertatuko da: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2020ko deialdiaren bidez”. Testu hori 3 urtez eduki beharko da, dirulaguntza ematen denetik hasita.

j) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

l) Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantzatzen ahal dituen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

m) Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak turismo arloan antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara edo jardunaldietara joatea eta horietan parte hartzea.

n) Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak emandako ikuskapen txostenean jasotako establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea akitu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezartzen diren betebeharren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo, bestela, dirua itzuli beharko da, foru lege horrek 35. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Justifikazio agiriak 10. oinarrian ezarritako epea iraganda baina 2020ko urriaren 31 baino lehenago aurkezten badira, % 10 murriztuko da ordainduko den dirulaguntza. Egun hori baino beranduago aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat joko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira, murrizketa hauek eginen dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik % 75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntza % 50 murriztuko da.

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik beherako prezioan egiten bada, galdutzat joko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea.

c) Ez badira betetzen oinarri honetako 1. g) eta 1.i) apartatuetan ezarritako epeak, zenbat denbora falta den betetzeko, horren proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

d) Inbertsio proiektuak turismo establezimenduaren kategoria handitzea dakarrela dioen konpromisoa hausten bada, berriz ere kalkulatuko da proiektuaren puntuazioa, 2. balorazio irizpidean eskuratu zituen puntuak kenduta.

Ateratzen den puntuazioarekin, eta gainerako eskaerekin alderatuta, enpresa onuradunaren izaeraren hartzekodun bihurtzen bada dirulaguntza ematen duen ebazpena ezartzen den unean, ordaindutako dirulaguntzaren % 20 itzultzeko eskatuko zaio.

Ateratzen den puntuazioarekin ezin izanen balu laguntzarik jaso, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko lituzke, behar diren berandutze interesekin batera.

e) Ez bada aurkezten 10.3.h oinarria justifikatzeko dokumentazioa, “turismo establezimenduen ingurumen iraunkortasuna hobetzeko eta energia hobetzeko” proiektuan egindako inbertsioak auditoretza energetikoan aurreikusitakoaren arabera egin direla egiaztatzeko, aurreko apartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da.

f) Ez badira aurkezten 10.3.i) oinarrian aurreikusitako egiaztagiriak, “irisgarritasuna hobetzeko” proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, aurreko d) apartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da.

g) Zikloturismoko inbertsioen proiektuetan ez bada betetzen webgunea eguneratuta eta martxan (produktu turistiko honi eta zerbitzu motei buruzko informazio guztiarekin) edukitzeko betebeharra, jarduerak justifikatzeko gehieneko epean, jasotako kopuru guztiak itzultzeko eskatzen ahal izanen da, dagokion berandutze interesarekin batera.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Jarduketa hauetarako jasotako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldietako edozein alditan.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntza fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2007230