170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Hauteskundeetarako deialdia, batzarrekideak hautatzeko

Aezkoako Batzarre Nagusiaren Ordenantzen 13. artikuluan ezarritakori jarraikiz, Batzarrekideak hautatzeko deia egiten da. Hauteskundeak 2020ko irailaren 27an, igandez, eginen dira.

Egutegia

Hautagai-zerrenden aurkezpena:

Hautagaiak aurkezteko epea abuztuaren 3tik 17ra bitartekoa da, biak barne. Aurkezteko interesa duenak inprimakiak hartu ahal ditu Batzarre Nagusiko Idazkaritzan edo Aezkoako herrietako edozein udaletxetan.

Hautagai-zerrendak Batzarre Nagusiko Idazkaritzan aurkeztuko dira honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Horiekin batera errolda agiria aurkeztuko da.

Alegazioak egiteko epea

Abuztuaren 18an, aurkeztutako hautagai-zerrendak paratuko dira udaletxe bakoitzeko eta Batzarreko iragarki-oholetan, eta alegazioak aurkezteko hamar egun naturaleko epea irekiko da. Epea abuztuaren 28an (barne) bukatuko da. Erreklamaziorik baldin badago, Batzarre Nagusiak ebatziko ditu horretarako eginen duen bilkura berezian, eta ondoren ezagutzera emanen dira hautagaiak eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

Hauteskunde kanpaina

Hauteskunde kanpaina hautagaien behin-betiko zerrendak argitaratzen direnean hasi eta irailaren 26an bukatuko da.

Hauteskundeak

Udal bakoitzak hauteskundeen mahaiburua eta bi mahaikide, hala nola behar diren ordezkariak izendatuko ditu. Mahaia bozketa hasi baino ordu erdi bat lehenago osatuko da.

Irailaren 27an, igandea, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, eginen da bozketa udal bakoitzak prestaturiko gelan eta hautesleei dagokien hauteskunde mahaian.

Alegazioak

Irailaren 29an, hautagaiek lortutako emaitzak jendaurrean jarriko dira udaletxe guztietan eta Aezkoako Batzarre Nagusian, eta inpugnazioak aurkezten ahalko dira 2020ko urriaren 9a arte.

Batzarre Nagusiaren osaketa

Hautatutako batzarrekideek Batzarre Nagusi berria osatuko dute 2020ko urriaren 24an, larunbata, eguerdian.

HAUTESKUNDEETARAKO ARAUAK

1. Boto-txartelen banaketa.

Aurkeztutako hautagai-zerrenden txartelak herri bakoitzera igorriko dira, beharrezko denborarekin, eta boto-emaileen eskura egonen dira ere bozketa egiten den lekuan eta egunean. Boto-emaileek aurkeztutako zerrenden arteko bat aukeratuko dute. Ezinen da zerrenden artean hautagairik aukeratu, orain erabiltzen den sistema zerrenda itxikoa delako. Beraz, zerrenda osoari eman behar zaio botoa.

2. Boto baliogabea.

Botoa baliogabetu eginen da boto-txartelean izenak aldatu, ezabatu edo tokiz aldatzen badira, ofizialak ez diren boto-txartel edo gutun-azalak erabiliz gero, eta boto-txartelak gutun-azalik gabe erabiltzen badira edo gutun-azal batean bat baino gehiago sartzen bada. Hauteskunde-mahai bakoitzak erabakiko du botoen baliogabetasunari buruz.

3. Posta bidezko bozketa.

Boto-paperak eta gutun-azalak Batzarreko bulegoetan eta udaletxeetan egongo dira hautesleen eskura. Botoa postaz eman nahi duten hautesleek honako prozedurari jarraituko diote:

–Boto-txartela bozketarako propio prestatutako gutun-azalean sartuko da. Gutun-azal hori beste gutun-azal batean sartuko da, nortasun agiriaren fotokopia konpultsatuarekin batera. Horren atzealdean “Aezkoako Batzarre Nagusirako hauteskundeak” idatziko da, eta boto-emaileak sinatuko du.

–Hautesleak botoa ematea dagokion udalera bidaliko du posta ziurtatuaren bidez. Gutun-azalak irailaren 25ra arte onartuko dira (ostirala, barne).

4. Hautagaien baldintzak.

Ordenantzan ezarritakoaren arabera, Aezkoako Batzarre Nagusiko kide izateko hautagai izan ahalko da Aezkoako edozein bizilagun, adin nagusikoa edo emantzipatua, baldin eta Aezkoa bailara osatzen duten udalerriren bateko Biztanleen Udal Erroldan izaera horrekin inskribatuta badago. Batzarre Nagusirako hautagai gisa aurkeztu nahi dutenek hautagaitza aurkezteko eredu bat izango dute eskura udaletako eta bailarako batzarreko idazkaritzetan. Gutxienez 1 eta gehienez 9 hautagaiez osatutako hautagaitzak aurkeztu ahal izango dira. 5 hautagai edo gehiago aurkezten dituzten zerrendek gutxienez 2 ordezko aurkeztu beharko dituzte. Hauteskundeak egiteko, gutxienez 7 hautagai aurkeztu beharko dira.

Batzarre Nagusia gutxienez 7 kidek eta gehienez 9 kidek osatuko dute.

Edozein zalantza argitzeko, Batzarre Nagusiaren Idazkaritzara deitu: 948 76 43 75.

Ariben, 2020ko uztailaren 27an.–Batzarreburua, Karlos Bueno Reka.

Iragarkiaren kodea: L2008334