170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

42/2020 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, araubide bereziko kirol-ikasketen barrenean espeleologiako kirol-teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.

ZIOEN AZALPENA

1

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol-teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza-maila bakoitzak ezarritako betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluan (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen dira bertan), zehazki, 5. artikuluko h) atalean, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol-teknikarien prestakuntza garatzea eta arautzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol-ikasketen antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza-sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean artikulatzen ditu, zeinean kirol-ikasketetako zikloek zeregin garrantzitsua betetzen baitute ikasleek kirol-jarduera edo -modalitate batean lan egiteko behar duten prestakuntzari begira. Eredu horrek, gainera, ikasleei laguntzen die lan- eta kirol-munduaren bilakaerari eta herritarren aktibotasunari egokitzen.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio-sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza-ekintzen esparruan. Kirol-ikasketen modalitate batzuek lanbide-heziketaren kontzeptu orokorrarekin lotzen dituzten ezaugarriak dituzte, baina horrek ez dakar uko egin behar izatea kirol-sistemara bideratutako berariazko eskaintza bat izateari, hau da, Gorputz eta Kirol Jardueren lanbide-arloak hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren barnean sektoreko gainerakoarentzat egiten duen eskaintzatik bereizitako eskaintza bat izateari.

Foru-dekretu honen bitartez, espeleologiako kirol-teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi-mailako heziketa-zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek urtarrilaren 29ko 64/2010 Errege Dekretua garatzen du, espeleologiako kirol-teknikari titulua ezartzen eta horren gutxieneko ikasketak eta ikasketa horietara sartzeko baldintzak finkatzen dituena, hain zuzen.

Bestalde, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuak (haren bidez araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean) eredu bat zehazten zuen araubide bereziko kirol-ikasketen curriculuma garatzeko, egokitzeko modukoa kirol-modalitate eta -espezialitate bakoitzaren ezaugarri eta helburuetara, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.

Horregatik, espeleologiako kirol-teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatera egokitzean eta garatzean, kontuan hartu dira abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretu horrek onesten dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan titulu horren curriculuma eratzen duten elementuak jorratzen dira: antolaketa, lanbide-erreferentea, curriculuma, ikasketen iraupena, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Ikasketa horiek antolatzeari dagokionez, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluko a) atalean ezartzen denez, erdi-mailako kirol-ikasketak bi ziklotan banatuko dira: erdi-mailako hasierako zikloa eta erdi-mailako bukaerako zikloa. Hori dela eta, Foru Dekretu horrek ikasketa horien antolaketa eta iraupena ezartzen ditu 3. artikuluan.

3

Titulu horren lanbide-erreferentea arau honen 4. artikuluan aurkezten eta 1. eranskinean garatzen da, eta oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako ingurune profesionala, pertsonala, lanekoa eta kirolekoa. Lanbide-profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide-kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide-kualifikazio horiek, alegia, AFD503–2 espeleologiako gidaritza eta AFD504–2 espeleologiako kirol-hastapenak, otsailaren 4ko 146/2011 Errege Dekretuan arautuak, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide-jarduketarako gune dira. Gune horiek, euskarri gisa gehitu diren lanbide-moduluekin batera, badute zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari horrek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

4

5. artikulua, hari lotuta dauden 2. eta 3. eranskinekin batera –hasierako eta bukaerako zikloei dagokiena, hurrenez hurren–, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, moduluen izena eta iraupena daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten moduluen garapena. Modulu guztietan, curriculumak egitura bera du: lehenik, multzo komun bat, kirol-ikasketetako modulu komunak barnean hartzen dituena (kirol-hastapena, kirol-teknifikazioa eta goi-errendimendua izeneko prozesuei dagozkien lanbide-gaitasunei lotutako prestakuntza); bigarren, multzo espezifiko bat, kirol-prestakuntza zientifiko eta teknikoko moduluak, espezialitate bakoitzari dagozkionak, barnean hartzen dituena; eta, azkenik, prestakuntza praktikoaren multzoa, zeinerako sarbidea 6. artikuluan eta 4. eranskinean tratatzen baita. Ziklo bakoitzeko multzo komuna eta espezifikoa gainditu ondoren eginen da prestakuntza praktikoaren multzoa.

5

Araubide bereziko kirol-ikasketetan sartzeko eta aurrera egiteko baldintzei dagokienez, 7. artikuluan arautzen dira espeleologiako kirol-teknikariaren ikasketetan sartzeko proba berariazkoak eta eskatzen diren kirol-beharkizunak (hori guztia 5. eranskinean garatzen da).

Orobat, 11. artikuluan azaltzen da ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzeko aukera, eta 12. artikuluan eta 6. eta 7. eranskinetan azaltzen dira titulu honen baitan dauden moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, bai eta baliozkotze eta salbuespenak ere. Bestalde, 13. artikuluak eta hari dagokion 8. eranskinak kirol-irakaskuntzako moduluek irakaskuntzako esperientziarekin duten prestakuntza-korrespondentzia ezartzen dute.

6

Era berean, 14. eta 15. artikuluek eta haiei dagokien 9. eranskinak ikastetxeko publikoetako eta pribatuetako irakasleen titulazio-beharkizunak jorratzen dituzte, baita hezkuntza-administrazioarenak ez diren beste administrazio batzuen titulartasun publikoko irakasleenak ere.

7

Azkenik, foru-dekretu honek azaltzen dituen azkeneko elementuak hauek dira: espazioak eta ekipamendua eta irakasle/ikasle ratioa. 16. eta 17. artikuluetan eta horiekin loturik dauden 10. eta 11. eranskinetan azaltzen dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru-dekretu honen xedea da espeleologiako kirol-teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori araubide bereziko kirol-ikasketen barrenean kokatzen da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Espeleologiako kirol-teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Espeleologiako kirol-teknikaria.

b) Maila: Erdi-mailako Kirol Ikasketak.

c) Iraupena: 1.140 ordu.

d) Europako erreferentea: ISNI-3 (Irakaskuntzaren Sailkapen Normalizatu Internazionala).

3. artikulua. Antolakuntza.

Espeleologiako kirol-teknikari titulua eskuratzeko ikasketak bi ziklotan banatzen dira:

a) Espeleologiako erdi-mailako hasierako zikloa, 450 ordukoa.

b) Espeleologiako erdi-mailako bukaerako zikloa, 690 ordukoa.

4. artikulua. Erreferentea eta lanbide-jarduera.

Foru-dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun-unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta ingurune profesionala, lan-ingurua eta kirol-ingurua ere.

5. artikulua. Curriculuma.

1. 2 A) eranskinean jasotzen dira espeleologiako erdi-mailako hasierako zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak. Foru-dekretu honen 2 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

2. Foru-dekretu honen 3 A) eranskinean jasotzen dira espeleologiako erdi-mailako bukaerako zikloko kirol-ikasketen helburu orokorrak, eta 3 B) eranskinean zehazten dira haren moduluak eta iraupena.

3. Ikasketok ematen dituzten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute espeleologiako kirol-teknikariaren ikasketetako modulu bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan-unitateen bitartez eginen da.

6. artikulua. Prestakuntza praktikoaren modulua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol-ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 18. artikuluan azaltzen da nolakoa izanen den prestakuntza praktikoaren modulua.

2. Oro har, foru-dekretu honen 4. eranskinean ezarritako kirol-ikasketako moduluetan ebaluazio positiboa lortu ondoren, egoki diren prestakuntza praktikoaren moduluak garatuko dira.

7. artikulua. Araubide bereziko kirol-ikasketetan sartzea eta aurrera egitea.

1. Foru-dekretu honetan arautzen diren araubide bereziko erdi-mailako kirol-ikasketetan sartzeko beharrezkoa izanen da abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

2. Espeleologiako erdi-mailako hasierako zikloan sartzeko, foru-dekretu honetako 5.A) eranskinean ezarritako proba espezifikoa gainditu beharko da.

3. Hasierako zikloko berariazko probak honako gaitasun profesional hau egiaztatzen du: espeleologiako oinarrizko teknikak menderatzea, ur-ibilgu aktiborik gabeko laugarren mailara arteko zailtasuneko barrunbeetan kirol-hastapenari dagozkion zereginak garatzeko behar adinako mailarekin. Gaitasun hori foru-dekretu honen 5.A) eranskinean dago jasota, eta tituluan 120 orduko prestakuntza-karga esleitzen zaio espeleologiako erdi-mailako hasierako zikloaren guztizko iraupenetik.

4. Espeleologiako erdi-mailako amaierako zikloan sartzeko, foru-dekretu honetako 5.B eranskinean jasotako proba espezifikoa gainditu beharko da.

5. Amaierako zikloko berariazko probak honako gaitasun profesional hau egiaztatzen du: espeleologiako teknika espezifikoak menderatzea, kirol-teknifikazioari, ibilbide espeleologikoen diseinuari eta pertsonak ur-ibilgua aktiboa duen bosgarren klasera arteko zailtasuneko barrunbeetan gidatzeari dagozkion zereginak egiteko behar besteko mailarekin. Gaitasun hori foru-dekretu honen 5.B) eranskinean dago jasota, eta tituluan 90 orduko prestakuntza-karga esleitzen zaio espeleologiako erdi-mailako amaierako zikloaren guztizko iraupenetik.

8. artikulua. Sarrera-proba espezifikoen eraginak eta indarra.

1. Espeleologiako erdi-mailako hasierako ziklorako ezartzen diren sarrera-probak gainditzeak Estatuko lurralde osoan izanen ditu eraginak.

2. 5. eranskinean ezartzen diren proba espezifikoak gainditzeak 18 hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

9. artikulua. Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariak proba espezifikoa gainditzetik salbuestea.

Espeleologiako erdi-mailako hasiera- eta amaiera-zikloetarako proba espezifikoa gainditzetik edo kirol-merezimendua aurkeztetik salbuetsirik egonen dira honako hau frogatzen duten kirolariak:

a) Espeleologiaren modalitateko goi-mailako kirolari izatea, goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

b) Autonomia-erkidegoek espeleologiaren modalitatean errendimendu handikotzat edo horren baliokidetzat kalifikatutako kirolari izatea, haien araudiaren arabera.

10. artikulua. Desgaitasuna frogatzen dutenak sartzeko beharkizunak.

Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera sartzen ahal dira ziklo hauetara desgaitasuna duten pertsonak, eta administrazio eskudunen betebeharra da arrazoizko egokitzapenak egitea, sarbide horrek ez dezan sortu bidegabeko murrizketarik, aukera-berdintasunaren kontra.

11. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

Espeleologiako kirol-teknikari tituluak batxilergoko edozein modalitatetara sartzeko aukera ematen du.

12. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak ezarriko du errege-dekretu hartan araututa dauden ikasketetatik zer multzo komun baliozkotzen ahal zaizkien ikasketa edo titulu hauek frogatzen dituztenei:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziatura, irailaren 24ko 1670/1993 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien unibertsitateko titulu ofiziala eta hura eskuratzeko ikasketa-planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dira.

b) Gorputz Hezkuntzako Diplomatura eta Lizentziatura, apirilaren 24ko 790/1981 Errege Dekretuan arautuak. Dekretu horretan, Gorputz Heziketako Institutu Nazionalak eta horietan ematen diren ikasketak ezartzen dira.

c) Gorputz Hezkuntzan espezializatutako Irakaslearen titulua, abuztuaren 30eko 1440/1991 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan irakasle izateko unibertsitateko titulu ofiziala eta haren espezialitateak ezartzen dira, bai eta haiek eskuratzeko ikasketa-planetarako jarraibide orokor berariazkoak ere.

d) Gorputz eta kirol jardueren animazioko goi-mailako teknikaria, abenduaren 22ko 2048/1995 Errege Dekretuak araututakoarekin bat.

e) Natur ingurunean gorputz- eta kirol-jarduerak gidatzeko teknikaria, abenduaren 22ko 2049/1995 Errege Dekretuan arautua. Dekretu horretan, gorputz- eta kirol-ekintzak sustatzeko goi-mailako teknikari izateko lanbide-heziketa titulua eta hura eskuratzeko gutxieneko ikasketak ezartzen dira.

f) Batxilergoko ikasgaiak.

g) Abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako tituluak. Dekretu horretan, kirol-teknikari tituluak eskuratzeko araubide bereziko ikasketak ezartzen dira, eta tituluetako jarraibide orokorrak eta haiei dagozkien gutxieneko ikasketak onartzen.

2. 6.A) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honen parte diren kirol-ikasketetako moduluen eta gaitasun-unitateen artean, horiek egiaztatzeko.

3. 6.B) eranskinean ezartzen da zer korrespondentzia dagoen titulu honetako kirol-ikasketetako moduluen eta gaitasun-unitateen artean, horiek baliozkotzeko edo salbuesteko.

4. 7.A) eranskinean ezartzen da zer baliozkotze egiten ahal diren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol-ikasketetako moduluen eta espeleologiako kirol-teknikari tituluko multzo espezifikoko kirol-ikasketetako moduluen artean.

5. Baliozkotu eginen dira kirol-ikasketetako modulu komunak eta espezifikoak, izen eta kode berberak izanez gero.

6. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol-ikasketetako edozein modalitate edo espezialitatetan, 1. edo 2. mailako multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, baliozkotu eginen dira espeleologiako dagokion zikloko –hasierakoa zein bukaerakoa– multzo komuneko modulu guztiak. Espeleologiako kirol-teknikari tituluko hasierako zikloan edo bukaerakoan multzo komuneko modulu guztiak gainditzen badira, baliozkotu eginen dira dagokien mailako multzo komuneko modulu guztiak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluetan.

7. Foru-dekretu honetan araututako zikloetako prestakuntza praktikoetako modulua salbuesten ahal da, osorik edo partez, segun zer korrespondentzia duten kiroleko edo laneko esperientziarekin. 7.B) eranskinean zehazten da.

13. artikulua. Kirol-ikasketetako moduluek esperientziarekin duten prestakuntza-korrespondentzia.

Espeleologiako erdi-mailako graduko hasierako eta amaierako zikloetako kirol-irakaskuntzako moduluek prestakuntza-korrespondentzia dute kirol-entrenatzaileek duten irakaskuntzako esperientzia frogatuarekin (aurretik duten prestakuntzari dagokiona), hain zuzen ere urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuko lehenbiziko xedapen gehigarriak zehazten duenarekin (errege-dekretu haren bidez ezarri zen araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra), bai eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarriak adierazitako entrenatzaileen prestakuntzekin ere. Foru-dekretu honen 8. eranskinean ezartzen da korrespondentzia hori.

14. artikulua. Irakasleek izan beharreko tituluak ikastetxe publikoetan jarduteko.

Ikastetxe publikoetako irakasleen titulazio beharkizuna irakatsiko duten kirol-ikasketetako multzoaren araberakoa izanen da.

1. Foru-dekretu honetako 9.A eranskinean ezarritakoari jarraikiz, espezialitate horietako irakasle funtzionarioei dagokie foru-dekretu honetan araututako zikloetako kirol-ikasketetako multzo komuneko moduluak irakastea, ikastetxe publikoetan.

2. 9.B eranskinean zehazten da nori dagokion ikastetxe publikoetan foru-dekretu honetan araututako zikloetako kirol-ikasketetako multzo espezifikoko moduluak irakastea, eta honako profil hauei dagokie:

a) Espeleologiako kirol-teknikari titulua duten irakasle espezialistak, edo, titulurik izan ez arren, lan- edo kirol-munduan edo irakaskuntzan esperientzia frogatzen ahal dutenak. 9. eranskinean zehazten da. C

b) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak eta Bigarren Hezkuntzako katedradunak, Gorputz Hezkuntzako espezialitatea dutenak eta espeleologiako kirol-teknikari titulua dutenak.

15. artikulua. Titulazio-beharkizunak ikastetxe pribatuetako irakasleentzat eta hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat.

Foru-dekretu honen 9.D eranskinean azaltzen da zer titulu eskatzen zaizkien ikastetxe pribatuetako edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleei, foru-dekretu honetan araututako zikloak osatzen dituzten multzo komuneko zein espezifikoko moduluak irakasteko.

16. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Foru-dekretu honen 10. eranskinean jaso dira espeleologiako kirol-teknikari tituluko ikasketak emateko baimenduta dauden ikastetxeek izan behar dituzten irakaslekuak eta ekipamenduak.

2. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, hala bermatuko baita ikasketen kalitatea.

17. artikulua. Irakasle/ikasle ratioa.

1. Espeleologiako erdi-mailako hasierako zikloan eta bukaerakoan multzo komuneko moduluak irakasteko, baita multzo espezifikoko moduluen kontzeptu-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko ere, irakasle/ikasle ratioa 1/30 izanen da.

2. Foru-dekretu honen 11. eranskinean jasoko da irakasle/ikasle ratioa, espeleologiako erdi-mailako hasiera- eta bukaera-zikloetan multzo espezifikoko moduluen prozedura-ikaskuntzaren emaitzekin lotutako edukiak irakasteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluaren erreferentziazko araudia.

Foru-dekretu honetan jasotzen ez diren alderdietan, urtarrilaren 29ko 64/2010 Errege Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Genero-neutraltasuna.

Erregelamendu honen gaztelaniazko bertsioan erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru-dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020/2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru-dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFn:

Espeleologiako kirol-teknikari titulua, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen barrenean.

Iragarkiaren kodea: F2005530