170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Udal ordenantza, kutsadura akustikoaren aurka babestekoa.
Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2020ko apirilaren zuen 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Oltza Zendean kutsadura akustikoaren aurka babesteko udal ordenantza. Iragarkia 2020ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, 2020ko maiatzaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2020ko uztailaren 7an.–Alkatea, Moises Garjón Villanueva.

KUTSADURA AKUSTIKOAREN AURKA BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

HITZAURREA

Azken hamarkadetan, asko hazi da udalerria, bai herriguneei bai industria jarduerei dagokienez, eraikinak altxatzeko teknikan eta potentzia altuko gailu mekanikoen ekoizpenean aurrerapen handiak izan dira, eta ibilgailuen zirkulazioa modu progresiboan handitu da, baita ibilgailu astunena ere. Hori guztia dela eta, nabarmen handitu dira zarata eta bibrazioak gizakiak dabiltzan eremuetan, eta horrek eragin negatiboa izan du bizi kalitatean.

Gehiegizko zaratak eta bibrazioak eragozpen handia dira pertsonentzat, eta eragin negatiboa dute osasunean, bai fisiologikoki bai psikikoki.

Ondorioz, beharrezkoa da zarata eta bibrazioen gehiegizko emisio eta immisioak kontrolatzea, bizi kalitate eta ingurumen osasun hobea ahalbidetuko duten zarata maila batzuk bermatzeko.

Hori dela eta, eta Zarata eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan xedatutakoan oinarrituta, ordenantza hau eman da zeinak, dagoeneko ezarri diren jarraipen sistemekin batera, jarduera horien soinu emisioak arautzea eta kontrolatzea ahalbidetuko baitu.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Oltza Zendeako udal-mugartean ingurumena, pertsonak eta ondasunak babesteko udal jarduketa arautzea, zaratak eta bibrazioek eragindako eragozpenen aurka.

Ordenantza honen ondoriotarako, energia formen bidez atmosfera kutsatzen duten elementutzat hartuko dira zarata eta bibrazioak.

2 artikulua.

1. Udal honi dagozkio honako arau hauetan jasotako eskumenak: 2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena; 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa; eta 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Zarata eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituena (azken horren 2. artikuluak bide ematen du udal ordenantza bidez garatzeko).

2. Oltza Zendeako Udalari egokituko zaio ordenantza hau betetzearen gaineko kontrola gauzatzea, prebenitzeko, zuzentzeko eta/edo konpontzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezela galdatzea, mugak adieraztea, beharrezkoak diren ikuskapenak agintzea eta agindutakoa betetzen ez denean zehapenak ezartzea.

3 artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako aginduen mende egonen dira, nahitaez bete beharrekoa izanen baita udal-mugartearen barnean, zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduera, instalazio, eta pertsona fisiko zein juridikoen jokabide oro, baldin eta eragozpen edo kalte materialak eragin badiezazkiekete pertsonei edo haien eragin-eremuaren peko ondasunei.

4 artikulua.

1. Ordenantza hau indarrean sartzen denetik baimentzen diren jarduera, instalazio eta obrek nahitaez bete beharko dituzte ordenantzan ezarritako aginduak.

2. Ordenantza indarrean sartu aurretik baimendutako jarduera, instalazio eta obrei dagokienez, ordenantzan ezarritako arauetara egokituko dira xedapen iragankorretan xedatuaren arabera.

5 artikulua.

Ordenantza honen ondorioetarako, egun osoa bi tartetan banatuko da: egunekoa eta gauekoa; egunekoa 08:00etatik 22:00etara doan tarteari dagokio, eta gauekoa 22:00etatik 08:00etara doanari. Igorri edo transmititzen diren zaratak eta bibrazioak egunekotzat ala gauekotzat joko dira, sortzen diren tartearen arabera.

6 artikulua.

1. Zarata maila dezibelio haztatutan zehaztu eta adieraziko da, A (db) motako normalizazio-sare haztatuaren arabera (UNE 21.314/75 araua), eta indarreko araudian ezarritako determinazioei jarraikiz.

2. Zarata motak zehazteko, ordenantza honen zehaztapen teknikoei buruzko eranskinean ezarritako sailkapena erabiliko da.

3. Etxebizitzen barneko zarata mailek, jardueraren baten eraginez iristen direnean, salbu eta trafikoaren ondoriozkoak badira, ez dituzte muga hauek gaindituko:

–Egunez: 35 dB (A).

–Gauez: 30 dB (A) egongeletan eta 25 dB (A) logeletan.

Mailok ez dituzte sekula gaindituko abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuan eta 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako determinazioak, edo haiekin bat etorri eta haien ordezko direnak.

7 artikulua.

Neurtzeko ekipamendua estazioan jartzeko, ordenantza honen eranskinean ezarritako ingurumeneko betekizun eta ezaugarriei jarraituko zaie.

8 artikulua.

1. Bibrazio maila zehaztuko da ISO-2631-2 arauaren 4.2.3 apartatuan ezarritakoaren arabera.

2. Bibrazioaren magnitude nagusia izanen da bere azelerazioa hiru ardatzen gainean konbinatuta (r.m.s.), m/s2-tan.

3. Bibrazioaren intentsitatea neurtzeko, eranskin teknikoan azaltzen diren prozeduretatik edozein erabiltzen ahalko da. Sistema batetik bestera aldaketarik badago, balio handiena ematen duena erabiliko da.

9 artikulua.

Eraikinetako esparruak osatzen dituzten zatiketa eta eraikuntzako konponbideei eskatuko zaien isolamendu akustikoa neurtzeko UNE-74-040 arauan ezarritako preskripzioei jarraituko zaie (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 242/1988 zenbakia).

II. TITULUA

Prebentzio irizpideak

I. KAPITULUA

Eraikinetako baldintza akustikoak

10 artikulua.

Eraikin guztietan eta beraietan ezartzen diren jarduera guztietan bete beharrekoak izanen dira martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretu bidez onetsitako Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eraikinetarako ezarritako baldintza akustikoak, bai eta aurrerantzean egiten ahal zaizkion aldaketak ere, eta eraikinen isolamendu akustikoaren arloan sortzen diren arau berriak.

11 artikulua.

Igogailuak, airea berritu eta girotzeko instalazioak, hozte dorreak, ura banatzeko hodiak eta hustubideak, energia elektrikoa eraldatzeko instalazioak eta eraikinetako gainerako zerbitzuak toki egokietan instalatuko dira eta behar bezala isolatuko, hurbileko lokaletara eta inguraldera hedatuko den zarataren maila ordenantza honen I. tituluan xedatuarekin bat etorriko dela bermatzeko.

12 artikulua.

Eraikinaren egiturak ahalik zarata gutxien transmiti dezan, kontuan hartu beharko dira honako atal hauetan dauden arauak:

–Pieza mugikorrak dituzten elementuak kontserbazio egoera ezin hobean edukiko dira, batez ere errodamenduen labainketari dagokionez.

–Makinak eta makinen euskarriak ez dira zuzenean finkatuko mehelin, sabai, egiturazko elementu edo barrunbeen arteko forjatuetan, baizik eta bitartean bibrazioaren aurkako gailu egokiak jarrita.

–Zarata handiz abiatzen diren makinak, talkaka edo kolpeka funtzionatzen dutenak eta aldizka mugitzen diren piezak dituztenak bankada banatan ainguratuko dira, lurraren gainetik, eta eraikinaren egituratik isolatuko dira bibrazioen aurkako elementu egokien bitartez.

–Likidoak edo gasak bideratzeko hodi gurutzatuek, organo mugikorrak dituzten makinekin zuzenean konektaturik badaude, bereizgailuak izan beharko dituzte, makinetan sortzen diren bibrazioen transmisioa galarazteko. Hodietako bridek eta euskarriek bibrazioen aurkako elementuak izanen dituzte. Hodiak hormetan zehar pasatzeko irekidurak ere zarataren aurkako materialez jantziko dira.

–Ur zirkuituetan ahari-kolpeak saihestuko dira, eta balbula eta txorroten atalek eta antolaerak fluidoen jario laminarra ahalbidetuko dute gastu nominaletarako.

13 artikulua.

1. Edozein motatako jarduera edo eraikinetan, obraren bukaerako ziurtagiria aurkeztu ondotik, Udalak kapitulu honetako aginduak betetzen diren begiratuko du eta beharrezkoak iruditzen zaizkion ziurtagiriak eskatu ahal izanen dizkio obraren zuzendaritzari, ordenantza hau betetzen dela egiaztatzeko. Horren guztiaren kostua enpresa eraikitzailearen edo sustatzailearen kontura izanen da.

2. Bete beharreko baldintza akustikoak betetzen direla dioen txostena izan arte ez da emanen lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik.

II. KAPITULUA

Ibilgailuen zarata

14 artikulua.

Ibilgailu motordunen jabe edo erabiltzaileek, behar izanez gero, motorrak eta gasen ihes-hodiak egokitu beharko dituzte, zaratari buruzko arauak eta mugak bete behar dituztelako, bai xedapen orokorretan ezarritakoak bai eta, bereziki, ibilgailuen homologazioari buruz, 1958ko martxoaren 20an Genevan egin zen Akordioari erantsitako 41. eta 51. erregelamenduetan eta akordio hori garatzen duten dekretuetan ezarritakoak ere (1992ko maiatzaren 18ko eta 1983ko ekainaren 22ko Estatuko Aldizkari Ofizialak).

15 artikulua.

Betiere debeku izanen da:

a) Ibilgailu motordunetan zirkulatzea, ke-hodi librea delakoa badute edo isilgailua eraginik gabea, osagabea, ezegokia edo hondatua badute.

b) Ibilgailu motordunen martxei gehiegi eraginez zarata gogaikarriak egitea. Adibidez, alferrikako azelerazioak, maldan gora motorra sutan jartzea edo ziklomotorrean pertsona bat baino gehiago ibiltzea.

c) Hirigunean klaxona eta bestelako seinale akustikoak erabiltzea, salbu eta talka egiteko edo norbait zapaltzeko arrisku bizia badago, edo lanean ari diren larrialdietarako zerbitzu publikoak badira (polizia, suhiltzaileak eta anbulantziak) edo pertsonei premiazko laguntza emateko zerbitzu pribatuak.

d) Alarmak behar ez bezala erabiltzea edo abian jartzea bidezko arrazoirik izan gabe.

e) Ibilgailuetako musika ekipamenduek zarata handia egitea, oinezkoak edo denda eta etxebizitzetan dauden pertsonak gogaituz.

f) Falta oso astuntzat joko da, zehapen araubidea aplikatzeko orduan, gisa horretako musika ekipamenduek etxebizitzen barnealdean entzuteko moduko zarata egitea gauez.

16 artikulua.

Herriko bizilagunen lasaitasuna nabarmen eragozten den kasuetan, Oltza Zendeako Udalak eremu edo kale batzuk izendatzen ahalko ditu mota jakinetako ibilgailu motordunek toki horietatik zirkulatzerik izan ez dezaten edo zirkulatzeko aukera murriztua izan dezaten (ordutegiaren edota abiaduraren aldetik).

17 artikulua.

Ibilgailu motordunek egiten duten zarataren ikuskapenari, neurketari eta kontrolari dagokienez, Udaleko zerbitzu eskudunak ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

18 artikulua.

Udal agenteek salaketa eginen dute edozein ibilgailu motordunen jabe edo erabiltzailearen aurka, uste badute gehieneko zarata maila gainditzen duela, eta aditzera emanen diote ibilgailuari azterketa eta ikuskapena egin behar zaizkiola; ikuskapena ibilgailuetarako zerbitzu tekniko ofizial batekin erkatu ahal izanen da. Emaitza udal edo foru agenteei aurkeztu beharko zaie, egindako berrikuspena egiaztatzeko.

19 artikulua.

Kapitulu honetako arauak urratuz gero, arau-hausleei, legez egozten ahal zaizkien erantzukizunak gorabehera, zehapenak ezarriko zaizkie. Udalak, zehapena ezartzearekin batera, arau-hausleari epea emanen dio zehapena eragin duten akatsak zuzentzeko.

III. KAPITULUA

Herritarren portaera eremu publikoan eta eguneroko elkarbizitzan

20 artikulua.

Oro har, debeku da edozein soinu tresna erabiltzea propaganda egiteko, jendea erakarri edo deitzeko eta jostetarako. Debeku horrek ez du indarrik izanen herriarentzat garrantzi berezia duten alarma edo larrialdietan eta, Udaleko agintari eskudunak baimena emanez gero, beste kasu berezi batzuetan ere.

21 artikulua.

Eremu publikoan, elkarbizitza publikorako eremuetan (plazak, parkeak, etab.) eta eraikinen barnealdean egiten den zaratak ez du gainditu behar herritarren elkarbizitzak eskatzen duen maila. Agindu hori egoera hauetan sortzen diren zaratei dagokie, batez ere gaueko atseden orduetan:

–Giza ahotsaren edo pertsonen zuzeneko jardueraren hotsen tonu altuegia.

–Etxeko animaliek egiten dituzten hotsak.

–Musika aparatu edo instrumentuak.

–Etxetresna elektrikoak.

22 artikulua.

Bereziki debekaturik dago, eguneko edo gaueko edozein ordutan, musika jarduerak edo kontzertuak egitea etxebizitza partikularretan. Horrelako jarduerak akustikaren eta bibrazioen aldetik behar bezala egokiturik dauden tokietan egin behar dira. Udalak adieraziko du zein diren toki horiek, eta ba ote den zehaztapen horiek betetzen dituen beste barruti motarik. Udalak berak izanen du eskumena horrelako jardueretarako baimena emateko.

Taberna, kafetegi eta diskoteketako jarduerek baimen berezia beharko dute zuzeneko musika ekitaldi horietako bakoitzerako, salbu eta jarduerarako lizentzian besterik adierazi eta irekitzeko lizentzian Udaleko zerbitzu teknikoen baimena jasotzen den kasuetan.

23 artikulua.

Etxean animaliak dituztenek neurri egokiak hartu beharko dituzte animaliek egiten dituzten zaratek auzokoak gogaitu ez ditzaten.

IV. KAPITULUA

Jarduerak instalatu eta irekitzeko baldintzak

24 artikulua.

Ordenantza honen ondorioetarako, kapitulu honetako aginduak bete beharko dituzte jarduera sailkatuek edo sailkatugabeek, jarduera ekonomikoek edo ez-ekonomikoek, edozein sektore produktibo eta/edo ekonomikotan edo haietatik kanpo, eta produktiboak edo ekonomikoak ez diren erabilerek.

25 artikulua.

Aurreko artikuluan adierazitako jardueretan sortutako zaratek eta bibrazioek ordenantza honen I. tituluan eta eranskinean ezarritako mugen barne egon behar dute.

26 artikulua.

Kapitulu honetako goiko artikuluetan aipatzen diren jardueren titularrek neurri egokiak hartu beharko dituzte beren zarata iturriak intsonorizatu eta isolatzeko eta lokalak isolamendu akustikoz hornitzeko, kasuan kasuko aginduak betez. Behar izatera, aire-berritzea eragiteko sistemak jarriko dituzte, lokalean dauden edo egin asmo diren zulo eta leihoak itxita eduki ahal izateko.

27 artikulua.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak (edo hura ordezten duen araudiak/legediak) ukitutako jarduerak instalatzeko proiektuei azterlana erantsi beharko zaie, azaltzeko zer nolako zuzenketa neurriak aurreikusten diren soinu iturri bakoitzak sortzen duen zarataren igorpenak eta transmisioak ordenantza honetako aginduak bete ditzaten. Horretaz gainera, espresuki eta zehatz-mehatz emanen da aurreikusitako jardueraren igorlerik garrantzitsuenen zerrenda xehatua, bai eta haien gehieneko zarata maila ere.

V. KAPITULUA

Obra zaratatsuak eremu publikoan eta/edo eraikinetan

28 artikulua.

Eremu publikoan edo eraikinetan lanak egiten direnean ez da zilegi izanen kanpoko igorpen maila (KIM) 90 dB(A)-tik gorakoa duten makinak erabiltzea. Maila hori ordenantza honen eranskinean azaltzen den moduan neurtuko da. Salbuespenez, teknikaren aldetik ezinbestekoa bada 90 db (A)-tik gorako igorpen ahalmena duten makinak erabiltzea, Oltza Zendeako Udalak horrelako makinak zenbat orduz erabil daitezkeen zehaztuko du, makinen maila akustikoa eta ingurumeneko ezaugarri akustikoak kontuan izanik.

29 artikulua.

1. Eremu publikoan edo eraikinetan egin beharreko obren zarata mailak ordenantza honen I. tituluan oro har ezarritako mugak gainditu behar dituenean, ezin izanen da halako lanik egin gaueko 22:00etatik hurrengo eguneko goizeko 08:00ak bitartean eta jaiegunetan. Debeku horretatik salbuetsiko dira premia edo arriskua egotearen ondorioz egiten diren presako lanak, eta beren inguruabar bereziengatik egunez edo lanegunetan egiten ahal ez direnak.

2. Gauez edo jaiegunetan lan egiteko Udalaren baimena jaso beharko da betiere. Udalak zehaztuko ditu gaueko edo jaiegunetako lanen zarata mugak, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik.

VI. KAPITULUA

Alarmak

30 artikulua.

Debeku da alarma sistemak edo larrialdietako seinaleak bidezko arrazoirik gabe abiaraztea.

31 artikulua.

Alarma instalazioen titularrek halako instalazioak funtzionatzeko prestatzen dituztenean jakinaren gainean jarri beharko dute Udala, eta harremanetarako telefonoa eman, instalazioak alarma jotzen duenean (bidezko arrazoiengatik edo ez), informazio eske deitu ahal izan dezan.

32 artikulua.

Zilegi izanen da alarma sistemetan probak eta saiakuntzak egitea. Bi motatakoak izanen dira:

–Hasierakoak, hau da, sistema abiarazi aurretik egiten direnak. 10etatik 18etara egiten ahalko dira.

–Ohikoak, hau da, instalazioa aldian behin egiaztatzekoak. Astean behin egin ahal izanen dira, goian esandako ordu tartean, eta gehienez 5 minutu iraunen dute.

Udalak aldez aurretik jaso beharko du egiaztapen horiek egiteko planaren berri. Zein egunetan eta ordutan egin behar diren jakinarazi beharko zaio.

33 artikulua.

Alarma sistema batek gaizki funtzionatu eta auzokoei traba egiten dienean, ezin bada aurkitu instalazioaren arduraduna edo titularra, udal edo foru agenteek, ordenantza honetan xedatua betetzeko, alarma sistema desmuntatu eta kendu eginen dute, eta gastuak establezimenduaren titularraren kontura izanen dira.

VII. KAPITULUA

Bestelako zaratak

34 artikulua.

Liturgia deia egiteko edo bizilagunak ohartarazteko kanpaiak jotzea onartuko da, betiere egunez egitea lehenesten bada eta tokiko ohituren araberako muga onargarriak gainditzen ez badira. Hori guztia Oltza Zendeako kontzejuekin koordinatuta eginen da.

Aurreko artikuluetan aipatu direnez gain, beste jardueraren batek edo norbanako nahiz taldeen ekintzek, zarata dela eta, auzotarrei traba objektiboa egiten dietenean, ordenantza honetan ezarritako zehapen araubidea aplikatu behar zaiela ulertuko da, baldin eta gizabidez jokatzea aski badute inori trabarik ez egiteko.

III. TITULUA

Bibrazioak

35 artikulua.

Eraikinak egiteko teknikan eta potentzia handiko aparatu mekaniko, ibilgailu astun eta horrelakoen fabrikazioan egin diren aurrerapenak direla eta, bibrazioen ondoriozko kutsadura sortzen da. Bibrazioak neurtzeko erabiltzen diren hiru parametroetatik (desplazamendua, abiadura eta azelerazioa) Oltza Zendeako Udalak azelerazioa hautatu du, eta unitatetzat, berriz, metroa segundo karratuko (m/s2). Bibrazioaren azelerazioaren kurba limiteak DIN-4 150 arauan ezarritakoak izanen dira; izan ere, kurba berberak ezartzen dira NBE CA88 arauaren 1. eranskineko 1.38 atalean (“K bibrazioen hautematearen intentsitatea”) eta geroago horrekin bat etorriz eraikinen baldintza akustikoei buruz eman diren xedapenetan. Bizileku eremuetan (halakorik mugatzen bada) bibrazio etengabeen muga 0,2 KB izanen da egunez, eta 0,15, gauez. Industria eremuetan bibrazio maila hau onartuko da: KB = 0,56.

36 artikulua.

Ez da onartuko neurgailua erabili gabe hauteman daitekeen bibraziorik, egiaztapena egiten den tokietan; zuzenketa neurri gisa, eraikinaren egitura eta lokaleko zorua ukitzen ez dituzten bankadak jarriko dira, baita zorro elastikoak, muntaketa higikorrak eta abar ere, eta bibrazioen aurkako bestelako gailuak, bibrazioa sortzen duten elementu guztietarako.

IV. TITULUA

Araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Ikuskaritza

37 artikulua.

Udaleko langileek, behar bezala identifikaturik, ikuskapenak egiten ahalko dituzte egiten ari diren jardueretan eta abian diren instalazioetan, ordenantza honetako arauak betetzen dituzten begiratzeko. Zaratak eta bibrazioak sortzen dituzten establezimendu eta jardueren jabeek ikuskapena egiten utzi eta lagundu behar diete.

38 artikulua.

Ikuskapenak Udalaren ekimenez edo interesdunen batek eskaturik egiten ahalko dira. Interesdunen eskaeretan, administrazio prozedura arautzen duen legeriak eskatzen dituen datuez gain, ikuskapena egiteko behar diren datu zehatzak jarriko dira.

39 artikulua.

Larritasun nabarmeneko kasuetan, zaratak jasangaitzak direnean, edo instalazio, aparatu eta ekipamenduen gehiegizko erabileraren, narriaduraren edo funtzionamendu okerraren ondorioz ustekabean agertzen direnean, ikuskapena zuzenean eskatzen ahalko zaie ikuskapen zerbitzuei, ahoz nahiz idatziz.

40 artikulua.

Ikuskapenak egitean kontuan hartuko dira zarataren eta bibrazioen ezaugarriak; hori dela eta, titularra jakitun izan gabe ere egiten ahalko dira ikuskapenak, baina, halakoetan, zarata iturriaren arduradunari aukera ematen ahalko zaio zarata maila berriz ere neurtzeko, bera aurrean dagoela, emaitza jakin dezan. Nolanahi ere, neurketak bukatu ondotik emaitzaren kopia bana emanen zaie jarduketak ukitzen dituen alderdi guztiei.

41 artikulua.

1. Udal edo foru agenteek salaketa eginen dute ordenantza honetan xedatutakoa urratzeagatik, baldin eta, zarata neurtzeko aparatuen bitartez, egiaztatzen badute zirkulatzen ari den ibilgailu batek ordenantza honetan ezarritako mugak gainditzen dituela. Halaber, udal edo foru agenteek salaketa egiten ahalko dute, neurgailua erabili beharrik izan gabe, ikusten badute ibilgailu bat ke-hodi librea delakoarekin zirkulatzen ari dela, edo ordenantza honetan ezarritako gehieneko zarata mugak nabarmen gainditzen ari dela beste edozein modutara.

2. Salatutako ibilgailuaren titularrak, deskargu-orriarekin batera, Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak emandako ziurtagiria aurkezten ahalko du; bertan agerraraziko da zein den Industria Departamentuak berak egiaztatutako zarata maila. Hori egin ahal izateko, salaketa jaso eta bi egun balioduneko epean eraman beharko zaio ibilgailua aipatutako erakundeari.

II. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua.

Ordenantza honen xedapenen aurkako egite eta ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira. Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke, jarraian datozen artikuluetako sailkapenaren arabera.

43 artikulua.

Falta arinak:

–Onartutako gehieneko balioak gainditzea.

–Egoera bakoitzean onar daitekeen maximoaren gain-gaineko oinarri-kurbari dagozkion bibrazio mailak transmititzea.

–Ordenantza honen arauak beste edozein modutara urratzea, falta astuntzat edo oso astuntzat berariaz sailkaturik ez dagoenean.

44 artikulua.

Falta astunak:

–Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 5 db (A)-tik gorako aldearekin.

–Egoera bakoitzean onar daitekeen maximoaren gain-gaineko bi oinarri-kurbari dagozkien bibrazio mailak transmititzea.

–Antzemandako akatsak zuzendu daitezen Udalak berariaz eginiko errekerimenduak ez betetzea.

–Ibilgailu motordunetan zirkulatzea, ke-hodi librea delakoa badute edo isilgailua eraginik gabea, osagabea, ezegokia edo hondatua badute.

–Ibilgailuak ikuskapenak egiteko ez aurkeztea.

–Ikuskatzaileei lan egiten ez uztea edo lana trabatzea.

–Hamabi hilabeteko epean falta arinak behin baino gehiagotan egitea.

45 artikulua.

Falta oso astunak:

–Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 15 db (A)-tik gorako aldearekin.

–Egoera bakoitzean onar daitekeen maximoaren gain-gaineko bi oinarri-kurbari baino gehiagori dagozkien bibrazio mailak transmititzea.

–Hamabi hilabeteko epean falta astunak behin baino gehiagotan egitea.

–Edozein motatako ibilgailuetan instalatutako musika ekipamenduetatik gauez etxebizitzen barnealdera iristen diren zaratek I. tituluan ezarri diren mugak gainditzea.

46 artikulua.

1. Ordenantza honen aurkako arau-hausteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste arinak: 150-300 euroko isuna.

–Arau-hauste astunak: 300,01-600,00 euroko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 601,01-3.000,00 euroko isuna, eta jarduera gogaikarria aldi baterako edo betiko ixtea.

2. Aldi baterako edo betiko itxieraren bidez zehatu ahal izanen da, baldin eta Alkatetzaren aginduak betetzeari behin eta berriz uko egiten bazaio, edo instalazioaren titularra modu nabarmenean ikuskapenari traba egiten edo haren emaitza faltsutu eta baliogabetzen saiatzen dela ikusten bada.

47 artikulua.

Zehapen prozeduren ebazpenetan epea eman ahal izanen da zarata iturrietan zuzenketa neurriak har daitezen, edo jokaera jakinak zuzentzeko agindu ahal izanen da.

48 artikulua.

Hartzen ahal diren gainerako neurriak ezertan ukatu gabe, zarata edo bibrazioen maila falta oso astuntzat sailkatzeko ezarritakoa baino goragokoa bada, ahalik eta lasterren hartuko dira behin-behineko neurriak eragozpenei amaiera emateko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarritako araubideak ez ditu eragotziko Administrazioko beste erakunde batzuei beren eskumenen eremuan dagozkien esku-hartzeak.

Bigarrena.–Genero-berdintasuna hizkeran. Pertsona, lanpostu edo karguei buruz ari denean ordenantza honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko hitzak erabiltzen dituen kasuetan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua edozein dela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Jarduteko metodoen deskripzioari buruz ordenantza honetan dauden xedapenak ordenantza indarrean sartzen denean abian diren jarduera eta instalazio guztiei aplikatuko zaizkie, baimena noiz jaso duten kontuan izan gabe.

Bigarrena.–Onar daitezkeen gehieneko zarata mailak gainditzen dituzten jarduera edo instalazioek, eta ordenantzan ezarritako bibrazio mailak gainditzen dituztenek, sei hilabeteko epea izanen dute establezimenduak egokitzeko, onartzen diren gehieneko mailak gaindituko ez dituztela uneoro berma dadin. Betiere lehendik diren jarduera eta instalazioek ordenantza hau indarrean sartu baino lehen ezarri diren funtzionamendu baldintzak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.–Ordenantza indarrean sartu baino lehen instalazio lizentzia jaso duten establezimendu publikoak ordenantzan xedatuari egokitu beharko zaizkio kasu hauetan:

–Garbiketa, apainketa edo mantentze hutseko obretatik harantzagoko aldaketak, zabalkuntzak edo berrikuntzak egiten direnean.

–Establezimenduen lizentzia eskualdatzen denean, baldin eta ordenantza honetan eskatutako mailara iritsi ahal izateko beren isolamendua 5 dB(A)-tik gorako neurrian hobetu beharra badute eta aurreko urtean zehapenen bat ezarri bazaie zarata edo bibrazio mugak gainditzeagatik.

–Horrela ezartzen denean establezimenduak berrirekitzeko baldintza gisa, horiek arau hauek xedatutako mailak ez betetzeagatik itxi ondoren: 1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa; eta 1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 27ko 37/2003 Legea garatzen duena; 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Zarata eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituena; edo horiek ordezten dituzten eta bat datozen xedapenak.

Laugarrena. Ordenantza indarrean jarri aurretik emandako obra lizentzia duten eraikuntzek lizentzian legez ezarri zitzaizkien baldintzak bete beharko dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duten udal xedapen oro indargabeturik geratuko da.

BETE BEHARREKO XEDAPEN TEKNIKOEN ERANSKINA

Zarata maila dezibelio haztatutan zehaztu eta adieraziko da, A (db) motako haztapen-sare normalizatuaren arabera. UNE 21.314/ 75 araua edo ondorengoak.

Hala ere, lurgaineko trafikoarekin zerikusia duten neurketak egin behar direnean, haztapen irizpide eta neurketa parametro egokiak erabiliko dira, nazioarteko ohiko praktikari jarraikiz.

Ordenantza honetan ezarritako soinu mailen balorazioan honako arau hauek beteko dira:

1. Soinu mailarik handieneko tokian eginen da neurketa eta, beharrezkoa izanez gero, zarata gehien egiten den momentuan eta egoeran.

2. Zarata iturrien jabe, edukitzaile edo arduradunek beren instalazio edo zarata iturrietarako sarbidea emanen diete udal teknikariei, eta teknikariek adierazten dieten moduan abiaraziko dituzte, abiadurak, kargak, martxak edo bolumena haien aginduen arabera aldatuz. Halaber, eragiketa prozesua ikusi ahal izanen dute.

3. Neurketan akatsik ez egiteko, neurri hauek hartuko dira:

–Pantaila efektuaren aurka: behatzailea mikrofonoaren aurrez aurre kokatuko da, mikrofonotik ahal den urrunen, baina sonometroak ematen duen balioa ongi ikusten duen distantziara.

–Norabide-distortsioaren aurka: aparatua estazioan dagoela, oktante batek determinatzen duen angelu solidoaren barnean biratuko da, eta horrela lortutako balio handienetik eta txikienetik distantzia berera dagoen posizioan finkatuko.

–Haizearen efektuaren aurka: haizearen abiadura 1,6 metro segundoko baino handiagoa dela antzemanez gero, haizearen kontrako pantaila erabiliko da. Abiadura 5 metro segundoko baino handiagoa bada, neurketa bertan behera utziko da, salbu eta aparatu bereziak erabili edo zuzenketa egokiak aplikatzen badira.

–Neurketa egiten den tokiko giroari dagokionez, tenperatura, hezetasuna, bibrazioak, eremu elektrostatiko eta elektromagnetikoak eta abar direla-eta neurgailuaren fabrikatzaileak adierazitako mugak ez dira gaindituko.

4. Neurgailuak (sonometroak) IEC-651 arauan edo UNE 21314 arauan ezarritako baldintzak beteko ditu, eta 1. edo 2. motakoa izanen da.

5. Neurketak kanpoan:

–Kanpoan egiten diren neurketak lurraren gainetik 1,2 eta 1,5 metro bitarteko distantziara eginen dira eta, ahal dela, horma, eraikin eta soinua islatzen duten gainerako egituretatik 3,5 metrora, gutxienez.

–Inguruabarrengatik komeni denean, gorago eta hormetatik hurbilago egiten ahalko dira probak, eta horren berri jaso beharko da betiere.

6. Neurketak barnealdeetan:

–Neurketak barnealdeetan egiten direnean, hormetatik metro batera eginen dira gutxienez, lurretik 1,2 eta 1,5 metro bitarteko distantziara eta leihoetatik 1,5 metro inguruko distantziara.

–Uhin geldikorrek sortzen dituzten perturbazioen eragina gutxitzeko, barnealdeetako soinu mailak hiru posiziotan edo gehiagotan neurtuko dira, batetik bestera gutxienez 0,5 metroko tartea utziz, eta batezbestekoa kalkulatuko da.

–Ezinezkoa bada baldintza hori betetzea, neurketa gelaren erdian eginen da eta lurretik 1,5 metrora gutxienez.

–Etxebizitzako ateak eta leihoak itxita daudela eginen da neurketa, eta etxebizitza barneko zarata iturri guztiak isildu ondoren (hozkailuak, telebistak, musika aparatuak, etab.).

7. Hondo-zarata. Zarata maila goian esandako moduan ebaluatzeko, kontuan hartuko da neurketa egiten ari den bitartean antzematen den hondo-zarataren maila.

8. Neurketak egitean, arau honetan jasotako xedapenez gain, honako hauetan araututako zehaztapen eta xedapenak ere beteko dira: 1513/2005 Errege Dekretua, abenduaren 16koa; eta 1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 27ko 37/2003 Legea garatzen duena; 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Zarata eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituena; edo horiek ordezten dituzten eta bat datozen xedapenak.

Iragarkiaren kodea: L2007338