165. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Tokiko kontsumoa suspertzeko ekimenaren proiektua/plana

Ultzamako Udalak, 2020ko uztailaren 2an egindako osoko bilkuran, “Tokiko kontsumoa suspertzeko ekimenaren proiektua/plana” onetsi zuen. Hona hemen ekimenaren oinarriak.

Oinarriak, halaber, udal bulegoetan eta webgunean (www.ultzama.eus) daude interesdunen eskura.

ULTZAMAN TOKIKO KONTSUMOA SUSPERTZEKO EKIMENAREN PROIEKTUA/PLANA

1.–Helburuak.

Kontsumoa sustatuko duen bonu-sistema bat sortzea, Covid-19 birusaren krisiak eraginiko egoeraren ondorioz, haien jarduera ekonomikoa hertsirik edo mugaturik izan duten establezimenduetan edota jardueretan jarduera berreskuratzeko.

Proiektua Ultzamako Udalak jarriko du abian, arestian aipaturiko Ultzamako udalerriko establezimenduekin elkarlanean.

Ekimena zuzendua da Ultzamako udal mugapean kokaturiko landetxeei, landa-apartamentuei eta ostatuei eta ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduei eta beste jarduera ekonomiko batzuei.

Bereziki, Oinarri hauetan jasotzen diren ezaugarriak eta baldintzak betetzen dituztenak izanen dira onuradunak.

2.–Laguntzen sistemaren ezaugarriak.

2.1. Saltokietarako, ostalaritzako establezimenduetarako edota beste jarduera ekonomiko batzuetarako deskontu bonuak banatzea.

Ultzamako Udalak bonu kopuru berdina banatuko die ekimenean parte hartzen duten establezimenduei.

Bonu bakoitzaren balioa 32 euro izanen da eta jendearendako prezioa 24 euro; eta 32 euro eta 24 euro horien arteko diferentzia Udalak ordainduko du.

Bonuak erabiltzean, bakoitzak 8 euroko lau zati izanen ditu, zatitu ezin direnak.

Bonuaren zati batena baino balio txikiagoa duen erosketa bat egiteko erabiliz gero, ez da diferentzia itzuliko.

Ez da itzuliko erosi eta erabili ez diren bonuen dirua.

Bonuen bezeroak edo kontsumitzaileak herritarrak izanen dira, oro har, inolako bereizkeriarik gabe.

2.2. Landetxe, landa-apartamentu eta ostatu establezimenduei bonoak banatzea.

Ultzamako Udalak bonu kopuru berdina banatuko die ekimenean parte hartzen duten establezimenduei.

Bonu bakoitzaren balioa 8 euro izanen da, eta Udalak ordainduko du.

Bezeroek, fakturak ordaintzean, horien zenbatekoa ordaindu beharko dute bonuaren prezioaren diferentzia izan ezik, hau da, 8 euro horiek Ultzamako Udalak bere gain hartuko ditu, eta gero establezimenduari ordainduko dizkio.

Emandako eta horretarako ezarritako epean kontsumitu gabeko bonuen dirua ez da itzuliko.

Bonuen bezeroak edo kontsumitzaileak herritarrak izanen dira, oro har, inolako bereizkeriarik gabe.

2.3. Arau orokorrak.

Bonuen sistemak Udalak ezarritako epea iraunen du, eta hortik aitzina ezin izanen da aplikatu.

Bonuen bezeroak edo kontsumitzaileak herritarrak izanen dira, oro har, inolako bereizkeriarik gabe.

Udalak gehienez 6.248 euro bideratuko ditu bi bonu mota horietara.

Ultzamako Udalak ekimenean parte hartzen duen establezimendu/saltoki bakoitzari bonu kopuru berdina banatuko dio.

Ultzamako Udalak bere web orrian (www.ultzama.eus) argitaratuko du ekimenean parte hartuko duten establezimendu/saltokien zerrenda.

Horretarako eginiko gastua 2020. urteko Udal Aurrekontuetako “Ekonomia Sustatzeko Plana” izeneko 4310 4800 diru sailaren kargura joanen da.

2.4. Bonuak erosteko lekuak eta epeak.

Saltokietarako, ostalaritzako establezimenduetarako edota beste jarduera ekonomikoetarako deskontu bonuak establezimendu/saltoki/jarduera zentro horietan bertan erosi ahalko dira, eta horiek kontsumitzeko epea 2020ko abuztuaren 1etik urriaren 2ra arte izanen da.

Landetxeetarako, landa-apartamentuetarako eta ostatuetarako deskontu bonuak establezimendu horiek berek aplikatu ahalko dituzte, eta 2020ko abuztuaren 21etik azaroaren 15era arte erabili ahalko dira.

3.–Parte hartzeko baldintzak.

3.1. Deskontu bonuen sisteman parte hartu nahi duten saltoki, ostalaritzako establezimendu eta beste jarduera ekonomikoetarako baldintzak.

Ekimenean edozein pertsona fisiko edo juridikok parte hartu ahalko du, baldin eta bere jarduerak edo enpresak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Alarma egoera ezarri zenean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatea.

–Alta emanda izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako honako jarduerei dagozkien epigrafeetan: tabernak, ostatuak, jatetxeak, museoak, turismo aktiboko jarduerak, aisialdi eta kirol jarduerak, hezkuntza eta prestakuntzako jarduerak, ile apaindegiak eta estetika zentroak, ekoizleen establezimenduak beren produktuak zuzenean saltzeko edota beste jarduera ekonomiko batzuk.

–Alarma egoeraren ondorioz itxi behar izana edo haien diru-sarreretan %50eko murrizketa gutxienez jasan izana.

–Pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak soilik eskaera bat egin ahalko du.

–Eskaera bakarra egonen da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari loturiko helbide bakoitzean.

–Establezimendu/saltoki bakoitzak soilik bi bonu motako batean parte hartu ahalko du.

3.2. Deskontu bonuen sisteman parte hartu nahi duten landetxe, landa-apartamentu eta ostatuendako baldintzak.

Ekimenean edozein pertsona fisiko edo juridikok parte hartu ahalko du, baldin eta bere jarduera edo enpresak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Alarma egoera ezarri zenean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatea.

–Alta emanda izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako honako jarduera hauei dagozkien epigrafeetan: ostatuak, hotelak, hostalak, turismorako etxebizitzen alokairua.

–Pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak soilik eskaera bat egin ahalko du.

–Eskaera bakarra egonen da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari loturiko helbide bakoitzean.

–Establezimendu/saltoki bakoitzak soilik bi bonu motako batean parte hartu ahalko du.

–Nafarroako Turismo Erregistroan alta emanda izatea. Horretarako, ebazpena edo erregistro zenbakia aurkeztu beharko da, Udalak egiaztatu dezan.

–Alarma egoeraren ondorioz itxi behar izana edo haien diru-sarreretan %50eko murrizketa gutxienez jasan izana.

3.3. Bi sistemetan parte hartuko duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoen betebeharrak.

Parte hartzen duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoek agerian jarri beharko dute kartel bat non kanpainan parte hartzen duela adierazten den.

Parte hartzen duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoek ahal duten neurrian ekimena zabaltzeko konpromisoa hartzen dute, honako hedabide hauen bitartez:

–Establezimenduak ekimenean parte hartzen duela adierazteko kartela.

–Bonu bakoitzean establezimenduaren izena jarriko dute.

–Salduriko bonuen kontrol erregistroa, non agertuko diren kode zenbakia, noiz (eguna) eta nori (pertsona/bezeroa) saldu dion.

–Ultzamako Udalak kanpaina baloratzeko galdetegi bat prestatu du, eta establezimendu/saltoki/jarduera ekonomikoak bete beharko du Ultzamako udalak bonu edo deskontuen zenbatekoa ordaindu baino lehen.

Parte hartzen duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoek, Udalak dagokion zenbatekoa ordaintzen duenean, honako jarduketa hauek egin beharko ditu:

–Arestian aipaturiko galdetegia bete behar da.

–Bonu bakoitzaren atzealdean salmenta eguna eta eroslearen izen-abizenak eta NAN zenbakia idatzi beharko da.

Parte hartzen duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoek, Udalak dagokion zenbatekoa ordaintzen duenean, beste betebehar/eginkizun hauek izanen dituzte:

–Pertsona bakoitzari bonu bakarra saldu ahalko diote.

–Ez zaie bonurik salduko18 urte baino gutxiagoko pertsonei.

–Udalari emanen dizkiote erabilitako bonuak, 2020ko azaroaren 27a baino lehen, egun hori ere barne, dagokion zatia kobratu ahal izateko transferentzia bidez.

3.4. Kanpainan parte hartzeko eskaerak.

Ultzaman Tokiko Kontsumoa Suspertzeko Kanpainari buruzko informazioa eskura izanen da udal web orrian: www.ultzama.eus. Helbide horretan kanpainan parte hartzeko eskaeraren eredua aurkituko da.

Eskaera Ultzamako udaletxean aurkeztu beharko da, modu presentzialean aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Ultzamako Udalaren datuak:

Telefonoa: 948 305115

Ordutegia: 09:30etik 14:30era.

Helbide elektronikoa: ayuntamiento@ultzama.es

Eskaera aurkezteko epea Nafarroako Aldizkari Ofizialean dagokion iragarkia argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hamar egun baliodun iraunen du.

3.5. Bonuak aurkezteko eta aldatzeko prozedura.

Parte hartzen duten saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoek salduriko bonuak dagozkion tiketaren kopiarekin batera bildu eta egiaztatuko dute bertan eskaturiko datuak agertzen direla.

Bonuak eta dagozkien tiketak Ultzamako udaletxean aurkeztu beharko dira.

Soilik ontzat emanen dira osorik erabili diren bonuak.

Landetxe, landa-apartamentu eta ostatuetarako deskontu bonuen modalitatean parte hartzen duten saltoki/eatablezimenduek, erabilitako bonuarekin batera, deskontua aplikatu zaien fakturen kopia aurkeztu beharko dute.

Ultzamako Udalak dagozkion zenbatekoak ordainduko ditu, banku transferentzia bidez, parte hartu duen saltoki/establezimendu/jarduera ekonomikoak emaniko kontu zenbakian, dena zuzena dela egiaztatu ondoren.

Ordainketak eginen dira udaletxean eskaerak aurkeztu ahala.

Ordaintzeko eskaerak jasotzeko muga-eguna 2020ko azaroaren 27a izanen da.

4.–Bonuen eta deskontuen kontsumitzaileei buruzko informazioa.

Bonuak eskuratu, erosi eta erabiltzeko, dokumentu honetan jasotzen diren oinarri hauek onartu behar dira.

18 urtetik gorako edonork erosi edo erabili ahalko ditu bonuak.

Pertsona bakoitzak establezimendu edota jarduera bakoitzeko bonu bat erosi edo erabili ahalko du.

Saltokietarako, ostalaritzako establezimenduetarako edota jarduera ekonomikoetarako deskontu bonuak erosten diren unean bertan ordaindu beharko zaizkie establezimendu/saltoki saltzaileko edo jarduera ekonomikoko langileei.

Landetxeetarako, landa-apartamentuetarako eta ostatuetarako deskontu bonuei dagokienez, establezimenduek aplikatuko dituzte bonuak bezeroek faktura ordaintzen dutenean, eta horretarako arestian adierazi diren betebehar formalak bete beharko dituzte.

Banku-txartela lehenetsiko da ordaintzeko sistema gisa.

Bonuek ez dute baliorik izanen modalitatearen arabera ezarritako epea igaro ondoren.

Bonuak erositako establezimenduetan bakarrik erabili ahalko dira.

Saltokietarako, ostalaritzako establezimenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako deskontu bonuei dagokienez, kontsumitzaileak saltokian/establezimenduan/jarduera ekonomikoan entregatuko ditu jatorrizko bonuak, horiek erabili ahal izateko. Une horretan, kontsumitzailea artatzen duen pertsonak bonuaren egiazkotasuna edo erabileraren inguruko edozein zalantza egiaztatzeko behar diren datuak eskatu ahalko dizkio.

Erosketa bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez da aldea itzuliko.

Bonuak ezin izanen dira berriz ere saldu, ez berriz ere diruz trukatu, ez bonuaren dirua itzuli.

Kontsumatzailearen erantzukizuna.

Bonuak arduraz erabiliko dira.

Eroslearen beraren erantzukizuna izanen da bonua behar bezala kontserbatu eta erabiltzea oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Ez da bonuaren prezioa itzuliko galdu edo hondatuz gero.

Ez da bonuaren prezioa itzuliko oinarri hauetan ezarritako erabilera-arauak ez ezagutzeagatik ere.

Larraintzarren (Ultzama), 2020ko uztailaren 2an.–Alkatea, Martin M.ª Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2007292