164. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22/2020 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira diseinu grafikoko lehiaketa baterako deialdia eta oinarriak, Nafarroa Koloretan ekimenerako logotipoa diseinatzeko. Lehiaketa zuzendua dago Nafarroako Foru Komunitateko Arte Batxilergoko ikasleei (Arte Plastikoen, Diseinuaren eta Irudiaren ibilbidea) eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Graduko ikasleei.

Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak dei egiten die 2019-2020 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean, Arte Batxilergoan (Arte Plastikoen, Diseinuaren eta Irudiaren ibilbidea) edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Graduan matrikulatuta egon diren ikasleei, diseinu lehiaketa batean parte har dezaten, “Nafarroa koloretan” irudikatu eta ordezkatuko duen logotipoa sortzeko. Nafarroa erkidego plural eta askotarikoa da, mundura zabalik bizi dena, eta migrazio mugimenduak errealitatea eta aukera dira bertan, eta migratzaileak gure gizartearen parte ezinbesteko bat.

Nafarroa horren irudi grafikoa bilatzen da: Nafarroa, desberdintasunarekiko tolerantea, aberatsa ñabarduretan, bizikidetzan eta kulturarteko kohesioan. Nafarroa horrek jende guztiaren arteko harmonia nahi du etorkizunerako, norberaren jatorri geografikoa, etnia eta hizkuntzak gorabehera. Nafarroak aberastasun hori aitortzen, baloratzen eta defendatzen du.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz, eta Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak proposaturik,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea diseinu grafikoko lehiaketa baterako deialdia eta oinarriak, Nafarroa Koloretan ekimenerako logotipoa diseinatzeko. Lehiaketa zuzendua dago 2019-2020 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean, Arte Batxilergoan (Arte Plastikoen, Diseinuaren eta Irudiaren ibilbidea) eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Graduan matrikulatuta egon diren ikasleei.

2. 480 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontuko “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko F10002-F1200-2268-231900 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira (den-denak Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentukoak), eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 29an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Patricia Ruiz de Irizar.

I. ERANSKINA

Diseinu grafikoko lehiaketarako oinarriak, Nafarroa Koloretan ekimenerako logotipoa sortzeko

Nafarroa Koloretan irudikatu eta ordezkatuko duen logotipoa bilatzen da, Nafarroaren irudi grafikoa erakutsiko duena: erkidego plurala eta anitza, mundura zabalik dagoena; eta erakutsiko duena, halaber, Nafarroan migrazio mugimenduak errealitatea eta aukera direla, eta migratzaileak gure gizartearen parte ezinbesteko bat direla. Izan ere, Nafarroa tolerantea da ezberdintasunarekiko, eta aberatsa ñabarduretan, bizikidetzan eta kulturarteko kohesioan. Nafarroa horrek jende guztiaren arteko harmonia nahi du etorkizunerako, norberaren jatorri geografikoa, etnia eta hizkuntzak gorabehera. Nafarroa horrek aitortu, balioetsi eta babesten du aberastasun hori guztia.

Eskola lehiaketaren oinarriak.

1. Ikasle guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta matrikulatuta egon badira, 2019-2020 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean, Arte Batxilergoan (Arte plastikoetako ibilbidea, diseinua eta irudia) eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Graduan eta 25 urte baino gutxiago badituzte.

2. Lanak banaka egin daitezke, edo taldeka, gehienez ere 3 lagunek osaturiko taldean. Partaide bakoitzeko, banaka aurkezturiko diseinu bat baizik ez da onartuko, eta taldean aurkezturiko beste bat.

3. Lehiaketaren helburua da logotipo bat aukeratzea “Nafarroa Koloretan” irudikatu eta ordezkatzeko, hots, Nafarroa komunitate anitz eta askotariko gisa.

4. Diseinua irudi originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Parte-hartzaileek aurkezten duten logoa formatu digitalean egonen da (JPG, TIFF edo PDF), bereizmen handikoa izanen da (gutxienez 200 ppp) eta RGB edo CMYK koloretan.

5. Lanak aurkezten ahalko dira lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Diseinuak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Lanak posta elektronikoz igorriko dira migraciones.convivencia@navarra.es helbidera, gai honekin: “Logotipoen lehiaketa”.

8. Bi fitxategi erantsiko dira: logotipoa, adierazitako formatuan (fitxategiaren izena izanen da “logotipoa”), eta dokumentu bat (“Datuak”), zeinean zehaztuko baitira parte hartzen duen pertsonaren edo taldearen datuak (datu pertsonalak eta ikastetxea).

9. Epaimahai batek emanen du saria. Kide hauek izanen ditu epaimahai horrek: Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, edo hark bere ordez izendatzen duena; Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko hiru langile; Artearen, Publizitatearen edo Marketinaren arloko aditu bat, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko duena. Botoetan berdinketa gertatuz gero, berea hartuko da kalitateko bototzat. Epaimahaiko idazkari lanetan jardunen du Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kabineteko idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez.

10. Baztertu eginen dira deialdi honetan zehaztutako baldintzaren bat betetzen ez duten lanak, edota Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren iritziz desegokitzat jotzen direnak.

11. Abuztuaren 20an, epaimahaiak hautatu diren lanen berri emanen du, eta, aurrerago, parte-hartzaile guztiei jakinaraziko zaie erabakia.

12. 240 euroko sari bat finkatu da garaile hautatzen den diseinurako, baita gehienez ere bi accesit emateko aukera ere, 120 euroko saria izanen dutenak.

13. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak zilegi izanen du saria eman gabe uztea, baldin eta parte-hartzaileek aurkeztutako materialak ez badu eskatutako gutxieneko kalitaterik, edo, bestela, laugarren oinarriko parametroak betetzen ez badira.

14. Baimena emanen da Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak logotipoa zabal dezan egokitzat jotzen diren edo beharrezko diren bitarteko guztietan.

15. Parte-hartzaileek eta irabazleak eta, haien izenean, gurasoek, tutoreek edo legezko ordezkariek, baimena ematen diote Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari parte-hartzaile bakoitzaren izena eta logotipoa erabiltzeko, haren gaineko informazioa emateko eta haren publizitatea egiteko; lehiaketan parte hartzeko aurkeztutako irudien ustiapen eskubide guztiak ere Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari lagatzen dizkiote, eta ez beste inori. Ustiapen eskubide horiek dira, oro har, finkatzea, erreproduzitzea, zabaltzea, jendaurrean jartzea eta transformatzea. Horrek lana aldatzeko edo zati batean egokitzeko doako lagapena ere badakar baldintza beretan, edozein motatako materialetan edo publizitate euskarritan edo euskarri berekitan txertatu ahal izateko, inongo kontraprestaziorik jasotzeko eskubiderik gabe.

16. Nafarroako Gobernuak eskubidea du diseinu irabazleari eransteko zernahi goiburu edo idazki, logotipo hori behar diren euskarri guztietan erabiltzeko balio duena (baita, egoki iritziz gero, gaininprimatuta erabilirik ere). Nafarroako Gobernuak ezin izanen ditu obra sarituak erabili diru-sarrerarik ekartzen dion inolako merkataritza-euskarritan.

17. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak irabazle izan dela jakinaraziko dio parte-hartzaile irabazleari, hark emandako helbide elektronikoaren bidez. Saria emanen da Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak parte-hartzaile irabazlearen ikastetxeko zuzendaritzarekin batera zehaztuko duen toki eta egunean.

18. Lanak zeinahi bitarteko edo metodo erabiliz ustia daitezke; hots, Internet, erakusketak, aldizkariak, liburuak edo beste edozein publizitate material digital edo analogiko erabiliz.

19. Zilegi izanen da parte-hartzaileek emandako datuak erabiltzea haiek lehiaketa honetan izanen duten parte-hartzea kudeatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2006873