159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

142E/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita energia elektrikoa ekoizteko instalazio batean aldaketa nabarmena egitea airearen kalitatea zaintzeko estazioa kentzeko xedez. Instalazioaren titularra Acciona Energía SAU da eta Zangozako udal-mugartean dago.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 879/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 358E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2019ko urtarrilaren 31n, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, airearen kalitatea zaintzeko estazioa kentzeko asmoa zuelako. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko otsailaren 18an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz; erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

Aurkeztutako dokumentazioa ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio-prozedura izapidetzeko nahikoa zela iritzita, hasiera eman zitzaion prozedurari, baimenetik kentzeko instalazio horren ingurumen baimen integratuaren II. eranskineko 1.2 atalean ezarritako betebeharra, hau da, instalazioaren inguruneko airearen kalitatea zaintzeko estazio bat izatea, ez baita betetzen urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren 33. artikuluan ezarritakoa, alegia, arau horren beraren 24. artikuluan kutsatzaileen emisiorako ezartzen diren mugetako bat gaindituz gero airearen kalitatea ziurtatu beharra; izan ere, foru dekretu horrek ezartzen ditu atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskaera aztertu du eta, egia bada ere titularrak azaltzen duena, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen du, ordea, A eta B multzoetako jardueraren bat betetzen duten instalazioen titularrek lagundu beharko dutela neurtzen airearen kalitate mailak agintari eskudunak adierazten dituen tokietan. Aipatutako 100/2011 Errege Dekretuaren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu, eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak ematen dira.

Artikulu horretan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren iritziz beharrezkoa da instalazioaren titularrak jardunean mantentzea airearen kalitatea zaintzeko estazioa, inguru horretan atmosfera kutsa dezaketen jarduerak daudelako. Beraz, bidezkoa da ezestea eskatutako aldaketa.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea energia elektrikoa ekoizteko instalazio baten aldaketa nabarmena, zeinak helburu baitu airearen kalitatea zaintzeko estazioa kentzea. Instalazioaren titularra Acciona Energía SAU da eta Zangozako udal-mugartean dago.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Laugarrena.–Honako ebazpen hau Acciona Energía SAUri jakinaraztea, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2006652