155. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

592/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 16ko 562/2020 Ebazpena. Horren bidez, deklaratzen da Nafarroako II., III., IV. eta V. eskualdeetan gaitz fitosanitario orokorrak daudela. Aldaketaren helburua da VI. eta VII. eskualdeak ere sartzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez, arautzen da sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, baso-suteak prebenitzeko.

Aipatu foru aginduaren II. kapituluak salbuespeneko baimenak jasotzen ditu sua nekazaritza eta oihan lurretan erabiltzeko.

6.1 artikuluak lehen puntuan ezartzen du ezen Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak berariaz eta jendaurrean deklaratzen badu gaitz fitosanitario orokorrak daudela Nafarroako nekazaritzako lurretan, uztondoak erre daitezkeela nekazaritzako lurretan, baimen espezifikorik izan gabe.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 562/2020 Ebazpenaren bidez, deklaratu zen Nafarroako II., III., IV. eta V. eskualdeetan gaitz fitosanitario orokorrak daudela.

Nafarroako Nekazaritzako Teknologien eta Azpiegituren Institutuak (INTIA) txosten bat egin du, ekainaren 16ko 562/2020 Ebazpena oinarritu zuen txostenaz gain, eta bertan zehaztu du zer gaitz fitosanitario diren zereal-kanpaina honetan (uztaldia hastear da), VI. eta VII. eskualdeak ere kontuan hartuz. Gaitz horietako batzuentzat, sua erabiltzea da konponbide egokia, nahiz agronomiako beste praktika batzuekin osatu beharko den; izan ere, gai fitosanitarioen erabilera masiboak ez ditu gaitz horiek sendatzen eta inpaktu negatiboa sortzen du ingurumenean, eta arriskutsuak izan daitezke elikagaien segurtasunaren aldetik eta erabiltzailearentzat berarentzat ere; horrez gain, organismo kaltegarriak erresistenteago bihur ditzake fitosanitarioekiko.

Gaur egun efektu hori nabarmenagoa da, zerealen laborantzan fungizida, helizida, intsektizida eta herbizida gutxiago erabiltzen direlako; azpimarratzekoa da clorpirifos eta prosulfocarb debekatuta daudela, besteak beste.

Galondoa erretzea erabat eraginkorra da lastoa lurrazalean uzten denean. Izan ere, moztutako zurtoinekin batera galondoa erretzen denean, behar den tenperatura lortzen da hazi eta organismo kaltegarriak suntsitzeko. Hori gertatzeko, nekazariak planifikatu behar du lastoa ez dela bilduko; horretarako, behar bezain goiz jakin behar du erre ahalko duen.

Egoera fitosanitarioa ezaguna da, INTIAk bertatik bertara egiaztatu baitu; beraz, bidezkoa da gaitz horiek deklaratzea VI. eta VII. eskualdeetan ere, ustiategiek hartu behar diren neurriak kudeatu ahal ditzaten lehenbailehen.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea ekainaren 16ko 562/2020 Ebazpena, deklaratzeko gaitz fitosanitario orokorrak daudela baita VI. eta VII. eskualdeetan ere. Horrek justifikatzen du uztondoak erretzea, neurri egokia baita, nekazariek laborantzan erabili beharko dituzten beste praktika batzuen osagarri.

2. Uztondoak erreko dira ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan (2016ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 4koa) eta horri buruz Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak onesten dituen arauetan xedatutakoaren arabera.

3. Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen aurkako interesdunak administrazio publikoak badira, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2007182