154. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

509E/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita proiektu honi buruz: ustiapen proiektua, A atalean, “Alberto meatzea” izeneko harrobian kareharriak aprobetxatzeko, Aldatzen (Larraun). Horgobisa SL da sustatzailea.

2018ko uztailaren 16an, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 3.h) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin zien, 2018ko uztailaren 31n, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin zitzaten. Honako hauei egin zitzaien kontsulta: Larraungo Udalari, Aldazko kontzejuari, Etxarriko kontzejuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Meatzeen Atalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Kalaxka Elkarteari, Ekologistak Martxan elkarteari, Gurelur elkarteari, Lurra Lurraren Defentsaren Aldeko Elkarteari, Sustrai Erakuntza fundazioari eta SEO Birdlife-ri.

Eta honako hauek erantzun dute: Larraungo Udalak, Etxarriko kontzejuak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak, Herri-lurren Atalak, Meatzeen Atalak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Kalaxka Elkarteak, Ekologistak Martxan elkarteak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta SEO Birdlife-k. Horrez gain, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu honetan interesa duten pertsonak diren aldetik, Miguel Muguiro Sorabilla jaunaren eta Idoia Olaskoaga Echarri andrearen alegazio idazkiak jaso dira. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun hauek, jakinaren gainean jartzeko.

Kontsultaldi honekin batera, 2018ko abuztuaren 21ean, dokumentazio tekniko osagarria eskatu zen, behar bezala baloratu ahal izateko proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen ondorioak. Zehazki, faunari (okilak eta kiropteroak) buruzko azterlan osagarriak eta sarbideen alternatiben azterlan bat eskatu ziren, trafikoak eragozpenik ez sortzeko jendea bizi den eremuetan. Faunari buruz eskatutako azterlanen ezaugarriak ikusita, urtebetekoa izan zen errekerimendu horri erantzuteko epea.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren bidez aurkeztu zen eskatutako dokumentazioa, 2019ko abuztuaren 13an. Dokumentazio berrian ez zen sarbideen alternatiben azterketarik aurkeztu, eta osatu gabe zegoen okilak hartzeko gaitasunaren azterketa; beraz, 2019ko irailaren 16an, berriz ere eskatu ziren alderdi horiek, funtsezkotzat jotzen baitira proiektuaren ukipena baloratzeko. 2020ko urtarrilaren 24an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuren bidez errekerimenduari erantzuteko.

Azpimarratu behar da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu honekin batera, jarduera-lizentziaren espedientea tramitatzen ari dela Larraungo Udalean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak arautzen duen administrazio prozeduraren arabera. Prozedura horretan, kutsaduraren kontrolarekin zerikusia duten hainbat alderdiri buruzko dokumentazioa eskatu eta aurkeztu da (emisioak, isurketak, hondakinak), zati garrantzitsua baitira proiektuaren ingurumen baloraziorako.

Ingurumen Eraginaren Atalak, behin espedientearen dokumentazioa aztertuta, jasotako kontsulten emaitza aintzat hartuta eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideekin bat, proposatzen du proiektuak bete dezala ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunt bat, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak izan ditzakeelako.

Zehazki, honako hauek dira 21/2013 Legearen III. eranskinean bildutako irizpideak, zeinengatik uste baita proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak dituela eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duela:

1. Proiektuaren ezaugarriak. Kutsadura eta beste eragozpen batzuk.

Aldazko herritarren egungo bizi-baldintzetan eragin negatibo nabarmena du proiektua aurkeztutako dokumentazioan jasotako moduan gauzatzeak, kamioien zirkulazioa hazi eginen baita landa-pistetan eta hiri barruko bideetan zehar.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren egungo tramitazioan, sarbideen alternatiben azterketa eskatu da, kamioiak hirigunetik pasatzea eragozteko, baina aurkeztutako azterlana Aldazko hiri barruko bideak erabiltzearen aldekoa da oraindik ere.

Ingurumen ebaluazioaren zati saihestezina da proiektuak biztanlerian duen eragina, eta adierazitako baldintzetan, uste da proiektuak ondorio nabarmenak dituela ingurumenean, eta horiek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren xede izan behar dutela.

2. Proiektuaren kokalekua. Natura 2000 sarea.

Nahiz eta proiektua Natura 2000 sarearen mugetatik kanpo egon, zeharkako ondorio nabarmenak izan ditzake sarean, eragina izan baitezake okil gibelnabarrak (Dendrocopos leucotos) habia egiteko eta ugalketarako erabiltzen dituen eremuetan. Espezie hau, galzoriko espezie gisa katalogatua, “Belate” kontserbazio bereziko eremuaren funtsezko elementua da, eta ikusi da proiektuak ukitutako eremutik kilometro batera, gutxi gorabehera, ugalketako lurralde bat dagoela. Meategiaren inguruko pagadia aztertzean, espezie honi harrera egiteko ahalmen handiko eremuak aurkitu dira kilometro batera baino gutxiagora.

Proiektuak berekin dakarrenez leherketa bidez erauztea eta ateratako harria birrintzea, horrek espeziea gogaitzen ahal du, eta horrenbestez, baliteke espezieak lurralde hori, “Belate” KBEn partzialki sartua dagoena, uztea.

Espediente honen nahitaezko zati bat da baloratzea proiektuak Natura 2000 sarean dituen zuzeneko eta zeharkako ondorioak, eta ezin da baztertu proiektuak zeharkako ondorio nabarmenak eragin ditzakeela funtsezko elementu horretan. Alderdi hori ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunt baten bidez gauzatu behar da.

3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak. Inpaktuaren iraupena eta maiztasuna.

Aipatutako inpaktu horiek eragiten dituzten proiektuko ekintzak (garraioa, leherketak eta agregakinaren tratamendua) meategiaren ustiapen osoak iraun bitartean eginen dira (20 urte inguru), nahiz eta une jakin batzuetan gertatu.

Horrenbestez, kontuan hartuta proiektuaren azterketaren emaitzak, aurkeztutako ingurumen dokumentua eta eginiko kontsultak eta jasotako alegazioak, eta helburu horretarako Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak III. eranskinean jasotzen dituen irizpidearekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuak bere txostenean adierazi du egokia izan dela ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta xedatu du proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharko zaiola, ingumenean ondorio nabarmenak izaten ahal baititu.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ondorio nabarmenak izan ditzake ingurumenean ustiapen proiektu honek: ustiapen proiektua, A atalean, “Alberto meatzea” izeneko harrobian kareharriak aprobetxatzeko, Aldatzen (Larraun). Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapidearekin jarraitzeko, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu berri bat egin beharko du, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 35. artikuluarekin bat; horretarako, kontuan hartuko ditu jasotako kontsulten emaitza, eta gehituko ditu jarduera sailkatuaren espedientean aurkeztutako dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren espedientean eskatutako alderdiak. Horiek puntu hauetan hobetuko dira:

–Sarbideen alternatiben azterlanari dagokionez, lehentasunezkotzat jotzen da saihestea kamioien trafikoa jendea bizi den tokietatik eta, bereziki, Aldazko hirigunetik igarotzea.

–Ingurumen-ebaluazioa egin behar zaio hautatutako sarbideari, bai eta lehengoratzeko/paisaian integratzeko neurriak hartu ere, proiektuko gainerakoen baldintza beretan.

–Aurkeztutako azterlanean ikusi denez, okil gibelnabarren bikote ugaltzaile bat dago harrobitik kilometro batera dagoen eremu batean, espezie horri harrera egiteko ahalmen handikoa den batean. Hori horrela, ingurumen-inpaktuaren azterketan neurri zuzentzaileen plan bat sartu beharko da, harrobiaren jarduerak espezie horren gainean izan dezakeen inpaktua zuzentzeko, arreta berezia jarriz ugalketarako eta habia egiteko aldietan.

Organo substantiboan aurkeztuko da dokumentazioa (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), hura arduratuko baita dokumentazio hori jendaurrean jartzeaz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan adierazitako gainerako izapideak egiteaz. Ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu baino lehen, sustatzaileak irismeneko dokumentua eskatzen ahalko du, 34. artikuluan ezarritako moduan.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, galarazi gabe proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo eta judizialean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Larraungo Udalari, Aldazko kontzejuari, Etxarriko kontzejuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Herri-lurren Atalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Kalaxka Elkarteari, Ekologistak Martxan elkarteari, Sustrai Erakuntza fundazioari, SEO Birdlife-ri, Miguel Muguiro Sorabilla jaunari, Idoia Olaskoaga Echarri andreari, Basozaintzari eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2006193