154. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

492E/2020 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremu bat sortzen baita Urederra ibaian.

Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan daude, 630/2013 Errege Dekretuari jarraikiz. Horregatik, espezie horiek kudeatzeko neurriek xedetzat izan behar dute espezie horien zabalkuntza mugatzea eta, ahal bada, desagerraraztea. Gaur egun, beharrezkoa da neurri eraginkorrak izatea helburu horietako baten bat lortzeko.

Urederra ibaiaren beheko tartean karramarro seinaleduna hedatu da azken urteetan. Tarte hori ibai-karramarro autoktonoa errekuperatzeko planaren jarduketa eremuan dago. Horregatik, 2014tik, ekainaren 24ko 0628/2014 Ebazpenaren bidez, tarte horretan karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremu bat sortzea proposatu zen. Helburua zen ebaluatzea arrantzaleek karramarro aloktonoak ateratzeak nola eragiten zien ibai tarte hartan zeuden populazioei.

Eremu horri esker egiaztatu nahi zen benetan zer-nolako eragina eduki dezakeen aisialdiko arrantzak karramarroak harrapatzea debekatuta egon den eremu batean eta, modu horretan, baloratzen ahalko da horren eragina kudeaketa-tresna gisa espezie hori ez hedatzeko, populazioaren tamaina murrizteko edo, beste neurri batzuekin batera, espeziea desagerrarazteko eta karramarro autoktonoak eremua birkolonizatzeko.

Harrapaketek populazio horretan duten eragina baloratzeko, nahikoa urte igaro ondoren egin behar da. Gainera, joan den urtean ezin izan zen lan hori egin. Beraz, aurten ere karramarroak era kontrolatuan eta arautuan harrapatzeko eremuarekin segitzea proposatzen da, aurreko urteetan proposatu diren ezaugarri berdinekin.

Kasu honetan, eta iaz ez zenez harrapaketarik egin, bereziki garrantzitsua da behatutako bilakaera planteatzea, kanpaina honetan definitutako harrapaketa-lan baten aurretik.

Ibai-karramarroen arrantza Nafarroan honako dekretu hauetan arautzen da:

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 142/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea erabakitzen duena, “galzorian” dauden espezieen kategoriarekin.

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 143/1996 Foru Dekretua, ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko plana onesten duena.

–Nafarroako Gobernuaren martxoaren 11ko 144/1996 Foru Dekretua, Nafarroan karramarro aloktonoak antolatzeko plana onesten duena.

–630/2013 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duena.

Urederra ibaia ibai-karramarro autoktonoa ugaltzeko eremuan dago (hura ugaltzeko planak ezartzen duen eremuan, alegia). Plan horren arabera, karramarro aloktonoak planaz kanpoko eremuetan harrapatzen ahal dira. Hala ere, karramarro autoktonoak dituzten eremuetan hango populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, baldin eta karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea ekiditen bada.

Halaber, planaren helburu baten arabera, karramarro aloktonoek ibai-karramarro autoktonoen eremuak inbaditzea ekiditeko, hainbat neurri hartuko dira, hala nola karramarro autoktonoak antzeman diren eremuetan kanpoko espezieak kontrolatzeko jarduketa-programak ezartzea. Programan populazio aloktonoen aprobetxamendu antolatua ezartzen ahal da, betiere karramarro aloktonoak karramarro autoktonoa duten eremuetara hedatzea saihesteko asmoz egiten bada.

Abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen du. Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus) eta karramarro gorria (Procambarus clarkii) sartuta daude katalogoan. Aipatu errege dekretuaren arabera, abenduaren 13ko 42/2007 Legeak indarra hartu aurretik natur ingurunean sartu ziren arrantza edo ehiza aprobetxamenduko espezie katalogatuak egun hori baino lehen zeuden eremuetatik kanpora hedatzea ekiditeko, ehiza eta arrantza erabiltzen ahalko dira espezie horiek kudeatu, kontrolatu eta desagerrarazteko.

Iaz, arazo administratiboak tarteko, ezin izan zen harrapaketarik egin; horregatik, aurten erabakigarriagoa da, etorkizuneko erabakiei begira, kanpaina honen aurreko eta ondorengo estimazioa egitea eta aurreko datuekin alderatzea, etorkizunean erabakiak hartzeko. Laginketa horiek sekuentziaka eginen dira aztertutako tarte osoan, 2014az geroztik erabilitako metodologiari jarraikiz, tartearen zati bakoitzean egindako harrapaketa jarduerarekin erlazionatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Karramarro aloktonoak kontrolatzeko eremu bat sortzea Urederra ibaian, ondoren ezartzen diren ezaugarriekin:

1.–Jarduketa eremua: karramarroak harrapatzeko eremua Urederra ibaian dago, Artabiako errepideko zubiaren eta Ega ibaiarekiko elkargunearen artean. Guztira, ibaiaren 8,5 kilometro dira, gutxi gorabehera.

Edonola ere, kudeaketaren ondorioetarako, bi azpi-eremu bereiziko dira eremu honen barruan, eta honela zedarrituko dira:

a) Goiko azpitartea, Artabiako errepideko zubitik, presako oinarritik hasita, Larriongo zubiraino. Guztira, ibaiaren 4,1 kilometro dira, gutxi gorabehera.

b) Beheko azpitartea, Larriongo zubitik Egarekin bat egiten duen arte. Ibaiaren 4,4 kilometro dira, gutxi gorabehera.

2.–Karramarroak harrapatzeko baldintzak:

–Harrapatu nahi diren espezieak: karramarro seinaleduna eta paduretako karramarroa.

–Tresnak: arrantzale bakoitzak zortzi salabardo erabil ditzake gehienez ere. Salabardo bakoitzean txartela jarriko da eta bertan arrantzalearen izena, bi deitura eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen zenbakia.

–Kupoa: ez dago gehieneko kopururik eguneko eta arrantzaleko.

–Neurriak: ez da finkatu harrapatutakoaren gutxieneko neurririk.

–Epea: ekainaren 1etik irailaren 30era arte (biak barne), asteko egun guztietan, jai ez diren astearteetan izan ezik.

–Ordutegia: 15:00etatik 21:00ak arte.

3.–Aleak ezin dira uretara itzuli, eta karramarroak harrapatzeko eremutik joan baino lehen hil beharko dira.

4.–Elkarteak ez du murrizketarik bi tarteak erabiltzeko, nahiz eta goiko aldea erabiltzea komeni den.

5.–Arrantzaleak karramarro aloktonoa kontrolatzeko eremuan sartzea: gaur egun, karramarroen Nafarroako barruti bat kudeatzen duten arrantzaleen elkarteek hamar eguneko epea dute, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, idatziz erantzuteko interesa duten ala ez Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzeko Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuaren kudeaketan. Elkarteen interesaren berri izan ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak koordinatuko du arrantzaleak banatzeko eta ibai tarte hori zaintzeko era. Interesa duten elkarteen artean banatuko dira egunak, eta elkarte bakoitzeko zaindari batek agertu beharko du ibaian elkarteari esleitutako egunetan.

6.–Karramarroak harrapatzeko tartea behar bezala zaintzen dela bermatzeko, gehienez ere 30 baimen emanen dira eguneko. Elkarteek zein zainketa-lanetarako hartzen duten konpromisoa, horren arabera banatuko zaizkie baimenak. Karramarroak harrapatzeko tartea erabiltzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako karramarro seinaledunen barruti baterako baimena eta ibai tarte horretarako berariazko baimena izatea. Dagokion elkarteak bermatzen du Urederrako Kontrol Eremuan baimena duten arrantzaleek bete dutela, kasu guztietan, aurreko urteko informazioa emateko betebeharra, aipatu elkarteak zaintzen dituen tarte guztietan.

7.–Betebeharrak: Urederra ibaian karramarroak harrapatzeko eremuan sartzeak berekin dakar inkesta bete beharra, honako hauek adierazteko: harrapaketen kopurua, guztira; zenbat ar eta zenbat eme harrapatu diren; harrapaketetan emandako denbora; erabilitako salabardoen kopurua; eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein datu. Modu horretan, eremuan harrapatzen diren karramarroak zorrozki kontrolatzen ahal dira, esfortzu-unitateko harrapaketen eraginkortasuna denboran zehar ebaluatzeko, eta eremuan guztira harrapatutako karramarroen kopuruaren berri izan daiteke. Esleitutako baimena erabiltzen ez bada ere, inkesta itzuli beharko da egoera jakinarazteko.

8.–Pertsona batek inkesta itzultzen ez badu, ezin izanen du berriro eskuratu karramarroak harrapatzeko eremurako baimen bat.

9.–Zaintza: Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeak eta arrantzaleen elkarteen zaindariek egiaztatuko dute karramarroak harrapatzeko eremuak behar bezala funtzionatzen duela, eta kontrol teknikoa Ibai Ingurunearen Kudeaketa Atalak eginen du.

10.–Karramarroen ugaritasuna kontrolatzea: karramarroen dentsitateei buruzko datuak eskuratzeko, laginketak eginen dira karramarroen populazioen bilakaera ikusteko, harrapatzen ahal diren aldiaren aurretik, bitartean eta ondoren. Horretarako, hiru laginketa-gune ezarriko dira, bi karramarroak harrapatzeko eremuan eta beste bat eremu horretatik kanpo.

2. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ibai Ingurunearen Kudeaketa Atalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisioari eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari, Lizarrako Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteari eta Arga Ibaia Arrantzaleen Elkarteari, ohartaraziz ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Epeak zenbatzen hasiko dira jakinarazpena egin eta hurrengo egun baliodunetik aurrera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2006196