150. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2020ko deialdia onesten duena garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako. DDBN identifikazioa: 511066.

Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko, zeinak Nazio Batuek hitzartu baitzituzten 2015eko irailean. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak irizten du sendotu behar dela nazioarteko elkartasun sentimendua, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu, garapenerako hezkuntza eta hari lotutako komunikazio politika garatuz Estatu kideetan eta garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKEen ekimenak babesten jarraitzeko sustatuz. Ildo berean, “Garapenari buruzko Europako kontsentsua” zehaztu da, zeinak, besteak beste, adierazten baitu Europar Batasunak parte-hartze handia bultzatzen duela herrialdeen garapenean interesa duten eragileen artean eta gizarteko sektore guztien partaidetza adoretzen duela.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzari buruz. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz, barne direla askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, dirulaguntzaren xedeko jarduerak gauzatzen direnean aurrekontuko ekitaldiarekin bat ez datorren urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez), hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta ez da nahitaezkoa horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena.

Horrenbestez, beharrezkoa da oinarriak ezarri eta argitaratzea garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako, dirulaguntza horietan bermatu daitezen publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientziaren printzipioa ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko deialdia onestea garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 870.000 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, honela banatuta: 616.000 euro 2020ko ekitaldirako, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura; eta 254.000 euro 2021eko ekitaldirako, 2021eko Gastuen Aurrekontuetan horretarako gaitzen den partidan behar adinako kreditua baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

2020ko deialdiaren oinarriak garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak egindako dirulaguntzen deialdi honen bidez, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, garapenerako lankidetzaren eragile diren heinean, esku-hartzeak finantzatuko dira, helburu izanen dutenak gizarteak hobeki ulertzea garapen bidean diren herrialdeen arazoak eta kontzientzia eta ulermen kritikoa garatzea elkarren mende dagoen munduari buruz, elkartasuna eta lankidetza aktiboa bultzatuz.

2. Esku-hartzeak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, eta hiru motatakoak izan daitezke:

–A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoen ezagutza erraztea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeena, eta ulertzen laguntzea txirotasunaren arrazoiak eta globalizazioaren harreman ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.

–B modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean. Esku-hartze horiek hezkuntza prozesuak bultzatzen dituzte, hezkuntza formalaren esparrutik kanpo hezteko asmoa izanik eta planifikatuta daudela irakaskuntza-ikaskuntzaren esperientziak.

–C modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru formalean, hau da, legez araututako hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak. Zenbait urtetarako esku-hartzeak izanen dira, ikasturte batean egiten baitira.

Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria modalitatearen arabera.

Guztira, 2020. urtean, helburu horietarako, 616.000 euro bideratuko dira, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura. Zenbatekoa lau modalitateen artean banatuko da, honela:

–A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak: 350.000 euro.

–B modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean: 100.000 euro.

–C modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru formalean: 166.000 euro.

2021eko ekitaldirako, eta C) modalitaterako soilik (garapenerako hezkuntza esparru formalean), 254.000 euro egotziko dira; betiere, 2021. urteko gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan kreditu nahikoa bada.

Modalitateren batean 2020. urterako aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: Hezkuntza formala; B modalitatea: Hezkuntza ez formala; A modalitatea: Sentsibilizazioa.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek:

a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, inskribaturik egon beharko dute Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

f) Gainera, hiru entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu. Unibertsitateen kasuan, C modalitatean bakarrik aurkezten ahalko dira, hau da, “garapenerako hezkuntza esparru formalean” izenekoan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lotuta egotea deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, entitateen beren funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik –berariaz kenduta Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak– edo beste entitate batzuetatik.

c) A eta B modalitateetako jarduerak 2020an egin behar dira. C modalitateko jarduerak, berriz, 2020-2021 ikasturtean.

d) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

e) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 25.000 euro.

–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean): 25.000 euro.

–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru formalean): 35.000 euro GGKEen kasuan, eta 20.000 euro unibertsitateen kasuan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

a) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a.1. Jarduerak egiteko lokalen alokairua.

a.2. Materialak eta hornidurak.

a.3. Langileria gastuak.

a.4. Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak.

a.5. Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

b) Zeharkako gastuak: dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio proiektuaren zeharkako kostuen kontzeptuan. Zeharkako gastuak GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku-hartzea egiteko beharrezkoak direnak; horien %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzen zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Langileria gastuak jardueraka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: bakoitzean langileek zenbatsu ordu emanen dituzten, orduaren prezioa eta guztira zenbat ateratzen den.

3. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak, diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak gehituko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5. Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Mota guztietako inbertsioak dirulaguntzetatik aparte gelditzen dira (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Dirulaguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak, etab.). Langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak dirulaguntzaren kontura egotzi ahal izateko, jarduerak egitearekin lotura zuzena izan behar dute, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

7. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balioztatzeak, material didaktikoak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, horrelako ekarpen guztien %35eraino, gehienez.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Horren ondorioetarako, entitateen batasun bat eta haren barreneko entitate bakoitza entitate desberdinak direla ulertuko da.

3. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan, Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera zuzenduta. Entitateak gaitutako helbide elektronikoa (GEH) eduki beharko du deialdi honen gaineko jakinarazpenak jasotzeko.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, bete beharko dira Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak. Entitate eskatzaileek iragarriko dute eskaera bidali dutela, mezu elektroniko bat igorriz servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

–Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste agente batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, esaten duena entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: “Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak”.

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela.

d) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

d.1) Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.

d.2) Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

f) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek aurkez dezakete, dirulaguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek bete beharko dute oinarri hartan ezarritakoa, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita, edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan.

b) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2017, 2018 eta 2019), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

c) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. Adieraziko da II. eranskineko (“Balorazio irizpideak”) zer atali dagokion, eta zehaztu beharko da aztertu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen.

d) Aurreikusten bada entitate publiko edo pribatuen lokaletan (udalak, beste departamentu batzuk, NUP, elkarteak, etab.) eginen direla jarduerak, agiri bat aurkeztu behar da, frogatzeko lokalaren jabea den entitatea programatutako jarduerarekin ados dagoela.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu bakar batean ere, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu bakar batean ere, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Dirulaguntza eskatzen den zenbatekoa adinakoa izanen da.

4. Baldin modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaera guztiek gainditzen badute aurrekontuetan horretarako dagoen dirua, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuarentzat eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, dirulaguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 11. oinarriko 2. puntuan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Egokia ikusiz gero, ebazpen bakar batean bil liteke modalitate bat baino gehiagoren kontzesioa.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 2020. urteko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondotik.

2. C modalitaterako: 2021eko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, 2020ko dirulaguntza osoaren eta Nafarroako Gobernuz kanpoko diru-ekarpenaren justifikazio txostena aurkeztu ondoren.

3. Hori guztia, gardentasun betebeharra bete ondoren, betiere ez badio kontra egiten Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoari. Betebehar hori zehaztuta dago deialdi honen hemezortzigarren oinarri arautzailean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan, zeinak arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Txostena aurkeztea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Urte anitzeko finantzabidearen kasuan, eta 2021. urteko ordainketaren ondorioetarako, 2020ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da 2020an emandako partearen exekuzio partzialari buruzko txostena.

3. Txosten partzialak eta azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:

a) Justifikazioaren txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eta, halakorik bada, egiaztatze-iturriak.

c) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen kontua.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan.

d) Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, edo, halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiriekin batera, dagokien ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

e) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

4. Baldin Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, seigarren oinarriaren 7. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epeari dagokionez, esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

b) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, baldin eta esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrik gertatzen bada. Berdin egin beharko da baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinik baldin badago. Azken kasu honetan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskaera bat egin beharko dute. Funtsezko aldaketak izateko, honako hauetan izan beharko dute eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, kontu-sailetako aldaketa dirulaguntzaren %20 baino handiagoa denean, edo guztirako kostuaren %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko beste ekarpen txikiago baten ondorioz; betiere, laugarren oinarriaren b) atalean ezarritako baldintza urratu gabe. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

c) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

e) Ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunderako lan idatzi edo grafikoetan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala (otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak aldatu zuen). Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun diren entitateen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

h) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortuz edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrakoa, hain zuzen.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, ahal dela Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, erabakitzen ahalko da hertsapen isunak ezartzea, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira. Honako hau hartuko da kontuan:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Justifikazio epetik kanpo aurkezten denean zerbait, zenbat egun iragan diren. Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa, baita Nafarroako Garapenerako lankidetzari buruzko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluan xedatutakoa ere, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen xedatutakoa. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

1.–A modalitaterako balorazio irizpideak: sentsibilizazio ekintzak.

a. Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1. Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (170 puntu arte):

Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu arte).

–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

–Batasunean bildutako entitateen kopurua (20 puntu arte).

a.2. Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (gehienez 800 puntu).

b.1. Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2. Lankidetzarako beste eragile batzuekiko ea agente sozialekiko koordinazioa (25 puntu arte).

b.3. Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu arte):

–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (50 puntu gehienez).

–Proiektuaren exekuzioan aipatzen diren entitate publiko eta pribatuen abalak (25 puntu arte).

–Arriskuen eta kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.4. Metodologia (125 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu arte).

b.5. Edukiaren egokitasuna (150 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (100 puntu arte).

b.6. Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.7. Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu, gehienez).

b.8. Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

2.–B eta C modalitateak baloratzeko irizpideak: Garapenerako hezkuntza proiektuak.

a. Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1. GGKErako:

a.1.1. Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (135 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

a.1.2. Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu arte).

a.1.3. Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

a.2. Unibertsitateentzat:

a.2.1. Gaitasun operatiboa (100 puntu gehienez):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

a.2.2. Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu arte).

a.2.3. Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

b. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (gehienez 800 puntu).

b.1. Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2. Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):

–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (110 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (40 puntu gehienez).

–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.3. Metodologia (100 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu arte).

b.4. Edukiaren egokitasuna (175 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. ataleko zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Proposamenaren edukiaren analisia (125 puntu arte):

  • Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta aholkularitza (25 puntu arte).
  • Urteko edo ikasturteko lan etengabea (25 puntu arte).
  • Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (25 puntu arte).
  • Laguntza teknikoa eta aholkularitza exekuzioan (25 puntu arte).
  • Hedadura komunitatean (25 puntu arte).

b.5. Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.6. Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu arte).

b.7. Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu, gehienez).

b.8. Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen bidezkotasuna baloratuko da, eta, jarraitzearen alde egiten bada, b ataleko puntuazioa 1,05 koefizientearekin biderkatuko da, gehienez ere 800 puntu arte.

3.–Zeharkako ikuspegiak.

1. Giza garapenaren ikuspegia: giza garapena prozesu bat da, zeinaren bidez handitzen baitira gizaki guztien aukerak eta hautabideak, bai egungo belaunaldientzat, bai gerokoentzat. Ikuspegi horren arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, eta aitortzen du gizakia garapenaren erdigunean dagoela eta askotariko beharrak dituela: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.

2. Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da, eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du; garapenaren helburuak lortzea giza eskubideak goitik behera betetzearekin lotzen du; haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

3. Garapen jasangarriaren ikuspegia: horrek esan nahi du esku-hartzeek inguruneko baliabide naturalak errespetatuko dituztela, egungo zein etorkizuneko beharrak asetzeko moduan, gizakiaren bizi kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen mota honek egungo beharrak asetzen ditu, kalterik egin gabe etorkizuneko belaunaldiek beren premiei aurre egiteko gaitasunari. Zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

4. Parte-hartzearen eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte-hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

5. Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko. Nazio Batuen arabera, halakotzat jotzen dira emakumeak ahalduntzeko helburuak, bai eta arlo sozial eta ekonomikoan eta eskubide zibil eta politikoetan genero desparekotasunak zuzentzekoak ere. Ikuspegi honi jarraikiz, baloratu behar da zer ondorio dituzten, gizonentzat eta emakumeentzat, eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek.

Iragarkiaren kodea: F2006124