146. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89/2019 EBAZPENA, ekainaren 9koa, laguntza hauen deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena: Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 2019ko uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” izeneko azpineurrian aurreikusitako laguntzen deialdia 2019-2020rako. DDBN identifikazioa: 468851.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenaren bidez, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” izeneko azpineurrian aurreikusitako laguntzen 2019-2019ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean. Eskaerak aurkezteko eta aldatzeko epea 2020ko urtarrilaren 30ean amaitu zen. 2020ko martxoaren 14an, aurkeztu ziren eskaerei baremoa aplikatzen ari zitzaien eta laguntzak eman aurreko ohiko kontrol prozesuan zeuden.

Azpineurri honen ondorioetarako, deialdiaren ekitaldi osoan Europar Batasunaren barne merkatuan egiten diren sustapen ekintzen multzoak osatzen du Ekintza Plana, baldin eta kalitate figurek babestutako produktuak kontsumitzera bultatzen badute kontsumitzaileek produktu horiei buruz duten informazioa, onarpena eta lehentasuna handituta. Ekintza horiek behar bezala deskribatu eta programatuta egon beharko dute, aurrekontu eta guzti.

Deialdiaren 5. oinarrian biltzen diren eta diruz lagungarriak diren ekintzen artean, hauek oso garrantzizkoak dira: Espainiako eta nazioarteko feria eta erakusketetan parte hartzea, EB barruan, produktuen aurkezpena, ekitaldiak babestea, sustapena saltokian, lehiaketak, erakustaldiak, produktuen dastaketak, kalitate figurei eta haien produktuei buruzko jardunaldi eta mintegi teknikoak, edo misio komertzialak.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen du alarma egoerak diraueno pertsonen zirkulazio askea murriztuko dela, eta jarduera gutxi batzuk baizik ez direla haizu. Era berean, debekua ezartzen da zenbait merkataritza jarduera egiteko, preseski izaera sozial, kultural eta aisialdikoak ere badauzkatenak; horien artean, lehenagoko paragrafoan aipatu direnak, produktuaren sustapenarekin loturikoak.

Salbuespenezko xedapen hauen ondorioz, laguntza eskatu dutenek haien ekintza planak aldatu beharko dituzte, eta salbuespenezko egoera berrira egokitu.

2020ko urtarrilaren 30era arte, entitate onuradunak aldatzen ahal izan zituen aurkeztutako eskaerak, ekintza planari eta jarduerei dagokienez, inolako murrizketarik gabe. Egun horretatik aurrera, oinarriek aldaketa bakar bat egiteko bidea ematen dute, plana onartu eta gero aurkeztekoa, plana gauzatzeko epe guztirako.

Laguntzen deialdia arautzen duten oinarrietan biltzen da eskaerak aldatzeko prozedura bat, baina prozedura hori ez da aski osasun alertaren egoerak ekarri duen jardueren murrizketa muturrekoari egokitzeko. Beste alde batetik, aise ikusten da ekintza planetan biltzen diren jardueretako asko ezin direla egin osasun alarmaren egoera batean. Hori horrela, beharrezkoa da epe bat irekitzea laguntza eskaerak aldatu ahal izateko, hau da, uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenean biltzen den deialdiaren abaroan aurkeztu ziren eta bideragarriak ez diren jarduerak kentzeko, eta beste sustapen-jarduera batzuk proposatzeko.

Osasun alertaren egoerak luzapen batzuk eduki ditu martxoaren 14tik aurrera; horregatik, franko luzatu da sustapen-jardueretako asko egiten ahal ez izateko aldia. Deialdian epe bat aurreikusten da ekintza plana gauzatzeko, eta mugaeguna 2020ko urriaren 31 da. Epe hori laburregia da ekintza plan eraginkor bat aurrera eramateko; hortaz, beharrezkoa da epea luzatzea, eta egindako ekintzen justifikazioa aurkezteko eta ordainketa eskatzeko data ere atzeratzea.

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 54. artikuluak (errege lege-dekretu hori arlo sozialean eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko premiazko neurri osagarriak onesten dituena da) aukera ematen du dirulaguntzak emateko prozeduretan, dirulaguntzak eta laguntza publikoen deialdien ebazpenak aldatzeko, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko epeak luzatzeko, eta hala badagokio, gauzatzea justifikatzeko eta egiaztatzeko ere; eta aldaketa hori egiten ahal da deialdiaren oinarri arautzaileetan horrelakorik aurreikusten ez denean ere.

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. xedapen gehigarriak ere (foru lege-dekretu horren bidez onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak) arau bera biltzen du; eta gaineratzen du aldaketa hau ez dela izanen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren mendekoa, eta ez diola eragiten aipatu xedapen gehigarriaren 1. apartatuan ezartzen den epeen etenari.

Edonola delarik ere, deialdian eta bere oinarri arautzaileetan aurreikusten diren aldaketek interes orokorrari erantzuten diote, elikagaien produkzio eta horniketa kateari eragiten dioten ber. Gainera, nekazaritzako ustiategiei ere eragiten die, eta horrekin batera elikagaien horniketa bermatzeko funtzioari, zeren ebazpen honen gaia diren laguntzak beharrezkoak baitira nekazaritzako ustiategien bideragarritasun ekonomikorako, batez ere haien jarduera kalitate nabarmeneko erregimenen mendeko produkzioetan oinarritzen diren ustiategietarako, haien produkzio kostuak handiagoak izaten baitira.

Are, lehen ere aipatu dugun martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezartzen du agintari eskudunek behar diren neurriak hartuko dituztela elikagaien horniketa bermatzeko kontsumo tokietan, baita produkzio zentroen zerbitzuen funtzionamendua ere.

Beste alde batetik, ebazpen honek Nafarroako Foru Komunitatearen Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren oniritzia jaso du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 730.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 720003 72220 4459 413105 partidaren kontura (“Elikagaien kalitate figuren sustapena. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”).

2. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenaren 3. puntua aldatzea, honela idatzita utziko baita:

“3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 730.000 euroko gastua baimentzen da 2021eko ekitaldian, 2021eko Aurrekontu Orokorretan 2020ko Aurrekontu Orokorretako 720003 72220 4459 413105 partidaren baliokidea denaren kontura (partida horren izena hau da: “Elikagaien kalitate figuren sustapena. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”).

3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenaren I. eranskina aldatzea (Ebazpen horren bidez, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrian aurreikusitako laguntzen 2019-2019ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean), ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den moduan.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, neurriak bermatzen duelako populazioaren elikagai horniketa, kalitate nabarmeneko erregimenen mendeko ustiategiei eutsiz eta bideragarritasuna emanez.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

6. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, aurrekoaren ondotik gertatzen bada.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Aldaketa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 884/2016 Ebazpenarena. Horren bidez, “Barne merkatuko informazio eta sustapen jarduerak” azpineurrirako laguntzen 2019-2020ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 25eko 884/2019 Ebazpenaren I. eranskina aldatzen da, honela:

1. Diruz lagungarriak diren gastuei buruzko 6. oinarriko 2. puntua aldatzen da. Honelaxe geldituko da:

“2. Gastu diruz lagungarriak izanen dira laguntza eskaera aurkezten denetik 2020ko abenduaren 31ra arte egiten direnak.

2. 6. puntua eta 7. puntua eransten zaizkie 11. oinarriari, laguntza eskaerari buruzkoari, honela:

“6. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (dekretu hori COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duena da) indarra hartu baino lehen aurkeztu diren eskaerak aldatzen ahal dira, entitate onuradunak hala eskatuta, garatu beharreko ekintza planari edo/eta jarduerei eta aurrekontuei dagokienez, 15 egun balioduneko gehieneko epean ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.”

7. Eskaera berri horiek oinarri hauetan ezartzen diren betebehar guztiak beteko dituzte, eta ekintza plan berri bat bilduko dute. Plan berri horren zenbatekoa hasieran eskatutako bestekoa izanen da, edo txikiagoa, eta bertan ezarriko da zer ekintzari eusten zaion, edo aldaketarik bada, aldaketa zertan den, eta zer ekintza berri sartzen den, bakoitza bere deskribapen eta aurrekontuarekin eta denboran programatuta. Sartzen diren ekintza berriei dagokienez, haiei aplikatzekoak izanen zaie 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan eta Europar Batasunaren Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan ezartzen den efektu pizgarria; beraz, ez dira diruz lagungarriak izanen eskaera lehenagoko puntuan ezarritako aldaketa baino lehen eginiko ekintza berriak, halakorik badira.”

3. Hamazazpigarren oinarriaren 1. puntua, ordainketa eskaerari buruzkoa, aldatu da. Honela idatzita gelditu da:

“1. Laguntzak jasotzeko, onuradunak, ekintza plana bukatuta dela, ordainketa eskaera bat aurkeztu beharko du 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen.”

Iragarkiaren kodea: F2006085