144. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2020ko deialdia onesten duena Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei. DDBN identifikazioa: 510481.

Urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua (NABI) erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, ezartzen du erakunde horrek duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Eskumen horiek garatzeko, NABIren eginkizunak izanen dira, besteak beste, emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatu eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea.

Era berean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren urriaren 8ko 55/2018 Foru Aginduak (zeinaren bidez onesten baita Emakumeek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika publikoetan parte-hartze sozial eta politikoa izateko 2018-2020 aldirako Estrategia) bete beharreko neurri gisa jasotzen du honako hau: ahalduntzea eta lidergo berriak sustatzea emakume-elkarteekin eta/edo elkarte feministekin, hirugarren sektoreko emakumeekin eta elkarteetan sartu gabeko emakumeekin, dirulaguntzen deialdien bidez.

Bestalde, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza planak, Gobernuak 2016ko azaroaren 23an onetsiak, honako neurri hau ezartzen du I. ardatz estrategikoan (“Balioak aldatzea eta baldintzak sortzea emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizimodurako”): emakumeen ahalduntze pertsonala sostengatzea, umetatik hasita, emakumeak ikusgai egiteko eta estereotipoak desagertzeko programak bultzatuz, eta emakumeen ahalduntzea (umetatik hasita) sostengatzeko programak egitea.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, emakumeen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu gizarte ekintzako proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteentzat eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateentzat, 2020an genero ikuspegia duten proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean eta horiek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzera zuzen ditzaten.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 250.000 euroko gastua baimentzen da 2020ko aurrekontuko “Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak” izeneko 080001 08100 4819 232203 partidaren kargura.

4. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 10ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz Garcia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2020. urtean zehar Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin ditzaten, oinarriotan ezarritakoarekin bat eta kredituek ezartzen dituzten mugen barruan.

Dirulaguntza hauen helburua da emakumeen parte-hartze soziala bultzatzea, elkartegintzaren bidez ahalduntze banakakoa eta kolektiboa bultzatzea, eta genero berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarren artean.

2. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute emakumeen elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek, betiere haien estatutuetan helburu gisa berariaz agertzen badira emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna bultzatzea eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzea. Onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko proiektuak egin behar dituzte, eta oinarri hauetako baldintzak bete.

Deialdian parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituzten emakumeen elkarteek, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

3. oinarria.–Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion erregistroan inskribatua egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako soilik eskatu.

3.2. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3.3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea xede izatea estatutuetan, eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzen dituzten guztiak.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4 oinarria.–Gauzatzeko epea eta proiektu eta ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 13ra arte izanen da.

4.2. Proiektu mota hauek jasoko dute dirulaguntza:

A motakoak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekintzak dituzten proiektuak.

B motakoak: Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen lurralde-topaketarako proiektuak, elkarteen sare bat bultzatzeko eta, horrela, Nafarroako elkartegintza indartzeko. Topaketa horiek emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak garatu beharko dituzte, eta Nafarroan egin beharko dira.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) Emakumeen elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatzea, laguntzea eta dinamizatzea, emakume eta nesken ahalduntze banakakoa eta kolektiboa sustatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitatean, erabakiak hartzeko prozesu eta guneetan eta entitate sozial eta politikoen kudeaketan eta zuzendaritzan emakumeen presentzia finkatzea eta haien parte-hartzea sustatzea, genero ikuspegiarekin.

c) Belaunaldien arteko hitzarmenak erraztea emakumeen artean, baita haien sareko lana ere.

d) Hausnarketa piztea eta zainketak eta erantzunkidetasuna balioestea, erantzunkidetasunaren arloko beharrak konpontzea eta zalantzan jartzea sexuen araberako lan banaketa.

e) Genero rolei jarraitzen ez dieten eta generoan oinarritutako estereotipoak desagerrarazteko eredu diren emakumeak agerian jartzea.

f) Beste aldagai batzuekin –besteak beste, adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin, orientazio sexualarekin edo genero identitatearekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren hainbat desberdinkeria lantzea.

g) Ikerketa-, hedapen- eta/edo sentsibilizazio-lana egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, emakumeen eskubideak sustatu eta defendatzeko arloan eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzeko arloan.

h) Honako hauei buruzko prestakuntza ematea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakume eta nesken ahalduntzea eta antzeko beste batzuk. Herritar guztiek parte hartzen ahalko dute prestakuntzan, baina bazkideek lehentasuna izan dezakete.

i) Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria prebenitzea eta desagerraraztea.

j) Emakumeen eskubideekin eta eskaerekin lotutako garrantzi bereziko datak aldarrikatzea.

k) Emakumeek pairatzen duten “eten digitala” murriztea, teknologien erabilera sustatuz, helburu izanik zuzen erabiltzea agiriak editatzeko oinarrizko tresnak, kalkulu-orriak eta posta elektronikoa, baita administrazio publikoekiko komunikazio telematikoa ere.

4.4. Mota bereko proiektu batzuetarako eskaera aurkezten duten entitate edo elkarteak ez dira onartuko; hala ere, organo kudeatzaileak eskatuta proiektu horietako bakar bat aukeratzen badute, onartuko dira.

Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek jardueren proiektu bat (A motakoa) eta elkarteen arteko topaketaren proiektu bat (B motakoa) aurkezten ahalko dituzte.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioa badute:

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Aholkularitza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen ordainsariak, txostengileak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea, frogatzen badute genero berdintasunaren arloko 120 orduko prestakuntza dutela).

Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, enpresa horrek ziurtatu beharko du badituela genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana) duten langileak, eta horiexek direla proiektua gauzatzeko erantzule zuzenak. Enpresak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da prestakuntza. Diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira.

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2021ekoek jasoko dute dirulaguntza.

d) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Elkarteen arteko topaketetarako B motako proiektuen bidaia-gastuak edo A motako proiektuenak, baldin eta gastu horiek beharrezkoak badira proposatutako jarduera egiteko. Garraioan egindako gastua soilik onartuko da, eta onuradunari fakturatzen zaion gastua hartuko da kontuan, 500 euroko muga gainditu gabe.

g) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 ere erabil daiteke objektiboki, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira. Zeharkako gastutzat hartuko dira, orobat, proiektuak gauzatzeaz arduratzen den elkarte edo entitatearen langileen gastuak, baldin eta justifikatzen bada langile horiek diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela eta badutela genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza (erakunde publikoek edo unibertsitate publiko nahiz pribatuek emana).

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak, 0-3 tartea barne, edozein dela ere haien titulartasuna, baldin eta jarduera horiek ikasgelan egiten badira edo eskola-orduetan, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

c) Aisia-jarduerak edo ludiko-jostetakoak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak.

e) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2 apartatuan ezarritakoa salbu.

4.6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Diruz lagundutako jardueraren publizitate edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta NABIrena ez badira agertzen.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

h) Inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta entitateentzako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

–Emakumeen elkarteak: Dirulaguntza 10.000 eurokoa izanen da gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

–Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateak: 5.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

5.2. Eskatuko den zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu aurreko atalean ezarritako mugak ere.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu deialdian ezarritako irizpideen arabera:

–3.000 euro edo gutxiago eskatzen duten proiektuei, eskatu eta onartutako kopuruaren %100 emanen zaie.

–3.000 euro baino gehiago eskatzen duten proiektuei, portzentaje hauen arabera emanen zaie dirulaguntza:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.

–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %90.

–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %70.

–50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %60.

5.3. Honela banatuko da aurrekontu kontsignazioa:

• 210.000 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.

• 40.000 euro irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

Onuradun mota bakoitzari (emakumeen elkarteei/irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateei) erreserbatutako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste onuradun motarako kredituari gehituko zaio.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren zenbatekoa adierazita eta jardueren aurrekontua xehatuta. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskuratzen ahal da eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.

Proiektuaren azalpenean (1. eranskina), balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa eman ahal izateko.

b) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa bizitzaren arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzeko), eta dagokion erregistroko inskripzioa.

c) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak sinatutako adierazpena, ordezkaritza organoa osatzen dutenen identitatearen eta sexuaren berri ematen duena (2. eranskina).

d) Elkarteak izanez gero: Elkartearen ordezkariak sinatutako adierazpena, elkarteko emakumezko bazkideen kopurua, gizonezko bazkideen kopurua eta 30 urtetik beherako emakumezko bazkideen kopurua zehazten dituena (3. eranskina).

e) Elkartearen edo entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen eta/edo aitortzen dituena (4. eranskina):

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

g) Kasua bada, funtsen aurrerakinaren eskaera (5. eranskina); txosten bat erantsiko da, frogatzeko ez dutela baliabide nahikorik aldi baterako finantzatzeko diruz lagundutako jarduera, eta adieraziko da zein diren 2020ko diru-sarreren eta gastuen mugimendu aurreikusiak, edo funtsen eskasia frogatzen duen edozein agiri. Halaber, laburpen bankario bat ere aurkeztu beharko da, azken mugimenduak jasoko dituena.

h) Gardentasunari buruzko aitorpena, 10. oinarrian ezarritakoaren araberakoa (6. eranskina).

i) Ziurtagiri eguneratua, deialdia argitaratu ondotik igorritakoa, non jasoko baita elkarteak edo entitateak eguneratuak dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Ziurtagiri hori aurkezten ez bada eta betiere alderdi interesdunak aurkakorik adierazten ez badu, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiazta dezake irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo entitateak egunean dauzkala tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak (7. eranskina).

j) Kasua bada, honako hauetan parte hartzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa: berdintasunerako udal kontseiluetan, emakumeen elkarteen plataforma koordinatzaileetan edo familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko tokiko itunetan (8. eranskina).

k) Sare sozialetan egonez gero, sare sozialen estekak jasotzen dituen dokumentua (9. eranskina).

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean, laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Eskaera hilabeteko epean aurkeztuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulegoen bitartez aurkezten bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.

Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari komunikatu beharko zaio non aurkeztu den, instituto.navarro.igualdad@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, elkarteari edo entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/205 Legean ezarri bezala jakinaraziko da zuzentzeko errekerimendua.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, 5. oinarrian adierazitako kopuruen arabera.

Modalitate batean dirulaguntzarik esleitzen ez bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, soberakina beste modalitatearen aurrekontuari gehituko zaio.

8.2. Eskaerak deialdiaren I. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate eta elkarte onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, onuradunek beren eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones. 060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

10. oinarria.–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuz, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aurreko egoeretako batean egonda, gardentasun betebeharrari lotuak dauden entitate onuradunek foru lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Atarian, Tramiteen atalean, argitaratutako deialdiaren fitxa erabili beharko dute.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako egoeretan ez egoteagatik, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.–Proiektuak gauzatzean gertatzen diren gorabeherak.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta justifikatzen bada ez dutela baliabide nahikorik diruz lagundutako jarduera aldi baterako finantzatzeko.

Funtsak behar direla justifikatzeko, eskatzaileak txosten bat aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidearekin batera, frogatzeko ez duela baliabide nahikorik aldi baterako finantzatzeko diruz lagundutako jarduera, bai eta aurreko urtearen amaierako kontuen egoera-orria eta 2020ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, frogatzeko funts nahikorik ez dagoela. Halaber, laburpen bankario bat aurkeztu beharko da, azken mugimenduak jasoko dituena.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, elkarte eta entitate onuradunek diruz lagundutako ekintza guztiak eta proiektua justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko azaroaren 13an, beranduenez:

–Memoria, horretarako diseinatutako ereduaren araberakoa (“Memoriaren eredua”), Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskuratzen ahalko dena, edo, Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko enpresa bat kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko genero berdintasunaren arloan prestakuntza eta eskarmentua duten pertsonak dituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Egindako gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda (“Gastuen eredua”).

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Fakturen eta benetan egindako ordainketaren agirien bidez frogatuko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusten duena bete dela diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du”, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoekin bat.

–Deialdi honetan diruz lagundutako proiekturako eta ekintzetarako jasotako edozein laguntzaren edo edozein motako diru-sarreren aitorpena.

12.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.

12.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko 2020ko azaroaren 27a baino lehen ordaindu ezin diren finantza eta zerga gastuak benetan ordainduak izatea, horren arrazoia baldin bada likidatzeko borondatezko aldia oraindik irekita ez egotea.

13. oinarria.–Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute beste dirulaguntza, laguntza eta sarrera batzuk jasotzea, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek emandakoak helburu edo xede bererako, baldin eta, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez bada.

13.2. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute eskuratu Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beste deialdi batzuen zuzeneko dirulaguntzarik xede eta helburu bererako.

14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere.

i) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera inklusiboa erabili behar dute, emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu behar dituzte, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

j) Betetzea xedaturik dagoena irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

15. oinarria.–Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barnean harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du aldatu behar dela dirulaguntza emateko hasierako ebazpena, gerakina aplikatu dadin, edo deskribatutako gerakinak itzuli behar direla.

16. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina.

17. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

19. oinarria.–Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Proiektuari lotutako irizpideak (70 puntu gehienez)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

KALITATEA

(60 puntu)

Koherentzia

(20 puntu gehienez)

Helburu orokorra zehaztea: 5 puntu

–Deialdiaren helburuei lotua: 5 puntu

–Lotu gabea: 2,5 puntu

–Ez du helbururik zehazten: 0 puntu

–Ekintzak deskribatzea berariazko helburuei eta xedeko hartzaileei lotuta: 5 puntu

–Deskribapen zehatza: 5 puntu

–Deskribapen ez-zehatza: 2,5 puntu

–Deskribapenik ez: 0 puntu

Egutegia: 3 puntu

–Jarduera guztietarako: 3 puntu

–Jarduera batzuetarako: 1,5 puntu

–Zehaztu gabe: 0 puntu

Jardueraren xede diren hartzaileak: 2 puntu

–Hartzaileak nor diren adierazten du jarduera guztietan: 2 puntu

–Hartzaileak nor diren adierazten du jarduera batzuetan: 1 puntu

–Zehaztu gabe: 0 puntu

Ebaluazio adierazle neurgarriak eta sexuen arabera bereiziak: 3 puntu

–Bi irizpideak betetzen ditu: 3 puntu

–Irizpide bat betetzen du: 1,5 puntu

–Ez du irizpiderik betetzen: 0 puntu

Baliabide berekiak izatea: 2 puntu

–Baditu giza baliabideak: 1 puntu

–Badu toki fisiko bat (lokal propioa, kultur etxea, liburutegia…): 1 puntu

Genero ikuspuntuaren ezartze maila

(15 puntu gehienez)

Hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea –bereziki, gaztelaniaz–, hauen bidez: izen generikoak (“profesorado”, “alumnado”…), bi generoen aipamena (“trabajadoras/ trabajadores”): 5 puntu

–Guztiz: 5 puntu

–Partzialki: 2,5 puntu

–Batere ez: 0 puntu

Emakumeen ikuspegia eta egoera kontuan hartzea esku hartu nahi den errealitatearen diagnostikoan edo abiapuntuko egoeran: 5 puntu gehienez

–Zehatz hartzen du kontuan: 5 puntu

–Partzialki hartzen du kontuan: 2,5 puntu

–Ez du kontuan hartzen: 0 puntu

Analisian sexuen arabera bereizitako datuak egotea: 5 puntu gehienez

–Datu bat baino gehiago dago sexuen arabera bereizita: 5 puntu.

–Datu bat dago sexuen arabera bereizita: 2,5 puntu

–Ez dago sexuen arabera bereizitako daturik: 0 puntu

Programan aniztasuna eta/edo era askotako diskriminazio egoerak kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak

(5 puntu gehienez)

Programazioan irisgarritasuna jasotzea (entzumen, gorputz, ikusmen eta zentzumen desgaitasuna duten pertsonentzat, besteak beste)

–Kontuan hartzen du: 5 puntu

–Ez du kontuan hartzen: 0 puntu

BESTE ELKARTE BATZUEKIKO SAREKO LANA

(5 puntu)

–Bi elkarterekin: 5 puntu

–Elkarte batekin: 3 puntu

–Batekin ere ez: 0 puntu

Espero den inpaktua/emaitza

(5 puntu gehienez)

–Nafarroa osoa: 5 puntu

–Hainbat herri: 3 puntu

–Herri bat: 1 puntu

Elkartean emakume gazteen (14 urtetik 30era bitarteko emakumeen) parte-hartzea sustatzea

(5 puntu gehienez)

Emakume gazteentzako berariazko ekintzak egitea (14-30 urte bitartekoak): 2,5 puntu

–Baten bat egiten du: 2,5 puntu

–Ez du bat ere egiten: 0 puntu

Elkarteko emakume gazteei buruzko adierazpena: 2,5 puntu

–%15etik gora: 2,5 puntu

–%15etik behera: 1,5 puntu

–Bat ere ez: 0 puntu

Emakumeen beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzea, proiektua egin eta garatzeko (itunari buruzko idazkia eskatuko nuke puntuak emateko; bestela, erabaki beharko genuke horiek aipatze hutsa nahikoa den puntuak emateko)

(5 puntu gehienez)

–Birekin baino gehiagorekin: 5 puntu

–Birekin: 4 puntu

–Batekin: 3 puntu

BERRIKUNTZA

(5 puntu)

Balioak aldatzeko, emakumeak ahalduntzeko eta berrikuntzaren aldetik emaitza ona lortu duten esperientziak transmititzeko

(5 puntu gehienez)

Jarduera berritzailea izatea toki horretan

–Jarduera hori inoiz garatu ez bada: 2 puntu

–Jarduerak aldagai berriak baditu: 1 puntu

–Eremuan errepikatzen diren jarduerak badira: 0 puntu

Presentzia sare sozialetan: 3 puntu

–Elkarteak badu bere kontua: 3 puntu

–Kontu pertsonalak daude, informazioa hedatzeko: 1,5 puntu

–Ez du presentziarik sareetan: 0 puntu

Parte-hartze sozial eta politikoa

(5 puntu)

Sareetan eta erabakiak hartzeko espazioetan parte hartzea

(5 puntu gehienez)

Elkarteak berdintasunerako udal kontseiluetan parte hartzea: 2 puntu

Emakumeen elkarteen plataforma koordinatzaileetan parte hartzea: 2 puntu

Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko tokiko itunetan parte hartzea: 1 puntu

PROIEKTUA, GUZTIRA: 70 puntu

Entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak (30 puntu gehienez)

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Emakumeen elkarteak bakarrik EMAKUMEZKO BAZKIDEAK

(15 puntu)

Bazkideen %80tik %85era bitarte, emakumeak

Bazkideen %85etik gora, emakumeak

12 puntu

15 puntu

BIZTANLE KOPURUA / HERRIA

(5 puntu)

Elkartea edo entitatea dagoen herriko biztanleak

0 - 1.000 bizt.: 5 puntu

1.001 - 3.000 bizt.: 4 puntu

3.001 - 6.000 bizt.: 3 puntu

6.000 biztanle baino gehiago: 1 puntu

ESPERIENTZIA

(5 puntu)

Elkarteak berdintasunerako proiektuetan lan egiten emandako urteak

Puntu bat urte bakoitzeko (5 puntu gehienez)

ZUZENDARITZA/LEHENDAKARITZA

(5 puntu)

Emakume bat izatea irabazi-asmorik gabeko entitatea ordezkatzen duen zuzendaritza batzordeko (edo organo baliokideko) burua.

5 puntu

ENTITATEA, GUZTIRA: 30 puntu

Iragarkiaren kodea: F2006075