140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

69E/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Almandozen, Baztango udal-mugartean, zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SA da.

2019ko maiatzaren 30ean ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuak helburu du UMTS teknologia ezartzea; horretarako, banda zabaleko zirkuitu bat instalatu gogo du, zerbitzua eman dakion Telefónica Movilesen oinarrizko estazioari, zeina kokatuta baitago Baztango udal-mugarteko Gartxitoneko Bordan.

Horretarako, lan hauek egin beharko dira:

–Zanga estu bat (1 m x 0,25 m) egitea, 50 metroko luzerakoa, 8. zutoinetik oinarrizko estazioraino, goi tentsioko linea ekiditeko.

–Zurezko 5 zutoin paratzea, 8, 9 eta 10 metro garai izanen direnak. Horietako bik txarrantxak izanen dituzte.

–Egungo aireko azpiegiturako zutoin bat ordeztea 8 metroko garaierako zurezko zutoin batekin.

–Zuntz optikozko 600 metroko kablea paratzea (16FO KP motakoa), P-1018 zutoin berritik oinarrizko estazioraino, paratuko diren zutoin berrietatik, oraingo aireko azpiegituratik eta kanalizaziotik.

Ingurumen Eraginaren Atalak egin errekerimenduari erantzuteko, hasiera batez onetsitako jarduketa aldatzen da; hartara, zurezko 5 zutoin berri ez dira paratuko; izan ere, zuntz optikozko kableak L-1056 lineako azpiegitura erabiliko du.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Almandozen, Baztango udal-mugartean, zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telefónica de España SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Hegaztiek zuntz optikozko kablearen kontra jotzeko arriskua txikiagoa izan dadin aireko linearen zatian, zuhaitzik gabeko lurretan barna joaten baita, aukera hauetako edozein baliatzen ahalko da:
  • 1. Hegaztiak babesteko balizekin balizatuko da kablea. Kadentzia hau izanen da: baliza bat 15 metroko.
  • 2. 16FO KP motako zuntz optikozko kable bat jarri beharrean, kable askoz osaturiko kable bat jarriko da (esaterako, zuntz askotariko 16 FO-PCKP bi kablez eta kable altzairatuaz osaturikoa); hala, ondoriozko kablearen diametroa 40 milimetrotik gorakoa izanen da.
  • Obrak egiteko, lan egiteko zerrenda eta materialak pilatzeko eremuak mugatuko dira. Ahalik eta txikiena izanen da landare naturalaren gaineko ukipena, batez ere zuhaitzen gainekoa, eta, ahal dela, ez da ur ibilgurik gurutzatuko eta ukituko.
  • Obrak egitean beharrezkoa baldin bada 15 cm-tik gorako diametroa duten zuhaitzak botatzea, Ingurumena zaintzeko Atalari jakinarazi beharko zaio (Bidasoko Koordinazio Unitatea, gmabidasoa@navarra.es, Tfno.: 608245812), eta dagokion baimena eskatu, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan.
  • 2. poligonoko 516. lurzatian (herri-lurrak), 2. poligonoko 267. lurzatian (titulartasun partikularra) eta 84. poligonoko 240. lurzatian (errepideak), botatzen diren zuhaitzak titularraren jabetzakoak izanen dira.
  • Edozein lanetan hasi baino lehen, horren berri eman beharko zaio ukitutako lurraren titularrari, eta haren baimena jaso.
  • Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Obraren hondakinak eta landare hondarrak jasoko dira, eta hondeaketak ukitutako eremuak estaliko dira lehenago behar bezala kendu eta gorde den landare lurraren geruzarekin.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honen babesean, zuntz optikozko kable bat paratzeko proiektua egin daiteke, eta telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa legeztatu, zeina kokatuta baitago Baztango 84. Poligonoko 105. lurzatian.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Herri-lurren ukipenei dagokienez, Herri-lurren Atalak determinazio hauek ezarri ditu 2019ko ekainaren 20ko txostenean:
  • Obra-lizentzia eman baino lehen, proiektuaren sustatzaileak nahiz toki entitateak okupazio espedientea aurkeztu behar dute lehengo instalazioetarako, zeinetan oinarritzen baita proiektu berria. Dokumentazio hori eduki ezean, enpresa titularrak dagozkion izapideak egin beharko ditu toki entitatearekin lurzoru hori okupatzeko, gaur egungo egoera erregularizatzeko.
  • Sustatzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta; baimenik ez badu, ezin izanen du errepidea ukitu, eta, edonola ere, xedatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, jarduketaren zati bat Iturrioxko errekaren adarraren polizia eremuan kokatzen denez, sustatzaileak dagokion arro hidrografikoko erakundearen baimena eskuratu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

5. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitateari) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2005855