140. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

485E/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita honi buruz: Allingo Udal Planaren aldaketa, Artabiako UNS-1 unitatean.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Allingo Udalak 2019ko urriaren 29an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 25ekoan.

Aldaketaren xedea da zabaltzea eta aldatzea Artabiako UNS-1 unitatearen sailkapena, eta antolamendu xehatua ezartzea familia bakarreko 6 etxebizitza eraikitzeko. Proposamenak berekin dakar lurzorua sailkatzea hiri lurzoru finkatugabe gisa, eta unitate berri bat definitzea, USC-3 izenekoa.

Aldaketaren eraginpeko eremua 10. poligonoko 111. lurzatian dago. Jarduketaren azalera osoa 5.998,03 m² da, eta horietatik 696,79 m² heldu dira unitatea hego ekialdera zabaltzetik, lurzoru urbanizaezinaren 10 metroko zerrenda bat utzita. Nekazaritzako lurrak dira, garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa sailkaturikoak; hortaz, proposaturiko aldaketak ez du aldaketarik sortzen lurralde ereduan.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean: “Allingo Udal Planaren aldaketa, UNS-1 unitatean (Artabia)”. David Ganuza da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Allingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005887