122. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79/2020 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, 2020ko laguntzen deialdia onesten duena Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren kontrol eta ziurtapen jardueretarako. DDBN identifikazioa: 506394.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen Espainia osoan hamabost eguneko epean, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko.

Diputatuen Kongresuak agindu zuen, 2020ko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez, argitara zedila errege dekretu horretan deklaratutako alarma egoeraren luzapena baimentzeko akordioa. Egoera hori 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte luzatu zen, eta ezarri zen aurrekoen baldintzak berberak bete behar zirela, alegia, honakoetan ezarritakoak: martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatutakoan; eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuan, zeinak luzatu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak automatikoki eten eta bertan behera utzi zituen sektore publikoko entitateen administrazio prozedurak izapidetzeko baldintzak eta epeak (3. xedapen gehigarria). Arau orokorraren salbuespen, hirugarren xedapen gehigarriaren 3. puntuak bide ematen du, aurrekoagatik ere, organo eskudunak erabakitzeko, ebazpen arrazoitu baten bidez, antolamendu eta instrukzioko neurriak hartzea, behar-beharrezkoak baino ez direnak, kalte larriak saihesteko prozedurako interesdunaren eskubide eta interesetan, baldin eta interesdunak adostasuna adierazten badu, edo interesdunak adostasuna adierazten duenean epea ez eteteko. Horri dagokionez, 2020ko apirilaren 15ean, entitate interesdunak adierazi zuen ados zegoela prozedura tramitatzeko epea ez etetearekin.

COVID-19ak osasun publikoaren larrialdi handia ekarri die herritar eta gizarteei, eta, orobat, Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu ditu, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Asaldura horrek ekonomia osoari eragiten dio, bide eta modu askotatik; nekazaritzaren eta produkzio ekologikoaren arloetan ere izan da asaldura eskaintzan, hornidura kateak eten direlako, eta, horrekin batera, eskariaren asaldura asimetrikoa ere izan da, nekazaritzako zenbait produkturen eskaria apaldu delako bat-batean kontsumitzaileen aldetik edo, beste produktu batzuen eskaria, berriz, izugarri handitu delako. Une hauetan, gainera, ez da segurua noiz arte iraunen duen eta zer tamainakoa izanen den asaldura, nekazaritzako ustiategien kontroletik kanpo dauden faktoreen menpe dagoelako hein handi batean; izan ere, agintaritza publikoen erabakien menpe daude faktore horiek, besteak beste, osasun publikoa dela eta.

Dirulaguntzak, egoera berezi honetan, baliabide garrantzitsuak dira, administrazio publikoek erabil ditzaketenak osasun arloko krisi honen eragin soziala eta ekonomikoa leuntzeko.

Modu horretan, baliatuta Europar Batasunaren aurrekontuak 2014-2020 aldia hartzen duela eta iraupen berekoak direla laguntza araubide horiek aurreikusten dituzten arau juridikoak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza neurri batzuk sortu ditu, 2020ko abenduaren 31ra arteko iraupenekoak. Kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitatean produkzio ekologikoa kontrolatzeko agintaritza den aldetik, NNPEKri (Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua) emandako laguntzen araubidea erregulatzeko, batetik, nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauen 1.1.9 apartatua bete behar da (2014/C/204/01), non aurreikusten baita iraupena 2020ko abenduaren 31ra artekoa izanen dela, eta bestalde, Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpena bete behar da, non oinarri arautzaileak onetsi baitziren NNPEKri 2016-2020 aldian laguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean produkzio ekologikoa kontrolatzeko agintaritza den aldetik. Ebazpen hori, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 801/2017 Ebazpenak aldatu zuen.

Aurretik, Europako Batzordeari ebazpen horren berri eman zitzaion, eta hark eragozpenik ez jartzea erabaki zuen aipatu araubideari dagokionez; izan ere, bateragarria da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3.c) artikuluarekin. Nafarroako nekazaritzako produkzio ekologikoa Arautzeko Kontseiluari 2016-2020 aldirako laguntza ematearen aldeko erabakian, SA.44490 (2016/N), jasota dago bateragarritasunaren aitorpen hori.

Aipatu ebazpenak bosgarren oinarrian ezartzen du aurrekontu ekitaldi bakoitzean urte horretako dirulaguntzari dagokion gastua baimenduko dela, eta kontrol neurrietarako laguntzaren portzentajea ezarriko dela, kostu errealen %100 gehienez ere.

Orobat, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpenaren seigarren oinarriak ezartzen duenez, NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak aurrekontu ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren batetik aurrera aurkeztuko du laguntza eskaera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez eta laguntzaren iraupena 2020ko abenduaren 31 artekoa denez, Nafarroako Foru Komunitateak NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarentzako laguntzen deialdia onetsi gogo du, 2020. urteko produkzio ekologikoaren kontrol eta ziurtapen jardueretarako, eta hori nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan eta landa eremuetan estatuetako laguntzei 2014tik 2020ra aplikatzen zaizkien Europar Batasunaren irizpideekin bat.

Ikusirik zuzenean emateko prozeduraren bidez eman dela dirulaguntza (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan araututa dago).

Ikusirik entitate interesdunak adierazi duela 2020ko apirilaren 15ean ados dagoela prozedura tramitatzeko epea ez etetearekin, bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarentzako dirulaguntzaren deialdia onestea 2020. urteko produkzio ekologikoaren kontrol eta ziurtapen jardueretarako.

2. Laguntza eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. 225.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura:

–720003-72220-4459-413104 partida, “Produkzio ekologikoaren kontseilu arauemailerako dirulaguntza. Kontrola eta ziurtapena” izenekoa: 200.000 euro, eta

–72003-72220-4459-413107 partida, “(E) Kontrol lerroa eta ziurtapena nekazaritza ekologikoan. NNPEK”: 25.000 euro.

Azken partida hori Parlamentuko zuzenketa baten bidez sartu zen, deialdi honi zenbateko handiagoa emateko, aurreikusita kontrolaren eta ziurtapenaren gastua handituko dela.

4. Ezartzea laguntzaren intentsitatea 2020an %100ekoa izanen dela.

5. Espediente hau fase guztietan bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, bat etorriz martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 3. puntuan ezarritakoarekin; izan ere, errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

6. Deialdi honetan Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 2ko 799/2016 Ebazpenean aurreikusitako oinarri arautzaileak aplikatuko dira, bertan onesten baitira NNPEK-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarentzako 2016-2020 aldirako laguntzaren oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitatean produkzio ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik. Aipatu ebazpena uztailaren 4an emandako 801/2017 Ebazpenak aldatu zuen.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Ondorio horietarako, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onesten da, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 14an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2005016