122. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

166/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, amaiera ematen diona Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeen antolaketaren aldaketari eta kargutik kentzen dituena bien zuzendaritzarako eta koordinazio asistentzialerako behin-behineko zentroko zuzendariak.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Apartatu horrekin bat, beste jarduketa batzuen artean, esku-hartze horren ondorioz, behar diren neurriak ezartzen ahalko dira, batetik, egoitza berriak abian jartzeko eta daudenen edukiera edo antolaketa aldatzeko, eta, bestetik, administrazio publiko horretako langile bat izendatzeko, zentroan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta ezartzen du, halaber, zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, non aurreikusten baita neurri batzuk ezartzea COVID-19ak ukitutako zentro soziosanitarioetan, martxoaren 23ko SND/275/2020 Agindua aplikatuz, Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeetako antolaketa aldatu zen. Orobat, martxoaren 31ko 144/2020 Foru Aginduaren bidez, behin-behineko zentroko zuzendariak izendatu ziren bi zahar-etxeen zuzendaritza eta koordinazio asistentziala eta eskualde horretako beste zentro soziosanitario batzuen jarraipena egiteko.

Une hauetan, COVID-19aren osasun krisia egonkortu da Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeetan; beraz, ez da beharrezkoa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zuzendariaren figurari eustea zahar-etxe horietako zuzendaritzan laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Amaiera ematea Zangozako zahar-etxearen antolaketaren aldaketari, eraginak izanik maiatzaren 31tik aurrera.

2. Kargutik kentzea María Beróiz Redín andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendaria (50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentro batekoa); egitekoa zuen Zangozako zahar-etxeko koordinazio asistentziala eta eskualde horretako beste zentro soziosanitario batzuen jarraipen lana egitea.

3. Amaiera ematea Miranda Argako zahar-etxearen antolaketaren aldaketari, eraginak izanik ekainaren 3tik aurrera.

4. Kargutik kentzea Ana Arnedo Villanueva andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendaria (50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentro batekoa); egitekoa zuen Miranda Argako zahar-etxeko behin-behineko zuzendaritza eta eskualde horretako beste zentro soziosanitario batzuen jarraipen lana egitea.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2005428