122. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

165/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, amaiera ematen diona Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Fiteroko “Establecimiento Virrey Palafox” behin-behineko zentroaren zerbitzuari eta Olga Cuairán Yeregui andrea, zentro horretako zuzendaria, kargutik kentzen duena.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 2ko 145/2020 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zen behin-behineko zentro bat abian jartzeko Fiteroko bainuetxean dagoen “Establecimiento Virrey Palafox” eraikinean, arreta indartzearren edo modu alternatiboan ematearren sektore kalteberei edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak ukitutako kolektiboei, eta Olga Cuairán Yeregi andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentro horretako zuzendari izendatu zen (50 toki baino gehiago ditu behin-behineko zentro horrek).

Baimen hori eta ondorengo martxan jartzea honetan oinarritzen da: Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Agindua, zenbait neurri ezartzen dituena martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak gertatzen direnerako, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren arabera (agindu horren bidez, zenbait neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz), eta apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, COVID-19 koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituena; izan ere, haren 4. artikuluan ezartzen da ezen, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko dituela, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Baños de Fitero SA sozietateak, bere aldetik, Fiteroko bainuetxearen eraikinaren jabea baita, “Establecimiento Virrey Palafox” izeneko eraikinaren erabileraren lagapena eskaini dio departamentuari, instalazio horietan artatuak izan daitezen aipatu martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduak aurreikusten duen egoeran dauden pertsonak, edo, sektore kalteberetakoak izanik, alarma egoerak dirauen bitartean COVID-19ak ukitzen edo ukituko dituenak.

Eskaintza hori onesteko, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak ebazpen bat eman zuen; haren bidez, Baños de Fitero SAk Eskubide Sozialetako Departamentuari eskainitako aldi baterako lagapena onartu zen, Eskubide Sozialetako Departamentuko erakunde autonomoa den Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak Agentziak balia zezan, ohikoa ez den erabilera bat emanez. Lagapen hark 2020ko apirilaren 2tik aurrera izan zituen ondorioak.

Bi hilabete iraganda kasik eta tarteko baliabide horretarako aurreikusitako helburua behar bezala beteta, bide eman baitu arreta emateko Nafarroako Erribera aldeko egoitzetako erabiltzaileei, egoitza horiek errazagoa izan dezaten beharrezko isolamendu neurriak hartzea koronabirusaren hedapena murriztu eta prebenitzeko, proposatzen da zerbitzuari amaiera ematea, eta, horrenbestez, Baños de Fitero SAk Eskubide Sozialetako Departamentuari eskainitako aldi baterako lagapenari ere bai, eta Olga Cuairán andrea, zentroko zuzendaria, kargutik kentzea, ondorioak izanik 2020ko maiatzaren 31tik aurrera.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Amaiera ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Fiteroko “Establecimiento Virrey Palafox” behin-behineko zentroaren zerbitzuari. Fiteroko bainuetxean kokatuta, haren bidez arreta indartu edo modu alternatiboan eman gogo zitzaien sektore kalteberei edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak ukitutako kolektiboei.

2. Kargutik kentzea Olga Cuairán Yeregui andrea, 50 toki baino gehiago dituen eta aurreko apartatuan deskribatutako behin-behineko zentroko zuzendaria.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2005427