117. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia 2020-2021 ikasturterako.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduan arautzen dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako lanbide heziketako prestakuntza programak, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloak” deituak, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak. Foru agindu horren II. kapituluan, “Inskripzioa, prozedura eta onartzeko irizpideak” izenekoan, ezartzen denez, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren (NHBBZ) esku-hartzea beharrezkoa da onarpen prozedura ezartzeko, izena emateko epeak, jarraibideak eta ikastetxeetarako joan-etorriak barne. Aipatutako guztia Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen batean adierazi behar da.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, xedatu du sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleak onartzeko prozedura arautzea, Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin ditzaten, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko, eta oinarrizkoa da hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

NHBBZk Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeari dagozkion gai guztiak ezarri ondoren, eta ikusirik Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariaren eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta beste alderdi batzuk onestea 2020-2021 ikasturterako. Hori guztia ebazpen honen eranskinetan dago jasota.

2. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak-A modalitatea. 2020-2021 ikasturtea

1. 2020-2021 ikasturteko onarpen prozesuan, honako jarraibide hauek aplikatuko dira, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 258/2019 Ebazpenaren parte direnak, horren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia 2019-2020 ikasturterako:

–1. eta 2. jarraibideak, “Onarpen prozesuaren garapena, jarraibideak eta taldeak osatzeko irizpideak” eta “Tramitazioa”. (1. eranskina).

–3. jarraibidea, “Eskaerak aurkeztea onarpen prozesuan. Onarpen prozesuaren epe arrunteko onartutakoen zerrenda”, salbu eta aukera kopuruari buruz, inskripzio epe arruntari buruz eta inskripzio eskaera aurkezteko moduari eta lekuari buruz esaten duena (3. jarraibide horren 2. eta 3. atalak), alderdi horietan ebazpen honetako jarraibideetan ezarritakoa aplikatuko baita.

–4. jarraibidea, “Ikasle adingabeak inskribatzeko eskabideak aurkeztea, eta banantze eta dibortzio kasuetan nola jokatu.”

–5. jarraibidea, “Inskribatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa”, salbu eta jarraibide horren 2. eta 3. ataletan adierazitako dokumentazioa aurkezteko epeari buruz esaten duena, alderdi horretan ebazpen honetan ezarritako egutegiari jarraikiz jokatuko baita.

–6. jarraibidea, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan sartzeko baldintzen garapena.”

–7. jarraibidea, “Onarpenerako baremazioa eta irizpideak Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan”, salbu eta onarpen prozesuetan gertatzen diren berdinketa kasuetan aplikatzen den zozketari buruz esaten duena, alderdi horretan 2020ko otsailaren 14an Hezkuntza Departamentuan egindako zozketa aplikatuko baita.

-8. jarraibidea, “Inskripziorako lehentasuna”, non beste egoera bat gehitzen baita inskripziorako lehentasuna izateko, ebazpen honetan ezartzen denari jarraikiz.

–9. jarraibidea, “Ikasleak onartzeko irizpideak jendaurrean jartzea”.

–10. jarraibidea, “Ikasleak onartzeko prozesuaren epe arrunta. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak”, salbu eta datei buruz esaten dena, ebazpen honetako egutegian ezarritakoak aplikatuko baitira.

–11. jarraibidea, “Espedientea eta hura helaraztea”: desgaitasunei loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, beste egoera bat gehitzen da non beharrezkoa izanen baita NHBBZra txosten psikopedagogikoa bidaltzea, eta, horri dagokionez, ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da; daten aipamenak ere aldatu dira, ebazpen honetako egutegian ezarritakoak aplikatuko baitira.

–12. jarraibidea, “Jaiegunak”, 2020-2021 ikasturteko onarpen prozesuaren egutegiari buruzkoak.

–13. jarraibidea, “Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”, salbu eta datei buruz esaten dena, ebazpen honetako egutegian ezarritakoak aplikatuko baitira.

–14. jarraibidea, “Jakinarazpenak egiteko bideak”.

Inskripzioa.

2. Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan inskribatzeko epea ebazpen honen 2. eranskinean ezartzen dena da.

3. Inskripzio eskaera Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora (NHBBZ) bidali edo bertan entrega daiteke. Gehienez zortzi aukera jar daitezke.

4. Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egiteko inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) On line inskripzioa, “Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako inskripzioa” tramiteen fitxako estekatik. Esteka hori helbide honetan dago:

https://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/7584/Inscripcion-en-ciclos-de-Formacion-Profesional-Especial

b) Inskripzio presentziala.

2020-221 ikasturtean onartzeko prozesuan, salbuespenez, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaritzak NHBBZri atxikitako langile batzuei eskatzen ahalko die lagun dezatela Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako inskripzio prozesuaren antolaketa eta kudeaketa lanetan.

5. Inskribatzeko eskaera NHBBZk balidatu beharko du, eta horretarako kontuan hartuko diren irizpideak hauek izanen dira, besteak beste: ikasleen orientazio txostenak, hurbiltasuna eta garraioa izatea. Inskribatzeko eskaera modu presentzialean eginez gero, NHBBZk eskabide-orri balidatuaren fotokopia zigilatua emanen dio eskatzaileari, sarrera eguna adierazita.

Balidatu gabeko eskabideak ez dira sartuko Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan ikasleak onartzeko prozesuan.

Inskripziorako lehentasuna.

6. Inskripziorako lehentasuna izateko beste egoera bat gehitzen da: Lanbide Heziketa Bereziko zikloak egiteko inskribatu nahi den ikastetxe berean egotea eskolatua.

Egoera hori frogatzeko, curriculum bereziko unitate bat egin ez duten ikasleek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute inskripzio eskabidearekin batera, inskripzio eskabide horiek aurkezteko ezarrita dauden epeetan.

Espedientea eta haren lekualdaketa.

7. Adimenaren desgaitasunari loturiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, beste irakaskuntza batzuk egin baldin badituzte baina ez badute lortu DBHko graduatu titulua, txosten psikopedagogikoa NHBBZra bidali beharko da, ezartzen den ereduaren arabera, ebazpen honetako egutegian ezartzen diren egunetan.

2. ERANSKINA

2020-2021 ikasturteko onarpen prozesuaren egutegia

Lanbide Heziketa Bereziko zikloak-A modalitatea

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

EPE ARRUNTA

Inskribatzeko epea (inskribatzeko eskabideak eta hari atxiki beharreko dokumentazioa aurkezteko)

Ekainaren 1a

Ekainaren 12a (14:00ak arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea.

Ekainaren 15a

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak aurkeztea.

Ekainaren 15a

Ekainaren 17a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

Ekainaren 19a

“Bigarren Hezkuntzaren amaierako laburpen txostena, Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako” aurkezteko azken eguna, bertan curriculum gaitasunaren mailak jasota daudela, heziketa arlo guztietakoak, betiere, curriculum bereziko unitate bat egin ez duten ikasleen kasuan.

Ekainaren 19a (14:00ak arte)

Matrikulazio egunak.

Ekainaren 23a

Ekainaren 24a (14:00ak arte)

Honakoak helarazteko azken eguna:

–Desgaitasuna izanik, curriculum bereziko unitate batean ikasi duten ikasleen txosten psikopedagogikoa, curriculum gaitasunaren mailak adierazita, heziketa arlo guztietan.

–Desgaitasunen bati loturiko hezkuntza premia bereziak izanik, bigarren hezkuntza curriculum egokitzapen esanguratsuekin egin duten ikasleen txosten psikopedagogikoa.

–Desgaitasunen bati loturiko hezkuntza premia bereziak izanik, beste irakaskuntza batzuk egin dituzten ikasleen txosten psikopedagogikoa.

Ekainaren 25a

Ekainaren 26a (14:00ak arte)

Iragarkiaren kodea: F2005192