110. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

638/2020 EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearena, zeinaren bidez erabakitzen baita goi mailako hezkuntzaren zerbitzu publikoa emateko funtsezko prozedura administratibo jakin batzuk berrabiatzea eta hastea.

463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (2020ko martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratu zuena) erabaki zen sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko terminoak bertan behera uztea eta epeak etetea, besteak beste Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak (2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.2 artikulua), eta deklarazio hark indarra galtzen zuenean hasiko zela berriz epeen kontaketa.

Xedapen gehigarri horrek espresuki onartzen du salbuespenak egiten ahal zaizkiola prozeduren terminoak automatikoki bertan behera uzteko arau orokorrari eta prozedura administratiboen epeak automatikoki etetekoari. Zehazki, honako hau dio 4. apartatuak horri buruz 2020ko martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuaren erredakzioan: errege dekretu hau indarrean sartzen denetik, sektore publikoko erakundeek zilegi dute arrazoiak emanez erabakitzea jarraipena emanen dietela alarma-egoera justifikatzen duten gertaerekin lotura estua duten egoeren inguruko prozedura administratiboei, bai eta interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak direnei ere.

463/2020 Errege Dekretua (2020ko martxoaren 14koa) luzatu egin da behin baino gehiagotan, 2020ko maiatzaren 24ra arte iraunen du onetsi den azken luzapena (2020ko maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren bidez), eta beste hilabetez luzatuko da itxura guztien arabera. Alarma-egoeraren deklarazioa onestean, geldiarazi egin ziren egun horren aurretik hasitako prozedura administratiboak, eta ezinezkoa izan zen Unibertsitateak martxotik aurrera urtero egiten dituen prozedurei hasiera ematea. Azken horiek ebaztea eta tramitatzea beharrezkoa da, Unibertsitatean matrikulatu nahi duten interesdunen eskubideak babesteko ez ezik, hezkuntza-zerbitzua emateak berezkoa duen interes publikoa babesteko ere; izan ere, etenaldiak ondorio larriak ditu unibertsitateko ikasketen 2020-2021 ikasturteko antolamenduan.

Honako hauek dira irakaskuntzen arloan etenda gelditu ziren prozedura batzuk: matrikulari espresuki uko egiteko prozedura, aurtengo ikasturtean unibertsitateko ikasketetan matrikulatuak dauden ikasleentzat (laster hasiko den ebaluazioaldia baino lehen ebatzi behar da prozedura hori); Unibertsitatean sartzeko prozedurak, 25, 40 eta 45 urtetik gorako ikasleentzat, 2020-2021 ikasturterako; eta unibertsitatez edo ikasketaz aldatu eta gero ikasle espainiar zein atzerritarrak 2020-2021 ikasturtean onartzeko prozedura.

Masterreko ikasketa ofizialetan sartzeko aurreinskripzio prozedura berriz abiatzea ezinbestekoa da matrikula egin ahal izateko eta prozesua ebazteko, azken hori beharrezkoa baita 2020-2021 ikasturteari ekiteko. Egoera berean daude, halaber, Talentua Erakartzeko Beken deialdiak, eta Doktoretzarako aukera ematen duten masterreko ikasketa ofizialak egiteko 8 laguntzaren deialdia, “Asociación Universitaria Iberoamericana de Posgrado (AUIP)” delakoan afiliatutako unibertsitate latinoamerikarretako ikasleentzat. Alarma-egoera deklaratu baino lehen egin ziren bi laguntza horien deialdiak, eta ebazpena jakiteko zain daude interesdunak 2020-2021 ikasturtean masterreko ikasketa ofizialetan matrikulatu ahal izateko.

Ikerketaren arloan, prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak kontratatzeko deialdia eten zen, eta azken ebazpenaren zain dago; 2020ko irailaren 1ean hasiko da ikertzaileen jarduera.

Berriz abiarazi behar dira etendako prozedura horiek, eta urgentziazkoa da, era berean, datorren ikasturtean hezkuntza-zerbitzua emanen dela ziurtatzeko funtsezkoak eta ezinbestekoak diren prozedura administratiboen deialdia egitea; izan ere, prozedura horiek ezin dira gehiago atzeratu, bestela oso zaila izanen da programatutako egutegi akademikoan hastea Unibertsitateko irakaskuntza, eta horrek kalte handia eraginen die Unibertsitatean onartuak izateko eta matrikula egiteko zain dauden ikasleen interesei.

Horrenbestez, honako prozedura administratibo hauek abiarazi behar dira: unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio probetan inskripzioa egiteko prozedura (heldu den ekainean eginen dira), eta hurrengo ikasturterako matrikula, Unibertsitateak ematen dituen irakaskuntza guztietarako.

Giza Baliabideei dagokienez, deialdia egin behar da irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko lehiaketa arrunterako (urtero egiten dena), heldu den ikasturtean irakasle ari daitezen, baita administrazioko eta zerbitzuetako langileak kontratatzeko deialdia ere, denboraldi horretako premia urgentziazkoei erantzuteko.

Ikerketaren arloan, ikerketako laborategiak irekitzeko baimena eman du 2020ko maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak 20. artikuluan, eta, beraz, berriz ekin zaio ikerketa-entitateek esleitutako ikerketa-proiektuetako jarduerari. Kasu batzuetan, langile zientifikoak kontratatzeko konpromisoa dakarte berekin proiektu horiek, eta luzatu gabe egin behar dira, bestela ezin izanen dira bete proiektuen deialdietan ezarritako betebeharrak. Hori dela eta, zientzialariak hautatzeko prozesu publikoak tramitatzen hasi beharra dago. Ildo beretik, etenda gelditu ziren ikerketetako jakintza transferitzeko kontratuetan jasotako betebeharrak, eta, orain, berriz abian jartzeko, eta kasu batzuetan ezarritako konpromisoak betetzeko, ikertzaileak hautatzeko prozesuen deialdia egin behar da.

Aipatutako prozedura administratibo guztiak, bai berrabiarazi nahi direnak bai hasi nahi direnak, aurreko urteetan ere tramitatzen ziren, bide telematikoan, Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez. Beraz, prozedura ez denez berrikuntza bat, eta haren tramitazioak ez dakarrenez unibertsitate-egoitzan egon beharrik, ez zaie inolako kalterik egiten interesdunei.

Horrenbestez, Zerbitzu Juridikoak txostena eginik, 2020ko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. apartatuan aurreikusitako salbuespen egoera gertatzen da orain (2020ko martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak emandako erredakzioan), eta, hori dela eta, justifikatua dago agindua ematea hurrengo ikasturtean goi mailako hezkuntzaren zerbitzu publikoa emateko prozedura administratibo funtsezkoak berrabiarazi eta has daitezen.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 20. artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 40. artikuluak emandako eskudantziez baliatuz (Estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 21eko Erabakiaz aldatu),

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Prozedura administratibo hauek berrabiaraztea:

–Irakasleen Gaietarako Errektoreordetza:

  • 2019-2020 ikasturte akademikoko matrikulari espresuki uko egiteko prozedura: irekitako prozedura administratiboa itxi.
  • 2020-2021 ikasturteko Masterreko ikasketa ofizialetan sartzeko aurreinskripzio prozedura.

–Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetza:

  • Talentua Erakartzeko Beken deialdiak eta Doktoretzarako aukera ematen duten Masterreko ikasketa ofizialak egiteko 8 laguntzaren deialdia, “Asociación Universitaria Iberoamericana de Posgrado (AUIP)” delakoan afiliatutako unibertsitate latinoamerikarretako ikasleentzat.

–Ikerketako Errektoreordetza:

  • Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak kontratatzeko deialdia (doktoratu aurrekoak).

–Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza:

  • Unibertsitatez edo ikasketaz aldatu eta gero ikasle espainiar zein atzerritarrak 2020 2021 ikasturtean onartzeko prozedura.
  • Unibertsitatera sartzeko prozedurak, 25, 40 eta 45 urtetik gorako ikasleentzat, 2020 2021 ikasturterako.

Bigarrena.–Honako prozedura administratibo hauei hasiera ematea, bideratzea eta ebaztea:

–Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza:

  • Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio probetan inskripzioa egiteko prozedura (heldu den ekainean eginen baitira).
  • 2020-2021 ikasturterako matrikula, Unibertsitateak ematen dituen irakaskuntza guztietarako.

–Ikerketako Errektoreordetza:

  • Ikerketa proiektuen edo transferentzia kontratuen kargura ikertzaileak kontratatzeko merezimendu-lehiaketen deialdiak, agindutako betebeharrak bete ahal izateko beharrezkoak direnean.

–Irakasleen Gaietarako Errektoreordetza:

  • Merezimendu bidezko lehiaketa arrunterako deialdia, irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko, heldu den 2020-2021 ikasturtean irakasle ari daitezen.

–Kudeatzailetza:

  • Dei-prozedura, administrazioko eta zerbitzuetako langileak kontratatzeko, zerrenden bidez, edo, beharrezkoa balitz, kontratazio-prozeduren deialdia, premia urgentziazkoak betetzeko.

Hirugarrena.–Prozedura administratiboak berrabiarazteak eta hasteak tramite guztiei eragiten die, baita egin litezkeen erreklamazio eta errekurtsoei ere.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-taula elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.

Bosgarrena.–Ebazpen honek 2020ko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. apartatuan ezarritakoa du babes (2020ko martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuaren erredakzioan), administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hilabeteko epean, Unibertsitateko errektoreari zuzendua, edo, bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien epaitegiei zuzendua, biak ere Ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 18an.–Errektorea, Ramón Gonzalo.

Iragarkiaren kodea: F2005076