104. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

61/2020 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdia onesten baita titularrek linea elektrikoak egokitzeko 2020ko ekitaldian abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat. DDBN identifikazioa: 503899.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak helburu du arauak ezartzea baliabide naturalak (eta bereziki, naturaguneak eta basa flora eta fauna) babestu, lehengoratu, zaindu eta hobetzeko. Haren 54. artikuluan, aurreikusten du beharrezko neurriak hartzea basa bizi den biodibertsitatea babesten dela bermatzeko. Beste aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak aurreikusten du arautzen dituen jarduerek bateragarriak izan behar dutela ingurumenaren babesarekin.

Hori guztia kontuan harturik, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen, neurriak ezarri zituena hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko, helburua izanik ukipenak ahalik eta txikienak izatea hegaztien gainean.

Bestalde, Nafarroan, arazo horren jakitun 1991n jada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, instalazio elektrikoetarako zenbait arau tekniko ezartzen dituena hegaztiak babesteko; haren bigarren artikuluan, ezartzen da honako hauek bete behar dituztela xedapen horiek: a) Eraikitzen diren instalazio berriak; b) Handitzen edo aldatzen diren lehengo instalazioak.

Dirulaguntza honen xedea da linea elektrikoei buruz eta hegaztiak babesteari buruz indarra duen araudia betetzea, linea elektrikoek fauna mota horren gainean dituzten ukipenak prebenitu eta gutxitzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen deialdia onestea titularrek linea elektrikoak egokitzeko 2020ko ekitaldian abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 147.042,70 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuetako partida hauen kargura:

  • 740003 74300 7700 261700 “Jarduketak linea elektrikoak egokitzeko hegaztientzat” 40.000 euroko kreditua duena.
  • 740003743007701261702 “Linea elektrikoak egokitzea (1432/2008 ED)”, 107.042,70 euroko kreditua duena.

4. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen hau Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko da.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

8. COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, espediente hau bideratu eta tramitatuko da fase guztietan epeen etenaldia aplikatu gabe, salbuespenerako arrazoi honengatik: “ezinbestekoak interes orokorra babesteko.”

Iruñean, 2020ko apirilaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK, ABUZTUAREN 29KO 1432/2008 ERREGE DEKRETUAREKIN BAT 2020KO EKITALDIAN TITULARREK LINEA ELEKTRIKOAK EGOKITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

I. ERANSKINA

Xedapen komunak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da laguntzen araubidea ezartzea linea elektrikoak egokitu eta moldatzeko indarreko araudira, hegaztien gaineko ukipenak gutxitzeko.

Zehazki, eroale biluziak dituzten goi tentsioko linea elektrikoak egokitzeko proiektuak finantzatuko dira, baldin linea elektrikoak existitzen baziren abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak indarra hartu zuenerako; errege dekretu haren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, helburua izanik ukipenak ahalik eta txikienak izatea hegaztien gainean. Zehazki, goi tentsioko aireko linea elektrikoen inbentarioan jasotako babes eremuetan kokatuak; linea horiek Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean jaso ziren, zeinak zehazten baitu Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen aipatutako errege dekretuak jasotako agindu teknikoak.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak helburu du arauak ezartzea baliabide naturalak (eta bereziki, naturaguneak eta basa flora eta fauna) babestu, lehengoratu, zaindu eta hobetzeko. Haren 54. artikuluan, aurreikusten du beharrezko neurriak hartzea basa bizi den biodibertsitatea babesten dela bermatzeko. Beste aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak aurreikusten du arautzen dituen jarduerek bateragarriak izan behar dutela ingurumenaren babesarekin.

Hori guztia kontuan harturik, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen, neurriak ezarri zituena hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko, helburua izanik ukipenak ahalik eta txikienak izatea hegaztien gainean.

Bestalde, Nafarroan, arazo horren jakitun 1991n jada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen, instalazio elektrikoetarako zenbait arau tekniko ezartzen dituena hegaztiak babesteko; haren bigarren artikuluan, ezartzen da honako hauek bete behar dituztela xedapen horiek: a) Eraikitzen diren instalazio berriak; b) Handitzen edo aldatzen diren lehengo instalazioak.

Dirulaguntza honen xedea da linea elektrikoei buruz eta hegaztiak babesteari buruz indarra duen araudia betetzea, linea elektrikoek fauna mota horren gainean dituzten ukipenak prebenitu eta gutxitzeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Lehenago aipatutako babes eremuetan dauden goi tentsioko linea elektrikoen titularrei zuzentzen zaie neurria, pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian zehaztutakoak neurriaren onuradun izateko, inbertsioren bat egin behar dute linea elektrikoak egokitzera begira, hegaztiak elektrokutatzeari buruzko indarreko araudira egokitzeko.

2. Aurreko puntuan adierazitako inbertsioak diruz lagungarriak izateko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza-eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eskatzaileak bere eskaera zehaztu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

c) Foru Ogasunarekin bere zerga betebeharretan eta/edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak, betebeharrak eta baztertutako jarduerak.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako finantzazioa jasotzeko, linea elektrikoak egokitzeko proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Eroale biluziak dituzten goi tentsioko aireko linea elektrikoak egokitzeko proiektuak eta jarduketak izatea, baldin lineak existitzen baziren abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak indarra hartzean.

b) Proiektuetako linea elektrikoek jasota egon beharko dute goi tentsioko aireko linea elektrikoen inbentarioan; linea elektriko horiek jaso ziren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean, zeinak zehazten baitu Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak (errege dekretu horren bidez neurriak ezarri ziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko).

c) Egokitze jarduketak aurreikusi behar dituzte, konplitzen dituztenak indarreko araudian eta 2. eranskinean zehaztutako betebeharrak.

d) Dirulaguntza hau eskatzen denetik 2020ko azaroaren 6ra bitarte egin eta ordaindu beharko dira.

e) Sorgailuak ez dira diruz lagunduko, beharrezkoak baldin badira egokitzapenean.

f) Gastu diruz lagungarrietan ez da BEZa sartzen.

g) Inbertsioari lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira.

2. Eskaerak aurkezteko epearen aurretik sortutako gastuak ez dira diruz lagunduko.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Inbertsio laguntzak prima bakarrekoak izanen dira goi mailako aireko linea elektrikoen titularrentzat.

2. Proiektu bakoitzerako dirulaguntza izanen da Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren %70ekoa. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarrian adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

3. Azken proiektu edo ekintzarentzat behar adinako krediturik ez badago harentzat onartutako aurrekontuaren %70 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

4. Proiektu baterako dirulaguntza ezin da inondik inora izan 20.000 eurotik gorakoa edo 3.000 eurotik beherakoa (BEZa kanpo).

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera zehaztuko da, honako balorazio irizpide hauei jarraikiz:

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Katalogatutako espezieen heriotza kasuak*¹

5 puntu

Katalogatu gabeko espezieen kasuak*¹

2 puntu

Kontserbazio bereziko eremuetako lineak, baldin haien kudeaketa planeko neurrien artean sartuta badago lineak egokitzea.

10 puntu

1432/2008 Errege Dekretua bete beharrez egokitze proiektua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkezturik duten lineak

20 puntu

Martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpenean*² elektrokuzio arrisku handikotzat (5) jotako linea elektrikoak.

5 puntu

Banatzaile txikiak*³

15 puntu

Partikularrak

20 puntu

*¹ Puntuazio guztia jasoko da kasu bakar bat justifikatuz gero.

*² 70/2018 Ebazpena, martxoaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zehazten duena Nafarroako Babes Eremuetan kokatutako goi tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak, zeinaren bidez ezarri baitziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.

*³ Halako banatzailetzat hartuko dira 100.000 bezero baino gutxiago dituztenak sareetara konektaturik (Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legea).

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da aurreko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke 1. irizpidearen balorazioa, eta berriro berdinduz gero, 2.a, eta horrela, hurrenez hurren, berdinketa hautsi arte.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean.

b) Laguntza ongi eman dela eta inbertsioa ongi egin dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

c) Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

d) Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ingurumen Eraginaren Atalak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

e) Konpromisoa hartzea proiektuak edo ekintzak 2020ko azaroaren 6a baino lehenago gauzatu eta ordaintzeko.

f) Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez du urratu behar, eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izan behar ditu.

g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaera linea elektrikoaren titularrak sinatu beharko du, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Pertsona fisikoek, halaber, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Eraginaren Atalari igor diezazkiokete eskaerak, departamentu horretako erregistroan aurkeztuz (González Tablas kalea 9, Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

3. Horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da eskaera. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, 3. eranskinean (Laguntza eskaerari atxiki beharreko inprimakiak) zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

a) Laguntza eskatzeko inprimakia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak, 4. eranskineko ereduaren arabera.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu.

d) IFZren kopia.

e) 9. oinarriko “Balorazio irizpideak” izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko eskatzen den dokumentazio beharrezkoa. Balorazio irizpideak horretarako behar den dokumentazioaren bidez frogatu ezean, iritziko da dokumentazio hori zuzentzeko modukoa ez dela, eta horrek berekin ekarriko du dagokion irizpideari punturik ez ematea.

f) Beste mota bateko finantzaketak lortzekoak badira linea elektrikoak egokitzeko (dirulaguntza honen xedea), bestelako finantzaketen erantzukizunpeko adierazpena.

g) Linea elektrikoa egokitzeko proiektua, barne daudela kartografia, euskarrien oraingo egoeraren argazkiak, aurrekontuak eta epeak. Zehaztu beharko da zer elementu erabiliko den, eta justifikatu homologaturik daudela, behintzat egokitu beharreko linea elektrikoen tentsiorako. Indarreko araudian eta 2. eranskinean zehaztutako baldintzak bete beharko dira kasu guztietan.

4. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babesturik baldin bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari sarbidea izateko.

5. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ingurumen Eraginaren Atalari dagokio; atal hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari atxikita dago.

12. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organo bat da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Ingurumen Jarraipenaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Ingurumen Eraginaren Ataleko burua.

–Batzordekidea: Ingurumen Eraginaren Ataleko teknikari bat.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan esperientzia duten teknikariek parte hartzea.

3. Batzordeko kide bakoitzak Biodibertsitatearen Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko langileek aurreko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte jarduketak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Espainiako eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Balorazio Batzordearen txostena eta ebaluazioa ikusita, emakida proposatzeko txosten bat prestatuko du, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira igorriko duena; txosten horretan jasoko da entitate onuradunek beharrezko baldintza guztiak betetzen dituztela kasuan kasuko dirulaguntzak eskuratzeko, eta zerrendatuko dira baldintzak beteta ere aurrekontuko mugagatik deialditik kanpo gelditu direnak.

2. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

14. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, adieraziz zer puntuazio eman zaion horietako bakoitzari “Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Biodibertsitatearen Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2020ko azaroaren 6a izanen da 2020ko kanpainako laguntza-eskaeretarako.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2020ko azaroaren 9a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (4. eranskina).

b) Obra bukaerako proiektua, argazkiak dakartzana frogatzeko egin dela jarduketa, bai eta ziurtagiriak ere, frogatzeko erabilitako materialak homologatuak daudela, behintzat jarduketaren xede izan den aireko linearen tentsiorako.

c) Jatorrizko fakturak edo horien kopiak, laguntza-eskaeraren ondotik datatuak.

d) Fakturen ordainagiriak, datu hauek agertuko dituztenak gutxienez: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainketen frogagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.

e) Onuraduna beharturik egonen da jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztera, hala eskatzen bazaio egoki diren egiaztapenak egiteko.

3. Ordainketa-eskaera aurkeztu ezean deialdian zehazturiko datak baino lehen horretarako ezarritako inprimakiaren bidez, dagokion urtekoa galduko da.

4. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko zaizkie onuradunei, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 17. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

6. Emandakoa baino gastu handiagoa justifikatzen bada, emakidan zehazturiko zenbatekoa baino ez da ordainduko.

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 15. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galduko da.

2. Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

3. Onetsitako zenbatekoetan ez justifikatzeagatik edo hasieran aurreikusitakoaren azpitik justifikatzeagatik hutsik geratzen den zatia azken proiektu diruz lagungarriari ordainduko zaio, seigarren oinarriaren 3. atalean ezarritakoaren arabera.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

c) Onuradunek iraupen luzeko eritasuna izatea.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

Era berean, entitate onuradunak Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi beharko dio dirulaguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin. Bi kasuetan, 3. eranskineko agiria bete beharko da.

19. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

21. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

23. oinarria.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Indarreko araudia une oro bete beharko da, hala Estatukoa nola Nafarroakoa. Orobat, baldintza hauek hartuko dira kontuan:

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatu beharko da. Amarratzeko grapa badago, grapa-estalki bidez estali beharko da.

–Isolamendu distantzia eraginkorra lortzeko, ezin dira bakarrik bastoiak edo luzagarriak erabili lotzeko kateetan.

–Ezin da silikonazko zinta erabili zubiak edo eroaleak isolatzeko.

–Justifikatu beharko da erabilitako materialak homologaturik daudela, behintzat linea elektrikoaren tentsio nominalerako.

III. ERANSKINA

Laguntza eskaerei atxiki beharreko inprimakiak (PDFa).

IV. ERANSKINA

Ordainketa-eskaera, hegaztien hilkortasuna murriztearren linea elektrikoak egokitzeko laguntzarena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004709