10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 19koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko Txantrea auzoko jabeen 4 erkidegotarako.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze arloan egin beharreko esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 128 etxebizitzarentzat, 4 ataritan banatuak, Iruñeko Txantrea auzoan. Hauek dira:

–Fermin Daoiz kalea, 2, 4 eta 6 zenbakiak.

–Zildotz kalea, 2 zenbakia.

Joan den mendeko 70eko hamarkadan egindako eraikinak dira denak. Berokuntza sistema zentralizatua dute, Orvina III osatzen duten dorre guztiei beroa ematen diena.

Eraikinen garaierari dagokionez, beheko solairua + 8 solairu dituzte. Beheko solairuan, merkataritzako lokalak daude, eta gainerakoetan, etxebizitzak. Eraikin guztiek eraikuntza-tipologia bera dute: lau etxebizitza solairu bakoitzean, eskailera-nukleoaren eta igogailuaren bidez lotuak daudenak. H moduko oina osatzen dute, kanpora begirako bi patio irekirekin.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta falta diren eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra betetzat jotzen dira, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Iruñeko Txantrea auzoko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua:

–Fermin Daoiz kalea, 2, 4 eta 6 zenbakiak.

–Zildotz kalea, 2 zenbakia.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezen birgaitze jarduketa babestu gisa.

Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunak hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 19an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F1916430