97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

58E/2019 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 451753.

I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan Nafarroako enpresen parte-hartzea bultzatzea da deialdi honetako laguntzen helburua, bereziki ETEen parte-hartzea. Hala, programa horietara aurkezten diren proposamenen kopurua eta kalitatea handitu nahi da, eta, orobat, segurtatu nahi da beste baliabide ekonomiko batzuetarako sarbidea izanen dutela.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I+G+b finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetarako proiektuak prestatu eta aurkezteko laguntzen 2019ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 -82100 -4701 -467300 “Bono teknologikoak ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako”

2019

180.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako unibertsitateek, ikerketarako erakundeek, zentro teknologikoek eta enpresek, bereziki ETEek, ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+b) finantzatzen duten nazioarteko eta Europar Batasuneko programetan duten parte-hartzea bultzatzea.

2. oinarria.–Laguntzaren xedeko jarduketak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute I+G+b proiektuak definitzeko, prestatzeko eta honako programa hauen laguntza deialdietan aurkezteko diren jarduketek:

A.–Horizonte 2020 programa (aurrerantzean, H2020) eta Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak:

B.1. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren bidez (aurrerantzean, CDTI) kudeatutako teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak: alde anitzekoak (Eureka eta Iberoeka) edo aldebikoak (Maroko, Brasil, Mexiko, Kuba, Japonia, Txina, India, Errusia, etab.).

B.2. ERA-NET, ERA-NET Plus edo ERA-NET COFUND eskemen babespean dauden teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko proiektuak.

2. Laguntzaren xedeko jarduera guztiak lankidetza proiektuei buruzkoak izanen dira, salbu Europako programen barnean aurreikusitako banakako proiektuen lerro berariazkoei dagozkienak (adib.: ETE tresna).

3. Ebaluazio eta/edo esleipen txostena 2018ko urriaren 1etik aurrera eman zaien proiektuek jaso dezakete deialdi honetako dirulaguntza.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. I+G+b finantzatzeko aipatu programetan parte hartzen duten enpresak, zentro teknologikoak, ikerketa erakundeak eta unibertsitateak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak, baldintza hauek betez gero:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea deialdi honen xedeko proiektuak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) 5. oinarrian ETEentzat finkatutako laguntzaren intentsitatea lortzeko, enpresek ETEaren definizioa bete beharko dute. Definizio hori Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan dago jasota.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da betetzen direla eskatutako baldintzak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. I+G+b proiektuak definitzeko eta prestatzeko eta 2.1 oinarrian aipatu programetan aurkezteko, onuradunek enpresa aholkulariei ordaindutako gastuak izanen dira diruz lagungarriak. Gastu diruz lagungarriak ez dira inola ere sartuko I+G+b proiektuaren aurrekontuan.

2. Aholkularitza-lana baldintza hauek betetzen dituzten enpresek egin beharko dute (eta enpresatzat hartuko da jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona fisiko edo juridiko oro):

a) Entitate onuradunari lotutako edo atxikitako enpresa bat ez izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren ETEaren definizioan agertzen diren terminoen arabera.

b) Onuradunarentzat prestatu duen proposamen berean bazkide edo koordinatzaile gisa ez jardutea.

c) Deialdi honen babespeko laguntzarik ez eskatzea.

d) Ez azpikontratatzea dirulaguntzaren xedeko lanak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatzen ahalko du aholkularitza enpresak emandako datuak eta haien kualifikazioa egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako proiektuak prestatzen parte hartu duten aholkularitza entitateen zerrenda argitaratzen ahalko du Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.nafarroa.eus) edo intereseko beste web-orri batzuetan.

3. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Aldian behingo aholkularitzari edo mantentze-lanei dagozkien jarduerak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta kostu hori onuradunarentzat berreskuraezina denean; kasu horretan, onuradunak frogatu egin beharko du.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarrien %80 artekoa izanen da laguntza, ondoko mugen eta baldintzen arabera, proiektuak zer deialditara aurkezten diren:

A.–H2020 programa eta Batasunean I+G+b proiektuak finantzatzeko dauden beste programa batzuk.

Honako tauletako irizpideen araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa. Atalaseari dagokionez, deialdi bakoitzaren ebaluazio ofizialean ezarritako onespen atalasea hartuko da erreferentzia gisa (Evaluation Summary Report-ean edo antzeko agirian adierazitakoa).

a) H2020ko “ETE tresnako” 1. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 1. fasea ere.

H2020 programako edo Batasuneko beste programa batzuetako 1. fasean koordinatzaile gisa parte hartzen duten entitate onuradunei bakarrik emanen zaizkie modalitate honen menpeko laguntzak.

GEHIENEKO LAGUNTZA, 1. FASEAN

Onuradun koordinatzaileak

≥ atalasearen %80

≥ atalasea

ETEak

5.000 euro

10.000 euro

Beste batzuk

0 euro

5.000 euro

b) “ETE tresnako” 2. fasea, bai eta nahitaez bi fasetan aurkeztu beharreko proiektuetako deialdien 2. fasea ere, edo fase bakarrean aurkezten diren proiektuak.

b.1. Gehieneko laguntza enpresa txiki eta ertainentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ atalasearen %70

≥ atalasea

≥ 5 bazkide

4.000 euro

8.000 euro

12.000 euro

24.000 euro

< 5 bazkide

2.500 euro

5.000 euro

7.500 euro

15.000 euro

b.2. Gehieneko laguntza enpresa handientzat, zentro teknologikoentzat, ikerketa erakundeentzat eta unibertsitateentzat:

PROIEKTUAN BAZKIDE DIREN ENTITATEEN KOPURUA

BAZKIDEA

KOORDINATZAILEA

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

Ez du atalasea gainditzen

Atalasea gainditzen du

≥ 5 bazkide

0 euro

4.000 euro

0 euro

12.000 euro

< 5 bazkide

0 euro

2.500 euro

0 euro

7.500 euro

B.–Teknologia arloko lankidetzarako nazioarteko programak.

Proiektu hauek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eta taulan ageri diren irizpideen araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa:

–B.1 proiektuak, 2. oinarrian definituak: behar den nazioarteko erakunde edo batzordearen egiaztapen “zigilua” izan beharko du proiektuak (esaterako, Eureka zigilua, Iberoeka, etab.), eta ez da nahitaezkoa izanen CDTIk jadanik onetsia izatea.

–B.2 proiektuak, 2. oinarrian definituak: nazioarteko programaren barneko onespena izan beharko du proiektuak, eta ez da nahitaezkoa izanen eskualdeko edo Estatuko erakundeak jadanik onetsia izatea.

GEHIENEKO LAGUNTZA B MOTAKO PROIEKTUENTZAT

Bazkidea

Koordinatzailea

ETEak

5.000 euro

15.000 euro

Beste batzuk

2.500 euro

7.500 euro

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2019ko abuztuaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 12. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Programak proiektua bi fasetan aurkezteko eskatzen badu, entitate eskatzaileak laguntza-eskabide bat aurkezten ahal du fase bakoitzerako.

4. Eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen du bertan adierazten diren datuak hirugarrenei jakinarazteko, helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako ondoren tratatzeko xedez, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.

7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberako eskabideari dokumentazio hau erantsi beharko zaio, fitxategi bereizietan eskaneatuta eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta (ad.: “Erantzukizunpeko adierazpena”, “Memoriaren laburpena” eta abar):

a) Erantzukizunpeko adierazpena, aipatu fitxan eskura den ereduari jarraituz, 3., 4., 13. eta 14. oinarrietan adierazitako alderdiei buruz.

b) Proiektua deskribatzen duen memoriaren laburpena, honako hauek zehaztuta: proposamenaren xedeak, lanerako plana, gauzatzeko egutegia, entitate parte-hartzaileak, proiektuaren koordinatzailea, aurrekontu orokorra, parte hartzen duen entitate bakoitzaren aurrekontua eta entitate eskatzailearen aurrekontu xehatua.

c) Entitate aholkulariak egindako fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak (bankuko ziurtagiriak edo laburpenak, behar bezala identifikatuak, edo ordainketaren trazabilitatea egiaztatzeko moduko beste edozein merkataritza-dokumentu).

d) Erakundearen jakinarazpenaren kopia:

–A motako proiektuak: aurkeztutako proposamenari buruzko balorazio txostena (Evaluation Summary Report edo antzekoa), nazioarteko erakunde eskudunak emana, non egiaztatzen ahalko baita proiektuaren balorazioa deialdian ezarritako onespen atalaseei dagokienez.

–B.1 motako proiektuak: nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektuak Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

–B.2 motako proiektuak: behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

2. Aurkeztutako eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, organo eskudunak interesdunei eskatuko die zuzen dezatela gehienez 10 eguneko epean, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasita, eta adieraziko die zuzendu ezean eskaerari uko egiten diotela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

8. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz eginen da. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

PROIEKTU MOTA, 2. OINARRIAREN ARABERA

ERREFERENTZIAKO AGIRIA

EMAN BEHARREKO PUNTUAZIOA (BI DEZIMALEKIN)

A.1.–ETE tresna (1. fasea)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESR-ren gehieneko nota) x 15

A.2.–ETE tresna (2. fasea)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESR-ren gehieneko nota) x 22

A.3.–Horizonte 2020 (ETE tresna izan ezik)

Evaluation Summary Report (ESR)

Puntuazioa = (ESRn lortutako nota / ESR-ren gehieneko nota) x 22

A.4.–Europar Batasuneko beste programa batzuk

Behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

Onetsiz gero: 15 puntu

B.1.–CDTIren bidez kudeatutako nazioarteko lankidetzako proiektuak

Nazioarteko erakunde edo batzordearen “zigilua” lortu izanaren komunikazioa, proiektuak Eureka, Iberoeka edo antzeko izendapen bat duela frogatzen duena.

Onetsiz gero: 15 puntu

B.2.–Era-net, Era-net plus edo Era-net cofund

Behar den erakundearen komunikazioa, non adieraziko baita proiektua onetsi dela.

Onetsiz gero: 15 puntu

2. Lehentasuna ezarriko da eskaeren artean, lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik izanez gero, ondoko irizpideei jarraikiz hautsiko da:

2.1. Proposamenak lehenetsiko dira, haiei lotuta dagoen proiektu motaren arabera, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz: A.3, A.2, A.4, B.1, B.2 eta A.1.

2.2. Berdinketak jarraitzen badu, lehenago aurkeztu diren eskaerek lehentasuna izanen dute.

3. Eman beharreko laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

9. oinarria.–Laguntzen kontzesioa eta ordainketa.

Laguntzen organo kudeatzaileak oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak eman eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari dagokio. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, gaitutako helbide elektronikora.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduari jarraituz. Informazioa emateko betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) 11. oinarrian ezarritako betebeharrak I+G+b-ko jardueraren emaitzen publizitateari eta zabalkundeari buruz.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak bete ezean, laguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, betebeharren bat hein batean ez betetzeak dirulaguntzaren zati bat itzuli beharra ekar dezake.

11. oinarria.–Emaitzen publizitatea eta zabalkundea.

1. Laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar dute Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Diruz lagundutako I+G+b jardueraren produktua zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduren harpidedun izan.

13. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste dirulaguntzekin.

14. oinarria.–”De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

15. oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdiaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, laguntzen fitxan.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1905917