94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

56/2019 FORU DEKRETUA, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan.

ZIOEN AZALPENA

Energia elektrikoaren hornidura interes ekonomiko orokorreko zerbitzu bat da, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 2. artikuluan xedatzen denez. Lege horretan energia iturri berriztagarriez baliatzen diren ekoizpen instalazioak arautzen dira, energia elektrikoa ekoizteko gainerako teknologien modu bertsuan, ezarri beharreko berezitasunak ukatu gabe.

Energia elektrikoa energia eolikotik abiatuta ekoizteak eta ekoizpen hori sustatzeak onura ugari ditu, dudarik gabe, hala nola, ingurumenaren gaineko inpaktu apalagoa, erabiltzen diren lehengaien kosturik eza eta energia iturri endogeno baten erabilera. Era berean, aukera ematen du Nafarroako Foru Komunitateko ekonomiarako garrantzi handia duen sektore ekonomiko bat garatu eta sendotzeko.

Nafarroa erreferentea da Europan energia berriztagarrien arloan, aspaldi egin baitzuen horiek garatzearen aldeko apustu teknologiko eta industriala. Nafarroako Gobernuak 2016-2030 aldirako onetsitako Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiaren arabera, energia berriztagarriena eremu ekonomiko estrategikoa da Nafarroarentzat.

Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren bidez ezarritako esparru juridikoa ondoren onetsitako araudiak gainditu du, alde askotatik gainditu ere.

Foru dekretu honek 1996ko foru dekretua indargabetzen du, eta erregulazio berria ezartzen Nafarroan dauden parke eolikoen titularrek bete behar dituzten administrazio tramiteei dagokienez. Beraz, prozedura berria bat dator, zaharra baino areago, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearekin eta ingurumen nahiz hirigintza erregulazio berriarekin, helburua baita ziurtatzea prozesuaren funtzionaltasuna, tramiteen sinplifikazioa eta instalazio mota honen sustatzaileen segurtasun juridikoa.

Erregulazio hau koherentea da, halaber, 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritako aurreikuspenekin.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.6 artikuluak eskumena aitortzen dio Nafarroari arlo hauetan: energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioak, garraioa Nafarroako lurraldetik kanpora ateratzen ez bada eta haren aprobetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu, ur mineral, termal eta lurpekoak, hori guztia Estatuaren oinarrizko legeria deusetan ukatu gabe meatzaritzaren eta energiaren araubideaz den bezainbatean. Era berean, 57. artikuluaren arabera, Estatuko oinarrizko legeriaren barnean, Nafarroari dagokio meatzaritzaren eta energiaren araubidea legez garatu eta betearaztea.

Baimenerako prozeduraren diseinua elkarlanean egin dute Industria, Energia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, ingurumen ebaluazioa egiteko eta lurzoru urbanizaezinean baimenak emateko prozedurekin koordinatuta dagoela ziurtatzeko.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren zortzian eginiko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da:

a) Nafarroan energia eolikoaz baliatuta energia elektrikoa ekoizteko jarduera sustatzea.

b) Nafarroan dauden parke eolikoak eta haiekin lotutako instalazioak, energia eramatekoak, baimentzeko prozedurak arautzea.

c) Koordinatzea, batetik, ingurumen ebaluaziorako prozedurak, arlo horretako legeria indardunean ezarritakoak, eta lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriak baimentzekoak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari dagokien legeria indardunean araututakoak, eta, bestetik, b) letran aipatzen diren instalazioen administrazio baimenerako prozedurak.

2. Aurreko ondorioetarako, ulertuko da parke eolikoa dela lehen mailako energia gisa haizea baliatuz energia elektrikoa ekoizten duen instalazioa. Haize-sorgailu batek edo batzuek osatuta egonen da, elkarren arteko konexio elektrikoa izanik, eta garraio edo banaketa sarearekiko konexio puntu bakar batekin. Parke eolikoaren parte izanen dira energia eramateko azpiegiturak, hau da, garraio edo banaketa sarearekiko konexioa eta, kasua denean, energia elektrikoaren transformazioa, bai eta sarbide eraiki berriak edo lehendik egon eta aldatzen direnak ere.

3. Foru dekretu hau ez zaie aplikatuko sektore elektrikoari buruzko legeriaren eta hura garatzen duen araudiaren arabera administrazio baimenaren araubidetik kanpo dauden instalazioei, horrek ukatu gabe beste baimen batzuk eskuratu behar izatea aplikatzekoak diren beste xedapen batzuei jarraikiz, bereziki lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkienei.

2. artikulua. Sareetan sartzeko prozeduren gardentasuna.

1. Garraio eta banaketa sareak kudeatzen dituzten enpresek, irizpide tekniko egokienen arabera, informazio hau argitaratuko dute: sarbiderako gaitasun osoa, okupatua, baimendutakoa baina oraindik okupatu ez dena, eskatutakoa eta erabilgarria, betiere kontuan hartuz energia elektrikoaren ekoizpen eta kontsumorako Nafarroan dauden instalazioak eta nodoetan, 36 kV-eko tentsioa edo handiagoa dutenetan, dagoeneko konprometituta daudenak.

2. Aurreko apartatuan aurreikusten den informazioa bitarteko telematikoen bidez jarriko da jendearen eskura, eta, betiere, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez: www.nafarroa.eus.

II. KAPITULUA

Instalazioetarako baimena

3. artikulua. Baimena emateko prozeduraren araubidea.

1. Sektore elektrikoaren gaineko legeriak arautzen dituen baimen prozedurak arauzkoak dira, eta objektibotasunaren, proportzionaltasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak beteko dituzte.

2. Aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren tramitazioa eta ebazpena bata bestearen ondotik, aldi berean edo batera egiten ahalko dira.

3. Zehazki onura publikoa deklaratzeko eskaera aurretiazko administrazio baimenaren eta/edo eraikitzeko baimenaren eskaerarekin batera egiten ahalko da, edo administrazio baimena lortu ondoren.

1. ATALA

Aurretiazko administrazio baimena

4. artikulua. Prozeduraren hasiera.

Parke eolikoak sustatu nahi dituztenek aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkezten ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusian.

5. artikulua. Eskatzaileen gaitasuna.

Parke eolikoetarako baimenen eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lege gaitasuna: berezko nortasun fisikoa edo juridikoa izatea, enpresen aldi baterako batasunak kanpoan utzita.

b) Gaitasun teknikoa: baldintza hauetako bat bete beharko dute:

Lehena.–Energia elektrikoa ekoizteko jarduera gutxienez azken hiru urteetan bete izana.

Bigarrena.–Akziodunen artean bazkide bat izatea, gutxienez, sozietatearen kapitalean ehuneko 25eko edo gehiagoko parte-hartzea duena, eta ekoizpen jardueran bere esperientzia frogatu dezakeena, azken hiru urteetakoa.

Hirugarrena.–Ekoizpen jardueran gutxienez hiru urteko esperientzia dutela frogatzen duten teknikariak izatea, enpresakoak izan nahiz ez.

c) Gaitasun ekonomikoa: proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa bermatzen duten frogagiriak aurkeztu beharko ditu, baina administrazio eskudunak frogagiri horiek aurkeztetik salbuesten ahalko du lehenagotik ere argindarraren ekoizpen jardueran ari direnak.

6. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aurretiazko administrazio baimenerako eskaerari dokumentazio hau erantsi beharko zaio, formatu elektronikoan eta behar bezala izenpetuta:

a) Eskatzailearen lege gaitasuna eta gaitasun tekniko eta ekonomikoa frogatzen duen dokumentazioa.

b) Parke eolikoaren aurreproiektua, energia eramateko azpiegiturak, eraikinak eta parkeko sarbideak barne. Horrez gain, kopia gehigarri bat aurkeztuko da ukitutako udalerri bakoitzeko, formatu elektronikoan.

Aurreproiektuan jasoko dira, halaber, lege aldetik nahitaezkoak izan daitezkeen beste edozeinekin batera, zehaztapen hauek:

Lehena.–Parke eolikoa kasuan kasuko tokian ezartzea edo aldatzea justifikatzen duten arrazoiak, edozein motatakoak. Erabilitako irizpide teknikoak ere jaso beharko dira, gutxienez ere ikuspuntu hauetatik:

–Baliabide eolikoa. Bertan dauden baliabide eolikoen azalpena jasoko da, neurketen bidez egina, edo behar adinako baliabide dagoela baieztatzen duen azterketa edo modelizazio bat.

–Energia eramateko azpiegituren plangintzaren optimizazioa.

–Kultur ondarea.

–Kokalekua hautatzeko erabilitako ingurumen arloko irizpideak, barne hartuta Nafarroako Plan Energetikoan aurreikusitako harrera maparekin duen erlazioa.

Bigarrena.–Ondotik aipatzen den gutxieneko informazio geografikoa duten artxiboak, ETRS89 koordenatuen erreferentzia sisteman (UTM 30N proiekzioa), Espainiako Sistema Geodesiko Ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuak ezarri bezala: haize-sorgailu bakoitzaren kokalekua, energia eramateko azpiegiturena, eta sarbide berriena edo aldatutakoena. Artxibo horiek OGC (Open Geoespatial Consortium) formatu bektorial estandar batean aurkeztuko dira, kode irekiko software bidez erabiltzeko modukoan, ahal dela shapefiles edo geopackages bitartez.

Hirugarrena.–Aurreproiektua lurralde eta hirigintza antolamenduko tresna indardunekin bat etortzea, eta dauzkan ukipen sektorialen balorazioa.

Laugarrena.–Gauzatzeko epea eta egutegia, kalkuluen araberakoa.

Bosgarrena.–Instalazioetarako kalkulatzen den aurrekontua, bai eta ingurumen eraginaren azterketan aurreikusitako neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileena eta ingurumen arloko jarraipena egitekoena ere.

Seigarrena.–Beste administrazio publikoen, organismoen edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresen menpe dauden ondasunak, instalazioak, obrak edo zerbitzuak, zentroak edo eremuak ukitzen dituzten aurreproiektuaren zatiak bereizirik aurkeztuko dira, haiek ezar ditzaten bidezkoak diren baldintzak, beharrezkoa bada.

c) Bideragarritasunari buruzko azterlan tekniko eta ekonomikoa.

d) Parke eolikoaren proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa, behar bezala izenpetua. Ingurumen eraginaren azterketaren edukia ingurumen ebaluazioaren arloko legerian ezarritakoa izanen da, ukitutako eremua jarduerari utzi ondoren lehengoratzeko neurriak barne. Parke eolikoa non ezarri gogo den, eremu horretan hegaztiek espazioaz egiten duten erabilerari buruzko azterketa bat aurkeztuko da, urtebeteko zikloa gutxienez hartuko duena. Era berean, ekidin diren CO2 emisioei buruzko datuak ere aurkeztuko dira.

e) Sustatzailearen adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu ukitutako eremua lehengoratzeko neurriak betetzera gehienez ere bost urteko epean, instalazioen jarduera bertan behera uzten bada.

f) Indarreko legeriaren arabera eskatu beharreko beste edozein dokumentazio.

7. artikulua. Jendaurreko informazio publikoa.

Aurkeztutako aurreproiektuak jendaurrean jarriko dira ingurumen eraginaren azterketarekin batera, gutxienez ere hogeita hamar egunez, argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ukitutako udaletxeetako ediktu tauletan eta eskualdean zabalkunde handiena duten egunkarietako batean. Jendaurreko informazioari buruzko iragarkian ingurumen ebaluazioaren arloko legerian aipatzen diren alderdiak jasoko dira.

8. artikulua. Kontsulta egitea administrazio publikoei eta interesdunei.

1. Energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak, jendaurreko informazioaren tramitea egiten den aldi berean, kontsulta eginen die administrazio publikoei, beren ardurapean aurreproiektuak ukitzen dituen ondasunak edo eskubideak dituzten eta zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, eta interesdunei.

2. Beste txosten hauek ere eskatuko ditu nahitaez:

a) Ingurumen arloko organo eskudunaren txostena.

b) Lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunaren txostena.

c) Kultur ondareari buruzko txostena, bidezkoa denean.

d) Jabari publiko hidraulikoaren arloko eskumena duen organoaren txostena, bidezkoa denean.

e) Ukitutako udalen txostena, adieraziz proposamena bat datorren udal hirigintza planeamenduarekin, bai eta, kasua bada, udal horretan aipatutako proposamenari dagokionez dauden aurrekari administratiboak ere.

f) Bidezkoa den beste edozein txosten.

3. Kontsultak komunikazio baten bidez eginen dira, eta bertan informazio hau jasoko da:

a) Ingurumen eraginaren azterketa, edo non azter daitekeen.

b) Organo substantiboak aurreproiektuari buruz daukan muntako dokumentazio guztia, edo non azter daitekeen.

c) Txostenak eta alegazioak zer organori igorri behar zaizkion.

4. Txostenak eta alegazioak hogeita hamar eguneko gehieneko epean egin beharko dira, eskaera egiten denetik hasita.

5. Aurkeztutako alegazioak ikusirik, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak egokitzat jotzen duen beste edozein txosten eskatzen ahalko dio ukitutzat jotzen duen administrazioari edo erakundeari. Azken txosten horiek hilabeteko epean eman beharko dira.

9. artikulua. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza igortzea sustatzaileei.

Jendaurreko informaziorako eta kontsultetarako tramiteak amaitu eta hogeita hamar eguneko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak jasotako txostenak eta alegazioak igorriko dizkio sustatzaileari, aintzat har ditzan.

10. artikulua. Ingurumen eta hirigintza tramitazioen hasiera.

1. Sustatzaileak aurreko artikuluan ezarritako dokumentazioa jaso eta bi hilabeteko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztu beharko ditu ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera.

2. Energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak egiaztatuko du dokumentazioa behar bezala dagoela, eta, beharrezkoa bada, hamar eguneko epean zuzentzeko eskatuko du. Hamar eguneko epean dokumentazio osoa igorriko die ingurumen arloko organoari eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen organoari.

3. Baimen eskaeran edo ingurumen eraginaren azterketan aldaketak egin badira, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak erabakiko du beharrezkoa den jendaurreko informaziorako tramitea berriz egitea. Horretarako, hamar eguneko epean, aurretiazko txostena eskatuko dio ingurumen arloko organoari, eta hark hogei eguneko epean eman beharko du.

11. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumen arloko organoak ingurumen eraginaren adierazpena eginen du ingurumen ebaluazioaren arloko legerian ezarritakoarekin bat.

12. artikulua. Hirigintza baimena.

Lurzoru urbanizaezinean parke eolikoak eta bertatik energia eramateko azpiegiturak ezartzeko, bai eta haien aldaketak egiteko ere, lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena beharko da, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa, eta instalazioaren aurretiazko administrazio baimena baino lehen aurretik eman beharko da.

13. artikulua. Aurretiazko administrazio baimena.

1. Ingurumen tramiteari eta hirigintza baimenari buruzko ebazpenak jakinarazi eta bi hilabeteko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak aurretiazko administrazio baimenaren onarpena edo ukoa emanen du, eta bertan jasoko da honakoen azterketa: aurreproiektua instalazio elektrikoen arloko araudiarekin bat datorren, aurkeztutako alegazioena eta beste administrazio eta erakunde batzuen txostenena.

2. Organo substantiboa eta ingurumen arloko organoa ados ez badaude, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak Nafarroako Gobernuari igorriko dio hark ebatz dezan.

3. Aurretiazko baimenak adieraziko du zer epetan, hura ematen denetik, eskatu beharko den eraikitzeko administrazio baimena, eta aditzera emanen du baimena iraungi eginen dela aipatutako epea amaitzen bada eraikitzeko baimena eskatu gabe.

4. Baimena ezin izanen da eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak.

5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

6. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, bai eta administrazio publikoei edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei eta interesdunei, espedientean esku hartu zutenei edo esku har zezaketenei.

7. Baimena ematen bada ere, horrek ez du kenduko emakidak, baimenak eta lizentziak lortu behar izatea, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat beharrezkoak direnak.

2. ATALA

Eraikitzeko administrazio baimena

14. artikulua. Eskaera.

1. Eraikitzeko aurretiazko administrazio baimenerako eskaera energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari zuzenduko zaio, eta dokumentazio hau izanen du erantsita, formatu elektronikoan eta behar bezala izenpetuta:

a) Exekuzio proiektua, bertan zehaztuta beharrezkoak diren obrak eta instalazioak, energia eramateko azpiegiturak, eraikinak eta parkeko sarbideak barne. Horrez gain, kopia gehigarri bat aurkeztuko da ukitutako udalerri bakoitzeko, formatu elektronikoan.

Horrez gain, proiektuan jasoko dira zehaztapen hauek, lege aldetik nahitaezkoak izan daitezkeen beste edozeinekin batera:

Lehena.–Instalatu beharreko haize-sorgailuaren ezaugarrien azalpena, segurtasun arloko eskakizunak betetzen dituela frogatzen duena.

Bigarrena.–Exekuziorako epea eta egutegia.

Hirugarrena.–Instalazioen aurrekontua.

Laugarrena.–Segurtasun eta osasun azterlana.

Bosgarrena.–Proiektua bat datorren Nafarroako Plan Energetikoarekin, eta haren jarraipen adierazleetan duen eragina.

Seigarrena.–Bereizirik aurkeztuko dira beste administrazio publiko batzuen edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresen menpe dauden ondasunak, instalazioak, obrak edo zerbitzuak, zentroak edo eremuak ukitzen dituzten proiektuaren zatiak.

b) Sustatzaileak egin beharreko gizarte erantzukizuneko jarduketa korporatiboak jasotzen dituen agiria. Agiri horretan adieraziko dira zabalkunde, hezkuntza eta arte arloetako elementuak, energia berriztagarrien eta zehazki energia eolikoaren onurak gizartean onartzen eta zabaltzen lagunduko dutenak, eta, aldi berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta rol aniztasunaren balioak dituen irudia sustatzen dutenak.

c) Indarreko legeriaren arabera eska daitekeen beste edozein dokumentazio.

d) Espediente administratiboa tramitatzeko eskumena duen organoaren iritziz eskatu beharreko agiri osagarri guztiak.

3. Energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak egiaztatuko du dokumentazioa behar bezala dagoela, eta, beharrezkoa bada, hamar eguneko epean zuzentzeko eskatuko du.

15. artikulua. Tramitazioa.

1. Energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak dokumentazioaren kopia igorriko die ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duten organoei, egiazta dezaten proiektuak betetzen dituela ingurumen tramitearen eta hirigintza baimenaren gaineko ebazpenak, aurretiazko administrazio baimena dela-eta emandakoak.

2. Era berean, proiektuaren separatak igorriko dizkie bere ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio publikoei, edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, ezar ditzaten bidezkoak diren baldintzak. Informazio hori igorri ondoren, hogeita hamar egun iraganik erantzunik jaso gabe, onetsitzat hartuko dira instalazioaren eskatzaileak exekuzio proiektuan proposatutako zehaztapen teknikoak.

3. Eskatzaileari igorriko zaizkio ezarritako baldintza teknikoak, hamabost eguneko epean adieraz dezan ados dagoen, edo bidezkotzat jotzen dituen eragozpenak aurkez ditzan.

4. Haren erantzuna baldintza teknikoak ezarri zituen entitateari igorriko zaio, hamabost eguneko epean esan dezan ados dagoen erantzunarekin edo eragozpenen berri eman dezan. Epe hori iraganik erantzunik jaso gabe, ulertuko da erantzuna bat datorrela eskatzaileek baldintzei emandako erantzunarekin.

16. artikulua. Eraikitzeko administrazio baimena.

1. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko du organo eskudunak, eskabidea organo eskudunaren erregistroan sartu zen egunetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

2. Eraikitzeko administrazio baimenean adieraziko da ustiatze baimena zer epetan eskatu beharko den, eraikitzeko baimena ematen denetik hasita.

3. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, bai eta administrazio publikoei edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, espedientean esku hartu zutenei edo esku har zezaketenei.

4. Baimena ematen bada ere, horrek ez du kenduko emakidak, baimenak eta lizentziak lortu behar izatea, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat beharrezkoak direnak.

17. artikulua. Proiektua bete eta gauzatzea.

1. Behin baimena lortuta, bertan aurreikusitako baldintzak eta epeak –lanak hasi eta bukatzekoak– zorrotz betez gauzatuko da proiektua.

2. Instalazioaren eraikuntza bertan behera uzteak, baimena iraungitzeak edo nahitaezko baimenean aurreikusitako epeak ez betetzeak ekarriko du garraio edo banaketa sareak sartzeko eskaera tramitatzeko bermeak betearaztea; berme horiek abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan daude araututa, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituenean, 59 bis eta 66 bis artikuluetan. Halere, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak ez du bermea betearaziko baldin eta instalazioaren eraikuntza bertan behera uzteko arrazoiak interesdunari zuzenean nahiz zeharka ezin egotz dakizkiokeen eragozpenak badira eta interesdunak berak hala eskatzen badu.

3. Gauzatzeko epea luzatzen ahalko da, interesdunak horretarako eskaera arrazoitua egiten badu, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak berariaz emandako ebazpenaren bidez.

3. ATALA

Ustiatzeko baimena

18. artikulua. Ustiatzeko baimena.

1. Proiektua gauzatu ondoren, ustiatzeko baimenerako eskaera aurkeztu beharko da energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian.

2. Eskaera horri dokumentazio hau erantsi beharko zaio, formatu elektronikoan eta behar bezala izenpetuta:

a) Obra amaierako ziurtagiria, teknikari aditu fakultatiboak izenpetua, zeinetan jasoko baita instalazioa egin dela onetsitako exekuzio proiektuan dauden zehaztapenekin bat eta arloan aplikatzekoa den araudi teknikoaren aginduak betez.

b) Shape formatuko geruzak, ETRS89 erreferentziako sistema geodesikoan geoerreferentziatutako koordenatuekin eta 30N UTM proiekzioarekin, Espainiako sistema geodesiko ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Gutxienez ere haize-sorgailu bakoitzaren, energia eramateko azpiegituren, eta sarbide berrien edo aldatutakoen amaierako kokalekuaren geruzak sartuko dira.

c) Indarreko legeriaren arabera eska daitekeen beste edozein dokumentazio.

3. Instalazioen ustiapen baimena eskatzeko epea eraikitzeko administrazio baimenean finkatuko da. Epe hori luzatzen ahalko da, interesdunak horretarako eskaera arrazoitua egiten badu, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak berariaz emandako ebazpenaren bidez.

4. Eskatzaileak ez badu baldintza hori betetzen, eta, horren ondorioz, instalazioa ezin bada ustiatzen hasi, horrek ez du inolako eskubiderik sortuko Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak horren kalte-ordainik ordaintzeko, eta gordailatutako bermea betearazteko aukera egonen da.

5. Ebazpena, gehienez ere, hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea eskumena duen organoaren erregistroan sartu zen egunean hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

4. ATALA

Lurrak itzultzea eta ixteko baimena

19. artikulua. Lurrak itzultzea eta ixteko baimena.

1. Parke eoliko bat ustiatzeko baimenak berarekin dakar okupatzen dituen lurrak kendu eta itzultzeko betebeharra, energia elektrikoa ekoizteko jarduera amaitzen denean; lurrak lehengoratuta utzi beharko dira tramitatutako dokumentazioari jarraikiz.

2. Horretarako, titularrak instalazioa ixteko baimena eskatu beharko dio energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, instalazioa ixteko proiektua erantsita.

3. Zuzendaritza nagusi horrek sistemaren operadorearen txostena eskatuko du, zeinetan jasoko baitira ixteak horniduraren segurtasunean eragin ditzakeen ukipenak eta iritzia emanen baita, arrazoituta, ixtea posible ote den horniduraren segurtasuna arriskuan jarri gabe. Halaber, txostena eskatuko die ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei, edo beste edozein administrazio edo erakunderi, horien txostena izatea komeni dela iritziz gero.

4. Txostenak eskuratu ondoren, sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da instalazioa behin betiko ixteko baimena ematen duen ebazpena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Epea iraganik administrazioaren ebazpenik gabe, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluko 5. eta 8. apartatuetan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

5. Ixteko baimena emanda eta egokitzat jotzen diren egiaztapen teknikoak egin ondoren, ixtearen akta jasoko da, gauzatzen denean.

III. KAPITULUA

Desjabetzea eta zortasunak

20. artikulua. Desjabetze prozedurak.

1. Desjabetzeak oinarrizko legerian ezarritako moduan tramitatuko dira.

2. Aldi berean aurkezten badira onura publikoaren deklarazioaren eskaera eta aurretiazko administrazio baimenarena edo eraikitzeko baimenarena, batera egiten ahalko dira jendaurreko informazioaren tramitea eta beste administrazio publiko batzuei kontsulta egitekoa.

IV. KAPITULUA

Parke eolikoen aldaketa

21. artikulua. Aurretiazko administrazio baimen berririk behar ez duten aldaketak.

1. Aurretiazko administrazio baimena duten parke eolikoen aldaketek eraikitzeko administrazio baimena eskuratzen ahalko dute aurretiazko administrazio baimen berriaren beharrik izan gabe, baldintza hauek betetzen badira:

a) Instalatutako potentzia ez da izanen jatorrizko proiektuan zehaztutako potentzia baino ehuneko hamar handiagoa, eta ez du ekarriko sarbide baimenean emandako sarbide gaitasunaren igoerarik.

b) Aldaketak ez dira egonen Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan.

c) Ez dute segurtasun gorabeherarik ekarriko, ez instalazio nagusian ez zerbitzuan dauden instalazio osagarrietan.

d) Aurreikusitako aldaketak egiteko, ez da beharrezkoa izanen onura publikoa zehazki deklaratzea.

e) Ez dute ukipenik eraginen energia elektrikoa ekoizteko zerbitzuan dauden beste instalazio batzuetan.

2. Aldaketa hauek, kasua bada, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimena beharko dute, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa.

22. artikulua. Aldaketa ez-funtsezkoak.

1. Aldaketak ez-funtsezkoak direla ulertzen da ondoko ezaugarri hauek dituztenean, eta ustiatzeko baimena baizik ez dute eskuratu beharko, instalazioen eta haiekin lotutako ekipoaren segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatu ondoren:

a) Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan ez egotea.

b) Oinarrizko ezaugarri teknikoetan (potentzia, transformazio edo garraio gaitasuna, lineen trazadura) aldaketa ekarriz gero, hura ez izatea instalazioaren potentziaren ehuneko 1etik gorakoa.

c) Ez dute segurtasun gorabeherarik ekarriko, ez instalazio nagusian ez zerbitzuan dauden instalazio osagarrietan.

d) Aurreikusitako aldaketak egiteko, ez da beharrezkoa izanen onura publikoa zehazki deklaratzea.

e) Energia eramateko linea elektrikoen aldaketa denean, baldintza hauetako bat betetzen da:

–Aldaketak ez du zortasun aldaketarik eragiten trazaduran.

–Aldaketak zortasun aldaketak eragiten baditu ere trazaduran, ukitutakoen adostasunarekin egin da.

–Aldaketak euskarriak edo eroaleak aldatzea dakar, hondatuta edo hautsita daudelako, baina mantentzen dira jatorrizko proiektuaren baldintzak.

f) Azpiestazio baten konfigurazioa aldatzen denean, ez da aldatuko kale edo posizio kopurua.

2. Aldaketa hauek, kasua bada, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimena beharko dute, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa.

V. KAPITULUA

Instalazioen aldizkako ikuskapenak

23. artikulua. Instalazioen aldizkako ikuskapenak.

1. Gaikuntza duen kontrol erakunde batek instalazioen ikuskapena eginen du, hiru urtetik behin, indarreko erregelamendu elektrikoa betetzen dela egiaztatzeko xedez. Instalazioen titularrak zainduko du ikuskapen horiek aurreikusitako epeetan egin daitezen.

2. Edonola ere, energiaren eta industria segurtasunaren arloko eskumena duen departamentuko langile eskudun baimenduek ere ikuskapenak egiten ahalko dituzte instalazioan, erabilgarri dagoen bitartean.

3. Energiaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak, energiaren eta industria segurtasunaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak proposaturik, agintzen ahalko du energia eolikoaren instalazio bat deskonektatzeko, baimendutako proiektuarekin bat ez badator edo erregelamenduzko baldintza teknikoak edo segurtasun berme egokiak betetzen ez baditu.

VI. KAPITULUA

Instalazioen eskualdaketa

24. artikulua. Instalazioen eskualdaketa.

1. Energia elektrikoa energia eolikoaz baliatuz ekoizteko instalazioen titulartasuna eskualdatzeko, aurretiazko administrazio baimena beharko da.

2. Baimen eskaera energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari zuzenduko dio instalazioaren titulartasuna eskuratu nahi duenak, eta bere lege gaitasuna, teknikoa eta ekonomikoa frogatzeko bide ematen duen dokumentazioa erantsi beharko dio, foru dekretu honekin bat. Eskaerarekin batera lagatzailearen deklarazio bat aurkeztuko da, zeinaren bidez adierazten baitu lagatzaileak titulartasuna eskualdatu nahi duela, eta eskuratzaileak, berriz, arau honetan eskatzen diren bermeak jarriko dituela.

3. Ebazpena, gehienez ere, hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea organo eskudunaren erregistroan sartu zen egunetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

4. Eskualdaketa baimendu ondoren, instalazioaren titularrak sei hilabeteko epea izanen du titulartasuna eskualdatzeko. Eskualdaketa epe horretan gauzatu ezean, baimena iraungi eginen da.

5. Eskualdaketa gauzatu ondoren, eskuratzaileak hilabeteko epean eman beharko dio horren berri energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

6. Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen titular diren pertsona juridikoek jakinarazi beharko dizkiote, lege ordezkarien bidez, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, merkataritzako sozietateen egiturazko aldaketak, hau da, eraldaketak edo bat egiteak, bai eta estatutuetako aldaketak ere, izenari eta sozietatearen helbideari eragiten dizkiotenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Sarbiderako gaitasunaren hasierako komunikazioa.

Garraio eta banaketa sareak kudeatzen dituzten enpresek sarbiderako gaitasuna argitaratu beharko dute, foru dekretu honen 2. artikuluaren ondorioetarako, indarra hartu eta hiru hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuan dauden haize-sorgailuen koordenatuak jakinaraztea.

1. Zerbitzuan dauden parke eolikoen titularrek beraien instalazioei buruzko informazio geografikoa eman beharko diote energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari. Horretarako, lau hilabeteko epea izanen dute gehienez ere foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

2. Zehazki, ondotik aipatzen den gutxieneko informazio geografikoa duten artxiboak emanen dituzte, ETRS89 koordenatuen erreferentzia sisteman (UTM 30N proiekzioa), Espainiako sistema geodesiko ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuak ezarri bezala: haize-sorgailu bakoitzaren kokalekua, energia eramateko azpiegiturena, eta sarbide berriena edo aldatutakoena. Artxibo horiek OGC (Open Geoespatial Consortium) formatu bektorial estandar batean aurkeztuko dira, kode irekiko software bidez erabiltzeko modukoan, ahal dela shapefiles edo geopackages bitartez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Tramitazioan dauden parke eolikoak.

Parke eolikoak ezartzeko udalez gaindiko proiektu sektorialen eskaerak, foru dekretu honek indarra hartzean tramitazioan daudenak, besterik gabe aldatu, eta lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimen eskaera bihurtuko dira foru dekretuak indarra hartzen duenetik aurrera, eta lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuak ofizioz egokituko ditu foru dekretu honetan dauden aurreikuspenetara. Era berean, dagoeneko eginik dauden tramiteak baliozkotu eginen dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Egun dauden parke eolikoak.

Aurreko araudiaren arabera baimenduta dauden parke eolikoak handitu edo aldatzeko tramitazioa foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera eginen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehen xedapen indargabetzailea.–Udalez gaindiko proiektu sektorialak azkentzea.

1. Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, azkendu eginen dira parke eolikoak ezartzeko behin betiko onespena duten udalez gaindiko proiektu sektorial guztiak.

2. Foru dekretu honek indarra hartzen duenean osotara edo zati batean gauzatu gabe dauden udalez gaindiko proiektu sektorialak, foru dekretu honetan ezarritako lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimenek ordeztuko dituzte eskubide osoz.

Baimen horiek titularra gaitzen dute parke eolikoak egin eta abian jartzeko gehienez ere bi urteko epean foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

Bigarren xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

1. Arau hauek indarrik gabe geratu dira:

–125/1996 Foru Dekretua, otsailaren 26koa, pare eolikoen ezarpena arautzen duena.

–200/2004 Foru Dekretua, maiatzaren 10ekoa, Parke eolikoetan ingurumen arrazoiek eragindako aldaketak arautzen dituena.

–634/2004 Foru Agindua, ekainaren 21ekoa, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak emana, prozedura bat ezartzen duena parke eolikoetan ingurumen arrazoiek eragindako aldaketak egiteko.

–224/2005 Foru Agindua, otsailaren 28koa, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak emana, ezartzen duena zer dokumentazio aurkeztu behar den baimen eskaerarekin batera, autokontsumorako edo helburu esperimentaletarako energia eolikoa sortzeko instalazioak ezartzeko.

2. Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaie energiaren, lurraldearen antolamenduaren eta ingurumenaren arloko eskumenak dituzten departamentuetako titularrei foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko, zeinek bere eskumenen esparruan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1906367