92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

411/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko, eta 2019ko laguntza deialdia ere onesten baita. DDBN identifikazioa: 451569.

Nafarroako Foru Komunitatearen barnean larreak urtaroaren arabera aprobetxatzeko asmoz azienda lekualdatzeko, komunikazioen sare bat garatzen da, gaur egun oraindik erabiltzen dena. Sare horrek “igarobide ekologiko” batzuk ditu, honako alderdi hauek babesten laguntzen dutenak: bertako arrazak, migrazioa, banaketa geografikoa, eta basa espezieen truke genetikoa. Hala ere, transhumantzian pixkanakako gainbehera egon da azienda kamioietan garraiatzeagatik, azienda transhumantearen errentagarritasuna murrizteagatik (higaduraren ondorioz okelaren konbertsio-indizea txikiagoa da, eta, horren ondorioz, abereak argaltzen dira joan-etorrietan), eta transhumantziak berekin dakartzan gastuengatik.

Abelbideak transhumantzia bideak dira, ohiko artzaintza tokiak lotzen dituztenak artzainek eta abeltzainek aukera izan dezaten ahuntz, ardi, behi eta zaldi aziendak larre onenetara eramateko: eguraldia bare dagoela aprobetxatuta, udan mendateetara edo goi-mendiko larreetara, eta neguan, berriz, eguraldi epela dutenetara.

Hasierako hartzaileak Zaraitzuko eta Erronkariko abeltzainak dira, gaur egun Errege Bardean barrutiak dituztenak. Dena den, egiaztatu da abeltzain gutxi batzuek baino ez dutela egiten oinezko transhumantzia. Halaber, badaude zenbait ustiategi, udan Erriberan edo Nafarroako beste eskualde batzuetan dituzten instalazioetatik Urbasa-Andiara oinez doazenak.

Altxonbideak dira sareko bide nagusiak; ibilbide luzea dute, eta oro har iparraldetik hegoalderantz doaz, larre hauek lotuta: iparraldeko goi-mendiko larreak, udan erabiltzen direnak, eta hegoaldeko tokiak (hau da, Ebroko Erriberakoak eta Errege Bardeakoak), negua pasatzeko erabiltzen direnak. Altxonbide ospetsuenei dagokienez, azienda transhumanteek horiek erabiltzen jarraitzen dute haien ibilbidearen zati batean.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako ustiategien titular diren eta transhumantzia oinez egiten duten abeltzainei diru konpentsazioa ematea, altxonbideei eusten laguntzen baitute.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasoak. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

2. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua, ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen dena, onestea.

3. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira.

4. Laguntza hauetarako 80.000 euroko gastua baimentzea, 2019rako Aurrekontu Orokorretako “Transhumantziarako laguntza” izeneko 710004-71310-4700-412207 (E) partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da Nafarroan oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laugarren oinarri arautzailearen arabera aurkezten den dokumentazioan datu batzuk adieraziko dira, eta datu horiexei jarraikiz zehaztuko da ematen den laguntzaren zenbatekoa. Hona hemen horren sariak:

–1,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

–2,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

–6 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

–9 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

2. Ibilbide diruz lagungarriak gehienez bi izanen dira ustiategiko: joana eta etorria.

3. Gehienez ere 5.000 euroko laguntza emanen da transhumantzia oinez egiten duen ustiategi bakoitzeko.

4. Laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, zeinak jorratzen baitu nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.

5. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak aurkeztuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria, II. eranskinaren araberakoa dena eta honako hauek adierazten dituena:

–Irteera eta etorrera egunak, udal-mugartea, poligonoa eta lurzatia zehaztuta.

–Jarraitu beharreko ibilbidea, berariaz adierazita transhumantzia igoera ala jaitsiera den edo biak hartzen dituen barnean.

–Transhumantzia eginen duten abelburuen kopurua eta azienda mota.

b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

c) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, zeinak aipagai baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ........................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ................. ekitaldian, Nafarroan .................... laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen puntuazioaren arabera banatuko dira, honako baremo honen arabera:

2.1. GPS motako geolokalizazio-gailuak dituzten abereen taldearen titularrek egindako eskaerak, Administrazioak taldearen transhumantziako mugimenduen berri izan badezake gailu horien bidez. 20 puntu.

2.2. 2019ko urtarrilaren 1ean umetarako 700 ardi eta ahuntz baino gehiago dituzten abeltzaintzako ustiategien eskabideak. 20 puntu.

2.3. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean, eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean. 10 puntu.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak puntuazioaren arabera finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, zeinaren aipagai izanen baitira aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Aurkeztu den memorian ezarri bezala egitea transhumantzia.

2. Laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea organo emailearen aurrean, larreetara egindako mugimenduei buruzko osasun gidak aurkeztuz eta oinezko transhumantzia dela adieraziz.

3. Administrazioko teknikariei ustiategi transhumantera iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

4. Ibilbidea GPS edo eguneko kokapenen bidez justifikatzea, zeinak adieraziko baitira egunen araberako ibilbidearen deskribapenean (II. eranskina: Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria).

5. Onuradunak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dizkio egunen araberako ibilbidearen inguruko aldaketak, gertaeraren berri izan eta 10 eguneko gehieneko epean. Ibilbide hori oinezko transhumantziaren deskripzio-memorian adierazten da, laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko horretan.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Abeltzainei abereen taldearen transhumantziaren gastuen zati bat estaltzeko eman beharreko laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, transhumantzia egin dela frogatu ondoren. Hori justifikatzeko, larreetara egindako mugimenduei buruz egiten diren osasun gidak egiaztatuko dira, non oinezko transhumantzia zehaztuko baita. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla pagatu baino lehen.

2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek, eskaeraren urteko urriaren 15ean beranduenez, ordainketa-eskaera (III. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua (hau da, transhumantzia) bete dela justifikatzeko, administrazio kontrolak eginen dira: geolokalizaziorako GPSak analizatuko dira, transhumantzia gidak egiaztatuko dira, eta lurraren gaineko ikuskapenak eginen dira.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen baditu Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek jorratzen du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei).

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

II. ERANSKINA

Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Jarduera bukatu izanaren komunikazioa. Ordainketa-eskaera.

IV. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1905631