90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

472E/2018 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita enplegu zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako dirulaguntzen deialdia, eta apirilaren 25eko 502/2018 Ebazpenak onetsi zituen oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 441759.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak 2019 baino lehen onetsi ziren.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako 2019ko dirulaguntzen gastua baimentzea, enplegu zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 25ean emandako 502/2018 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Halaber, bidezkoa da oinarri arautzaileak aldatzea, kudeaketako zenbait oker zuzentzeko.

Aipatu oinarri arautzaile hauek betetzen dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. kapituluan eta 34.2.b) artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; artikuluok dirulaguntza hauek emateko funts juridikoak dira. Araubide hau, zeinaren aplikazioa 2019an Europako Batzordeari komunikatu behar baitzaio, SA.51145 laguntza bezala dago identifikatua bere laguntza publikoen erregistroan.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 600.000,00 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Enplegu zentro berezietarako laguntzak. EGIF” izeneko 950001 96100 4709 241109 partidaren kargura, enplegu zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen esparruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako dirulaguntzak emateko. Oinarri arautzaileak apirilaren 25eko 502/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren, DDBN 441759.

2. Apirilaren 25eko 502/2018 Ebazpenak onetsi zituen oinarri arautzaile hauek aldatzea:

2.1. 5.3. oinarriari bigarren paragrafo bat gehitu zaio, testu hau duena:

“Laguntzeko unitateko kide baten baja aldi baterako denean, baja hori ordezkatzen ahalko da behin-behineko kontratazio baten bidez, bajak irauten duen aldi osorako; edonola ere, oinarri honen 1. atalak ezartzen dituen gainerako baldintzak bete beharko ditu”.

2.2. 6.3. oinarriari bigarren paragrafo bat gehitu zaio, testu hau duena:

“LEI bat dela-eta, lanera agertzen ez den kasuetan, laguntzeko unitateen kideek egiten dituzten eginkizunen arabera, dirulaguntza 1,11 eurokoa izanen da, egoera horretan egoten den egun bakoitzeko. Zenbateko hori proportzionalki gutxiagotuko da lanaldiaren arabera, baldin eta kontratua lanaldi partzialerako bada.”

2.3. 7.1. oinarriak testu hau izanen du:

“Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxa erabiliz (laguntzen fitxa)”.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

5. Europako Batzordeari jakinaraztea SA.51145 laguntza araubidearen indarraldia luzatu dela.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1905071