89. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2019 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena La Nava legar-hobia lehengoratzeko epea luzatzeko proiekturako, Erriberriko udal-mugartean. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erriberri SL da.

2019ko urtarrilaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartuta daudenetakoa da (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak, otsailaren 1eko 91E/2016 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zion Erriberriko La Nava legar-hobia behin betiko bertan behera uzteko proiektuari eta lehengoratzeko planari, Erriberriko udal-mugarteko 15. poligonoko 624., 625., 626. eta 638. lurzatietan, zenbait neurri betetzeko baldintzarekin. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erri-Berri SL da.

Basozaintzak jarraipen kontrolean 2018ko azaroaren 8an ikuskapen bisita egin eta gero, aipatutako neurriak ez direla bete jaso zen, puntu hauei dagokienez:

–Legar-hobian landare hondakinak daudela ikusten da: erretenen garbiketak eragindakoak, uzta-bilketaren eta inausketen hondarrak, eta abar.

–Askaren beheko aldean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak lurperatu direla ikusten da, eta lur azalean adreiluen hondar gorriak daudela.

–Horrez gain, kubeta inguratzen duen hesia hondatuta dago.

Hura ikusita, azaroaren 13an errekerimendu bat bidali zen, legar-hobiaren zuloa itxi eta lehengoratzeko betebeharra dagoela adierazteko, eta jakinarazteko, halaber, lan hori egiteko behar adina hondeatze-lanetako material naturalik izan ezean, 91E/2016 Ebazpenean emandako epearen luzapena eskatzeko.

Hortaz, azaroaren 13ko errekerimenduan egindako proposamena, legar-hobia izandakoa behin betiko lehengoratzekoa, alegia, aipatzen da epea luzatzeko eskaeran, ingurumen ukipenetarako baimen honen xede den horretan.

2019ko martxoaren 1ean bertara egindako bisitan egiaztatu zen ez zaiola erantzunik eman 2018ko azaroko errekerimenduan jasotako ez-betetzeetako bati ere; hori dela eta, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak eskaeraren aldeko txostena eman du, betiere aurretik eskatutakoa betetzen bada, oraindik ez baita halakorik egin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko La Nava legar-hobia lehengoratzeko epea luzatzeko proiekturako, Erriberriko udal-mugartean. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erri-Berri SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Gehienez ere hiru hilabeteko epean bete beharko dira Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 13ko txostenean egindako eskaerak. Baldintza hau erabakigarria da legar-hobiaren gainerako eremu zulatua lehengoratzeko lanekin aurrera jarraitzeko.

–Lehengoratze-lanak egiteko, hondeatze-lanetako lur garbiak soilik onartuko dira (LER kodea: 170504), hau da, 9/2005 Errege Dekretuan, konposatu organikoen kasuetarako, ezarritako beste erabilera batzuetako erreferentziako maila orokorrak gainditzen ez dituztenak, ez eta metaletarako erreferentziako maila orokor horiei buruz Nafarroan egindako azterlanean lortutako mailak ere, eta betiere, kutsagarria izan daitekeen jarduera bat kokaturik egon den tokietatik ez badatoz, 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 1eko 91E/2016 Ebazpenean jasotako gainerako baldintzak beteko dira.

3. Ingurumen ukipenetarako baimenak balioa izateko, beharrezkoa izanen da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 1eko 91E/2016 Ebazpenean ezarritako fidantza betetzea.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Erriberriko Udalera, Basozaintzara (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1903934